Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Julio Garcia
ZEHATZ-MEHATZ

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > zehaztailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Haren bidez sartzen den elementuak (dela enuntziatu osoa, dela enuntziatu zati bat) aurreko segmentu baten edukia zehazten du. Zehaztapen-birformulazioan, atal birformulatzaileak ez du baliogabetzen birformulakizunean emandako informazioa, egiazkoa eta zuzena baita informazio hori, baizik eta osatu egiten du, edo xeheki adierazten.

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’.

(2.1)

(...) distantziaren erdi aldean, lur-atmosferaren goi-geruzara, bi bat kaloria-gramo iristen da zentimetro karratu bakoitzeko; 1,94 kaloria-gramo, zehatz-mehatz. [[ZTC] Meteorologiaren hastapenak, Medina, Mariano Elhuyar Fundazioa, 1990]

Birformulakizuna

Bi bat kaloria-gramo (...)

Azalpena: atal birformulatzailea

... 1,94 kaloria-gramo, zehatz-mehatz (...)

Biformulakizunean, gutxi gorabeherako kaloria kantitate bat adierazten da (bi bat kaloria-gramo), eta atal birformulatzailean, zehaztu egiten da informazio hori, kantitate zehatza emanez (1,94 kaloria-gramo).

adibide gehiago:

(2.2)

33.554.432 gizon-emakumeren elkarketen mende dago zure izatea. Orain dela hogeita hamar belaunaldi, mila milioi arbaso baino gehiago zenituen (1.073.741.824, zehatz-mehatz) -gogoratu ez direla lehengusu-lehengusinak eta izeba-osabak, baizik eta gurasoak eta gurasoen gurasoak, ezinbestean zugana iristen den lerroan atzera daudenak-. [[EPD lib.] Ia denaren historia labur bat, Bill Bryson / Ixiar Iza (Elhuyar, 2009) 381. or.]

(2.3)

Idazle, musikari, abeslari eta ingeniari frantsesa (1920-1959) gazterik zendu zen, 39 urterekin, obra joria utzita, adituen artean zalaparta handia eragin zuten literatur lan kritikoak emanda. Duela 50 urte hil zen Boris Vian; 1959ko ekainaren 23an, zehatz-mehatz. [[EPD pren.] Adituen onespenik gabe, IRUNE BERRO, 2009-01-03]

(2.4)

Estatu-ereduak sistematizatzea izango da ikasgai honen aztergaia. Kontzientziaaskatasuna nola tratatu den izango da irizpidea eta Neutraltasunaren printzipioaren ikuspuntutik aztertuko dugu. Zehatz-mehatz, neutraltasun ideologikoaren eta neutraltasun erlijiosoaren eremuan aztertuko ditugu ereduak. [[EHU] Estatuko Zuzenbide Eliztarra: atal orokorra, Ana Leturio (UPV/EHU, 2007)]

3. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziatzaileak, bere aurreko adierazpenaren orokortasunari antzemanda, birformulazioaren bidez informazio zehatzago ematen du: oro har, zehaztapen bat gaineratzen du haren bidez.

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Nabarmenduta edo indartuta geratzen da zehatz-mehatz birformulatzaileak txertatzen duen iruzkin edo informazio argigarria. Sartzen duen informazio zehatzaren oinarria da aurreko enuntziatuan adierazia.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Sartutako elementua adierazpen orokorraren  argumentua da.

6. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Moduzko adberbioa

7. aurkibidera joan Baliokideak

Zehazki(ago), zehatzago esanda, zehatzago esateko, zehatzago esan, zehazkiago esanda, zehazkiago esateko, zehazkiago esan

8. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Ez dago jasota.

9. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

Ez dago jasota markatzaile gisa.

10. aurkibidera joan Posizioa

Juntagailurik gabe (eta juntagailua gabe) atal birformulatzailaren amaieran ohi doa, etenaldien artean:

(10.1)

Euskal Herriko antzoki nagusietan aurkeztuko dute obra, eta ondoren, munduaren luze-zabalean erakutsiko dute. Alemanian, AEBetan, Katalunian, Frantzian eta Espainian, zehatz-mehatz. [[EPD pren.] Urruneko paisaiak, gertuko soinuak, IRUNE BERRO, 2009-02-04]

Juntagailuarekin batera ere ager daiteke. Kasu horretan, atal birformulatzailearen hasieran joaten da testu-markatzailea:

(10.2)

Bannister-ek Journal of the Society of Architectural Historians-eko artikulu batean idatzi zuenari men eginez gero, litekeena da Savannahko proiektuaren jatorria Errenazimenduko hiri idealen plangintzan, eta, zehatz-mehatz, Robert Barret izeneko baten 1598ko proiektuan oinarritzea. [[EHU] Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Morris, Anthony Edwin James (EHU, 2010) 10. kapitulua]

(10.3)

Iraultzako egitura ahulak ez bezala, inperioaren garaiko eraikinak mendeen joan-etorriei tinko eusteko eraiki ziren, eta, zoritxarrez, enperadorearen arau estetiko nagusia nahi baino hobeto adierazten zuten: "Handia beti da eder". (A. Cobban, A History of Modern France, bigarren liburukia, 1799-1945) 1 Asko idatzi da Frantziako eta, zehatz-mehatz, Parisko Errenazimentuko garaiari buruz: ikus G. [[EHU] Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Morris, Anthony Edwin James (EHU, 2010) 6. kapitulua]

11. aurkibidera joan Puntuazioa

Atal birformulatzailearen hasierako zein bukaeran doalarik ere, komen artean agertzen da birformulatzailea.

(11.1)

Halaber, ez dute ezertxo ere esan Richard Serraren obrak erosteko dibisak eskuratzean izan zuten zortzi milioi euroko galeraz. Bisitari kopuruari dagokionez, azaldu dute atzerriko lagunen kopuruak egin duela behera; puntu bat jaitsi da, zehatz-mehatz. [[EPD. pren.] Guggenheimek 2007an baino %5 bisitari gutxiago izan zituen iaz, ERREDAKZIOA, 2009-01-13]

12. aurkibidera joan Sintaxia

a) Batzuetan (bakanka) eta juntagailuarekin batera agertzen da.

(12.1)

Izan ere ikasketa unibertsitario oro ezin baita idatzizko erreferentzia bakar batera murriztu ezta esku-libururik onena balitz ere. Orduan zertara dator esku artean duzun lan hau? Zuzenbide Penaleko Ikasgaiak hau arlo juridikoa eta, zehatz-mehatz, esparru juridiko-penala euskalduntzeko bidean aurre egin beharreko erronkatik ulertu beharra dago. [[EHU] Zuzenbide Penaleko ikasgaiak: zati orokorra eta zati berezia, Jon-Mirena Landa (UPV/EHU, 2003 )]

b) Elementu birformulatu eta zehaztua osoko sintagma izan daiteke:

(12.2)

Bannister-ek Journal of the Society of Architectural Historians-eko artikulu batean idatzi zuenari men eginez gero, litekeena da Savannahko proiektuaren jatorria Errenazimenduko hiri idealen plangintzan, eta, zehatz-mehatz, Robert Barret izeneko baten 1598ko proiektuan oinarritzea. [[EHU] Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Morris, Anthony Edwin James (EHU, 2010) 10. kapitulua]

c) Sintagmaren osagai bat (izenlaguna, adjektiboa):

(12.3)

Iraultzako egitura ahulak ez bezala, inperioaren garaiko eraikinak mendeen joan-etorriei tinko eusteko eraiki ziren, eta, zoritxarrez, enperadorearen arau estetiko nagusia nahi baino hobeto adierazten zuten: "Handia beti da eder". (A. Cobban, A History of Modern France, bigarren liburukia, 1799-1945) 1 Asko idatzi da Frantziako eta, zehatz-mehatz, Parisko Errenazimentuko garaiari buruz: ikus G. [[EHU] Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Morris, Anthony Edwin James (EHU, 2010) 6. kapitulua]

d) Edo perpaus osoa:

(12.4)

Halaber, ez dute ezertxo ere esan Richard Serraren obrak erosteko dibisak eskuratzean izan zuten zortzi milioi euroko galeraz. Bisitari kopuruari dagokionez, azaldu dute atzerriko lagunen kopuruak egin duela behera; puntu bat jaitsi da, zehatz-mehatz. [[EPD pren.] Guggenheimek 2007an baino %5 bisitari gutxiago izan zituen iaz, ERREDAKZIOA, 2009-01-13]

13. aurkibidera joan Maiztasuna

Adberbiozko egitura honek oso erabil-maiztasun murritza du testu-markatzaile gisa (erabili dugun corpusean, behintzat).

14. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Testu zientifikoak, testu juridikoak, literatur testuak, testu dibulgatiboak

b. Erregistro zaindua

c. Diskurtso idatzian, batik bat.

15. aurkibidera joan Erdal baliokideak

gaztelania

más en concreto, más concretamente, en concreto, concretamente, de forma más precisa

ingelesa

more specifically, specifically, more precisely

frantsesa

ou plus exactement, plus précisément

16. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Moduzko adberbio gisa erabiltzen da batik bat; haren bidez jakinarazten da informazio bat zehaztasun handiz adierazten dela.

(16.1)

"Astrologoa ere bazen. Horrexegatik, eta oso gauza bitxia zen hori garai hartarako, badakigu zehatz-mehatz noiz jaio zen eta noiz hil. [[ZIO] Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) 266. or.]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus