Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Julio Garcia
(EDO) HOBEKI

1. Saila > azpisaila

birformulatzailea > zuzentzailea

2. Balioa

Aurreko enuntziatuaren segmentu bat edo enuntzitua bera —osoa edo zati bat—desegokitzat jotzen du esatariak, edo ez da, haren ustez, behar bezain egokia, eta aldatu edo zuzendu egiten du. Zuzenketa horretan, lehen segmentu horren ordez, beste bat sartzen du, egokiagoa, hobea, zuzenago edo zehatzagoa:

(2.1)

Ez-egitekoren bat egingo luke gustura. Jende ahul, urri edo mendratuari, mendeku edo kontsolamendu gisa, gorrotozko edo, hobeki, erdeinuzko sentimendu kosmiko bat gelditzen zaio itsatsia, eta sentimendu hori izateko, zaintzeko eta hazteko eskubidea aitortu behar litzaioke; ez litzaioke galarazi behar bi begietatik darion su gaizto hori. [Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola (Alberdania, 2005) or. 139.]

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’.

Birformulakizuna

...gorrotozko

Azalpena: atal birformulatzailea

...edo, hobeki, erdeinuzko sentimendu kosmiko bat

Diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa (gorroztozko) zuzentzen du atal birformulatzaileak (...edo, hobeki, erdeinuzko...), esatariaren ustez informazio egokia emanez.

Markatzailearen bidez uztarturiko diskurtso atalak hala enuntziatu osoak nola enuntziatu zatiak izan daitezke. Atal horiek, kategoriari dagokionez, askotarikoak izan daitezke: izenak, adjektiboak, izenlagunak, aditzak...

(2.2)

Uraldi txiki nahiz handiek herrestan eramanak, fenomeno berri batzuen indarpean agitzen dira objektuak, hala nola abrasioa eta meteorizazioa. Orain talka egiten dute elkarren kontra, eta, hala, ibarrean, erreka-bazterrean, oinarrizko hautespenak bahea pasatzen du, harkaitz txikiago eta biribilduagoen presentzia faboratuz; hainbeste, non beste izen bat merezi baitute dagoeneko, hala nola harri edo, hobeki, harribil. [Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU, 2007) 127. or.]

(2.3)

Ezin uka, AZ doktorearen dotrinaren argitan, oso gauza zaila jarri dela euskalduna izatea, eta zaila bezain inork ez nahi izateko modukoa. Hizkuntzarekin deus ikustekorik ez duten "erreferen- tziak" saltzen eta sartzen baitzaizkit hizkuntzaren poltsan bertan; sinetsarazi nahi baitzait "sistema erreferentzial" jakin bat neureganatu behar dudala, edo hobeki, neuregan dudala, hizkuntza hori jakite hutsagatik. [Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola (Alberdania, 2005) 241. or.]

(2.4)

Aldasorotarren sukaldean aitari begira zegokeèn begirale ikusezin bati nekez itzuriko zitzaion haren keinua -kopeta zimurtu zuen apur bat, apur bat baino gehiago ere bai-, aitaren zalantza adieraz zezakeena, edo aitaren nahigabea, hobeki, une hartan zera pentsatu balu bezala: "Bai, baina gizon baten dantza eta emakume batena oso dira diferenteak, Ernestina: zuek gonak dituzue eta guk ez... ". [Bestea da mundua, Joan Mari Irigoien (Elkar, 2008) 19. or.]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus