Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Julio Garcia
ZEHAZKIAGO

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > zehaztailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Haren bidez sartzen den elementuak (dela enuntziatu osoa, dela enuntziatu zati bat) aurreko segmentu baten edukia zehazten du. Zehaztapen-birformulazioan, atal birformulatzaileak ez du baliogabetzen birformulakizunean emandako informazioa, egiazkoa eta zuzena baita informazio hori, baizik eta osatu egiten du, edo xeheki adierazten.

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’.

(2.1)

Hitzaren barruan nahiz hitzen artean esanahiaren eta formaren arteko harremana aztertzen duen hizkuntzalaritzaren adarrari morfologia deritzo. Morfologiak, hitzez hitz, 'forma aztertzea' esan nahi du; zehazkiago, hitzen forma aztertzea. [[EHU] Hizkuntza eta hizkuntzalaritza: hastapenak, Fasold, Ralph et al. (EHU, 2010) 2. kapitulua]

Birformulakizuna

(...) forma aztertzea (...)

Azalpena: atal birformulatzailea

(...) nahi du; zehazkiago, hitzen forma aztertzea.(...)

Biformulakizunean, aztergai bat adierazten da, orokorra edo zehaztugabea, (forma), eta atal birformulatzailean, zehaztu edo murriztu egiten da aztergai hori, adieraziz zeren forma aztertzen den (hitzen forma).

adibide gehiago:

(2.2)

Bide anitzeko konbinazioak exekutatzeko dauden aukeren kopurua oso bizkor ari da hazten. Atal honetan, bi bideko konbinazioak inplementatzeko teknikak bakarrik ikusiko ditugu. Gure adibidea ulertzen laguntzeko, 5.5 irudiko eskema erlazionala hartuko dugu berriz ere; zehazkiago, LANGILEA, SAILA eta PROIEKTUA erlazioak hartuko ditugu. [[EHU] Datu-base sistemak, Ramez Elmasri et al. (EHU, 2009) 15. kapitulua]

(2.3)

Gerratik irtetean, ni burua azaltzen hasia nintzenean, puri-purian zegoen Lyssenko. Hari zor zaio, hein batean, nik zientziara jo izana, eta, zehazkiago, genetikara. [[ZIO] Sagua, eulia eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) 46. or.]

(2.4)

Espedizioa Italian izango da, Apeninoetan zehazkiago, abuztuaren bigarren hamabostaldian. [[ZTC] Era baten Bukaerara Bidaia, Elhuyar, Usurbil Elhuyar Fundazioa, 1996 (aldizkari artikulua)]

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

a) Atal birformulatzaileak birformulakizunaren azalpen xeheagoa eman dezake:

(3.1)

Emaitza ikusgarri bat antimateria iragartzea izan zen; zehazkiago, nahitaezkoa dela elektroiaren masa bereko baina aurkako karga elektrikoko beste partikula bat izatea, elektroia energia huts bihurturik suntsitzeko gai dena. [[ZIO] Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) or. 249]

Azalpenaren helburua ez da aurreko enuntziatua modu ulergarriago edo errazagoan adieraztea, baizik zehatz-mehatz adieraztea zer eman nahi den aditzera lehen enuntziatuaz.

b) Atal birformulatzaileak izen edo termino bat sartzen du, birformulakizuna (zenbait esaldiz osatua) laburtu egiten duena:

(3.2)

Pertsona bat, ahots bat, leku bat pixkanaka "ezagun" egingo zitzaizkion, baina ezingo zuen gogoratu pertsona hori non ezagutu zuen, ahots hori non entzun zuen, lekua non ikusia zuen. Zehazkiago, oroimen testuinguruduna - edo "episodikoa" - zen Gregek hain nahasia zeukana [[ZIO] Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003) or. 68.]

Birfomulakizunean azaltzen den egoera termino baten bidez adierazten da zehazkiago, eta atal biformulatzaileak sartzen du termino hori.

c) Atal informulatzaileak zehaztu ez baizik zuzendu egiten du aurreko segmentua, egoera edo gertaera hobeto adierazten duen elementu bat sartuz.

(3.3)

Gure artean, saiakera zientifikoa, zoritxarrez, genero literario tipia barik ezdeusa suertatu da, beranduegi sortua eta ez oso emankorra. Nolabait esatearren, jakite-hegoek XX. mendearen hasi-hasieran jaso zuten gure hizkuntza larrekoa zientziaren alorretaraino, edo zehazkiago, jasotzen ahalegindu esan beharko genuke, jaso baino hobeto. [[ZTC] Saiakera zientifikoa idazteko abiapuntu bat, Altonaga Sustatxa, Kepa – EIE, 2002 (aldizkari artikulua)]

(3.4)

Ontologiaren alorrean, errealitate bakar, original, aldaezin eta egiazkoaren eta agerpen ugari, aldakor eta engainagarrien arteko kontrakotasuna; izate soilaren eta bilakatzearen, edo, zehazkiago, aldatzearen arteko kontrakotasuna. [[PKC] Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) or. 108]

Atal birformulatzailaren bidez argitu edo azaldu egiten da aurreko enuntziatua.

(3.5)

Gizakia, arima gabe, hil egingo da. Ohitura hau beste baten ordezkoa da, pertsona bizi bat horma artean edo eraikin berri baten zimentarriaren azpian sartzekoarena. Egiturari indarra eta iraupena emateko egiten da hori, edo zehazkiago, izpiritu haserretua leku hartan gera dadin eta etsaiengandik babes dezan. [[PKC] Urrezko abarra I, James George Frazer, Iñaki Iñurrieta (1995) or. 268]

(3.6)

Labur esanda, natibistek diote azalpen bakarra dagoela argitzeko hizkuntza-jabekuntzaren uniformetasuna, haurrek oso txikitatik duten hizkuntza-jakintzaren konplexutasuna —haurrei oso zuzenketa gutxi egiten zaien arren— eta hizkuntzaren izaera sortzailea: eta azalpen hori da hizkuntzak jaiotzetikoa izan behar duela. Zehazkiago, natibisten ustez, hizkuntza gizakiek soilik duten gaitasun kognitiboa da, eta gizakiak jaiotzetik duen hizkuntzaz jabetzeko mekanismo baten emaitza da gaitasun hori (mekanismo horri LAD deritzo, batzuetan -language acquisition device, ingelesez-). [[EHU] Hizkuntza eta hizkuntzalaritza: hastapenak, Fasold, Ralph et al. (EHU, 2010) 6. kapitulua]

e) Batzuetan, ez dago argi zer birformulazio mota gauzatzen den birformulatzaile honekin: zehaztailea, zuzentzailea edo esplikatiboa; oso lausoa baitira hiru birformulazio mota horien arteko mugak:

(3.7)

Edo, zehatzago esateko, gertaera bat alda daitekeela iruditzen bazaigu —ende askok gaixotasunak dituela, esate baterako—, beti dugu aukera gertaera horri dagokionez bestelako jarrerak hartzeko: zehazkiago, aukera izango dugu gertaera hori aldatzeko ahalegina egiteko erabakia hartzeko (...) [[PKC] Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) or. 82]

Adibide honetan (3.7) , esaterako, zehazkiagoren ordez, biformulatzaile zuzentzailea (hobeto esanda) edo esplikatiboa (hau da) jarrita, hurrenez hurren, birformulazio zuzentzailea edo birformulazio esplikatiboa lortzen da.

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziatzaileak, bere aurreko adierazpenaren orokortasunari antzemanda, birformulazioaren bidez informazio zehatzago ematen du: oro har, zehaztapen bat gaineratzen du haren bidez.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Nabarmenduta edo indartuta geratzen da zehazkiago birformulatzaileak txertatzen duen iruzkin edo informazio argigarria (birformulazioa). Sartzen duen informazio zehatzaren oinarri erabil daiteke aurreko enuntziatuan adierazia.

6. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Moduzko adberbioa. Adberbio soila (zehazkiago) gutxi edo batere gramatikalizaturik dago; adberbioa eta edo edo juntagailuarekin batera ageri denean eta dagokion puntuazioa duelarik, gramatikalizatuago dago.

7. aurkibidera joan Baliokideak

Zehatzago esanda

8. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Ez dago jasota.

9. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

Ez dago jasota.

10. aurkibidera joan Posizioa

Birformulatzailea, oro har, birformulatuaren ezkerrean kokatzen da, etenaldien artean; haren eskuinean ere agertzen da, askoz ere gutxiagotan baina.

(10.1)

Pasarte honetan legearen jatorria tradizioaren eraginez esplikatzen da, gurasoengandik haurrengana ordena zurrun bat transmitituz, zehazkiago; eta oharpen hau egiten da (...) [[PKC] Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) or. 253]

11. aurkibidera joan Puntuazioa

Oro har, etenaldi artean agertzen da atal birformulatzailea.

a) Perpausaren barruan, aposatuta:

(11.1)

Espainiar estatuaren kasuan, egoera horixe izan zen 1870. urtera arte; indarrean zegoen ezkontza-sistema tipo bakarrekoa zen, eta hori erlijiosoa zen, zehazkiago, erlijioso-kanonikoa. [[EHU]Ezkontza-sistema eta kontzientzia-askatasuna, Ana Leturia, Igor Mintegia (UPV/EHU, 2010 )]

(11.2)

Menturaz ohoragarria izanen zaigu etorkizuneko mendeen aitzinean aro honetako jakintsu bat, paristarra zehazkiago, gure mendeko andereei sinestarazteko neketan sartzen dela, halako etsipenaren aholku ikaragarrian sartu baino lehen oso alderdi ezberdin hartu behar dutela. [[PKC] Entseiuak II, Michel Eyquem de Montaigne / Eduardo Gil Bera (1993) 28. or.]

b) Perpasusaren barruan, tarteki gisa, hots, parentesien edo marren artean:

(11.3)

Une horietatik hasita (zehazkiago, horien biharamunetik hasita) zenbatuko da auzi-errekurtsoa jartzeko epea. [[EHU] Administrazio zuzenbidea eta ekonomian esku-hartzeko teknikak, Iñigo Urrutia (UPV/EHU, 2010)]

(11.4)

Ahozkotasuna literatura idatzian Milman Parryren tesiak ezagutarazi baino lehenagoko urteetan, ahozko eta idatzizko literatura-jardunen arteko harreman gatazkatsuen gaiari heldu zioten autore batzuek. Bitxia bada ere, idatzizko literaturatik zehazkiago, eleberriaren mundutik— egin ziren ekarpenik interesgarrienak. [[EPD lib.] Bat-bateko bertsolaritza, J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua (Bertsozale Elkartea, 2005) 161. or.]

c) Aposatu gabe, birformulakizuna daraman perpusetik at, alegia:

a. Biformulatzailea, atal birformulatzailearen hasieran:

a.1 Puntuaren eta komaren artean:

(11.5)

Bai, nahiago izan zuen isilik. - Ez zaitut beldurtu nahi, Damian -esan zizun Lupek iritsi berritan. Agerikoa zen emakumea hura, brigada zientifikoko Lupe Latasa ertzaina, kontu zientifikoez baino gehiago zebilela nabigazio gaiez hizketan. Zehazkiago, hondora joandako txalupak nola azalera daitezkeen jakin nahi zuen. [[EPD lib.] Mutuaren hitzak, Hasier Etxeberria (Susa, 2005) 79. or].

a.2 Puntu eta komaren eta komaren artean:

(11.6)

Itzulgarritasun mikroskopikoa partikulez ari da; zehazkiago, posizio eta abiadura ongi determinatuak dituzten partikula-konfigurazioez. [[ZIO] Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU, 2007) or. 56]

a.3 Komen artean; oro har, aurrean eta edo edo juntagailuak ditu:

-(...), eta, zehazkiago, (...)

(11.7)

Arazoa da zehaztea zer maila izan daitezkeen egokiak kontzeptu geometrikoak garatzeko, eta, zehazkiago, transformazio geometrikoak garatzeko, halako moldez, non adin bakoitzeko haurren garapen kognitiboa errespetatuko bait [[EHU] Lehen Hezkuntzako matematikaren didaktika, Chamorro Plaza, M.ª del Carmen (koord.) (EHU, 2010) 11. kapitulua]

Adibide batzuetan, ez dago komarik juntagailuaren eta birformulatzailearen artean: (...), eta zehazkiago, (...).

-(...), edo, zehazkiago, (...) / (...), edo zehazkiago, (...)

(11.8)

Baina ez da hori bakarrik; baizik eta, hobeto esanda, konbentzio natural bat, hots, gizakiaren izaeran oinarritzen den, edo, zehazkiago, gizakiaren natura sozialean oinarritzen den konbentzio bat da. [[PKC] Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) or. 98]

-Juntagailurik gabe ere ager daiteke komen artean, baina oso gutxitan (gure corpusean, behintzat).

(11.9)

Espainiar estatuaren kasuan, egoera horixe izan zen 1870. urtera arte; indarrean zegoen ezkontza-sistema tipo bakarrekoa zen, eta hori erlijiosoa zen, zehazkiago, erlijioso-kanonikoa. [[EHU] Ezkontza-sistema eta kontzientzia-askatasuna, Ana Leturia, Igor Mintegia (UPV/EHU, 2010)]

a.4 Atal birformulatzailea gainerako esalditik marra edo parentesi bidez bereizita (birformulatzailea + birformulatua), eta birfomulatzailearen eskuinean, koma.

b. Birformulatzailea, atal birformulatzailearen bukaeran:

b.1 Oro har, koma darama eskuinean zein ezkerrean birformulatzaileak:

(11.10)

Hilketarik ezaren jakinean jarri nuen, Dimitriren erokeria azpimarratu, Andrei salbatu eta Sasa delako hirugarren pertsonaia bat sarrarazi. Estanis Acevedo Gomez Sasa, zehazkiago, Atxuriko erlojugilea; hura ere beste bien laguna, edo lagun izandakoa behinik behin (...) [[EPD lib.] Zubigilea, Lutxo Egia (Susa, 2007) or. 47.]

b.2 Badira, ordea, komarik gabeko adibide batzuk, banakak badira ere.

(11.11)

Zazpi aste elurra ia egunero botatzen zuela. Hiru aste, hiru aste eta egun bat zehazkiago, Asierren e-mail harrigarri bezain pozgarri hura jaso nuenetik. [[EPD lib.] Sua falta zaigu, Katixa Agirre (Elkar, 2007) or. 64]

12. aurkibidera joan Sintaxia

Batik bat bakarrik agertu ohi bada ere, eta edo edo juntagailua hartzen du maiz lagun.

(12.1)

Beharrezkoa zen deskribapen hau gainbehera-usteak alde batera uzteko, eta zehazkiago, mendebaleko gainbeherari buruzkoak, azken hamarkadako airean hegaka ibilitakoak. [[PKC] Masen Errebolta, J. Ortega y Gasset / Juan Antonio Letamendia (1994) or. 72.]

(12.2)

Saiatu naiz azaltzen ideia hau birgai daitekeela Tarskik egiaren ideia gertakariekiko egokitzapen gisa birgaitu duen antzera. Horretarako han aipatzen diren Tarskiren bi ideia erabili ditut nagusiki. Bata egiaren ideia da, eta bestea, ondorio logikoaren ideia, edo, zehazkiago, aieru baten ondorio logikoen edo aieru baten edukiaren ideia. [[PKC] Ezagutza objektiboa, Karl Popper / Alberto Gabikagojeaskoa (2002) or. 345.]

Halaber, edota juntagailuekin ere agerten da, gutxiagotan baina:

(12.3)

Funtsezko arazoa beraz gizabanako baten eta taldearen arteko erlazioarena da, edota, zehazkiago, zenbait gizabanako-tiporen eta taldeko zenbait eskakizunen artekoa. [[PKC] Antropologia estrukturala, Claude Lévi-Strauss / Patxi Apalategi (1996) or. 205.]

Batzuetan (gutxitan), are indartzailearekin batera agertzen da :

(12.4)

Ikerketa zientifiko zehatzaren espirituan trebatutako pertsona baten ikuspegitik, argitu nahi nuke ea benetan sinesmen erlijiosoa bateragarria den, eta hala bada zenbateraino den bateragarria, natura-zientziaren bidez jasotako ezagutzekin; edo are zehazkiago: ea natura-zientzian trebatutako pertsona batek aldi berean erlijio-sinesmena izan dezakeen. [[PKC] Nora doa zientzia, Max Planck / Alaitz Imaz (2008) or. 226]

13. aurkibidera joan Maiztasuna

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

ZIO corpusa

11

1,10

EHUko eskuliburu itzuliak

25

0,45

Zuzenbidea / lege-testuak

6

0,14

Zuzenbidea / akademikoak

14

0,56

Pentsamenduaren Klasikoak

75

0,70

EPD liburuak

35

0,34

EPD prentsa

14

0,13

ZT Corpusa

23

0,34

ETBko dokumentalak

0

0,00

Goenkale corpusa

3

0,02

Denera

206

0,32

 

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

jatorrizkoak

80

0,22

itzulpenak

126

0,46

14. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Testu zientifikoak, testu juridikoak, literatur testuak, testu dibulgatiboak

b. Erregistro zaindua

c. Diskurtso idatzian, batik bat.

15. aurkibidera joan Erdal baliokideak

gaztelania

más en concreto, más concretamente, en concreto, concretamente, de forma más precisa

ingelesa

more specifically, specifically, more precisely

frantsesa

ou plus exactement, plus précisément

16. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

a) Moduzko adberbioren funtzioa betetzen du gehienbat:

(16.1)

Kapitulu honetako gainerako ataletan, banakako erlazio-eskemen egokitasuna zehazkiago definitzeko erabil daitezkeen kontzeptu formalak eta teoria aurkeztuko ditugu. [[EHU] Datu-base sistemak, Ramez Elmasri et al. (EHU, 2009) 10. kapitulua]

b) Operatzaile informatiboa (informazio bat nabarmendu egiten du).

(16.2)

Gainera, militarrek azken operazioan mila zibil hil dituztela salatu du. Telefonoz egin zizkion adierazpenok atzo, Sri Lankatik; 50.000 militarrez inguratutako eremutik, zehazkiago. [[EPD pren.] Sri Lankako armadari mila zibil hiltzea leporatu dio gerrilla tamilak, Leire Ventas, 2009-04-22]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus