Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan
birformulatzailea > laburbiltzailea
Laburbilduz laburbiltzailearen aldaera da laburbilduta, eta birformulazio laburbiltzailea bideratzeko erabiltzen da: hots, aurreko enuntziatuan (birformulakizunean) esandakoa birformulatzen da, adierazitakoa laburbiltzeko.
Beste era batera esanda, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakora itzultzeko aukera ematen du diskurtso-markatzaile horrek, aurrean esandakotik funtsezkoena ateratzeko modu laburrean.
Hori horrela, hirugarren urratsa telebista lokal hori Iparraldeko Barnealdeko beste eremu batzuetara (Donapaleu aldera eta Zuberoara) zabaltzea litzateke; izan ere, euren irudiko Kostaldeak badu komunikabide nahikorik, ez ordea Barnealdeak. Azpimarratzekoa da 2002ko aro berria euskaraz abiatu zutela, eta aurrerantzean ere euskararen nagusitasunean oinarritzeko asmotan dabiltzala. Hori zen, beraz, laburbilduta, XXI. mende hasieran Iparraldeko hedabide-panoraman ziren telebista, irrati zein kazetetan euskarak zeukan presentzia. Argi dago, hortaz, hedabide erdaldun elebakarrak edo elebidun diglosikoak zirela nagusi. Euskara hutsez, izan baziren produktu batzuk (nazio osorako prentsa, Herria, Maiatz, hiru euskal irratiak, Aldudarrak Bideo, orain arte aipatu ez dugun Pika ume-aldizkaria...), baina, oro har, oso atomizaturik denak ere (hiru euskal irratien artean sustatu sinergiak ziren horretan salbuespen).[EPD, Bidegorriak hizkuntzentzat, Aitor Zuberogoitia (Elkar, 2005) Orr.: 250]
Birformulakizuna |
Hori horrela, hirugarren urratsa telebista lokal hori Iparraldeko Barnealdeko beste eremu batzuetara (Donapaleu aldera eta Zuberoara) zabaltzea litzateke; izan ere, euren irudiko Kostaldeak badu komunikabide nahikorik, ez ordea Barnealdeak. Azpimarratzekoa da 2002ko aro berria euskaraz abiatu zutela, eta aurrerantzean ere euskararen nagusitasunean oinarritzeko asmotan dabiltzala. |
Azalpena: atal birformulatzailea |
Hori zen, beraz, laburbilduta, XXI. mende hasieran Iparraldeko hedabide-panoraman ziren telebista, irrati zein kazetetan euskarak zeukan presentzia. |