Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Maribi Unamuno Garate
EDOZEIN MODUTAN

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > urruntzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulazioan bi atal bereizten dira. Lehenengo atalari birformulakizun deritzo, eta bigarrenari atal birformulatzaile; edozein modutan birformulatzaile urruntzailea bigarren atalean agertzen da eta birformulazio eragiketari bidea zabaltzen dio.

Birformulazio urruntzaile honetan atal birformulatzaileak batzuetan birformulakizunaren edukia zalantzan jarri gabe, haren balioari ez dio kasurik egiten, indiferente zaio; beste batzuetan, birformulakizunean adierazitakotik ondoriozta daitezkeen inferentziei garrantzia kentzen die; kasu batean zein bestean, ideia garrantzitsua atal birformulatzailean adierazten da.

(4.1) Birformulakizunean azaltzen dena, hau da, espezie batzuetako emeek euren umeen sexu-proportzioa aldatzeko duten gaitasuna, ez dago zalantzan, orokorki aipatzen dituen espezie batzuetan zein zehazten dituen ugaztunetan, emeek euren umeen arteko sexu-proportzioa alda dezakete (Izan ere, espezie batzuetan, emeek beren umeen arteko sexu-proportzioa alda dezakete, inguruabar-aldaketa batzuen ondorioz. Ugaztunetan, eme batek kostu txiki samar batez alda dezake bere umeen arteko sexu-proportzioa: aski du aukeratzea ernalduriko blastozitoetatik zein ezarri eta hazi umetokian. ) baina ama-kontrol kasurik argiena, eta enuntziatzailearen ustez, aipagarriena himenopteroena da (Edozein modutan, sexu-proportzioari dagokionez, ama-kontrol kasurik argiena himenopteroetan gertatzen da (inurriak, erleak, liztorrak).)agian, kasurik argiena izateagatik eman dio garrantzia hori. 

(2.1)

Izan ere, espezie batzuetan, emeek beren umeen arteko sexu-proportzioa alda dezakete, inguruabar-aldaketa batzuen ondorioz. Ugaztunetan, eme batek kostu txiki samar batez alda dezake bere umeen arteko sexu-proportzioa: aski du aukeratzea ernalduriko blastozitoetatik zein ezarri eta hazi umetokian. Edozein modutan, sexu-proportzioari dagokionez, ama-kontrol kasurik argiena himenopteroetan gertatzen da (inurriak, erleak, liztorrak). [Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 323]

Birformulakizuna

Izan ere, espezie batzuetan, emeek beren umeen artekosexu-proportzioa alda dezakete, inguruabar-aldaketa batzuen ondorioz. Ugaztunetan, eme batek kostu txiki samar batez alda dezake bere umeen arteko sexu-proportzioa: aski du aukeratzea ernalduriko blastozitoetatik zein ezarri eta hazi umetokian. 

Azalpena: atal birformulatzailea

Edozein modutan, sexu-proportzioari dagokionez, ama-kontrol kasurik argiena himenopteroetan gertatzen da (inurriak, erleak, liztorrak).

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

a) Atal birformulatzailea birformulakizunean adierazitakoarekiko indiferente da eta berak adierazten duenak du garrantzia

(5.1)Atal birformulatzailearen edukiak birformulakizunean esandakoa ez du zalantzan jartzen; egia orokorki onartua izan daiteke presoei ihesa eragozten diena porrotari dioten beldurra izatea (Esan ohi da porrotari diogun beldurra dela presook ihes egiteko dugun trabarik handiena, eta guztiz gezurra ez da izango agian), baina hori horrela izan badaiteke ere, enuntziatzailearentzat ideia garrantzitsua ateak zabalik izanik atera gabe geratu zirenen kopurua da, (Edozein modutan, handia da ateak ireki ondoren San Kristobalen geratu zirenen kopurua) kopuru handia eta ulergaitza, haren ustez

(3.1)

1938ko maiatzaren 22an ihes handi bat izan zen. Une horretan zeuden 2.487 gatibuetatik 795 saiatu zen askatasuna berreskuratzen.. Edozein modutan, handia da ateak ireki ondoren San Kristobalen geratu zirenen kopurua. Hanka egin zutenetatik 585 atxilotu egin zituzten, 187 hildakoren gorpuak ezagutu zituzten, eta ezagutu gabeko beste 24 hildako agertu ziren. Fuga hartan abiatu zirenak baino gehiago ateratzen dira kontu horietatik, eta, beraz, argi dago San Kristobal ez zen lekuren batzuetatik alde egindakoak ere bazirela tartean. [Errotarria, Jokin Urain (Susa, 2006) Orr.: 73]

(5.2) Datuak aztertzen dira, hipotesiak egiten, eta halan, bada, idazten dituen dokumentuen arabera, Morde Léon Curutchet-ek idazkaria dirudi, instituteur ere badirudi, (Bidaltzailea, hiru kasuetan, Morde Léon Curutchet da, Donazaharrean idazkaria dela dirudiena, nahiz eta erabat garbi ez dugun. Aurreneko gutunean "Instituteur" moduan agertzen zaigu, ondorengo bietan beste bi sindikoen partez idazten du; bitan Garaziko eskualdea da idazpuruan agertzen dena, bestean Donazaharre bera.), baina, balio duen datua, kontuan izatekoa atal birformulatzailean aipatzen da, (Edozein modutan, bere lanak gehiago ematen du idazkari batena zinegotzi edo alkatearena baino.) bere lanagatik, idazkaria barik alkate edo zinegotzia izatea ondorio egiantzazkoagoa da, horixe iritziori egiten du bere enuntziatzaileak.

(3.2)

Bidaltzailea, hiru kasuetan, Morde Léon Curutchet da, Donazaharrean idazkaria dela dirudiena, nahiz eta erabat garbi ez dugun. Aurreneko gutunean "Instituteur" moduan agertzen zaigu, ondorengo bietan beste bi sindikoen partez idazten du; bitan Garaziko eskualdea da idazpuruan agertzen dena, bestean Donazaharre bera. Edozein modutan, bere lanak gehiago ematen du idazkari batena zinegotzi edo alkatearena baino. [Administrazio zibilean euskaraz sortutako dokumentazio historikoa: konklusioak eta agiri gehiago , I. Trebiño (Eleria / Eusko Ikaskuntza, 2002)]

(5.3) Birformulakizunean iraganari buruzko gogoeta adierazten da, orduan galdutako bizitzako aukerarik onena aipatzen da (Bada horrelako urratu eta gezur segidak, bidaiariaren eta neskamearen arteko maitasun aldia gogoratzen dutenak, baino gauza garbiagorik, eta gaur egun ez zait iruditzen gauzak hain gaizki moldatu zituenik zoritxarrak. Horrek ez du esan nahi, nire bizitzako aukerarik onenetako bat galdu ez nuenik, seguru asko.), baina horren balioak ez du eraginik atal birformulatzailean azaltzen den sententzia erako ideian (Baina badira aukerak, edozein modutan, gure senak ezertarako nahi ez dituenak.)

(3.3)

Bada horrelako urratu eta gezur segidak, bidaiariaren eta neskamearen arteko maitasun aldia gogoratzen dutenak, baino gauza garbiagorik, eta gaur egun ez zait iruditzen gauzak hain gaizki moldatu zituenik zoritxarrak. Horrek ez du esan nahi, nire bizitzako aukerarik onenetako bat galdu ez nuenik, seguru asko. Baina badira aukerak, edozein modutan, gure senak ezertarako nahi ez dituenak. [Erremateko tiroa, Marguerite Yourcenar / Josu Zabaleta (Alberdania, 2007) Orr.: 69]

(5.4) Birformulakizuna ez dago azalduta; testuaren interpretazioaren arabera, bai delakoak ikasleek irakasleen argudioei ematen dien erantzuna laburbilduko luke (Bai,) baina ikasleek ez dituzte eurentzakotzat hartzen irakasleen argudio horiek eta eurena aldarrikatzen dute, (baina edozein modutan, gertakarien analisiak eta egiaztapenak entzuteko baino zerbait gehiagorako etorri ohi gara klasera",) horixe da garrantzitsua eta ikasleek eurentzakotzat hartzen dutena.

(3.4)

Izan ere, gure gaztediko zati batek egiten duen okerra da esan dugun guztiari erantzun hau ematea, alegia: "Bai, baina edozein modutan, gertakarien analisiak eta egiaztapenak entzuteko baino zerbait gehiagorako etorri ohi gara klasera", oker hori da irakaslearengan aurrean dutena ez den zerbait, buruzagi bat, eta ez irakasle bat bilatzea. [Politika eta Zientzia lanbide, Max Weber / Pello Zabaleta (2007) Orr.: 152]

(5.5) ikasgelako pupitre ergonomikoen ardura izan duten batzuk aipatzen ditu, hala nola, jarrera higienista zutenak edo madrileko Museo Pedagogikoak asmatutakoak ([...] nahian, geroz eta pupitre ergonomikoagoak asmatu egin dira.Azken honekin lotua, XIX-XX. mendeen arteko mugan garatutako jarrera higienisten harian, ikasgela berean, umeen garaiera ezberdinetarako egokitutako pupitreak edukitzea gomendatzen zen, edo bestela, Madrileko Museo Pedagogikoak asmatutako ereduak eskaintzen zituen mahiaren elementuek modulagarriak izatea.) baina pupitreek bete behar zituzten ezaugarriei buruz gailentzen den azterketa aipatzen da atal birformulatzailean (Edozein modutan, pupitre inguruko atal teknikoa zein higiniesta gehien landu izan zuena Suitzako pedagogia modernoa izan zen. ), horixe nabarmentzen da eta da errelebanteena, hain zuzen ere, Suitzako pedagogia modernoa.

(3.5)

[...] nahian, geroz eta pupitre ergonomikoagoak asmatu egin dira.Azken honekin lotua, XIX-XX. mendeen arteko mugan garatutako jarrera higienisten harian, ikasgela berean, umeen garaiera ezberdinetarako egokitutako pupitreak edukitzea gomendatzen zen, edo bestela, Madrileko Museo Pedagogikoak asmatutako ereduak eskaintzen zituen mahiaren elementuek modulagarriak izatea. Edozein modutan, pupitre inguruko atal teknikoa zein higiniesta gehien landu izan zuena Suitzako pedagogia modernoa izan zen. Gurean ere bada, osasun arloko lanik, eskolako pupitreak sor lezakeen lepoko gaixoez Edurne Goikoetxeak (1997) egindakoa hain zuzen ere.Pupitrearen mahai eta aulkiaren arteko proportzioa ezagutzeko distantzia deitutako irizpide [...] [Euskal zientzia eta kultura, eta sare telematikoak / Ciencia y cultura vasca, y redes telemáticas / Science et culture basque, et réseaux télématiques: Donostia, Iruñea, Baiona 2001 (I), Askoren artean – Editorial Eusko Ikaskuntza, S.A., 2002 (liburua)]

(5.6) Partikulak itxuraldatu zein hautsi egin daitezke (Ezarritako indar gorakorraren ondorioz partikulak itxuraldatu egingo dira, eta, kasurik gehienetan, itxuraldatu ez ezik hautsi ere egingo dira (2.45 c eta d irudiak). Efektu bata ala bestea gailendu partikulen propietateen baitan dago;) bata ala bestea gertatzea indiferente zaio atal birformulatzailean aipatzen denari (baina, edozein modutan, murriztu egingo da porositatea eta handitu partikulen arteko ukipena.)

(3.6)

Ezarritako indar gorakorraren ondorioz partikulak itxuraldatu egingo dira, eta, kasurik gehienetan, itxuraldatu ez ezik hautsi ere egingo dira (2.45 c eta d irudiak). Efektu bata ala bestea gailendu partikulen propietateen baitan dago; baina, edozein modutan, murriztu egingo da porositatea eta handitu partikulen arteko ukipena. [Forma farmazeutikoak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 2. kapitulua]

(5.7) Birformulakizunean adierazten denez, Lege prozesalak gehiengo epea arautzen du kasu jakin baterako (Isil-gorde bien arteko beste aldea zera da: helduen kasurako, Lege prozesalak isil-gordearen gehiengo epe bat arautzen du (hilabetekoa JKLko 302. artikuluaren arabera) eta adingabeen kasurako, berriz, ez.), baina, nabarmena da epe hori ez dela errespetatzen, horixe da ideia garrantzitsua (Edozein modutan, esan behar da helduen kasuan ez dela gehiengo epe hori errespetatzen eta sarritan luzatu egiten dela.)

(3.7)

Isil-gorde bien arteko beste aldea zera da: helduen kasurako, Lege prozesalak isil-gordearen gehiengo epe bat arautzen du (hilabetekoa JKLko 302. artikuluaren arabera) eta adingabeen kasurako, berriz, ez. Edozein modutan, esan behar da helduen kasuan ez dela gehiengo epe hori errespetatzen eta sarritan luzatu egiten dela. [Adingabeen zuzenbide penala, Jon-Mirena Landa (Koord.), Jose Luis de la Cuesta, Jose Francisco Etxeberria, Enara Garro (UPV/EHU, 2011 )]

(5.8) Lan ohituren inguruko gogoeta azaltzen da birformulakizunean (Lantokietan errepikatzen diren azturek edo usadioek gorpuzten dituzte lan ohiturak: batzuetan kontratuak gauzatzeko errepikatzen diren jokamolde eta klausulen bidez, besteetan kontratua interpretatzerakoan erabiltzen diren irizpideen bitartez), hori horrela izanik ere, ideia garrantzitsua atal birformulatzailean ageri da (Edozein modutan, behin arau gisa finkatuz gero, lantokiko aztura bezala kontsideratzen da, hau da, bertako ohiturazko araua, hots, Zuzenbide iturria den lan ohitura.) eta hauxe da hiztunaren ikuspegitik, ideia guztien artean bereizgarri eta azpimarragarria.

(3.8)

Lantokietan errepikatzen diren azturek edo usadioek gorpuzten dituzte lan ohiturak: batzuetan kontratuak gauzatzeko errepikatzen diren jokamolde eta klausulen bidez, besteetan kontratua interpretatzerakoan erabiltzen diren irizpideen bitartez. Edozein modutan, behin arau gisa finkatuz gero, lantokiko aztura bezala kontsideratzen da, hau da, bertako ohiturazko araua, hots, Zuzenbide iturria den lan ohitura. [Lan Zuzenbidearen iturriak, K. Gorostiaga (Eleria / Eusko Ikaskuntza, 2000)]

(5.9) Birformulakizunean emaztearen hagineko minez adierazten den guztia hala bada ere, (Zuri idazteko traba egin zidan bisitaldi harrigarriaren egun berean, emaztea hasi zitzaidan hagineko minez, eta hantura egin zitzaion buruko alde batetik, eta ondoez hau, une batzuetan oso mingarria bihurtu zelarik eta gaixoa oheratzera behartu, behin bortitzago behin arinago, orain arte luzatu da. Oraintxe bertan oraindik ez zaio pasatu;) atal birformulatzaileko ideia nabarmentzen du enuntziatzaileak, horixe da une honetan garrantzia duena (edozein modutan biziki egin du hobera.) 

(3.9)

Zuri idazteko traba egin zidan bisitaldi harrigarriaren egun berean, emaztea hasi zitzaidan hagineko minez, eta hantura egin zitzaion buruko alde batetik, eta ondoez hau, une batzuetan oso mingarria bihurtu zelarik eta gaixoa oheratzera behartu, behin bortitzago behin arinago, orain arte luzatu da. Oraintxe bertan oraindik ez zaio pasatu; edozein modutan biziki egin du hobera. [Idazti hautatuak, Wilhelm von Humbolt / Pello Zabaleta (2001) Orr.: 229]

(5.10) Aipatzen ari diren tokian hilobiratuta dagoela zein ez dagoela, ez du horrek garrantziarik enuntziatzailearen ikuspegitik,( Hemen hilobiratuta dago? LEONARD (off) Baliteke. ... Gehienak hemen daude. (on) Baina beste haran batean ere egon daiteke. ... (off) Edozein lekutan. Ez dakigu. CARNARVON Bueno, (ad lib)...) indiferente zaio han datzan ala ez, oso toki polita izatea da une horretan berarentzat garrantzia duena. (edozein modutan, hau oso polita da.)

(3.10)

Hemen hilobiratuta dago? LEONARD (off) Baliteke. ... Gehienak hemen daude. (on) Baina beste haran batean ere egon daiteke. ... (off) Edozein lekutan. Ez dakigu. CARNARVON Bueno, (ad lib)... edozein modutan, hau oso polita da. [Goenkale. Egypt 01, EG01]

b) Atal birformulatzaileak birformulakizunetik inferi daitekeenari balio kentzen dio eta berak adierazten du ideia garrantzitsua.

Mezuaren ideia garrantzitsuena atal birformulatzaileak adierazten du eta birformulakizunean azaldutakotik inferi daitekeenari balioa kentzen zaio.

(5.11)Atezainak mesfidantza azaldu badu ere, logikoa dirudi, batez ere, bezeroa ez uxatzearren, mesfidantza hori disimulatzeko ahalegina egin zezakeela pentsatzea, (Ez dut ulertu atezainak zergatik duen nirekin halako mesfidantza. Okerreko zerbait egin ote dudan, kamioilarientzat bakarrik den pentsio honetara ostatu bila etorrita.) baina, logika horrek huts egiten du, eta atezainak ez du ahaleginik egin bezeroarekiko mesfidantza disimulatzeko ( Edozein modutan, ez du batere nekerik hartu bere ezinikusia ezkutatzen.) horixe da ideia nabarmena, birformulakizuneko ideiatik inferi daitekeenari huts eragin diona.

(3.11)

Azalpen bat ematea dagokidalakoan nago. "Oporraldiko bidean gaude". "Biak Alemaniakoak? ". Ez dut ulertu atezainak zergatik duen nirekin halako mesfidantza. Okerreko zerbait egin ote dudan, kamioilarientzat bakarrik den pentsio honetara ostatu bila etorrita. Edozein modutan, ez du batere nekerik hartu bere ezinikusia ezkutatzen. "Hemen beti galdetzen dugu xehexeago", dio. "Hemendik pasatzen da xehe-xehe jakiterik ez dagoen jende asko". "Xehe-xehe jakiterik ez dagoen jendea? ". "Fidatzerik ez dagoen jendea". "Hara", saiatu naiz kaltegabe mintzatzen, kaltegabe, ia negargarri, "nire laguna gaixo dago. [Lagun armatua, Raul Zelik / Edorta Matauko (Txalaparta, 2009) Orr.: 230]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Birformulatzaileak bera ageri den enuntziatuaren balioa adierazten eta aldarrikatzen du.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Hiztunarentzat birformulatzailearen informazioa aurretiaz esandakoa baino garrantzitsuagoa da, informazio hori gailentzen zaio aurrekoari.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Birformulakizunean adierazitakoaren balioa ahultzen du, guztiz bat datorren informazioa ez bada ere, birformulatzailearen konklusio balioa nagusitzen da.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

edozein izenordain zehaztugabea + modu izena, inesibo mugagabean.

8. aurkibidera joan Aldaerak

edozein moduz

9. aurkibidera joan Baliokideak

EDOZEIN KASUTAN, EDOZEIN KASUTAN ERE

EDOZELAN, EDOZELAN ERE

NOLANAHI, NOLANAHI ERE, NOLANAHI ERE DEN, NOLANAHI ERE ZEN, NOLANAHI DELA, NOLANAHI DEN, NOLANAHI DEN ERE, NOLANAHI DELA ERE, NOLANAHI ZELA ERE, NOLANAHI IZANIK ERE, NOLANAHI IZANDA ERE 

ZERNAHI GISA, ZERNAHI GISAZ

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

[Sareko Euskal Gramatika]

Testu mailako loturak atalean, aurkaritza lokailuetan sailkatzen da edozein modutan birformulatzaile urruntzailea: “Azkenik, ezin ahaztu esapide batzuk, gogorki indartsuak direnak euskaraz: edozein modutan, guztiarekin ere, zernahi gisa, nolanahi ere, eta abar.”

Aurkaritza baino areago, atal birformulatzailearen edukiaren ikuspuntutik, birformulakizuna eragozpentzat jo daiteke, esaten den unean bertan gainditutzat jotzen den eragozpena.

[EGLU III] 93. or.

"Aurkaritzako lokailuek ere horixe bera egiten dute, hots, perpausen arteko kontrastea aditzera eman. Aski luzea da lokailu hauen zerrenda: (...) Azkenik, kontuan hartzekoak dira, orobat, kontrakotasuna adierazten duten esapideak ere: guztiarekin ere, edozein modutan, zernahi gisa, nolanahi den, edozelan ere."

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[Elhuyar]

edozein modutan (ere)

de todos modos, de todas formas/maneras; aun así

Edozein modutan ere, zer gara gu?: de cualquier manera ¿qué somos nosotros?

12. aurkibidera joan Posizioa

Atal birformulatzailearen hasiera da posizio ohikoena.

(12.1)

Hain zuzen horregatik da Idazteuna - eta hori ez dago Argikundetik oso urruti - hainbeste lurraldetan eta denbora luzeetan zehar denek ulertzeko eta denei itauntzeko modukoa. 9 Harrigarriak alde guztietan Biblian eta hango hizkuntzan Zergatik ez du aspertzen gaur oraindik hizkera urrun honek? Edo, gehienera, hari buruz entzunez bakarrik hitz egiten denean aspertzen du. Edozein modutan ez da garbitu zergatik den Biblia liburu guztien artean guztietan herrikoena. [Ateismoa kristautasunean, Ernst Bloch / Pello Zabaleta (1993) Orr.: 47]

Gutxi batzuetan erdian

(12.2)

Legez kanpo Egiptotik Israelera igarotzen diren Sudango errefuxiatuak berriz beren abiapuntura eramateko betebeharrik ez duela esan du Egiptok. Pasa den uztailean muga zeharkatzen zuten errefuxiatuen kopuruak etengabe gora egiten zuela ikusita, milaka afrikar beren jaioterrira itzularazteko eskatu zion Israelek Egiptori. Bestalde, errefuxiatuen joan-etorriari indarkeriarekin erantzun izana leporatu diote Egiptori; horrek, ordea, neurriko jarrera izan duela erantzun du. «Autoritatearen eginduari jaramonik egiten ez badiote, edozein modutan legea errespetaraztera behartuta gaude», esan du Egiptoko Atzerri ministroak [EPD prentsa. Al Fata taldeko 32 kide, IXIAR ZUBIAURRE, 2007-08-12]

Ia inoiz ere ez atal birformulatzailearen amaieran

(12.3)

Aipatutakoa azienda handien kasua dugu, ungulatu handiena partikularzki, izan dadin oreina (Cervus elaphus), basurdea (Sus scrofa), orkatza (Capreolus capreolus), sarrioa (Rupicapra rupicapra), eta abar. Piriniotako Parke Nazionalean arazo hau gertatu da, eta orain ere gertatzen ari da: ahalmen biologikoa azkar beheratu da, eta ondorioz, bertako ingurunea pobretzen ari da. Arazo honek bi konponbide ba ditu: edo harrapakari bat sartu, eman dezagun otsoa (Canis lupus), edo Parke Nazionalean ehizan hastea. Iduriz, ehizan hastea errazagoa litzateke otsoa botatzea baino, teknikoki errazagoa, eta agian arazo gutxiago sortuko luke, baina gai hau eztabaidagarria da edozein modutan. [Ehizaren kudeaketa, Setoain, Michel Udako Euskal Unibertsitatea, 1993 (liburu artikulua)]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Atal birformulatzailearen hasieran, birformulakizunarengandik puntuz banatuta, ezkerrean puntua eta eskubian koma duela azaldu ohi da ugarien.

(13.1)

Edozein modutan, bihar hiriko jauregirik ikusgarrienak, meskitarik ederrenak ikustera eramango dut. [Mila gau eta bat gehiago, Anonimoa / Patxi Zubizarreta (Erein, 2002) Orr.: 211]

Atal birformulatzailearen hasieran, koma artean:

(13.2)

Eta kontakizuna aurrera doa, atzekoz aurrera: aldiuneak ez dira dagoeneko metatzen bata bestearen gainean, edozein modutan, istorioaren amaierak heldu die bat-batean, erakarriz, eta haietako bakoitzak, bere aldetik, aurreko unea erakartzen du: "Gaua zen, karrika erabat hutsik zegoen". [Goragalea, Jean Paul Sartre / Monika Etxebarria (Alberdania-Elkar, 2003) Orr.: 82]

Hain ohikoa ez den erabilera, atal birformulatzailearen hasieran, ezkerrean puntua eta eskubian ezer gabe:

(13.3)

Edozein modutan esperientziak merezi du ahalegina egitea, eta zenbait alditan egin izan da ahalegin hori. [Jakitearen arkeologia, Michel Foucault / Xabier Arregi (Klasikoak, 2003) 66 or.]

Birformulatzailearen erdian, koma artean

(13.4)

Dabid da, edozein modutan, israeldarren erregerik handiena, Israelen erreferentzia nagusia. [Agindutako lurraren bila II, Jose Antonio Mujika (Erein, 2002) Orr.: 17]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Perpausa soilean

(14.1)

Ez niregana hurbildu gero... Ez... Utz nazak bakean, hik zer nahi, horixe eskaini diat. Nire gorputza heurea duk, baina hori ez duk gaizki erabiltzeko arrazoia. Zer dela eta ankerkeria hau, esadak zehazki zer egin diadan. Edozein modutan, heure seme-alaben ama nauk, ahantzi ote duk? Izan burutsua! Pentsatu Jainkoaz, Profetaz! Hori guztia aspaldiko kontua duk, oso aspaldikoa, gero, kasik aurreko bizitza batekoa... Ez diat oroitzen zehazki noiz izan zen, eta, bestalde, bost axola... [Salbazioko armada, Abdela Taia / Patxi Zubizarreta (Albedania, 2007) Orr.: 11]

Perpausa elkartuan

(14.2)

4. Tratamendu-instalazioak edukitzeak ez du esan nahi aurretik aipatu ditugun betebeharrak bete behar ez direnik. Kasu hauetan, Udalak eska dezake, tratamendu araztailearen prozesura ura sartu baino lehen beste kontrol-putzu bat egitea; edozein modutan, sartzeko erraza den erregistro bat beharrezkoa da, non hondakin-ur guztiak jasoko diren tratamendu-prozesura sartu baino lehen. [Ingurumenari buruzko udal-ordenantza eredua: Euskal Herriko Autonomi Erkidegoa / Modelo de ordenanza municipal de medio ambiente: Comunidad Autónoma del País Vasco, Eudel Eudel (Asociación de Municipios Vascos), 2000 (liburua)]

(14.3)

Kontsumoari dagokionean, alde handia dago tarteko elementuen eta oligoelementuen artean; horren arrazoia hauxe da: tarteko elementuak landareen ehunen egituraren zati dira, eta, horregatik, gehiago kontsumitzen dira; oligoelementuak, ostera, erreakzioak erregulatzen dituzten entzimen zati dira, eta, hori dela-eta, oso kopuru txikian kontsumitzen dira. Edozein modutan, lurzoruari aipatutako elementuren bat faltako balitzaio, landareak laster igarriko luke. [Lorategi eta berdeguneak. Historia eta lurzoruak, Arregi, Itziar Elhuyar Fundazioa, 2001 (liburua)]

Eta juntagailuarekin batera

Gutxitan azaltzen da eta edozein modutan (13.5)

(14.4)

Zuek gure ikastaroetara zatozte buruzagitzako tasunak eskatuz eta ez duzue pentsatzen aurretik ehun irakasletatik laurogeita hemeretzi gutxienez ez direla bizitzako futbol-maisu; baina ez hori bakarrik, ez dira inondik ere bizitzako arazoetan buruzagi, eta izateko asmorik ere ez dute eta izan ere ezin dute izan. Gizakiaren balioa ez dago buruzagitarako tasunak izatean edo ez izatean. Eta edozein modutan ez dira aparteko jakitun eta unibertsitateko irakasle egiten duten tasunak norbait bizitzaren norabide praktikoaren alorrean, eta bereziki politikakoan, buruzagi egiten dutenak. [Politika eta Zientzia lanbide, Max Weber / Pello Zabaleta (2007) Orr.: 153]

Eta juntagailuarekin batera azaltzen denean, amaieran ere partikula duen aldaera agertzen da sarriago, hau da, eta edozein modutan ere.

(14.5)

Zeren eta Cagliarin, Castelloko auzoan, oraindik ere, pobreak eta aberatsak, intelektualak eta ezjakinak elkarrekin bizi dira eraikin berean, eta ez da zaila besteen berri izatea, kaleak estuak direlako, eta auzokoek leihoetatik eta atarietatik hitz egiten diote batak besteari, eta, edozein modutan ere, ahotsak entzuten dira, gehienbat udan dena irekita uzten denean beroagatik. [Kondesa esku-guria, Milena Agus / Fernando Rey (Denonartean, 2010) Orr.: 29]

(14.6)

"Nire egoeraz konturatzen al den esan nahi duzu? Ez diot esan. Baina ziur nago berak eta bere emazteak kontuak atera dituztela". "Eta horrek ez dio asmoa aldaraziko? " "Zergatik aldaraziko zion bada? Horrek familiako kideago bihurtuko nau. Eta, edozein modutan ere, ez dabil nire atzetik, etxaldearen atzetik dabil. Etxaldea da nire ezkonsaria". "Baina hori erokeria bat da, Lucy! Ezkonduta dago dagoeneko! Izan ere, bi emazte dituela esan zenidan. Pentsatzea ere! " "Uste dut ez duzula ulertzen, David. [Lotsaizuna, John Maxwell Coetzee / Oskar Arana (Elkar, 2004) Orr.: 261]

Baina juntagailuarekin batera

Gutxitan azaltzen da baina edozein modutan (13.8).

(14.7)

Edo ez, hobe mandatari bat bidaltzen badiot; baina edozein modutan ez naiz egongo prest apirilaren zortzia baino lehen. (...) Baina edozein modutan inork ez dizkit kenduko neure hiru egunak. [Pedro Páramo, Juan Rulfo / Juan Garzia (Ibaizabal, 2001) Orr.: 62]

baina juntagailuarekin batera ageri denean, ere-dun aldaera azaldu ohi da, hau da, baina edozein modutan ere, (13.9), (13.10),

(14.8)

Hala itzultzen da geldiro orrialde bat, beste alderantz luzatzen da, dagoeneko bukatu diren besteen gainera pilatzen da, geruza mehe bat baizik ez oraingoz; haien aldean ezin agortuzko pila bat dira oraindik irakurtzeko daudenak. Baina, edozein modutan ere, agortutako orrialde bat da, teniente jauna, bizitza-puska bat ahituta. Goi-ordeka harritsuaren ertzetik Drogo ez da itzultzen, izan ere, begiratzeko; zalantzaren aztarrenik ere gabe ezproiak sartzen dizkio zaldiari maldan behera, ez du burua zentimetro batez ere bihurtzeko keinurik egiten, kanta bat txistukatzen ari da, nahiko ausarki, horrek nekea eragiten badio ere. [Tartarriarren basamortua, Dino Buzzati / Josu Zabaleta (Alberdania-Elkar, 2010) Orr.: 163]

15. aurkibidera joan Maiztasuna

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

5

0.50

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

11

0.20

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

105

2.56

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

21

0.84

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

162

1.51

B1a. EPD liburuak

56

0.54

B1b. EPD prentsa

72

0.68

B2. ZT Corpusa

50

0.75

C1. ETBko dokumentalak

7

1.40

C2. Goenkale corpusa

62

0.56

denera

551 

0.88

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

Nagusiki testu landuetan erabiltzen da eta bereziki ugari zuzenbidekoetan.

Ahozkoan maiztasun baxua duela esan daiteke. 

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[OEH]

(edozein modutan ere)

De cualquier modo, sea como fuere.

De cualquier modo.

[Elhuyar]

edozein modutan (ere)

de todos modos, de todas formas/maneras; aun así

frantsesa

[Elhuyar]

edozein modutan (ere)

de toutes manières

ingelesa

[Elhuyar]

edozein modutan (ere)

[Morris]

anyway, anyhow; at any rate; in any case

any way | anyhow | in any case

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Moduzko adberbio da ondoko adibideetan.

Edozein modutan, ardura gabe, kontu handirik gabe (18.1), (18.2)

(18.1)

Betebeharra ez betetzeak ondorio hauek ekarriko dizkio zordunari: eragindako kalte-galeren ordaina eman behar dute beren betebeharrak betetzean doluz nahiz zabarkeriaz jarduten dutenek edo berandutza-egoeran jarri direnek, bai eta edozein modutan betebeharron edukia urratzen dutenek ere (KZren 1101). [Zuzenbide Zibila I, Ibon Viteri (UPV/EHU, 2011)]

(18.2)

48. Artikulua - Arau-hauste larriak Hauek dira arau-hauste larriak: 1. Erabiltzaileek liburutegian bertan edo urrutitik informaziora irispidea izateko duten eskubidea arrazoi justifikaturik gabe urratu, mugatu edo edozein modutan laburtzen duten egiteak edo ez-egiteak. [Euskadiko Liburutegiei buruzko Legea, (Eusko Legebiltzarra, 2007)]

Modu asko dira esandakoa ulertzeko, modu guztietarik bat, edozein, aukeratzeaz dihardu.

(18.3)

Kirol-kazetari batek, elkarrekin ongien jokatzen zuten bederatziko talderik onena bilatzeko, bere taldeko hogeita bost jokalarien artean egin zitezkeen konbinaketa guztiak probatu beharko lituzkeela gomendatu zion behin egunkari batean beisbol entrenatzaile bati. Era askotara uler daiteke iradokizun hori, baina edozein modutan ulerturik ere, hainbeste talde era daitezke guztira, non jokalariak aspaldi izango bailirateke hilak talde guztiak osatu orduko. Hiru bolako izozkiak eta von Neumann-en trikimailua Baskin-Robbins izozki-dendek hogeita hamaika izozkigustu aldarrikatzen dituzte. Gustuak errepikatu gabe egin daitezkeen hiru bolako izozki-kono desberdinen kopurua, beraz, 31 × 30 × 29=26.970 da; hogeita hamaika gustuetatik edozein egon daiteke goian, geratzen diren hogeita hamarretatik edozein egon daiteke erdian, eta geratzen diren hogeita bederatzietatik edozein behean. [Zenbakirik gabe bizi, John Allen Paulos / Josu Zabaleta (EHU, 2006) Orr.: 39]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus