Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Mikel Iruskieta, Julio Garcia
HOBETO ESANDA

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > zuzentzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulatzaile zuzentzaileen bidez (ikusi Fuentes 2009, Martín Zorraquino, Portolés 1999: 4126, Briz Gómez 2008: 212), hiztunak zuzendu, hobetu edo zehaztu egiten du aurreko diskurtso-unitatean (del Saz 2003) adierazitakoa, aurreko formulazio hori desegokia delakoan edo aurreko formulazioak diskurtsoaren garapenean bere funtzioa bete duelakoan eta ondoren bestelako formulazioa egokiagoa delakoan; beste batzuetan, aurreko enuntziatutik eratortzen diren presuposizio edo inplikaturak ezeztatzen/aldatzen ditu (ikusi Garcés 2008: 105-108), enuntziatzaile berak esandakoa edota, elkarrizketetan, beste enuntziatzaile batek esandakoa zuzen liteke birformulatzaile honekin.

(2.1)

Oraingoan bertsoak bildu dituzte berriro: «Bertso guztiak, edo hobeto esanda, eskuratu ahal izan ditugunak», azaldu du Auspoako arduradunak. [EPD, Berria]

Birformulakizuna

bertso guztiak

Azalpena: atal birformulatzailea

edo, hobeto esanda, eskuratu ahal izan ditugunak

(2.2)

Euskadiko lehen sindikatuak Bizkaian sortu ziren, XIX. mendearen bukaeran; geroago hedatu ziren Gipuzkoara, eta geroxeago eta garrantzi gutxiagorekin, Arabara edo, hobeto esanda, Gasteiza. [EHU, Euskadi eta Nafarroa XX. mendean, Granja Sáinz, José Luis de la et al. (EHU, 2010)]

Birformulakizuna

Arabara

Azalpena: atal birformulatzailea

edo, hobeto esanda, Gasteiza

Beste birformulazioetan gertatzen den bezala, birformulatzaile zuzentzaileetan ere atal birformulatzailea da diskurtsoaren informazio-egituran nabarmendu nahi dena eta ez, beraz, birformulakizuna. Zuzenketari esker, ordea, birfomulakizuna bera edo bertatik erator litezkeen aurresuposizioak ezegokitzat jotzen dira.

Bestalde, hobeto esandaren bidez egiten den birformulazioko bi diskurtso-unitateak (ikus sintaxia: 16. eremua) enuntziatu zatiak nahiz enuntziatu osoak izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak). Eta posizioari dagokionez, beste birformulatzaileak bezala, atal birformulatzailearen aurretik ala ondoren idazten/esaten da.

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Batzuetan zuzenketak edo aldaketak adierazleari (formari) eragiten dio. Beste batzuetan zuzenketa adieraziari (edukia edota erreferentziari) dagokio. Zenbaitetan, azkenik, aurreko enuntziatutik erator daitezkeen presuposizioak zuzentzen dira. Zuzenketa hori, gainera, zenbait kasutan gradu ezberdinekoa izan daiteke: partzialki zuzenduz edota erabat zuzenduz.

Aipatutako balioak eta graduak azaltzeko honako eskema hau jarraituko dugu:

1. Adierazlea zuzentzen da.

2. Adierazia zuzentzen da:

2.1. Edukia:

2.1.1. Zuzenketa partziala.

2.1.2. Zuzenketa erabatekoa.

2.2. Erreferentzia:

2.2.1. Zuzenketa partziala.

2.2.2. Zuzenketa erabatekoa.

3. Presuposizio edo inferentziak zuzentzen dira.

 

1. Adierazlea zuzentzen da:

(3.1)

Margolariaren asmakizun eder baten kariaz, munduko altxorrak zangopilatzen ageri da, baina guztiz eta erabat mahatsak zanpatzen ari balitz bezala, haiei zukua erauztearren, edo, agian, ikusmira egoki bila zaku batzuen gainera igoa balitz bezalaxe; eta Jainkoari luzatzen dio bere bihotz sukartua, edo hobeto esanda, "pasatzen" dio, sukaldari batek bere zoru-beheko argizulotik kortxo-kentzeko bat pasatzen dion bezala ezkaratzeko leihotik horren eskean ari zaion norbaiti. [EPD, Denbora galduaren bila I. Swann-etik, Marcel Proust / Joxe Austin Arrieta (Alberdania-Elkar, 2010) Orr.: 120]

(3.1.) adibidean adierazlea zuzentzen da birfomulazioan parte hartzen duten bi terminoak sinonimoak baitira eta bihotza jainkoaren eskueran jartzen duela esan nahi du.

(3.2)

"Ea, Alec", esango diot, "utz dezagun Julen Errastirena alde batera, bazakiat-eta ezin didaala haren gaineko xehetasunik kontatu, gustura entzungo nituzkeen arren, astero, hire aitorleku moderno horretan -soziedadean afaltzen duzue elkarrekin astean behin, ezta? - esaten dizkianetatik bakar batzuk. Baina, esaidak, muin-muinera jota: nola lortu duk hura berriro katoliko bihurtzea? ". ... Interesgarria izango da gonbertsazioa, dudarik gabe. Edo izango litzateke, hobeto esanda. Ez baitakit astirik edo egokierarik izango ote dugun, outezkunde bezperako gure Getarian Ketari revisited horretan, eskuz esku, buruz buru, aurrez aurre, bihotzez bihotz, hitz egiteko. [EPD, Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 414]

(3.2.) adibidean ere adierazlea zuzentzen da aditzaren modua soilik zuzentzen baita; izan ere, elkarrizketa hori oraindik gertatu ez denez, hasieran formulaturiko gertaera segurua baino hobe da elkarrizketari buruzko balorazioa hipotesi moduan formulatzea.

adibide gehiago:

(3.3)

Eskuak heldu dizkiot eta esan diot lasaitzeko, dena konponduko dela. Haurdunaldia eteteko zer egiten den azaldu diot, eta, hala, Karmeleren aurpegia eta begirada lasaitu egin dira apur bat. Arretaz entzuten du, konfiantzarekin. Berak beste zerbait izango zela pentsatzen zuen; beldurtuta zegoen, izututa, hobeto esanda. Baina orain badaki konponduko dela, eta ez duela zerikusirik kontatu dizkioten istorioekin. Azkenean, argia, esperantza sortu da. Dena konponduko da. Lehenbailehen egin nahi dute. Arazo bat daukate, eta konpondu egin nahi dute. [EPD, Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005) Orr.: 84]

(3.4)

Tarteka, dibertigarria zen, zirraragarria hobeto esanda, tarteka, gure baitako asperduran amiltzen ginen. [Ihes lerroak, Xabier Altube (Erein, 2009). Orr.: 144]

2.1.1. Edukia zuzentzen da: zuzenketa partziala:

(3.5)

Nik neuk ez nuke batere eragozpenik izango, adibidez... hobeki esanik, ohore haundia litzateke neretzat putetxetik putetxera ibiltzea horko langile nobleei euskarazko hizketa gozoa erakusten: gozoa, gozoa. [Nere gorringotik, Iñaki Segurola (Alberdania, 2008). Orr.: 148]

(3.5.) adibidean zuzenketa partziala dela deritzogu; bada, atxikimendu gradu ezberdinak erakusten dira zerbait egiteko eragozpenik ez izatearekin eta ohorez egitearekin.

(3.6)

ISAIAS.- (Harro-irribarrez) Ondo entzun duk, Andoni, hik ez duk inoiz gorreriarik izan.
ANDONI.- (Zur eta lur) Beraz, badakiala nork bahitu zuen Mattin?
ISAIAS.- (Beroarena kenduz) Hobeto esanda... susmoa badudala nor izan daitekeen bahitzailea. [GOENKALE. 1285 atala, Beraz, Maria Sek.: 1 ]

(3.6.) adibidean ere zuzenketa partziala da, baina oraingoan beste enuntziatzaile batek esandakoa da birformulatzen dena.

adibide gehiago:

(3.7)

Hori aintzat hartuta, ez dirudi endotermia eta gaitasun aerobikoaren arteko halabeharrezko loturarik dagoenik. Marcel Klaassen eta Bart Nolet ikertzaileek beste bide batetik jo dute. Hauen ustez, janari-baliabideen konposizio biokimikoari erreparatu beharko genioke. Izan ere, herbiboroen janariari nitrogenoa falta zaio, edo, hobeto esanda, landareen nitrogeno-edukia txikia da animalien nitrogeno-edukiaren aldean. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 98]

2.1.2. Edukia zuzentzen da: zuzenketa erabatekoa:

(3.8)

- Hirurogeita hamalaura arte hemen...

-                    Ezer ez. Ezer... bueno, bueno, hobeto esanda, sindikato bertikala zeon. Sindikato bertikalak eiten zun, bertikala esaten dan bezela, goitikan behera manejatu. [Ahotsak: Erref: ZAR-042/031]

(3.8.) adibidean edukia guztiz zuzentzen da ezer ez egotetik zerbait egotera hiztuna sindikatu bertikala zegoela gogoratzen denean. Pentsa daiteke ere sindikatu bertikala gutxiesteko esaten duela ez zegoela ezer, orduan bestelako gradua izango luke zuzenketak.

adibide gehiago:

(3.9)

Eta argia, edo hobeto esan iluntasuna ere protagonista izan zen. [Prentsa: Xumea eta biribila, Ainara Gorostitzu, 2004-01-25]

(3.10)

Beren onetik irtendako gizon haiekin jolasten zen mozkorraldiaren eta amorruaren unerik gogor eta arriskutsuenetan, toreatzailea zezenarekin bezala, zeren segituan ikasi baitzuen mundu haren berri eta erraz aurkitu baitzuen zein zen gakoa gizaki sentimental haien eskaera itxuraz konplexuetarako zein haien ahulezia guztietarako. Dena eskaintzen zien, asko agindu eta gutxi eman, edo hobeto esanda, ezer ez, eta, haien desirak izatez aseezinak baziren ere, pixka batekin konformatu behar azkenean. Tarteka krisiak eta ilunaldiak dituzten pertsona gaixoekin bezala jokatzen zuen bere bezero gehienekin. Laburbilduz, esan genezake, haren ogibidea ez polita ez oso ohoragarria ez izan arren, emakume zentzuduna zela, bihotz errukiorrekoa eta izaera onekoa, zurrutean behar baino gehiago gastatzen zutenei edo kartetan ahal baino gehiago galtzen zutenei laguntzen eta kontsolatzen zekiena. [EPD, Zubi bat Drinaren gainean, Ivo Andric / Karlos Zabala (Alberdania-Elkar, 2010) Orr.: 277]

2.2.1. Edukia zuzentzen da: erreferentziaren zuzenketa partziala:

(3.11)

Konbustioa nahiko prozesu kimiko konplikatua da, eta ez da nahastu behar erretze mota landugabeagoekin, nahiz eta berdin-berdinak izan gorputzak koilarakada bat azukretatik ateratzen duen energia eta azukrea sutara botata ateratzen den energia; horregatik, kaloria edo, hobeto esanda, kilokaloria (mila kaloria) erabiltzen da elikagaiak edo erregaiak duen energia kantitatea adierazteko unitatetzat. [ZIO, Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro (EHU, 2006) Orr.: 205]

(3.12)

Gau batean edo bestean atera nintzen lagunekin, inguruko herrietako festetara, baina parranda handirik egin gabe hala ere. Eta orduan gertatu zen uholdea, abuztu hondarrean. Goian behean egin zuen euria, eta ibaiek gainezka egin zuten hainbat tokitan. Baita gure herrian ere. Goizetik ari zuen euria, edo bezpera gauetik hobeto esanda. Etxetik ez ateratzeko gogoa ematen zuen baina, hala ere, egin beharrekoak egin egin behar dira, eta, gainera, ezin utziko nuen bakarrik zahar gaixoa. Hortaz, katiuskak, xira eta aterkia hartu, eta hor joan nintzen Julianen etxera. [EPD, Arima enkoniatuak, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2006) Orr.: 142]

(3.11.) eta (3.12.) adibideetan hizpidearen erreferentzia partzialki zuzentzen da: (3.11.) adibidean kaloria erabilera arrunteko terminoarekin kontzeptua aurkezten du eta behin kontzeptua aurkeztu ondoren kilokaloria diziplinan erabiltzen den termino zehatzarekin birformulatzen du erabilera orokorreko terminoa. Bestalde, (3.12.) adibidean denboraren ardatza da erreferentea eta zuzenketa partziala dela deritzogu zenbait ordu baino ez duelako aurreratzen: goizetik bezpera gauera.

adibide gehiago:

(3.13)

ELENE.- Ba, hitz eman zenidala ni ere irtengo nintzela bideoklip horretan eta... hemen nagoela zain... Ba., hori: hitza jan dezula. Ez zarela hitzeko gizona...
ENEKO.- Arrazoi dik, Guti. Emandako hitza bete beharra zagok hemen..., Kamerunen.
ELENE.- Ikusten? Zure anaia ere nirekin dago. Edo, hobeto esanda, gizalegearekin. [GOENKALE. 1250 atala, Amaiera ala beste bihurgune bat? Sek.: 4]

2.2.2. Edukia zuzentzen da: erreferentziaren zuzenketa erabatekoa:

(3.14)

Bazitekeen Julio zitalak ez luzaro ziria sartzea barruan zeraman jainkoari (deabruari, hobeto esateko), eta bazitekeen Adelak ere bere jainko onberari ez halakorik egitea, eta guztia bere onera itzultzea. [Hauts bihurtu zineten, Juan Kruz Igerabide (Alberdania, 2005). Orr.: 44 ]

(3.14.) adibidean modu argian eta erabat zuzentzen da erreferentea pertsonaia antagonikoak erabiliz: jainkoa eta deabrua.

adibide gehiago:

(3.15)

Ederra, ezta?... Bai, baina batzuetan hanka sartzen ere badaki gure Anderrek. "Albaindu" aditzarekin, esate baterako. Ez dakit nondik asmatua duen gure semeari esanarazi zigun aditz horren adiera hori. Zeren aditza bera bai, badago. Baina esanahi horrekin ez, guk dakigula; edo, hobeto esanda, Mitxelenak dakiela. Eta Mitxelenak ez badaki, "albaindu", zentzu horretan, ez da existitzen, nori berea da zuzenbidea. Orotarikoak hauxe dakar (gaur bertan begiratu dut, badaezpada ere): "1 albaindu (--... .) "Hilvanar" eta "dar puntadas largas" (--...) 2 albaindu (--...) "rendirse de cansancio", v. abaildu, hebaindu". [EPD, Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 351]

3. Presuposizioa aldatzen da:

(3.16)

Baina hasi, kontrako arazoa duten animaliekin hasiko gara gu, hau da, ura sobera duten animaliekin. Ur gezetan bizi diren animaliek ez dute ur arazorik, edo, hobeto esanda, ur larregi izatea izan daiteke haien arazoa, eta, beraz, ura neurriz kanpo irabazteari aurre egin behar diote. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 107 ]

(3.16.) adibideko lehenengo diskurtso-unitateari esker (Ur gezetan bizi diren animaliek ez dute ur arazorik) bi presuposizio egin ditzakegu: i) animali horiek ez dutela ur faltarik eta ii) ez dutela urak eragindako arazorik, ur sobera dutelako. Idazleak ii) presuposizioa ezabatzen du hobeto esanda birformulatzaileak zuzenduriko bigarren diskurtso-unitatean (ur larregi izatea izan daiteke haien arazoa, eta, beraz, ura neurriz kanpo irabazteari aurre egin behar diote); izan ere, ur sobera izatea ere arazo izan daitekeelako.

(3.17)

1997ko udazkenean, Mujikak, euskal kulturari buruzko libelo bat (hala deitzen dio egileak berak) eman zuen ezagutzera, Interneten bidez. Libelo horretan, euskarazko kultur produktuen kaskartasuna aldarrikatzen du Mujikak, eta bat-bateko bertso bat erabiltzen du, besteak beste, horretarako. Lehenik eta behin, kritikatu nahi duen bertsoa aurkezten du Mujikak; edo, hobeto esan, bertso horren gaztelaniazko itzulpena. [Bat-bateko bertsolaritza, J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua (Bertsozale Elkartea, 2005). Orr.: 136]

Bestalde, (3.17.) adibidean enuntziatzaileak lehenengo diskurtso-unitatean esandakotik uler daitekeena zuzena ez dela uste izanik, gaizki ulertuak ekiditeko, birformulakizuna zuzendu eta zehaztu egiten bertsoaren itzulpena dela eta ez bertsoa bera aipatuz.

(3.18)

Senpek esan zigunez, astebete bazen arrain hura ibaitik atera zuela eta hortik zetorkiola usaina, normala zenez. Bigarrena jarri zigun gero aukeran eta kontu handiz hurbildu genuen sudurreraino Leonek eta biok. Oraindik sudurzulo barnean genuen lehenengoak utzitako kirats lehorra. Ez genion usainik hartu bigarren hari. Hobeto esanda, arrain hark ez zeukan batere usainik. Fresko-freskoa zirudien, bizirik zegoela ia. Sudurraren puntaz ukitu ere egin nuen usaina hartu nahian. Errekako ur garbia baino usaingabekoagoa zen, ordea. Orduan esan zigun Senpek bigarren izokin hori bezalakorik ez dela sekula ikusi Baztan ibaian. [EPD, Mutuaren hitzak, Hasier Etxeberria (Susa, 2005) Orr.: 105]

Orobat, (3.18.) adibidean ere testuinguruak ezar lezakeen presuposizioa ezabatzen da birformulazioarekin. Lehenagokoaren kiratsa sudurzuloetan sartuta izanik, norbaitek pentsa zezakeen usainmena ez zebilkiola ondo enuntziatzaileari eta presuposizioa ezabatzen da, esan dugun moduan, birformulazioan arrain freskoak usainik ez zuela esanez.

adibide gehiago:

(3.19)

Senpek esan zigunez, astebete bazen arrain hura ibaitik atera zuela eta hortik zetorkiola usaina, normala zenez. Bigarrena jarri zigun gero aukeran eta kontu handiz hurbildu genuen sudurreraino Leonek eta biok. Oraindik sudurzulo barnean genuen lehenengoak utzitako kirats lehorra. Ez genion usainik hartu bigarren hari. Hobeto esanda, arrain hark ez zeukan batere usainik. Fresko-freskoa zirudien, bizirik zegoela ia. Sudurraren puntaz ukitu ere egin nuen usaina hartu nahian. Errekako ur garbia baino usaingabekoagoa zen, ordea. Orduan esan zigun Senpek bigarren izokin hori bezalakorik ez dela sekula ikusi Baztan ibaian. [EPD, Mutuaren hitzak, Hasier Etxeberria (Susa, 2005) Orr.: 105]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziatzaile berak edota beste enuntziatzaile batek aurreko diskurtso-unitatean esandakoa edota adierazitakoa zuzentzeko erabiltzen da batez ere.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Esandakoa edota adierazitakoa baino garrantzitsuagoa da enuntziatzaileak atal birformulatzailean esandakoa beronen komunikazio helburuetarako. Hala ere, birformulakizunak aukera ematen dio enuntziatzaileari aurkeztu beharreko kontzeptura eta erreferentera partzialki hurbiltzeko.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Hobeto esanda birformulatzaile zuzentzailea erabiliz, enuntziatzaile beraren edota elkarrizketan beste enuntziatzaile baten aurreko diskurtso-unitatetik ondoriozta daitekeen aurresuposizioa zuzentzen da.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Hobeto/hobeki adberbioaz eta esan aditzaz osatzen da. Badirudi guztiz lexikalizatu gabe dagoela, aditzak hainbat morfema hartzen baititu (partizipio burutua, partitiboa, aditz-izena gehi leku-genitiboa): hobeto esan, hobeto esanda, hobeto esanik, hobeto esateko...

8. aurkibidera joan Aldaerak

Hobeto esanda ez dago guztiz gramatikalizatuta: lehian dabil beste aldaera batzuekin.

HOBETO ESANDA (552)

  • Hobeto esan (157)
  • Hobeki esan (102)
  • Hobeki esanda (80)
  • Ho Hobeki esateko (27)
  • beto esateko (68)
  • Hobeki esateko (27)

Maiztasun urria dutenak:

  • Hobeto esanik (5)
  • Hobeki esanik (4)
  • Hobeto esatearren (3)
  • Askoz ere hobeto esanda (1)

9. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Hobeto esanda ez dago EGLUn landuta (2012-09-13)

10. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[Orotariko Euskal Hiztegia: hobeto esan]

HOBETO ESAN. Mejor dicho. Suge, edo obeto esan, giza-suge arek. Or Tormes 55. Orain Naparroan gera. Obeto esan, aspaldi genbiltzan Naparroan barrena. Ldi IL 47s. Berjakintza zela haren saila, edo, hobeto esan, haren errainua burmuinean. Mde Pr 347. Antxen egoan, obeto esan, an ziarduan zetan edo atan. Erkiag Arran 138. Ezinegonak, edo hobeto esan larriminak, darabiltza. MIH 334. v. tbn. Otx 136. MAtx Gazt 49.

hobeto esana] HOBETO ESANA. Mejor dicho. Agaz bizi, edo obeto esana, il nintzan bitarte guztian. Or Tormes 41.

hobeto esanik] HOBETO ESANIK. Mejor dicho. Metagnomilariak jakiten dituen gauzen berri beste norbaiten gogoan, hobeto esanik, berjakintzapetikoan hartzen du. Mde Pr 325.

hobeto esateagatik] HOBETO ESATEAGATIK. "(Por mejor) decir, obeto esateagatik" Lar.

hobeto esatearren] HOBETO ESATEARREN. Mejor dicho. Onetan bai aurkitu, edo obeto esaterren billatu eta asmau oi diriala atxakijak! Astar II 70. Pozez atsegiñ andian; / edo obeto esate arren / an egon nintzan glorian. AB AmaE 463.

hobeto esateko] HOBETO ESATEKO. "(Por mejor) decir, obeto esateko" Lar. Ekusi degun bezeñ andia, edo obeto esateko ezin ekusi ta ezin adirazi ditekean bezeñ andia. AA III 313s. Ez dago beti geugaz? Edo obeto esateko, ez gagoz beti beragaz? fB Ic I 55. Begitaziñoe ta ames bat, edo obeto esateko, zeruko argitasun ta dei bat. Ur MarIl 9. Zeñek biak aixa santuak bereganatu, edo obeto esateko, Jainkoaganatu zituen. Aran SIgn 89. Atunetan asi ginean, edo obeto esateko egalaburretan. A BGuzur 130. Astodunak ziran Tramana ta Brix, edo obeto esateko, asto jaubeak. Ag Kr 67. Kandela pixtuaren gañean jarri zuen, edo obeto esateko, kandelaren gañean gelditu zitzaion. Goñi 63. Eztiote bear ainbat garrantzi eman. Edo, obeto esateko, aiei gurea berbera gertatzen. Ldi IL 168. Eta saritua izan, atan be, lenengo sariaz. Obeto esateko, lenengo saria banatu egin zan zati bitan. Vill in Bilbao IpuiB 5. Saldu egiñ giñun. Obeto esateko, erregalatu. Salav 24. v. tbn. Astar II 262. Lard 511. AB AmaE 236. Bv AsL 134. Arr May 22. Itz Azald 212. Kk Ab I 56. Arrantz 108. Eguzk GizAuz 137. NEtx Antz 80. Txill Let 82. Bilbao IpuiB 60. Gand Elorri 67. Osk Kurl 185. Lab SuEm 168. Uzt Sas 19.

[Elhuyar]

Hobeto esan. “mejor dicho”. Zazpiak dira; hobeto esan, zazpi eta erdiak: son las siete; mejor dicho, las siete y media.

[Euskaltzaindiaren Hiztegia]

    hobeto adlag.: han zegoen edo, hobeto esan, han ziharduen. 

    hobeki adlag. [] hobeki esan 

11. aurkibidera joan Posizioa

Birformulatzaile zuzentzailea bigarren diskurtso-unitatean beti, birfomulatuaren aurretik gehienbat:

(11.1)

Hala, bada, emakumearen orgasmoaren funtzioa plazera lortzea baino ez da. Beste behin ere, horrek argi uzten du jarduera sexualaren helburua, bai arrentzat bai emeentzat, ez dela ugalketa, plazera baizik. Horren ondorioa da ugalketa, edo, hobeto esanda, ondorio posible bat. [Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005) Orr.: 186 ]

- Esaldi bukaeran batzuetan (makulu gisa):

(11.2)

Arazo bat zegoen, ordea; edo bi, hobeto esateko. [Itzalak, Iban Zaldua (Erein, 2004). Orr.: 23]

(11.3)

Goizetik ari zuen euria, edo bezpera gauetik, hobeto esanda. [Arima enkoniatuak, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2006). Orr.: 142]

(11.4)

Mohanek kontratu bat sinatzen zuenean, eskatzailea -erregutzailea, hobeto esanik- esker oneko sentitzen zen, ordaina neurri guztien gainekoa izanik ere; gainera erdia une hartan bertan eta ordainagiririk jaso gabe pagatu behar zen. [Malgudiko ipuinak, R.K. Narayan / Joxe Mari Berasategi (Igela, 2008). Orr.: 39]

12. aurkibidera joan Puntuazioa

Tarteki moduan, koma (pausa prosodikoa) aurretik eta atzetik eramaten du normalean, baina ez beti; ez aurrean, ez atzean.

Inoiz eskuinean ‘bi puntuak’ (:) puntuazio-zeinua duela agertzen da:

Atzean komarik gabe:

(12.1)

Guri barre egiten digute. Hobeto esanda niri. [Karonte, Asel Luzarraga (Elkar, 2005). Orr.: 213]

Bukaeran doanean, zuzenketaren aurrean hasten da pausa prosodikoa, eta koma jarri ohi da:

(12.2)

Ez jauna; gaur bertan heldu zaigu eskutitz hau, agindua hobeto esan, eta [] [Gure gerretako heroiak, Rafa Ugalde (Elkar, 2006). Orr.: 112]

(12.3)

[] eta, hoba ez, beti mutilekin olgetan ibiltzen zen neskatilaren ezpain gorriak poesia bihurtzen saiatzen nintzen, poesia idatzia bihurtzen hobeto esan, izatez ezpain haiek[] [Gure gerretako heroiak, Rafa Ugalde (Elkar, 2006). Orr.: 94]

- Aurrean puntua ere bai:

(12.4)

Hara, ba!, egin zuen frau Gerdak, eta oroitzapenen baten bila aritu zen bere kabutako txokoren batean. Amona Erikaz gogoratu nintzen. Hobeto esateko, frau Gerdaren eromenaz esaten zituenak etorri zitzaizkidan burura, baina emakumeak ezin gintuen Amona Erika eta ni lotu, aitona Karl baitzen Lindemann, eta ez amona. [Ihes betea, Anjel Lertxundi (Alberdania, 2006). Orr.: 116]

- Aurrean puntu eta koma:

(12.5)

Kirxak irribarre egin zuen; hobeki esan, doi-doia zabaldu zuen ahoa, nahi gabe, aldi berean betazalek dardara egiten ziotela. [Mirarien kalezuloa, Nagib Mahfuz / Patxi Zubizarreta (Alberdania-Elkar, 2006). Orr.: 71]

- Aurrean puntu eta koma eta atzean bi puntu:

(12.6)

Ba, sustantzia batzuetan dago okerra eta delitua; hobeki esanda: ez zegoen, baina legearen bortxaz sustantzia batzuetan okerra eta delitua egoten hasiko da. [Nere gorringotik, Iñaki Segurola (Alberdania, 2008). Orr.: 190]

Aurrean juntagailua duenean, ez da derrigorrez komarik jartzen juntagailuaren eta markatzailearen artean.

Lau aukera:

 

[], edo, markatzailea,

(12.7)

Horren ondorioa da ugalketa, edo, hobeto esanda, ondorio posible bat. [Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005) Orr.: 186]

[], edo markatzailea,

(12.8)

Zergatik ezin da, edo hobeki esanda, zergatik ezin dut alde hitz egin? [Nere gorringotik, Iñaki Segurola (Alberdania, 2008). Orr.: 95]

[] edo, markatzailea,

(12.9)

Baina galdu-usteak edo, hobeki esanda, galminak bizimindu egiten gaitu [] [Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola (Alberdania, 2005). Orr.: 113]

[], edo markatzailea,

(12.10)

Nere begientzat, ustez berritzailea, modernoa eta ausarta bezain itsusia da, edo hobeki esanik, ezereza, ezer ez dena eta ezer ez duena, ez graziarik eta ez ezer, baina, nola ez!, oso esanguratsua edo esanahi haundikoa da; hori baita arte modernoaren gaitza, sorrerako gaitza: ezer ez du esaten eta horregatik da esanguratsua, asko esan. [Nere gorringotik, Iñaki Segurola (Alberdania, 2008). Orr.: 109]

Ondoren bi puntuak:

(12.11)

Galdera askotan egina izan arren, ezin, ordea, erantzun garbirik eman. Hobeto esateko: galdera egiteko momentuan Tomasekin zuen harremanaren araberakoa izaten zen erantzuna: batzuetan istripuarena iruditzen zitzaion okerrena; beste batzuetan, ordea, senarra puta batekin ohean imajinatzea. [Zoaz infernura, laztana, Anjel Lertxundi (Alberdania, 2008). Orr.: 47]

Aurrean puntu eta koma:

(12.12)

Hitzik ez nekien nik aurretik halako itsasontziez; hobeto esanda, gaztetxoa nintzeneko Vacaciones en el mar telesaila ikusi izana oroitzen dut, baina ez zait iruditzen hori oso erreferentzia fidagarria denik ezertarako. [Bizitza homeopatikoak, Xabier Mendiguren Elizegi (Susa, 2008) Orr.: 12]

Aurrean pausarik ez:

(12.13)

Tarteka, dibertigarria zen, zirraragarria hobeto esanda, tarteka, gure baitako asperduran amiltzen ginen. [Ihes lerroak, Xabier Altube (Erein, 2009). Orr.: 144]

13. aurkibidera joan Sintaxia

- Gehienetan, edo juntagailua aurretik; batzuetan, edota:

(13.1)

Guk nekez jakin genezakeen zer zen herrimina, baina matrimonio zaharrak sei hil zeramatzan etxetik kanpo, edota, hobeto esanda, auto-karabana hura etxetzat hartuta. [Sua falta zaigu, Katixa Agirre (Elkar, 2007). Orr.: 127]

(13.2)

Horren ondorioa da ugalketa, edo hobeto esanda, ondorio posible bat. [Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005). Orr.: 186]

- Konparatiboetan ere:

(13.3)

[...] didazue haren izena ez aipatzea, baina gure auzoan sua bolbora artean zabaltzen den bezain arin zabaltzen dira horrelako kontuak, eta baten batek haren izena entzungo balu, galduta legoke-; harekin bai, harekin eskuak aldatu egiten zaizkidala ematen du, eskuak baino gehiago atzamarrak, hobeto esan. [Gure gerretako heroiak, Rafa Ugalde (Elkar, 2006). Orr.: 12]

- Ezezkoetan:

(13.4)

Idazle frantsesaren lankide, ez, hobeki esan, agindupeko baten bitakora koaderno gisako batean irakur daitekeenez, Cabo Jubyn, mende hasiera hartan, mairuen beldur baino gehiago, monotoniaren, harearen eta eltxoen beldur izaten ziren (ez dugu ahantzi behar "munduko gauzarik hondatuena eta tristeena zirudiela"). [Pospolo kaxa bat bezala, Patxi Zubizarreta (Pamiela, 2005). Orr.: 128]

- Modalitate-egiturekin batera :

(13.5)

Argi zegoen gauza bat behintzat: autoen kontrako gudua edo altxamendua zen hura, batik bat. Edo, agian hobeto esateko, kutsaduraren aurkako kanpaina ezinago bortitza. [Glosolaliak, Karlos Linazasoro (Alberdania, 2004). Orr.: 14]

(13.6)

Eta irrikaz itxaroten nion, ez beldurrik gabe, Golubtxikek aditzera edo, agian, hobeki esan, jasatera ematen zigun bizitza horren aurreragoko zatiari, zeina itxura guztien arabera izugarria izango zen. [Hiltzaile baten aitormena, Joseph Roth / Matías Múgica (Igela, 2004). Orr.: 69]

Nabarmentzen eta zuzentzen duen diskurtso-elementua:

- Izen-sintagma:

(13.7)

Ni ere aspaldidanik nengoen jabetua zu Mitxelena zinela, gizon jakintsu bat, edo, hobeki esan, "dena zekien gizona". [Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola (Alberdania, 2005). Orr.: 70]

- Kasu-berdinketa, bi sintagmen artean

(13.8)

Metaforaz aditza bizigabeko gauzaz ere esaten da, edo hobeki esan, finko eta beste bati loturik dagoen edozertaz [Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Xabier Kintana (Pentsamenduaren klasikoak, 2006). Orr.: 72]

Adjektiboa (izenlaguna) 

(13.9)

Neska hori, ordea, hain da buruargia, edo, hobeki esan, hain bihotz-onekoa (hala uste du, behinik behin, kondeak), non beharbada gorroto izango baitio bere aitaren zereginari; eta horrexek sortuko dio, apika, malenkonia! [Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz (Elkar/Alberdania, 2007). Orr.: 456]

Aditza: 

(13.10)

Unibertsitateko lana berak erakutsiko zion, edo, hobeki esanda, "eraiki" eginen zion, ikasten den lanbidea da [Oker ttiki garrantzigabeak, Antonio Tabucchi / Fernando Rey (Elkar/Alberdania, 2007). Orr.: 118]

Aditzondoa (adizlaguna)

(13.11)

Hau idazten ari naizenean pare bat aste joan dira nire azkeneko joanalditik edo, hobeki esanda, abialditik. [Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola (Alberdania, 2005). Orr.: 263]

Zehar-galdera

(13.12)

Haietarako zaren edo ez jakitea falta edo, hobeki esan, haietarako izateko prest zauden. [Hiltzaile baten aitormena, Joseph Roth / Matías Múgica (Igela, 2004). Orr.: 137]

Mendeko perpausa

(13.13)

Zeldan sartu nintzenean, edo, hobeki esan, barrura bota nindutenean [] [Hiltzaile baten aitormena, Joseph Roth / Matías Múgica (Igela, 2004). Orr.: 78]

Perpaus nagusia

(13.14)

Eseri nintzen, edo hobeki esan, besaulki sorgindu hark atzitu ninduen. [Hiltzaile baten aitormena, Joseph Roth / Matías Múgica (Igela, 2004). Orr.: 52]

Aditz-izena

(13.15)

Honako Tratatu honek, bere osotasunean, beronen antzeko guztien antzera, Torah-ren zientzia bere errealitatean aztertzea du helburu, edo hobeki esan, gure Legearen egia ariman sinesgai gisa ezarria daukan gizon erlijiosoa argitzea [] [Alderraien gidaria, Mose ben Maimon / Xabier Kintana (Pentsamenduaren klasikoak, 2006). Orr.: 28]

Perpauseko (edo diskurtsoko) bi elementu beregainen artean ez ezik, izen-sintagmaren barruan ere bai:

(Izena)

(13.16)

Hizkuntza edo, hobeki esan, kultura haixetuak dira “gora gu eta gutarrak(bakarrik)”. [Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola (Alberdania, 2005). Orr.: 283]

(Izenondoa)

(13.17)

[] eta arazo latz edo hobeki esan, ezinezko hau konpondu behar izan zuen. [Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz (Elkar/Alberdania, 2007). Orr.: 72]

(Erlatibo-perpausa)

(13.18)

Galdutako, edo hobeto esanda, kendutako, askatasuna berreskuratzea. [Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005). Orr.: 279]

14. aurkibidera joan Maiztasuna

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

25

2.5

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

21

0.37

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

3

0.07

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

25

1

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

336

3.09

B1a. EPD liburuak

346

3.33

B1b. EPD prentsa

50

0.45

B2. ZT Corpusa

95

1.42

C1. ETBko dokumentalak

3

0.6

C2. Goenkale corpusa

95

0.82

denera

999 

1.55

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

jatorrizkoak

470

1.27

itzulpenak

529

1.92

15. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

Testu mota guztietan erabiltzen dela dokumentatu dugu hobeto esanda: ahozko zein idatzizkoetan, erregistro formal zein lagunartekoan, baita teknikoan eta dibulgazioan ere. Gure corpusaren arabera, prentsan liburuetan baino gutxiago erabiltzen da.

16. aurkibidera joan Erdal baliokideak

Kasu honetan hobeto esan bilatu dugu euskal hiztegietan. 

espainiera

[OEH]

Mejor dicho

[Zehazki]

Mejor dicho

[Elhuyar]

Mejor dicho

17. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Hobeto esanda birformulatzaile zuzentzaileak atribuzio indarra ia beti galtzen du; ez, ordea, bere baliokide batzuk:

(17.1)

(...) eta, buruan zeukana hobeto esateko ahaleginean murgiltzen zela, halaxe jarraitu zuen isilune baten ostean-: Baina urruti daude Natinata eta Natanatiko egunak... [Bestea da mundua, Joan Mari Irigoien (Elkar, 2008). Orr.: 336]

(17.2)

Kapelu hari josi zizkion hegaletan eta horrela, hobeto esan zidan, niri buruan ipinita. [Aulki jokoa, Uxue Alberdi (Elkar, 2009). Orr.: 114]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus