Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan
1. Saila > azpisaila | 2. Balio oinarrizkoa | 3. Balioak eta erabilerak | 4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa | 5. Balio diskurtsiboa: informazioa | 6. Balio diskurtsiboa: argumentazioa | 7. Baliokideak | 8. Euskal gramatikak | 9. Euskal hiztegiak | 10. Posizioa | 11. Puntuazioa | 12. Sintaxia | 13. Maiztasuna | 14. a. Testu Mota b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...) c. Idatzia/ahozkoa | 15. Erdal baliokideak
birformulatzailea > urruntzailea
Birformulazioan bi atal bereizten dira. Lehenengo atalari birformulakizun deritzo, eta bigarrenari atal birformulatzaile; Nolanahi ere birformulatzaile urruntzailea bigarren atalean agertzen da eta birformulazio eragiketari bidea zabaltzen dio.
Birformulazio urruntzaile honetan atal birformulatzaileak batzuetan birformulakizunaren edukia zalantzan jarri gabe, haren balioari ez dio kasurik egiten, indiferente zaio; beste batzuetan, birformulakizunean adierazitakotik ondoriozta daitezkeen inferentziei garrantzia kentzen die; kasu batean zein bestean, ideia garrantzitsua atal birformulatzailean adierazten da.
Birformulakizunean adierazitakoaren balioa ez du zalantzan jartzen, balio osoa izaten jarraitzen du, baina indiferente da (Alegia, 280 milioi kilometrotako erradioa du; Eguzkiarena 700.000 kilometro izanik. Eta bolumenaz, hortaz, 64 miloi aldiz handiagoa. Antares super-erraldoi gorriztak, berriz, 330 aldiz handiagoa, 231 miloi kilometrotako erradioa du), hala ere, datu guztietarik garrantzitsuena, intentzioz markatzen dena, atal birformulatzailean adierazten da (Gogoan har, nolanahi ere, Lurrak bere orbita burutzen duenean, Eguzkitik 150 milioi kilometrotara egiten duela.) Azpimarragarria da, hain zuzen, Gogoan har aditzaren beren-beregiko erabilera, zeinak adierazitako ideietarik errelebanteena eta ahaztu behar ez dena ondoren datorrela oharrarazten duen.
Alegia, 280 milioi kilometrotako erradioa du; Eguzkiarena 700.000 kilometro izanik. Eta bolumenaz, hortaz, 64 miloi aldiz handiagoa. Antares super-erraldoi gorriztak, berriz, 330 aldiz handiagoa, 231 miloi kilometrotako erradioa du. Gogoan har, nolanahi ere, Lurrak bere orbita burutzen duenean, Eguzkitik 150 milioi kilometrotara egiten duela. [Horretaz, Txillardegi (Elkar, 2007) Orr.: 176]
Birformulakizuna | Alegia, 280 milioi kilometrotako erradioa du; Eguzkiarena 700.000 kilometro izanik. Eta bolumenaz, hortaz, 64 miloi aldiz handiagoa. Antares super-erraldoi gorriztak, berriz, 330 aldiz handiagoa, 231 miloi kilometrotako erradioa du. |
Azalpena: atal birformulatzailea | Gogoan har, nolanahi ere, Lurrak bere orbita burutzen duenean, Eguzkitik 150 milioi kilometrotara egiten duela. |
a) Atal birformulatzailea birformulakizunean adierazitakoarekiko indiferente da eta berak adierazten duenak du garrantzia (5.1)-(5.6)
Birformulakizuneko ideia atal birformulatzailearekin bat datorrena izan (5.1), zein harekin bat ez datorrena izan (5.4), bigarren ataleko ideiarentzat indiferente da, ez du honengan eraginik, atal birformulatzaileko hiztunak ez du bere egiten; hango datuak gorabehera, atal birformulatzailean esaten dena doa aurrera.
(5.1) Testu arina lortzeko gomendio segida aipatzen du birformulakizunean eta haren balioa ez da zalantzan jartzen (Testua arina izateko, ez da komeni menpeko esaldi luzeak egitea. Hobe da moztea. Kazetariak ez dio beldurrik izan behar puntuari) baina beste puntuazio marka batzuk egoki erabiltzea oso lagungarri gertatu ohi dala gaineratzen du, hau da, birformulakizunean esandakoaren balioa ukatu gabe, atal birformulatzailean adierazitakoari ematen dio garrantzia.
Alegia, datuak elkarren segidan eman behar dira, garrantzitsuenetik xeheenera: zer eta non, zergatik eta nola, zenbat eta noiz. Testua arina izateko, ez da komeni menpeko esaldi luzeak egitea. Hobe da moztea. Kazetariak ez dio beldurrik izan behar puntuari. Nolanahi ere, oso lagungarria da gainerako puntuazio markak ere egoki erabiltzea: puntu eta koma, bi puntuak, marra luzeak eta abar. [Hizlandia, Iñigo Aranbarri (Susa, 2006) Orr.: 125]
(5.2) Birformulakizunean bi argudio erabiltzen dira ideia bat defenditzeko (Esan ziok berak ez duela sekula halakorik hitzeman, bere emaztearen guraria baino ez zela hura,), atal birformulatzailean darabilen hirugarren argudioa da erabateko balioa duena (eta nolanahi ere, gerrak goitik behera aldatu duela dena.) argudio erabakiorra, alegia. Hiztunak hauxe hartzen du kontuan, birformulakizuneko argudio biak pasaisean esan dira, ez ditu bere egin.
Esan ziok berak ez duela sekula halakorik hitzeman, bere emaztearen guraria baino ez zela hura, eta nolanahi ere, gerrak goitik behera aldatu duela dena. [Peaceful soldadua, Michael Morpurgo / Mirentxu Larrañaga (Alberdania, 2006)]
(5. 3) Birformulakizunean bi bidazti aurkezten zaizkigu basoan, ilunean, ezer argi bereizi ezinik; ote den, ez ote den, elukubrazioak baino ez, (Ilun-iluna zegoen ordurako basoa, eta are ilunagoa zegoen bi haiek zihoazen alderdia. Bereiz zitekeen neurrian, bigarren bidaztiak berrogeita hamar bat urte izango zituen, Goodman Brownen gizarte-maila berekoa ematen zuen, eta haren antz handi samarra zuen, nahiz eta gehiago agian espresioan hazpegietan baino.) birformulakizunean inolako daturik gabe esaten dena indiferente zaio atal birformulatzaileko ideiari eta kalkulatzeari amaiera emango balio bezala, aurreko dena alboratu eta (Nolanahi ere, aita-semetzat har zitezkeen.) erabakitzen du.
Ilun-iluna zegoen ordurako basoa, eta are ilunagoa zegoen bi haiek zihoazen alderdia. Bereiz zitekeen neurrian, bigarren bidaztiak berrogeita hamar bat urte izango zituen, Goodman Brownen gizarte-maila berekoa ematen zuen, eta haren antz handi samarra zuen, nahiz eta gehiago agian espresioan hazpegietan baino. Nolanahi ere, aita-semetzat har zitezkeen. [Wakefield, Nathaniel Hawthorne / Koro Navarro (Elkar/Alberdania, 2007) Orr.: 49]
(5.4) Birformulakizunean azaltzen den ustea orokorrean onartua da, (Jokalariaren falazia delakoa halakoxe uste ustela da: alegia, txanpona hainbat aldiz segidan aurki irten delako, handiagoa dela probabilitatea hurrengoan ifrentzu irteteko (antzeko burubideak dabiltza erruletaren gurpilari eta dadoei buruz ere).), baina ez du txanponaren portaerarekin zerikusirik; uste hori gorabehera, atal birformulatzailean adierazten da baliozko ideia, hortxe azaltzen da txanponaren ausazko portaera.
Jokalariaren falazia delakoa halakoxe uste ustela da: alegia, txanpona hainbat aldiz segidan aurki irten delako, handiagoa dela probabilitatea hurrengoan ifrentzu irteteko (antzeko burubideak dabiltza erruletaren gurpilari eta dadoei buruz ere). Txanponak, nolanahi ere, ez daki batezbestekoei edo gomazko zerrendari buruzko konturik, eta 519 aldiz aurkiz eta 481 aldiz ifrentzuz erori bada, aurkien totalaren eta ifrentzuen totalaren arteko diferentziak berdin egin dezake gora zein behera. [Zenbakirik gabe bizi, John Allen Paulos / Josu Zabaleta (EHU, 2006) Orr.: 73]
(5.5) Birformulakizunean adierazitakoa horrelaxe izan ohi da, ideia orokorki onartua izan daiteke, (Lehengaia ona izaten da gehienetan, baina sos ugari utzi beharko dituzu nagusiaren B kontuan handik atera aitzina, bakailao tortilla, piperrez lagundutako bakailao frijitua, txuleta eta postrea (gazta, intxaurrak eta irasagar-gozokia) hartzearren), baina atal birformulatzaileak aurrekoaren balioa moteldu egiten du, zeren datu erabatekoa eta eztabaidaezina adierazten du bere eginda. (Nolanahi ere, bakailaotzat saltzen/sartzen duten hori hamarretik bederatzian ez da bakailaoa.).
Lehengaia ona izaten da gehienetan, baina sos ugari utzi beharko dituzu nagusiaren B kontuan handik atera aitzina, bakailao tortilla, piperrez lagundutako bakailao frijitua, txuleta eta postrea (gazta, intxaurrak eta irasagar-gozokia) hartzearren. Nolanahi ere, bakailaotzat saltzen/sartzen duten hori hamarretik bederatzian ez da bakailaoa. [Baietz okerreko bidea aukeratu!, Edorta Agirre (Alberdania, 2006) Orr.: 125]
b) Atal birformulatzaileak birformulakizunetik inferi daitekeenari balioa kentzen dio eta berak adierazten du ideia garrantzitsua.
Mezuaren ideia garrantzitsuena atal birformulatzaileak adierazten du eta birformulakizunean azaldutakotik inferi daitekeenari balioa kentzen zaio. (5.6)-(5.10).
(5.6) Birformulakizuneko ideiatik inferi daiteke egunkari xumeak, askoren artean balio handi gabeko bat baino ez denak, ez duela ezer interesgarririk
(ez da noski haren onenetarik, egunkari bat besterik ez da ia), baina inferentzia horri balioa kendu eta egunkari haren ezaugarri nabarmen bat aipatzen du atal birformulatzaileak (baina egunkari zoragarriki idatzia nolanahi ere,), hain zuzen ere, ez edonolako idazkera, zoragarria baizik.
Espainiako bere enbaxadore-garaiari buruzko ihekian dago; ez da noski haren onenetarik, egunkari bat besterik ez da ia, baina egunkari zoragarriki idatzia nolanahi ere, eta hori bera, besterik gabe, alde handia da, gero, goizero eta arratsero irakurtzera beharturik gaudela uste izaten dugun egunkari nekoso horien guztien aldean". [Denbora galduaren bila I. Swann-etik, Marcel Proust / Joxe Austin Arrieta (Alberdania-Elkar, 2010) Orr.: 48]
(5.7) Birformulakizunean esaten denetik osasun-arazoren bat duela pentsa daiteke, (Hardyren osasuna oso makalduta zegoen azkenaldian), baina atal birformulatzaileak adierazten du inferitu daitekeena baino askoz larriago dela birformulakizunean aipatzen den osasun-arazo hori (nolanahi ere, ez zen luzaroan biziko; geletatik jangelara joatea ere neke gertatzen omen zitzaion), hau da, osasun-arazo horren larritasun handia, atal birformulatzailean adierazia, egiten du bere hiztunak.
Tamala zeritzon saioak huts egin izanari. Hardyren osasuna oso makalduta zegoen azkenaldian; nolanahi ere, ez zen luzaroan biziko; geletatik jangelara joatea ere neke gertatzen omen zitzaion [Matematikari baten apologia, G.H. Hardy / Iñaki Iñurrieta (Alberdania, 2010) Orr.: 48]
(5.8) Atal luzea eta arazo ugari dituena izanda, pentsa daiteke analisi orokorra- edo egingo ote den (Esan dut gorago hauxe dela atalik edo zatirik luzeena. Arazoak ere ugariak dira laster adieraziko dudanez.) baina atal birformulatzailean adierazten denez, banan-banangoa, beraz xehea, izan da azterketa (Baina, nolanahi ere, banan-banango azterketa egin da, beti ere antolatzaile bakoitzaren aurpegi askotarikoa deskribatzeko asmoz (aipatu lau alderdien arabera) .) eta ideia hori da garrantzitsua.
Esan dut gorago hauxe dela atalik edo zatirik luzeena. Arazoak ere ugariak dira laster adieraziko dudanez. Baina, nolanahi ere, banan-banango azterketa egin da, beti ere antolatzaile bakoitzaren aurpegi askotarikoa deskribatzeko asmoz (aipatu lau alderdien arabera) . [Larringan, L. (2007): "Testu-motak eta testu-antolatzaileak: zer lotura?"orr. 124]
(5.9) Ametsa bizia izanik, inferi daiteke amets hori gogoan hartu zuela (Amets bizi baten gezurrezko bizitzan bildua egona zen) baina ez zuen ia gogoratzen, beraz, amets haren bizitasuna motelduta geratzen da. (baina, nolanahi ere, ametsa unerik interesgarrienean eten zela baizik ez zen gogoratzen.)
Amets bizi baten gezurrezko bizitzan bildua egona zen, baina, nolanahi ere, ametsa unerik interesgarrienean eten zela baizik ez zen gogoratzen. [Wakefield, Nathaniel Hawthorne / Koro Navarro (Elkar/Alberdania, 2007) Orr.: 71]
(5. 10) Birformulakizuneko deskripzioak ingurune aberatsean sartu izana adierazten du (Aldirietako kale aberats batera iritsi dira, Tudor erako etxe handiak baitauzka, aurrealdean soropil akatsgabeak, tulipa-guneak, forsitia eta errododendro sastrakak dituztela, bizimodu oparoaren ezin konta ahal ikur), inferi daiteke halako ingurune zaindu, dotorean sartu dela. Atal birformulatzaileak, ordea, hasierako irudiaren bestelakoa eransten du eta bigarren atalean irudikatzen denak inferentzia eta errealitatea ez datozela bat adierazten du. (Nolanahi ere, jeepetik jaitsi eta etxe-multzoari begiratzen diolarik, ohartzen da hainbat etxe hondaturik daudela: leiho hautsiak, horma kiskaliak, etxe-aurrealdeak handitzen ari diren zuloekin, noizbait jendea bizitzen egondako oskol abandonatuak). Ideien kontrasteaz baliatuta, irudi efektiboa lortzen du.
Aldirietako kale aberats batera iritsi dira, Tudor erako etxe handiak baitauzka, aurrealdean soropil akatsgabeak, tulipa-guneak, forsitia eta errododendro sastrakak dituztela, bizimodu oparoaren ezin konta ahal ikur. Nolanahi ere, jeepetik jaitsi eta etxe-multzoari begiratzen diolarik, ohartzen da hainbat etxe hondaturik daudela: leiho hautsiak, horma kiskaliak, etxe-aurrealdeak handitzen ari diren zuloekin, noizbait jendea bizitzen egondako oskol abandonatuak. [Gizona ilunpean, Paul Auster / Oskar Arana (Alberdania, 2008) Orr.: 70]
4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa
Hizlariak bigarren atalean esandakoa egiten du bere, hari ematen dio garrantzia..
5. Balio diskurtsiboa: informazioa
Informazioaren aldetik, ideia garrantzitsua atal birformulatzailean adierazten da, bai birformulakizuneko ideia indiferente zaionean, bai birformulakizunetik inferitzen den ideia zuzena ez denean, bai birformulakizuneko ideia bera zalantzan jartzen ez denean.
6. Balio diskurtsiboa: argumentazioa
Bigarren enuntziatuak hasierakoaren argudioekiko indiferentzia ager dezake edo haren garrantzia eta handik inferi daitezkeen argudioen balioa ezaba dezake. Kasu guztietan atal birformulatzaileak berak ematen du argudio garrantzitsua.
BADARIK ERE,
DENA DELA,
EDONOLA ERE
EDOZEIN KASUTAN, EDOZEIN KASUTAN ERE
EDOZEIN MODUTAN ERE
EDOZEIN MODUZ
EDOZEINETARA ERE,
EDOZELAN BERE
GUZTIAREKIN ERE
HALA ERE, HALARIK ERE, HALA ETA GUZTIZ ERE,
HALAZ ERE, HALATAZ ERE,
HORRATIK ERE
ZERNAHI GISAZ
[EGLU III]
Aurkaritzako lokailuetan aipatzen du.
“Aurkaritzako lokailuek ere horixe bera egiten dute, hots, perpausen arteko kontrastea aditzera eman. (...)Azkenik, kontuan hartzekoak dira, orobat, kontrakotasuna adierazten duten esapideak ere: guztiarekin ere, edozein modutan, zernahi gisa, nolanahi den, edozelan ere...” [EGLU III 93. or.]
“Aurreko orrietan aipatu direnez beste, lokuzio edo esapide mordoa dago aurkaritza adierazteko erabil daitekeena: zernahi gisaz, nolanahi ere, edozelan bere, edozein modutan ere, edozein moduz, guztiarekin ere... Horiek ere lokailuen pareko dira, alde batetik. Berez perpaus osoari -eta ez aditzari soilik-- dagozkion adberbio esapideak badira ere, ezin da ukatu kate mintzatuan edo idatzian perpausen arteko lotura adierazteko ere erabiltzen direla, lokailuen pare. » [EGLU III 133 or.]
[EGLU VI]
“Kontzesiozko moldeetan egin dugun sailkapenaren antzekoa egin dezakegu, hortaz, lokailuen kasuan ere; elementu komuna ERE lokailua da, aztertzen ari garen hain garrantzitsu dena: a) ERE duten aurkaritza lokailuak: hala ere, halarik ere, halaz ere, halataz ere, hala eta guztiz ere, nolanahi ere, edozein kasutan ere, edonola ere, guztiarekin ere, badarik ere, horratik ere.”[EGLU VI, 237 or.]
[AGIRRE, J.M. (1991): Euskal Gramatika Deskriptiboa]
Esapide adbertsatibo-kontsezibo modalen artean sailkatzen du, eta”enuntziatua kontrajarri ezezik, oztopaketaz gaindu gisa” azaltzen duela dio. [Agirre: 1991 945-946 orr.]
“2.2. ESAPIDE MODALEZ
Elkarketa adbersatibo-kontzesiboa, agian, gehienik, esapide modalez bideratzen da, gorago esan legez enuntziatua kontrajarri ezezik oztopaketaz gaindu gisa azalduz. Marka modalen artean, erakuslez hornituak emankorrak dira. Euron artean, HALA ERE da usuena, kokaerari buruz enuntziatu barnean gehienbat agertzen delarik.’’ [Agirre 1991: 945]
Esapide adbersatibo-kontzesibo modalen artean, hitz zehazgabez osatuak sail ugari eta erabilia betetzen dute. Esanahiari bagagozkio, oztopo, mugapen edo zailtasun guztien gainetik adierazpen bat baitetsi, ziurtatu edo finkatzeko baliapide argumentatibo kutsua dute (...)
Beste bat NOLANAHI ERE da, goragokoaren ildo berdinekoa hain zuzen. Kokaerari askea azaltzen duen arren, sarritan aurkezten da enuntziatu hasieran. “ [Agirre: 1991, 946 or.]
[Azkue R.M. (1969) Morfologia Vasca]
“Afijos graduativos circunstanciales. (...) En varios dialectos ha desaparecido edo ahogado por nai, nahi o su sinónimo gura, usados ya como sufijos: nornai, nornahi quienquiera; nolanai, zelangura como quiera etc. (...) En algún dialecto oriental, en vez de unirse el nahi al interrogativo, se forma un grupo articulado con los dos vocablos y el verbo sustantivo conjugado y provisto del sufijo conjuntivo n: nor nahi den (...) nola nahi den.” [Azkue 1969: I, 189-190 or.]
[Euskaltzaindiaren hiztegia]
Nolanahi adlag. Edozein eratan, edozein modutan. Bere hizkera arrunta, nolanahi josÃa, ez da beharbada dÃrudien bezain erraz jaioa. Ez dituzte erabakiak nolanahi hartuko. Itzuli ere ez zuen nolanahi egin, arreta handiz eta jakite ugariz baizik. Ez nolanahi, gogoeta jaso eta hÃtz ederren bidez baizik.
nolanahi ere Aurreko esaldian adierazten dena gorabehera, hura osatuz esaten denari laguntzen dion esapidea. Badirudà euskara idatziaren beharretarako egokiagoak direla erdialdeko euskalkiak; nolanahi ere, amore eman beharrean aurkituko gara guztiok, horretara heldu nahi badugu. Zuzen nengoenala ez, bestek esan beza; argi eta garbà dago, nolanahi ere, ez gÃnela hura eta ni ÃrÃtzà batekoak.
[Orotariko Euskal Hiztegia]
NOLANAHI ERE. De todos modos, en cualquier caso. "(He), quoiqu’il en soit" H (s.v. nahi). Berak nola nai ere ikusi lezakee goiko zeru orien urdintasun zoragarria. Arr GB 19. Nolanai ere, lenengotik ez zitzaion orrela deituko. Zab Gabon 91. Nola naire bi illabete igaro orduko an nunbait. Moc Damu 9. Nola nai ere Burgos aldean eztu euskerarik billatuko. Ag G 47. Nolanai ere, Yainkoarekin egongo gatxin. Or QA 97. Badago baserri batetik bestera nolanai ere ogei minutuko bidea. Etxde JJ 9. Nola nai be, ire sentimentueri olako biozkadia emoteko on-ona izan biar. SM Zirik 17. Eztakite zer, baiña nolanai ere materiazko zerbait beintzat. Vill Jaink 59. Argi eta garbi dago nolanahi ere ez ginela Aita Villasante eta ni iritzi batekoak. MIH 207. v. tbn. Alz Ram 124. TAg Uzt 40. Munita 61. NEtx Antz 42. MAtx Gazt 52. Lab SuEm 177. Uzt LEG II 36. Berron Kijote 228. De cualquier modo. --Bai, ba, Batista. Atzo an omen ziñaten. --Bai, jauna, ta ez nola-nai ere; txiki ta aundi, pamili guztiya. Sor Bar 67.
[HL EUSKAL HIZTEGIA]
—NOLANAHI ERE. ( 1888) Aurreko esaldian adierazten dena gorabehera eta hura osatuz esaten denari laguntzen dion esapidea. Ik. dena dela; ZERNAHI GISAZ gisa-n. Badirudi euskara idatziaren beharretarako egokiagoak direla erdi aldeko euskalkiak; nolanahi ere, amore eman beharrean aurkituko gara guztiok, horretara heldu nahi badugu. Ereiten ari den haziak emango du fruitu, baina ez dakigu noiz eta, nolanahi ere, ez du erein bezain sarri emango. Zuzen nengoen ala ez, bestek esan beza; argi eta garbi dago nolanahi ere ez ginela hura eta ni iritzi batekoak.
[Elhuyar]
sea lo que sea, en cualquier caso, de todos modos, de todas formas/maneras, de cualquier forma/manera/modo; con todo
Zuzen nengoen ala ez ez dut nik esango; nolanahi ere, garbi dago ez ginela iritzi berekoak: no seré yo quien diga si estaba o no equivocado; en cualquier caso está claro que no eramos de la misma opinión.
Gehienetan atal birformulatzailearen hasieran eta tartean kokatu ohi da; gutxiagotan amaieran.
Hasieran
Erizainak auzoko emakida-lanak zeramatzan, hortaz, grabagailu kontuetan, orain berari eta orain arte bera bezalako hainbat arrotz inozori esker, edo horrela iruditu zitzaion bedere. Azpilanetan zebilen; ez zegoen dudarik; baina zer erraten ahal zion Migelek, Aleidak bereak zituen dolarrez erosi bazuen grabagailua? Nolanahi ere, erabilia sentitu zen, eta zimur itsusia egin zitzaion kopetan. [Chevrolet tropikala, Rafa Egiguren (Susa, 2007) Orr.: 185]
Tartean
Ekoizpen dibertsifikatua hamabi taldetan (esnea, erleak, arrainak, txerriak, hegaztiak, laboreak, oilasko hiltegia, 28 jangaiko baratzea, frutak, birforestazioa, egurra eta beren etxeen eraikuntza) eta autokontsumorako baratze komunitarioa. Komunitate baten antolaketa kooperatibo idealera hurbiltzen da paperean marraztu zaidan organigrama. Paperak, nolanahi ere, ez du errealitatearen edertasuna eta zailtasuna inoiz atzematen. [Ertzeko zatiak, Jon Sarasua (Argia, 2010) Orr.: 31]
Amaieran
Sekretarioa-edo bizi omen zela hemen: beste hitz bat esan omen ziola, ez, ez zen sekretarioa, baizik eta nolabaiteko zerga-biltzailea, jauntxo bat nolanahi ere. [Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.:225]
Agirre (1991):_Euskal Gramatika Deskriptiboa
Birformulatzailearen hasieran kokatzen denean, ezkerrean puntua eta eskuman koma; koma artean edo ezkerrean puntu eta koma eta eskubian koma elementuez inguratuta ageri ohi da maizen.
Della Rocca abokatuak erdeinu puntu batez begiratu zion bere emazteari, esanez bezala "Inork ez dizu ezer galdetu". -Barkatuko didazue, baina ez zait gehiegi interesatzen jakitea zer margotzen duten gorputzean Aliceren eskolako lagunek -bota zuen, epai gisa, azkenik-. Nolanahi ere, zuk tatuajerik ez duzu egingo. [Zenbaki lehenen bakardadea, Paolo Giordano / Koldo Biguri (Alberdania, 2009) Orr.: 46]
Koma artean, atal birformulatzailearen barnean dagoenean.
Afariaren amaieran Olabarriak pattarra eskatu zuen eta "gazteak" batera altxatu ziren, hura seinalea izan balitz bezala. Galarretak izenez ezagutzen zuen pub batera zihoazen, Palermo viejo auzoan. Agurtzanek, Katxalyni besotik helduta, "Zer, bazatoz? " bota zidan, kortesiaz, nik uste. Eskertu nuen, nolanahi ere, ez nintzan sar erabat katedradunen taldean. [Fikzioaren izterrak, Ur Apalategi (Susa, 2010) Orr.: 26]
Adibide honetan birformulakizuna ez dago adierazita.
Jendea ez zegoen singulartasun horrek bereziki kezkatuta, nolanahi ere, zeren eskualde hori normalki izarraren gainazalaren azpian egongo baitzen, eta han, materia-dentsitatearen presentzia zela eta (hots, Einsteinen ekuazioaren Tab gaia zela eta), Schwarzschild-en ebazpena ez baitzen gehiago aplikagarri izango. [Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 369 (0-0)]
Ezkerrean koma eta eskuman puntuaz isolatuta, atal birformulatzailearen amaieran dagoenean.
Telmok zuen sinadurarik barrokoena. Alazne eta Josetxorenak kasualagoak ziren, lurrunkorragoak. Espero zitekeen bezala, ez zen haserrerik egon. Guztiek berdin jaso zuten, nahiz eta Josetxok ez zuen enpresarekin inoiz ezer jakin nahi izan. Alaznek eta Telmok nahiago zuten Joxetxo kanpoan, nolanahi ere. [Katu jendea, Eider Rodriguez (Elkar, 2010) Orr.: 120]
Beste matematikari batzuk trebatzen lagundu dut, baina nire mota bereko matematikariak, eta haien lana, nik lagundu diedan neurrian, nirea bezain alferrikakoa izan da. Neurri praktiko guztien arabera epaiturik, nire bizitza matematikoaren balioa hutsa da; matematikatik kanpo, berriz, hutsala da, nolanahi ere. [Matematikari baten apologia, G.H. Hardy / Iñaki Iñurrieta (EHU, 2010) Orr.: 153]
Ohikoena izan ez arren, komarik gabe ere azal daiteke, bai birformulakizuna eta bai birformulatzailea unitate sintaktiko laburrak direnean, batik bat.
Eseri bezain laster sakelak arakatu, zigarreta-pakete bat atera, eta Linh jaunari eskaini dio. -Ez duzu nahi? Arrazoi osoa duzu... Eta zigarreta bat pausatu du bere ezpain lodi nekatuetan. Linh jaunak bere buruari esaten dio ezpain nekatuek ez dutela deus adierazi nahi, baina halakoak direla nolanahi ere. [Lihn jaunaren biloba, Philippe Claudel / Itziar Diaz de Ultzurrun (Igela, 2010) Orr.: 33]
Perpausa bakunean
Zinegotzi bati dagokio nolanahi ere barrutiaren lehendakaritza. [IVAP_IZO_LT_Adm_1985_Toki Araubidearen Legea (30 agerpen)]
Zenbait egunetan osagarri zirkunstantzialaren azalpena da, zehaztasuna eransten dio ondorengo adibidean; zenbait zehaztugabearen edukiari bakan zehaztasun murriztailea gehitzen dio.
Zenbait egunetan, bakan nolanahi ere, Odette bera joan ohi zen Swannenera arratsaldean, beronen amets-jarduna edo berriki berrekina ziòn Ver Meer-i buruzko ikerlana etetera. [Denbora galduaren bila I. Swann-etik, Marcel Proust / Joxe Austin Arrieta (Alberdania-Elkar, 2010)]
Perpausa elkartuan
Amorrortuk nolanahi ere, “partida irekia” espero duela adierazi zuen herenegun. [Arrotza egingo litzaidake beste talde batean jokatzea», Xabier Lopetegi, 2006-01-22]
Hori guztitik, erakutsi hau atera daiteke: alegia, gortera hurbiltzen den gizonak arriskuan jarriko duela bere zoriona, baldin eta zoriontsu baldin bada, eta gelari baten azpijokoen mendean utziko duela, nolanahi ere, bere etorkizuna. [Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz (Elkar/Alberdania, 2007)]
Beste lokailu batzuekin batera
Nolanahi ere bera bakarrik erabiltzen da, baina erabil daiteke eta lokailuarekin edo baina-rekin batera, euron ondoren; halan, eta nolanahi ere eta baina nolanahi ere.
Eta nolanahi ere
Azken arazoa aipatuko dugu egoeraren ikuspegia osatzeko. Eguzki Sistemaz kanpoko zatikiak detektatzeko era fidagarriak diseinatu ondoren, zatikien artean bereizteko irizpideak beharko dira. Hasieran esan dugunez, kanpotik datorkigun hauts dena ez da planeta-sistemen sorrera prozesuan sortua. Zati handi bat izarren eboluzioaren fase ezberdinetan (erraldoi gorria, noba,...) igorritakoa da. Honi dagokionez ere proposatu dira irtenbide batzuk, eta nolanahi ere, ikasketek aurrera darraite. [Izarrarteko hautsa Eguzki Sisteman, Arregi Bengoa, Jesus Elhuyar Fundazioa, 1994 (aldizkari artikulua)]
Baina nolanahi ere
Erreferentzia labur horrek ez du aukerarik ematen, bestalde, XVI. mendeko berrikuntza lanak harriz egin ziren ala ez jakiteko, baina, nolanahi ere, gure egunetora arte kontserbatu den egiturak nolabaiteko antzinatasuna ematen dio zubiari, oinarriko egituran atzematen denez. Izan ere, bestelako garaietako obrak bereizten dira gangetan eta paramentuetan. Bestalde, arku txikienak, alboko ubide baten igarobideari ateak zabaltzeko baino eraiki ez zenak, garbi azaltzen du burdinolako iharduerarekin zuen zerikusia. Horrenbestez, zubiaren gainerako atalak ere aspaldi xamarrekoak direla uste dugu. [1990 urtea baino lehenagoko Gipuzkoako zubien Katalogoa / Catálogo de puentes de Gipuzkoa anteriores a 1990, Eusko Jaurlaritza Kultura Saila, EAE / Núñez, Julio Euskal Kultura Ondarearen Zentroa - Vitoria-Gastei, 1995 (liburua)]
nolanahi ere | ||
agerpenak | maiztasuna (100.000ko) | |
A1. ZIO corpusa |
138 |
13.80 |
A2. EHUko eskuliburu itzuliak |
596 |
10.83 |
A3a. Zuzenbidea / lege-testuak |
604 |
14.73 |
A3b. Zuzenbidea / akademikoak |
159 |
6.36 |
A4. Pentsamenduaren Klasikoak |
908 |
8.48 |
B1a. EPD liburuak |
887 |
8.69 |
B1b. EPD prentsa |
924 |
8.80 |
B2. ZT Corpusa |
516 |
7.81 |
C1. ETBko dokumentalak |
6 |
1.20 |
C2. Goenkale corpusa |
100 |
0.90 |
denera |
4838 |
7.72 |
14. a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa
a. Gehien ageri da, alde nabarmenarekin, lege-testuetan eta testu zientifiko itzulietan; oso erabilia prosa landuan.
b. batez ere erregistro zainduan
c. idatzian ahozkoan baino gehiago
De cualquier forma, de cualquier manera, de cualquier modo, de todas maneras, de todos modos, en cualquier caso
gaztelania
[Zehazki]
De todos modos
[Elhuyar]
Sea lo que sea, en cualquier caso, de todos modos, de todas formas/maneras, de cualquier forma/manera/modo; con todo
[Elhuyar]
sea lo que sea, en cualquier caso, de todos modos, de todas formas/maneras, de cualquier forma/manera/modo; con todo
[OEH]
De todos modos, en cualquier caso. "(He), quoiqu’il en soit". De cualquier modo.
frantsesa
[Elhuyar]
de toute manière, de toute façon, quoiqu'il en soit
[OEH]
"(He), quoiqu’il en soit".
ingelesa
[Elhuyar]
Nolanahi (...) nolanahi ere
anyway, in any case, at any rate