Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan
1. Saila > azpisaila | 2. Balio oinarrizkoa | 3. Balioak eta erabilerak | 4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa | 5. Balio diskurtsiboa: informazioa | 6. Forma eta jatorria | 7. Aldaerak | 8. Baliokideak | 9. Euskal gramatikak | 10. Euskal hiztegiak | 11. Posizioa | 12. Puntuazioa | 13. Sintaxia | 14. Maiztasuna | 15. a. Testu Mota b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...) c. Idatzia/ahozkoa | 16. Erdal baliokideak | 17. Ez da diskurtso-markatzaile...
birformulatzailea > zehaztailea
Haren bidez sartzen den elementuak (dela enuntziatu osoa, dela enuntziatu zati bat) aurreko segmentu baten edukia zehazten du. Zehaztapen-birformulazioan, atal birformulatzaileak ez du baliogabetzen birformulakizunean emandako informazioa, egiazkoa eta zuzena baita informazio hori, baizik eta osatu egiten du, edo xeheki adierazten.
Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’.
Poro guztiak berdinak ditu, eta oso ondo definituta daude. Beraz, zenbat eta handiagoa izan iragazkiaren azalera —edo, zehatzago esanda, iragazte-azalera eraginkorra (SB), hau da, poroek edo hutsarteek betetzen duten azalera—, hainbat eta handiagoa izango da iragazte-emaria. [[EHU] Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 7. kapitulua]
Birformulakizuna |
iragazkiaren azalera |
Azalpena: atal birformulatzailea |
...edo, zehatzago esanda, iragazte-azalera eraginkorra... |
Esatariak, birformulakizunean adierazitako kontzeptua (iragazkiaren azalera) orokortzat edo zehaztugabetzat jota, atal birformulatzailearen bidez beste bat txertatzen du diskurtsoan (iragazte-azalera eraginkorra), zehatzagoa, komunikazio-egoerara egokituagoa.
adibide gehiago:
Hark maila berri, ordura arte ez bezalako batera bultzatu du lanaren banaketa, baina, hori are garrantzitsuago, lan-banaketa mota berri bat sorrarazi du: hartan parte hartzen duten gizonek prest egon behar dute lanpostu batetik bestera mugitzeko, are bizialdi bakar batean, eta zer esanik ez belaunaldi artean. Kultura partekatu bat behar dute; goi-kultura idatzi sofistikatu bat, zehatzago esanda. [[PKC] Nazioak eta nazionalismoa, Ernest Gellner / Juan Garzia (2009) 169. or.]
Igande arratsalde batean Aloñaren lantokiko lagunak etorri zitzaizkigun etxera bisitan, emakumezko lankideak zehatzago esanda, Aloña eta umea ikustera eta halakoetan esaten diren ñañokeriak esatera. Han nire beharrik ez zela-eta, kalera nindoala esan nion Aloñari, buelta bat ematera. -Hoa, bai -esan zidan Aloñaren lankide Aitziber lotsagabeak-, hartara lasaiago larrutuko haugu-eta. [[EPD lib.] Arima enkoniatuak, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2006) or. 112]
Mintz basilarrean dauden zabalera-aldaketetan oinarritutako mekanismo pasibo horren interpretazioa baliagarria da oraindik ere, baina duela gutxi egindako esperimentuek iradokitzen dute maiztasuna aktiboki doitzen dela, zehatzago esanda, zelula ziliodunen jarduera motorrak hautatzen duela maiztasuna. [[EHU] Histologiaren sintesia, Fawcett, Don W., Jesh, Ronald P. (EHU, 2008) 23. kapitulua]
a) Erreferentea zehazten da:
Kinasak, berez, konposatuak fosforilatzen dituzten entzimak dira. Ingurumenetik datozen seinaleak, beraz, gainazalean sumatu eta, horri erantzunez, beren burua fosforilatzen dute (autofosforilazioa) sentsore-kinasek, zehatzago esanda, zitoplasmari begira duten zatiko histidina-hondarra fosforilatzen dute (ikus 7.22 irudia). [[EHU] Mikroorganismoen biologia , Madigan, Michael T et al. (EHU, 2007) 7. kapitulua]
Atal birfomulatzailean adierazten da sentsoren-kinasaren zer atal fosforilatzen den zehazki (ez kinasa osoa, baizik kinasak zitoplasmari begira duten zatiko histidina-hondarra).
adibide gehiago:
Badirudi, bada, kameraren dardarak - argazkilari amateurraren hondamendiak - ez duela eraginik begian, eta, are gehiago, ezin dela irudia garbi mantendu begia etengabe mugitzen ez bada. Itzalak begian Erretinako irudiaren presentzia hutsari baino gehiago haren mugimenduari erantzuten dionez begiak (edo, zehatzago esanda, begiaren eta garunaren elkarketak), erretinaren ondoan dauden nerbio-zelula, odol-hodi eta beste egitura batzuen itzal iraunkorrak ez dira ikusten. [[ZIO] Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro (EHU, 2006) 93. or.]
Faustik ez zekiena, baina, zera zen, Reginak Fausti bihurtuko zuela bere erreakzio ezin azkarragoaren helburu: ezker masaila, zehatzago esanda, Reginaren masailekoa sekulakoa izan baitzen. Jarraian, esan zion: -Senargai dinat Nazario, eta txantxa gutxi nire senargaiarekin...! Fausti jarri zitzaion orduan tuntun aurpegiarekin, hiruzpalau segundoren buruan erreakzionatu bazuen ere, eskuak ukabil bihurtuta; gero, ordea, ukabilak desegin eta honela esan zion (...) [[EPD lib.] Bestea da mundua, Joan Mari Irigoien (Elkar, 2008) 216. or.]
Kikarak mahai gainean eduki arte isilik egon dira biak, bata kafea eta enparauak prestatzen, eta bestea prestaketa-lan haiei begira. Gero, monologo luze bati ekin dio emakumeak. -GURE semeaz hitz egin aurretik, beharbada egokiago izango da neure buruaz zer edo zer kontatzen badizut; edo, zehatzago esanda, neure eskuaz. Konturatu naiz zu ere nola gelditzen zaren nire eskuari begira, disimulatzen saiatu arren. Lasai, ez zait inporta. Garai batean gaizki pasatzen nuen horrekin, baina dagoeneko ohitu naiz. [[EPD lib.] Vikingoen sorterrira, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2010) 253. or.]
b) Enuntziatua birformulatzen da eduki (informazio) zehatzago emateko:
b.1) Osorik biformula daiteke enuntziatua:
Gehienetan, hala ere, kanpo-fase urruneko emultsio bat izaten da (barne-fasea likido-egoerako propultsatzaile bat izaten da). Sistema mota honek sortzen ditu aparrak; zehatzago esanda, aerosolaren balbulari eragiten zaionean, emultsioa kanpora irteten da, eta, presio atmosferikoaren aurrez aurre jartzen denean, propultsatzailea lurrun-egoerara pasatzen da, eta, ondorioz, apar bihurtzen da emultsioa. [[EHU] Forma farmazeutikoak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 5. kapitulua]
Birformulakizunean, gertaera orokor bat adierazten da: aparrak sortzea. Atal birformulatzailean, ostera, aparren sortze hori osatzen duten urratsak zehazten dira.
Nago Aita Santua espresioak, tradizio luzea izanagatik ere, berripaper honen irakurle batzuk asetzen dituela, ez guztiak". Lertxundiren kezkak, puntu interesgarrian utzi zuen eztabaida. Berba baten nolabaiteko tradizioa nahikoa da gaur egun hedabideetan bere horretan agertzeko? Zehatzago esanda, zer egin tradizio katolikoaren bitartez heldu zaizkigun hainbat hitzekin egungo euskal prentsan? Aita santuarena, ez da txarra. Beste hizkuntza batzuetan nola eman den ikustera atera naiz. Gazteleraz, maiuskulaz ageri da beti: "Castro asiste a una misa funeral en memoria del Papa" El Mundo-k; beste horrenbeste El País-ek ere: "Multitudinario adiós al Papa". [[EPD lib.] Hizlandia, Iñigo Aranbarri (Susa, 2006) 145. or.]
Galdera osoa birformulatzen da zehazkiago adierarazteko galderaren bidez zer nahi den jakin.
b.2) Partzialki birformula daiteke enuntziatua; hots, haren segmentu bat baizik ez da birformulatzen.
Aipaturiko Frantziako FIVNATek bere txostenean adierazi du mikroinjekzio teknikaren bidez jaiotakoen artean agertutako malformazioen tasa orokorra (2,78) IVE bitartez jaiotakoena baino handiagoa dela (1,98). Zehatzago esanda, bi teknikak konparatuz, lehenengoaren kasuan 3,7 aldiz biderkatzen da kromosomen anomaltasun tasa. [[Zuzen. TA] Giza ugalketarako medikuntzaren lege-mugak, I. Alkorta (Eleria / Eusko Ikaskuntza, 2003)]
Birformulakizunean (perpaus osagarrian adierazia) jakinarazten da malformazio-tasa handiagoa dela teknika batez besteaz baino. Atal birformulatzailean, berriz, zehaztu egiten da zenbat handiago den tasa-alde hori (3,7 aldiz biderkatzen da).
Sorgailuaren egonkortasuna aztertuko da linean akats trifasiko bat gertatzen denean eta akatsa garbitzeko lineak irekitzen direnean. Zehatzago esanda, prozesu iragankor hau gertatzean: linean akats trifasiko iragankor bat gertatzen da, linea bi muturretatik deskonektatzen da eta, hala, akats trifasiko iragankorra desagertzea lortzen da eta, azkenik, linea berriz konektatzen da. [[EHU] Energia elektrikoaren sistemen analisia eta operazioa, Gómez Expósito, Antonio (koord.) (EHU, 2010) 10. kapitulua]
Birformulakizunean (denborazko perpausen bidez adierazia) aipaturiko bi gertaerak (akats trifasiko bat gertatzea eta lineak irekitzea) gauzatzeko beharrezko urratsak zehazten dira Atal birformulatzailean.
c) BESTE BALIO BATZUK
c.1) Dirkurtso-markatzaile honen bidez txertaturiko atal birformulatzaileak, batzuetan, ez du zehazten lehenago emandako informazioa, baizik zuzendu egiten du informazio hori; hots, esatariak ez du zehaztugabetzat edo orokortzat jotzen informazioa, baizik eta okertzat.
Pentsakizun hori barruan bueltaka nuela sartu nintzen sukaldean. Ez zidan Laidak argitasun handirik eman, zehatzago esanda, ez zidan batere azalpenik eman. [[EPD lib.] Mariak, Arantxa Urretabizkaia (Erein, 2010) or. 180]
Adibide honetan (5. 8. adibidean), birformulakizunean adierazia baliogabetzen du atal birfomulatzaileak: lehen enuntziatutik inferi daiteke ezen, txikia izan bazen ere, argitasunen bat eman zitzaiola esatariari; bigarren enuntziatuan (atal birformulatzailea) gezurtatu egiten da inferentzia hori.
Hevea itzel baten adaburuan kokatua, Mamaguêna, goitizenez Nofutur, hizketan hasi zen. Ez zuen ez errepikatzen, ez adierazten, ez berri ematen, ez jakinarazten; kontatu egin zuen; zehatzago esanda, frogatu... [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) 519. or.]
Lehenengo zatian ekintza jakin baten zuzenbidekontrakotasun objektiboa (zehatzago esanda, intersubjektiboa) ezarri nahi da, bigarrengoan pertsona jakin bati erantzukizunaren egozpena, pertsonalki, esleitu nahi zaion bitartean. [[EHU] Zuzenbide Penaleko ikasgaiak: zati orokorra eta zati berezia, Jon-Mirena Landa (UPV/EHU, 2003 )]
Berak antzeman ziezaiokeenez, oso-osorik Sirakusako matematikariari eskainia zegoen liburutegitxoa. Ruche jaunak zabaldutako lehenengo liburua —eta horrexegatik zabaldu zuen, hain zuzen— harribitxi bat zen. Martzeloren bizitzaren ale bat, Plutarkorena, Girolamo Kremonakoak miniatura miragarriz irudiztatua. Zehatzago esanda, Gizon agurgarrien bizitzaren ale bat, Eurialeko gudu ospetsua zehatz-mehatz kontatzen zuena. [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) or. 484 ]
Egia esan, zenbaitetan, oso lausoa izaten da zuzenketaren eta zehaztapenaren arteko muga, eta halakoetan ez da erraz asmatzen benetan zehaztapena gauzatu den, ala zuzenketa.
Baina, erretromutanteak badaude, koloniak eratzeko gai izango dira zelula horiek. Hartara, plaka bakarrean 108 zelula zabaltzen badira, 10-20 erretromutante (andui leheneratu) bakarrik hautemango dira; zehatzago esanda, organismo horiek eratuko dituzten 10-20 koloniak atzemango dira. [[EHU] Mikroorganismoen biologia , Madigan, Michael T et al. (EHU, 2007) 9. kapitulua]
Eguzkiaren antzeko izarra da ondorengo irudikoa. Zehatzago esanda, izarraren azken arrastoa. [[ZTC] Izarrak itzaltzen direnean, Elhuyar, Usurbil Elhuyar Fundazioa, 1995 (aldizkari artikulua)]
c.2) Balio esplikatiboa
Legebiltzarkide diren bitartean immunitatea izango dute, zehatzago esanda, ezin izango ditu inork atxilotu, delitu gori-gorian ez bada. [[Zuze. LT] Kataluniako Autonomia Estatutua , (IVAP/IZO, 2006 )]
Adibide honetan, immunitate terminoaren definizio edo azalpentzat jo daiteke birformulatzaileak sartua.
4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa
Enuntziatzaileak, bere aurreko adierazpenaren orokortasunari antzemanda, atal birformulatzailearen bidez informazio zehatzago ematen du.
5. Balio diskurtsiboa: informazioa
Nabarmenduta edo indartuta geratzen da zehatzago esanda birformulatzaileak txertatzen duen iruzkin edo informazio argigarria. Aurreko enuntziatuan (hots, birformulakizunean) adierazia informazio zehatzaren oinarri erabil daiteke.
Moduzko perpaus adberbial jokatugabe baten gramatikalizazioz sortua da zehatzago esanda diskurtso-markatzailea.
ZEHATZAGO ESATEKO, ZEHATZAGO ESAN, ZEHATZ ESANDA, ZEHATZ ESATEKO, ZEHAZKIAGO ESAN, ZEHAZKIAGO ESANDA, ZEHAZKIAGO ESATEKO.
Zehazkiago, zehatz-mehatz (birformulatzaile gisa erabiltzen direnean).
Ez dago jasota.
Ez dago jasota.
Oro har, atal birformulatzailearen hasieran kokatzen da. Haren amaieran ere agertzen da, baina askoz ere gutxiagotan.
Gabon-afarirako egitaraua ondu berria zuen Ruche jaunak. Afari aurretxorako programatutako emanaldirako egitaraua, zehatzago esanda; saio hartan aztertzekoak baitziren zertan zen beren ikerketa. [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005), or. 195]
Biomasa-energiarako lehengai gisa azukre-kanabera izan da orain arte ezagunena. Baina, esan bezala, Espainian, Burgosen eta Huescan zehatzago esanda, lehengai gisa baratze-kardua erabiltzeko asmoa dute. [[ZTC] Karduak lugorrietan soilik?, Imaz Amiano, Eneko Elhuyar Fundazioa, 2000 (aldizkari artikulua)]
Atal birformulatzaileak birformulakizunarekiko hartzen duen distantziari dagokionez, gehienetan, ondoz ondo agertu ohi dira bi atalok. Baina, berebat, elementuren bat (edo batzuk) ager daiteke haien artean:
Poetarik ez nuen ezagutzen artean; Roberren diskoetan zeudekeen ideia onak ere alferrik ziren niretzat, ingelesez ia hitzik ez nekienez gero; hortaz, besterik ezean, telebistatik atera behar izan nuen nire maitasun-gutun hartarako gaia eta jakia; zehatzago esanda, garai hartan telebistan sarri azaldu ohi zen kantari baten abestietatik. [[EPD lib.] Elvis hil zen urtean, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2007) or. 81]
Igande arratsalde batean Aloñaren lantokiko lagunak etorri zitzaizkigun etxera bisitan, emakumezko lankideak zehatzago esanda, Aloña eta umea ikustera eta halakoetan esaten diren ñañokeriak esatera. [[EPD lib.] Arima enkoniatuak, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2006) Orr.: 112]
Atal birformulatzaileak kokapen hori duen adibideetan, oro har, birformulakizuna aditzaren aurre-aurrean dago.
Atal birformulatzailearen barruan, bi etenaldiren artean agertzen da gehienbat diskurtso-markatzaile hau. Adibide banaka batzuetan, hala ere, etenaldi bakarrarekin ageri da:
Aurreko zenbakian lindano-ekoizpenak sortutako poluzioaz luze hitz egin genuen. Zuetako askok hala eskaturik, lurzoruaren karakterizazioa zer den eta nola egiten den galdetzera jo dugu oraingoan. Hau da, poluzioaren lehen aztarnak nola aurkitzen diren argi diezaguten. Hori guztia jakiteko, zeregin horietan maiz aritzen den taldearengana hurbildu gara: Zamudioko Parke Teknologikoan dagoen Gaiker enpresara. Txomin Bargos-engana zehatzago esanda. [[ZTC] Lurzoruaren kalitatea aztertuz, Bargos, Txomin Elhuyar Fundazioa, 1996 (aldizkari artikulua)]
Espezie askoren gainbehera azaltzeko arazo abiotikoak aztertzea izan zen ikertzaileen lehen erantzuna, baina gerora faktore biotikorik ere badagoela ikusi da; gizakiak eragindako anfibioen osasun-arazoak zehatzago esanda. [[ZTC] Anfibioen gainbehera dela eta, Imaz Amiano, Eneko Elhuyar Fundazioa, 2002 (aldizkari artikulua)]
a) Birformulatzailea atal birformulatzailearen hasieran
Birformulatzailea, atal birformulatzailearen hasieran doalarik, bi etenaldiren artean agertzen da. Atal birformulatzailearen aurretik juntagailurik (eta, edo) egon ezean, birformulatzailearen aurreko etenaldia, handia ohi da, eta puntu eta koma (;) edo puntu batez (.) adierazten da. Puntuazio-marka baten eta bestearen erabil-maiztasunari dagokionez, esan beharra dago EUDIMA corpuseko adibideetan puntu batez gauzatua dela gehienbat hasierako etenaldi hori.
— Puntua:
Adibidez, 35 erreferentzian aztertzen dira HVDC sistema batek zer kontrol- eta egonkortasun-arazo dituen potentzia erreaktibo txikiko sare elektrikoetara konektatzen denean. Zehatzago esanda, tentsio-aldakuntzek tiristoreen kommutazio-akatsak eragiten dituztenean eta, ondorioz, potentzia-transmisioaren behin-behineko (ziklo bat baino txikiagoko) etenaldia gertatzen denean HVDC sistemetan -batez ere, inbertsore gisa lan egiten dutenean- ager daitezkeen arazoak aztertzen dira. [[EHU] Energia elektrikoaren sistemen analisia eta operazioa Gómez Expósito, Antonio (koord.) (EHU, 2010) 10. kapitulua]
Bi hizkuntza horien artean batetik bestera aldatuz hazi nintzen. Hurrengo zer esan ez nekiela, eten bat egin nuen, eta, gero, gaitzik gabeko galdera hau egin nion: Eta zer irakasten duzu bada gure unibertsitate etsigarri horretan? Hondamendia. Gai zabal samarra da hori, ezta? Zehatzago esanda, frantses kolonialismoaren hondamendiak. [[EPD lib.] Ikusezin, Paul Auster / Oskar Arana (Alberdania, 2009) 11. or.]
— Puntu eta koma:
Urtetan eta urtetan beste inor ez bezala lanean buru-belarri jardun ondoren, bere emaitzak galtzen utzi Elgar-ek! Hortaz, aztarna horiek zein ote ziren galdetu nioan neure buruari; zehatzago esanda, zer motatakoak ote ziren: testu idatzia, disketea, banda magnetikoa, bideo-banda, mikrofilma? [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) 458. or.]
Koma bidez, askoz ere bakankago gauzatzen da lehen etenaldia.
Mintz basilarrean dauden zabalera-aldaketetan oinarritutako mekanismo pasibo horren interpretazioa baliagarria da oraindik ere, baina duela gutxi egindako esperimentuek iradokitzen dute maiztasuna aktiboki doitzen dela, zehatzago esanda, zelula ziliodunen jarduera motorrak hautatzen duela maiztasuna. [[EHU] Histologiaren sintesia, Fawcett, Don W., Jesh, Ronald P. (EHU, 2008) 23. kapitulua]
Atal birformulatzialearen aurrean juntagailu bat badoa (edo, eta), corpuseko adibideen erdietan, badago etenaldia juntagailuaren eta birformulatzailearen artean, koma bidez adierazia:
— (...) edo, zehatzago esanda, (...)
Baina, lana ezkutatzen saiatu arren, hirian laster jakin zuten zubia zulatzen ari zirela, edo, zehatzago esanda, zubiko pilare batean zulo sakon bat egiten ari zirela hondoraino eta zimenduetan lehergaiak ipiniko zituztela, gerra kasuan beharrezkoa izanez gero, zubia suntsitzeko. [[EPD lib.] Zubi bat Drinaren gainean, Ivo Andric / Karlos Zabala (Alberdania-Elkar, 2010) 342 or.]
— (...) eta, zehatzago esanda, (...)
Military Standard (MIL-STD) izeneko arauetan, eta, zehatzago esanda, aurrerago aztertuko dugun MIL-STD105-D arauan, lote bakoitzetik zenbat unitate ikuskatu behar diren ageri da, bai eta onartuak izateko irizpidea ere. [[EHU] Forma farmazeutikoak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 10. kapitulua]
[Adibide horietatik gehienetan, juntagailuren ezkerrean ere badago etenaldia, batez ere koma bidez gauzatua (..., edo, zehatzago esanda, ...); 15.2 eta 15.3 adibideetan ikus daitekeen bezala.]
Adibideen beste erdietan, ordea, ez dago etenaldirik juntagailuaren eta birformulatzailearen artean. Horietako batzuetan, juntagailuaren aurrean (haren ezkerrean) ere ez dago etenaldirik (... edo zehatza esanda, ...), eta beste batzuetan, koma bat ageri baita, unitate prosodikoa osatzen dute juntagailuak eta birformulatzaileak, (..., edo zehatzago esanda, ...). Aintzat hartu behar da adibide horietatik gehienak (juntagailuaren eta birformulatzailearen arteko komarik gabeak) 1900eko hamarkadakoak direla, eta ZTC corpusekoak.
Birformulatzailearen osteko etenaldia, bestalde, koma bidez gauzatzen da, adibide banaka batzuetan izan ezik, horietan bi puntu erabiliak baitira koma horren ordez:
Euskara kostatarraren handitasuna ahaztuta gelditu zen epe luze horretan, eta Gipuzkoan euskara suspertzeko gogoa piztu zenean, guztiz ahulduta zegoen haren indarra. Hori dela eta, Gipuzkoan bertan bilatu zen aurrera egiteko gaia. Zehatzago esanda: Beterri-Tolosaldeko hizkeran. [[EPD lib.] Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) or. 73]
Eraikuntza batek erabilgarritasuna izan dezan eta espirituarentzako alferrikako neke gerta ez dadin, gorago igo nahi duenarentzako benetako eskailera-maila izan dadin, lehen-lehenik beharrezkoa da halako batasun bat edukitzea eta bertan bere elementuen alborakuntza baino zerbait gehiago ikusten uzten duen neurri bateko batasuna edukitzea. Zehatzago esanda: behar-beharrezkoa da eraikuntza bere elementuak direna baino zerbait gehiago badela kontuan hartzeari abantailaren bat aurkitzea. [[PKC] Zientzia eta hipotesia, Henri Poincaré / Andoni Sarriegi (2008) 25. or.]
b) Birformulatzailea atal birformulatzailearen amaieran:
— Oro har, atal birformulatzailea etenaldi handien artean agertzen da (aurretik, puntua edo puntu eta koma, eta atzetik, puntua; edo parentesien edo marren bidez). Birformulatzaileak, atal birfomuatzailearen amaieran baitoa, oro har, etenaldi handia du eskuinean, gehienetan puntu batez (.) gauztaua, eta ezkerrean koma bat:
Hiru! Gabon-afarirako egitaraua ondu berria zuen Ruche jaunak. Afari aurretxorako programatutako emanaldirako egitaraua, zehatzago esanda; saio hartan aztertzekoak baitziren zertan zen beren ikerketa. [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) 195. or.]
— Badira, ordea, ezkerreko komarik gabeko adibide batzuk, banakak. Kasu horietan, atal birformulatzailea komen artean ageri da, esaldiaren barruan tartekaturik.
Igande arratsalde batean Aloñaren lantokiko lagunak etorri zitzaizkigun etxera bisitan, emakumezko lankideak zehatzago esanda, Aloña eta umea ikustera eta halakoetan esaten diren ñañokeriak esatera. Han nire beharrik ez zela-eta, kalera nindoala esan nion Aloñari, buelta bat ematera. -Hoa, bai -esan zidan Aloñaren lankide Aitziber lotsagabeak-, hartara lasaiago larrutuko haugu-eta. [[EPD lib.] Arima enkoniatuak, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2006) 112. or.]
Kontuak kontu, hantxe geunden Jesukristo eta biok, Adan eta Eba paradisutik bota zituztenean bezalatsu, Adan eta Adan zehatzago esanda, eskuez geure lotsariak estaliz, lotsaz baino gehiago astapotro haiek potroetan ostiko bat emango ziguten beldurrez. Beltzek, berriz, eskuetatik heldu eta esku-burdinak jarri zizkiguten, bakoitzari bereak, eta bultzaka sartu gintuzten furgoneta batean. [[EPD lib.] Bizitza homeopatikoak, Xabier Mendiguren Elizegi (Susa, 2008) 72. or.]
c) Atal birformulatzailea, oro har, unitate beregainean ageri da, birformulakizuna daraman esalditik puntu batez edo puntu eta koma batez bereizita, eta amaieran puntua duelarik. Batzuetan, baina, esaldian tartekatzen da. Halakoetan, birformulatzailea nonahi dagoelarik ere, atal birformulatzailea, salbuespenak salbuespen (ikus 15.5. eta 15.6. adibideak), parentesiz edo marrez bereizi ohi da esaldia osatzen duten gainerako osagaietatik:
Amaitzeko, 4. eranskinean, zenbait azterketa-teknikaren bidez —zehatzago esanda, zundaketa mekanikoaren eta lagin-zuloaren bidez— lortzen diren emaitzen ohiko adibideak ageri dira. [[EHU] Lurzorua aztertzeko eta ikertzeko oinarriak, Jiménez Jiménez, José (EHU, 2010) 9. kapitulua]
Bereziki, perpaus bat ulertzeko, nahitaezkoa da jatorrian dituen muin-perpausak ulertzea (zehatzago esanda, muin-perpaus horien azpian dauden bukaerako kateak) eta oinarrizko osagai bakoitzaren egitura, hala nola perpaus horrek muinetik egindako ibilbide formaldatzailearen garapena. [[PKC] Egitura sintaktikoak, Noam Chomsky / Itziar Laka (2003) 129. or.]
Balio hori 0 bada, horrek esan nahi du sententzia ondo exekutatu duela DBKSak. SQLCODE > 0 bada (edo, zehatzago esanda, SQLCODE=100 bada), horrek esan nahi du kontsultaren emaitzan ez dagoela datu (erregistro) gehiagorik erabilgarri. [[EHU] Datu-base sistemak, Ramez Elmasri et al. (EHU, 2009) 9. kapitulua]
Munduak bazuen, noski, gure egitarauaren berri; bazekien, halaber, nola tematu zen Lake guztiz setatsu mendebaldera (edo ipar-mendebaldera, zehatzago esanda) prospekzio-bidaia bat egiten kanpaleku berrira aldatu aurretik. [[EPD lib.] Eromenaren mendietan, H.P. Lovecraft / Ainhara Ruiz (Alberdania-Elkar, 2010) 28. or.]
— Batik bat bakarrik agertu ohi bada ere, edo juntagailua hartzen du maiz lagun.
Enpirismoa Enpirismoa —Locke, Berkeley eta Humerena kasu—bere testuinguru historikoan ulertu behar da: enpirismoaren problema nagusia erlijioa versus erlijiogabetasuna zen; edo, zehatzago esanda, Kristautasunaren justifikazio arrazionala edo justifikagarritasuna ezagutza zientifikoarekin alderatuta. [[PKC] Ezagutza objektiboa, Karl Popper / Alberto Gabikagojeaskoa (2002) 159. or.]
— Halaber, eta eta baina juntagailuekin ere agerten da, gutxiagotan baina.
Lotea handituz gero, laginaren tamaina ere handitu egingo da, jakina. Orientabide gisa, 10.9 koadroko erlazioa erabil daiteke. Military Standard (MIL-STD) izeneko arauetan, eta, zehatzago esanda, aurrerago aztertuko dugun MIL-STD105-D arauan, lote bakoitzetik zenbat unitate ikuskatu behar diren ageri da, bai eta onartuak izateko irizpidea ere. [[EHU] Forma farmazeutikoak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 10. kapitulua]
Kareharriak Mesozoikokoak dira, baina zehatzago esanda Kretazikokoak; eta, hitzarmenez, garai hartako arrokak berdez adierazten dira. [[EHU] Geologia praktikoa , Pozo Rodríguez, Manuel et al. (EHU, 2009) 17. kapitulua]
— Elementu birfomulatu eta zehaztua denetariko izaeretako eta kategorietakoak izan daitezke.
a. Perpaus osoa:
Belaunaldi hartako haurren begietan baizik ez zen gordetzen argi joko iheskor haren azpian zubiak erakutsitako irudi berri ezohikoa, irudi hunkigarria eta bizia, baina amets bat bezain galkorra eta laburra. Argiztatze iraunkorra ezartzeaz gain, agintari berriak kapijaren garbiketaz ere arduratu ziren, edo, zehatzago esanda, beren pentsamoldeekin bat zetorren garbiketa modu bat antolatu zuten. [[EPD lib.] Zubi bat Drinaren gainean, Ivo Andric / Karlos Zabala (Alberdania-Elkar, 2010) 220. or.]
b. Mendeko perpausa:
Halakorik errazten badidak nahikoa egin duk, benetan. Joxanek oraindik gogoratzen ditu bariku gau urrin batean Txerrak esandako berbak. Gau hartan, zerbeza batzuen inguruan, ez zion zertarako galdetu. Ondo zekien ez ziola egiarik erantzungo, edo zehatzago esanda, ez ziola ezertxo ere erantzungo. [[PD lib.] Ragga-ragga dator gaua, Paddy Rekalde (Susa, 2006) 74. or.]
c. Izen-sintagma:
Hark maila berri, ordura arte ez bezalako batera bultzatu du lanaren banaketa, baina, hori are garrantzitsuago, lan-banaketa mota berri bat sorrarazi du: hartan parte hartzen duten gizonek prest egon behar dute lanpostu batetik bestera mugitzeko, are bizialdi bakar batean, eta zer esanik ez belaunaldi artean. Kultura partekatu bat behar dute; goi-kultura idatzi sofistikatu bat, zehatzago esanda. [[PKC] Nazioak eta nazionalismoa, Ernest Gellner / Juan Garzia (2009) 169. or.]
d. Adjektibo-sintagma:
Izenondoa:
Lehenengo zatian ekintza jakin baten zuzenbidekontrakotasun objektiboa (zehatzago esanda, intersubjektiboa) ezarri nahi da, bigarrengoan pertsona jakin bati erantzukizunaren egozpena, pertsonalki, esleitu nahi zaion bitartean. [[EHU] Zuzenbide Penaleko ikasgaiak: zati orokorra eta zati berezia, Jon-Mirena Landa (UPV/EHU, 2003 )]
Izenlaguna:
Gabon-afarirako egitaraua ondu berria zuen Ruche jaunak. Afari aurretxorako programatutako emanaldirako egitaraua, zehatzago esanda; saio hartan aztertzekoak baitziren zertan zen beren ikerketa. [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005), or. 195]
e. Aditz-sintagma:
Hevea itzel baten adaburuan kokatua, Mamaguêna, goitizenez Nofutur, hizketan hasi zen. Ez zuen ez errepikatzen, ez adierazten, ez berri ematen, ez jakinarazten; kontatu egin zuen; zehatzago esanda, frogatu... [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) 519. or.]
f. Adberbio-sintagma
Poetarik ez nuen ezagutzen artean; Roberren diskoetan zeudekeen ideia onak ere alferrik ziren niretzat, ingelesez ia hitzik ez nekienez gero; hortaz, besterik ezean, telebistatik atera behar izan nuen nire maitasun-gutun hartarako gaia eta jakia; zehatzago esanda, garai hartan telebistan sarri azaldu ohi zen kantari baten abestietatik. [[EPD lib.] Elvis hil zen urtean, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2007) or. 81]
Taula honetan, adierazten da, batetik, zenbat aldiz agertu den orotara birformulatzaile hau EUDIMA corpusean (227 agerraldi) eta zenbat aldiz azpicorpus bakoitzean (ZIO = 6, EHUko liburuak = 19), eta, bestetik, zer erabil-maiztasun duen corpus horretan 100.000 hitzeko (corpus osoan eta azpicorpus bakoitzean). Adierazten da, halaber, zenbat agerpen izan duen jatorriz euskaraz idatzitako testuetan, eta zenbat, itzulpenetan.
agerpenak | maiztasuna (100.000ko) |
|
ZIO corpusa |
6 |
0,60 |
EHUko eskuliburu itzuliak |
19 |
0,34 |
Zuzenbidea / lege-testuak |
29 |
0,70 |
Zuzenbidea / akademikoak |
10 |
0,40 |
Pentsamenduaren Klasikoak |
30 |
0,28 |
EPD liburuak |
38 |
0,37 |
EPD prentsa |
14 |
0,13 |
ZT Corpusa |
78 |
1,18 |
ETBko dokumentalak |
0 |
0,00 |
Goenkale corpusa |
3 |
0,02 |
Denera |
227 |
0,36 |
agerpenak | maiztasuna (100.000ko) |
|
Jatorrizkoak |
125 |
0,35 |
Itzulpenak |
102 |
0,37 |
15. a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa
a. Testu zientifikoak, testu juridikoak, literatur testuak, testu dibulgatiboak
b. Erregistro zaindua
c. Diskurtso idatzian, batik bat.
gaztelania
más en concreto, más concretamente, en concreto, concretamente, de forma más precisa, para ser más preciso
ingelesa
more specifically, specifically, more precisely
frantsesa
ou plus exactement, plus précisément
17. Ez da diskurtso-markatzaile...
Gantz-azidoak sintetizatzean, karbono atomoak binaka lotzen dira, baina karbono horiek ematen dituen molekulak hiru karbono atomo ditu. Azaldu ezazu zer gertatzen den prozesu horretan.
(Erantzuna) Zehatzago esanda, NAD edo NADP molekulek bi elektroi eta protoi bat garraiatzen dute, eta bigarren H protoia disoluzioan askatzen da. [[EHU] Mikroorganismoen biologia , Madigan, Michael T et al. (EHU, 2007) 4. kapitulua]
Adibide honetan ez dago birformulaziorik: zehatzago esanda egituraren bidez, aditzera ematen da haren ostean ageri den informazioa zehatza dela eta lehen enuntziatzaileak eskatzen duen horretara egokitzen dela.