Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan
1. Saila > azpisaila | 2. Balio oinarrizkoa | 3. Balioak eta erabilerak | 4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa | 5. Balio diskurtsiboa: informazioa | 6. Balio diskurtsiboa: argumentazioa | 7. Forma eta jatorria | 8. Aldaerak | 9. Euskal hiztegiak | 10. Posizioa | 11. Puntuazioa | 12. Maiztasuna | 13. a. Testu Mota b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...) c. Idatzia/ahozkoa | 14. Erdal baliokideak | 15. Ez da diskurtso-markatzaile...
birformulatzailea > zuzentzailea
Haren bidez, informazio okerra daraman elementu baten ordez, beste bat sartzen da. Elementu berri horrek, esatariaren iritziz, elementu ordezkatuaren edukia zuzentzen eta hobetzen du:
Gazako kokagune guztiak bertan behera uzteko asmoa duela helarazi zion atzo Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek Haaretz egunkariari. «Gazan dauden hamazazpi kokaguneak desegiteko plana prestatzeko agindua eman dut», adierazi zuen. «Nire asmoa da kokaguneak bertan behera uztea, barkatu, beste leku batean berrezartzea; arazoa dira guretzako eta behin betiko bake hitzarmena adosteko gauden leku horietatik joan beharko ginateke», zehaztu zuen lehen ministroak. [[EPD pren.] Gazako kokagune guztiak uzteko asmoa iragarri du Sharonek, ERREDAKZIOA, 2004-02-03]
Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’.
Birformulakizuna |
... kokaguneak bertan behera uztea |
Azalpena: atal birformulatzailea |
(...) barkatu, beste leku batean berrezartzea (...) |
Diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa (kokaguneak bertan behera uztea) zuzentzen du atal birformulatzaileak (...barkatu, beste leku batean berrezartzea).
Batzuetan, formari eragiten dio zuzenketak. Beste batzuetan, edukia zuzentzen da; partziala edo erabatekoa izan daiteke zuzenketa hori. Eta beste batzuetan, aurreko enuntziatutik segitzen diren inferentziak zuzentzen dira.
a) FORMAren zuzenketa
BEATRIZ.- San Francisco ezagutzeko gogoa dut. Izan al zara sekula San Franciscon?
GORKA.- Behin baino gehiagotan. Hango zubia, hango kaleak, hango ikuskizunak...
MIKEL.- Marikoi asko... Barkatu, homosexual asko omen dago san Franciscon. [Goenkale: 756 atala, Paper-trukea Sek.: 13]
Unitate lexikoa aldatzen da; ez, ordea, edukiari edo erreferenteari dagokionez okerra delako, baizik eta komunikazio-egoerari edo erregistroari begira desegokia delako.
b) EDUKIAren zuzenketa
b.1) Erreferentearen zuzenketa partziala
JULIA- Eta niri ere iruzurra egin balidate?
AGURTZANE.- (irribarre tristez) Nola izan zintezke hain zinikoa? Ba al dakizu nor gogorarazten didazun? Nire senar maitea. Barkatu, senar ohia. Ez zarete ba elkar hartuta arituko berriz ere? [Goenkale: 383 atala, Hezurrak ez dio gezurrik Sek.]
b.2) Enuntziatuaren zuzenketa partziala
MARIA LUISA.- Zer tokatzen zait, pagatzea ala ordaintzea? (Konturatu da nahastu egin dela) Barkatu, ordaintzea ala kobratzea esan nahi nuen. [Goenkale: 1366 atala, Txintxin, txintxin, diruaren hotsa]
Francisek hasieratik zaindu zuen estetika kabareteroa (beltzez jantzita, oinetako takoidunak, gorbata eta ligero gorria, kapelaÉ), Ander Lipusen agerraldi bakoitzak areago girotu zuen kontzertua, eta Aiora Renteriaren (geisha-z jantzita) ahotsak biribildu egin zituen lehendik ere bihotzeraino iristeko gai ziruditen geziak, barkatu, abestiak. [[EPD pren.] Plazerra Doctor deseo, Gari Berasaluze, Berri.info, 2005-01-25]
Ez nuen askorik ikertu behar izan "gauza arraro" horiek zer izan zitezkeen ondorioztatzeko, eta Aintzaneri bereak eta bost esan behar nizkiola pentsatu banuen ere aurrena (umearen presentzian egitera ausartzea ere, bera eta putakume hori, barkatu, urde hori...) [[EPD lib.] Etorkizuna, Iban Zaldua (Alberdania, 2005) or. 70.]
b.3) Enuntziatuaren zuzenketa erabatekoa
Gazako kokagune guztiak bertan behera uzteko asmoa duela helarazi zion atzo Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek Haaretz egunkariari. «Gazan dauden hamazazpi kokaguneak desegiteko plana prestatzeko agindua eman dut», adierazi zuen. «Nire asmoa da kokaguneak bertan behera uztea, barkatu, beste leku batean berrezartzea; arazoa dira guretzako eta behin betiko bake hitzarmena adosteko gauden leku horietatik joan beharko ginateke», zehaztu zuen lehen ministroak [[EPD pren.] Gazako kokagune guztiak uzteko asmoa iragarri du Sharonek, ERREDAKZIOA, 2004-02-03]
Atal birformulatzaileak erabat baliogabetzen du birformulakizunean emandako informazioa. Adibidean (3.6.), esaterako, esatariaren benetako asmoa kokalekuak lekuz aldatzea da, eta ez suntsitzea.
c) INFERENTZIAren zuzenketa
MINTZATU DA.
Erregea mintzatu da astelehen arratsaldean. Barkatu, ez omen dugu erregerik. Presidentea da mintzatu, Nicolas Sarkozy [[EPD pren.] Herria; "Egun eta Bihar" (2009-06-25, 2. or.)]
Lehen enuntziatutik (erregea mintzatu da astelehen arratsaldean), Frantzian errege bat badagoelako inferentzia segitzen da; atal birformulatzaileaz, ordea, enuntziatzaileak inferentzia hori egitea hirugarren pertsona batentzat zuzena ez dela nabarmentzen du, eta, ikuspuntu horretatik, zuzendu egiten du inferentzia, ukatu egiten baitu halako erregearen izatea. Kasu honetan, birformulakizunak atal birformulatuak bezainbesteko garrantzia du komunikatu nahi den mezuaren pertinentzian; izan ere, birformulakizunak enuntziatzaileak zer pentsatzen duen erakusten baitigu; alegia, Sarkozy errege tiranotzat duela presidentetzat baino gehiago.
d) BESTE BALIO BATZUK
d.1) Atal zuzentzailearen bidez, birformulakizunean zer eman nahi izan den aditzera azaltzen da.
Eta 2008an euskal selekzioak urratsak egiten jarraituko du linborantz, barkatu, ofizialtasunerantz. [[EPD pren.] Paper gorria, XABIER ETXANIZ ROJO, 2008-01-03]
Adibidean (3.8.), esaterako, linborantz metafora azaltzen da birformulatuan.
d.2) Markatzaile honen bidez, autobirformulazioak ez ezik (esatariak bere burua zuzentzen du) heterobirformulazioak ere gauza daitezke (entzuleak edo mezuaren hartzaileak zuzentzen du enuntziatua):
NEKANEk ez du erantzuten.
KOLDO.- Naroarekin ondo zaudela esan didazu...
NEKANE.- Inoiz eduki dudan bikotekiderik onena da. Zorte handia daukat berarekin.
KOLDO.- Barkatu, "bigarren" bikotekiderik onena esan nahiko duzu...
[Goenkale corpusa: XV-140 atala, Itsasoaren sakonean Sek.: 10]
4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa
Ironia iradokitzen du batzuetan.
5. Balio diskurtsiboa: informazioa
Atal birfomulatzailea enfatizatzen du.
6. Balio diskurtsiboa: argumentazioa
Entzuleak segitzen du birformulakizunari darraion diskurtso-sekuentzia dela diskurtsoaren jarraipenean aintzat hartu beharrekoa.
Baliteke zuzenketa-esaldi eliditu baten aztarna izatea: ...; barkatu X esan nahi dut...
BARKA
[OEH]
(Para corregir --o fingir irónicamente hacerlo-- un término expresado poco antes). --Sosik baduzu? --Ba. Bederatzi mila. Ez, barkatu, hemeretzi mila, naski. JEtchep 102. Ez naiz orain hasiko euskal idazle sabindarren, barka, "aranisten", multzoa neurtzen. MEIG VII 33. Norbaitek esan omen du hizkuntza landuetan, barka, kulto, kultuetan, -te -tze, bezalako gramatika atzizki arrunt batek ordezkari hoberik eta berezirik izan ohi duela. Ib. 44.
Birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean agertzen da beti, etenaldien artean, eta atal birformulatzailearen hasierako muturrean.
a) Puntua ... koma:
KLAUDIA.- Ados, baina enaiz fio zure emazteaz. Barkatu, emazte "ohiaz". [XVI-97 atala, Erabaki pisua Sek.: 12 (Goenkale)]
b) Puntu eta koma koma:
Alardeak polizia, politikoak, kazetariak eta kazetari izpirituarekin joandako gizabanakoak eramaten ditu zuen herrietara; barkatu, zuen hirietara. [[EPD lib.] Nere gorringotik, Iñaki Segurola (Alberdania, 2008) or. 226]
c) Komen artean:
Entzun, dena entzuten da: kantuak, azalpenak, jendearen gora eta ojuak, eta zinez diotsuet, baita ikurrina ere, agertoki atzean bi kaputxadunek zabaltzen. Kantarien, barkatu, abeslarien artean, Xabier Lete. Ekin dio gitarra urratzeari, ahots lodia antzoki beroan: [[EPD lib.] Hizlandia, Iñigo Aranbarri (Susa, 2006) or. 208.]
Diskurtso-markatzaile honen erabil-maiztasuna oso baxua da testu idatzietan.
13. a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa
Batez ere ahozko dikurtsoan erabiltzen da, edo ahozko diskurtsoa imitatzen duten diskurtso idatzian. Gazetaritzako testuetan ere agertzen da.
gaztelania
perdón
15. Ez da diskurtso-markatzaile...
Oro har, ez da diskurtso-markatzailea.
— Barkamena eskatzeko erabiltzen da;
— zerbait (zorra eta abar) barkatzeko;
— kortesiazko formuletan, eragozpen bat sartzeko;
— kortesiazko formuletan, zerbait eskatzeko
— ...
(Orotariko Euskal Hiztegia)