Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Ines Garcia Azkoaga
DENA DEN

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > urruntzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulatzaile den aldetik, bere funtzio nagusia da solaskideen arteko elkarulertze arazoak gainditzea eta haien arteko harremana gidatzea.

Birformulatzaileen sailean kokatzen den arren bere zeregina ez da aurreko enuntziatua parafrasi baten bidez beste era batera esatea; diskurtso-markatzaile honen erabilerak aurretik sortutako formulazio batetik urruntzea ahalbidetzen du; aurreko enuntziatutik atera daitezkeen inferentziak mugatzen edo berrorientatzen ditu. Oro har, ikuspegi enuntziatiboaren aldaketa jartzen du agerian, eta alde horretatik, ez-parafrastikotzat hartzen da.

Markatzaile hauekin bigarren formulazioa nabarmenduta geratzen da eta lehenengo formulazioaren garrantzia apalduta geratzen da. Interpretazio egokia diskurtsoaren bigarren formulazioan oinarrituta egin behar dela adierazten du markatzaileak.

Oro har, lokailu honek markatzen duen esaldi menperatua esaldi nagusiko ekintza betetzeko eragozpena da. Bigarren proposizioak lehenengoaren indarra mugatzen du.

Diskurtsoari dagokionez erabilera anitz bereganatzen du: solasaldia berrorientatzea, garrantzizkoena azpimarratzea, zerbait argitzea, gaia aldatzea, kontrastea nabarmentzea, adostasuna edo desadostasuna erakustea, e.a.

Lehenengo formulazioa:

Birformulakizuna

Idazten ikas daiteke? Jorge Luis Borges-ek zioen idazteko trikimailuak ikasten dituztenak ez direla benetako idazleak. Idazteko premia sentitu egin behar dela... Ba, bai. Premiarena hor dago.

Azalpena: atal birformulatzailea

Birformulazioa edo atal birformulatzailea

Dena den, idazten entrenatu daiteke, eta entrenamendu hori bizitzako helburu bihurtu.

Adibideak:

Aurreko zatiaren garrantzia eta handik atera litezkeen inferentziak mugatzen ditu:

Lehendabiziko enuntziatutik atera daitekeen ondorioari –idazteko premia sentitu egin behar dela- garrantzia kentzen dio eta baieztapen horrek muga batzuk ere badituela adierazten du hurrengo formulazioarekin. Birformulazioak hasieran egiten den baieztapena leundu egiten du eta nabarmendi egiten ditu beste aukera batzuk –entrenatu ere egin daiteke- :

(2.1)

Idazten ikas daiteke? Jorge Luis Borges-ek zioen idazteko trikimailuak ikasten dituztenak ez direla benetako idazleak. Idazteko premia sentitu egin behar dela... Ba, bai. Premiarena hor dago. Dena den, idazten entrenatu daiteke, eta entrenamendu hori bizitzako helburu bihurtu. Gola sartzen duen jokalaria bezain ona da bere herriko taldean txukun aritzen den futbolaria, nahiz eta egunkarietan aurrekoa agertu. Biek dakite futbolean, ordea. [Zortzi unibertso, zortzi idazle, Ana Urkiza (Alberdania, 2006; Orr.: 414)]

Aurretik esandakoaren pertinentzia edo garrantzia leuntzen du, guztiz ezabatu gabe, garrantzi handiagoa emateko datorrenari:

(2.2)

Euskarazko prentsarentzat ez da elebiduna eragozpen, euskarazkoak beste eragozpen batzuk ditu, nik uste." Iritzi beretsukoa da Jon Mimentza ere: "Prentsa elebiduna ez da kaltegarria”. Dena den, frantsesa eta gaztelania baino, euskara bera dela, esango nuke nik, euskararentzako aho biko ezpata. Izan ere, adibide gisa, unibertsitatean euskaraz ematen diren materia batzuek ez diote euskarari ezer onik ekartzen; Zuzenbidean Derecho Romano euskaraz ematea gure hizkuntzari bortxakeria egitea dela deritzait. [Bidegorriak hizkuntzentzat, Aitor Zuberogoitia (Elkar, 2005; Orr.: 94)]

Indiferentzia adierazten du, bai kontatzen diren gauzen edo egoerarekiko, bai ondorio batera iristeko behar direnekiko:

(2.3)

Liburu hau mikroskopio azpian jar daiteke. Leiarraren pean, bizitza aurkituko genuke, iraganaren jarioa amaigabeko ugaritasunez. Zenbat eta poro gehiago, zenbat eta bizitzaren egiazko xehetasun gehiago bildu paper zati bateko hazbete koadro bakoitzean, orduan eta literarioagoa izango zara. Neure definizioa da hori, dena den. Xehetasun adierazgarria. Xehetasun berria. Idazle onek sarri ukitzen dute bizitza. Erdipurdikoek arin pasatzen diote eskua gainetik. [Farenheit, Ray Bradbury / Nagore Tolosa (Txalaparte, 2010; Orr.: 126 )]

(2.4)

Etsi-etsian nik neuk joan beharko, batez besteko ahots ez-besteratu honek. Adorerik baldin badut. Baina zuek esango didazue, Amaia, Jon, zer-nolako animoa izan dezakedan aurten ere Getarian Ketariratzeko, noiz-eta, autezkundeen bezperan bertan, 2007ko maiatzaren 26an. Demagun, dena den, banoala. Etxean tripak jaten nahiz txipak jotzen -eta etxekoak bide batez nardarazten- gelditzeak ere ez baitirudi oso parte oneko erabakia litzatekeenik. [Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008; Orr.: 408)]

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Tematizazioa:

Beheko adibide bietan, “dena den” lokailuaren erabilerak hizketagia aldatzea eta solasaldia garrantzizkoagotzat hartzen den gai berri batera berrorientatzea ahalbidetzen du:

(3.1)

Marik baiezko mutua ematen dio, gero zurrupada bat urari. -Eskolan zegoenean aldizkari-modelo gisa zebilen dagoeneko. Nerabeentzako aldizkariak, badakizu, neskatoentzako kontuak. -Bai -dio Kaoruk-. Ziur zama handia dela ahizpa nagusi hain deigarria izatea. Dena den, zertan dabil hemen zu bezalako neska bat gauerdian noraezean? -Ni bezalakoa? -Zera, badakizu, bistan da neska jatorra zarela. -Ez dut etxera itzuli nahi. [Gauaren sakonean, Haruki Murakami / Ibon Uribarri (Erein, 2009; Orr.: 73)]

Gai aldaketa gerta daitekeela ikusita, aurreko hizketagaiari berriro heltzeko ere balio du:

(3.2)

-Adibidez, hirugarren bizitzaren baitan nenbilela, bizitza horretan asebetetzerik ez neukan nahi edo desio batez jabetzen nintzen. Orduan, nahi hori asebetetzea eskatzen nion Behi Handiari, eta laugarren bizitzan murgiltzen nintzen. -Zergatik zakur bat? -Lehenengo bizitzatik desagertutako zerbait ezagutu nahi nuen, besterik gabe. -Beno, gaurkoz nahikoa izan dugu. Dena den, azkeneko galdera bat egin nahi dizut. Ondorengo bizitzak aurrekoak baino hobeak al dira? -Ez dakit, baina galdutzat jotzen duzun zerbait edo bizitzan lortzerik ez duzun zerbait eskuratzen duzunean, zoriontasun kolpe bat jasotzen duzu. [Istripuak, Agustin Arrieta Urtizberea (Alberdania, 2008; Orr.: 35 )]

Predikazioa komentatu:

Sarritan, aurreko formulazioan agertzen diren hitzak, iritziak, argudioak puntualizatzeko:

(3.3)

Batzuk eta besteak bat etorri dira esatean modu serioan tratatu dela maitasuna eta maitemintzea, eta ez dela egin melodrama sentimentaloide eta erromantikozalea. Bestalde, oso pozgarria da ikustea gero eta gehiago direla idazle gizonezkoak aitortzen dutenak beren lanaren ardatz nagusia maitasuna dela, eta berau izan dela gai nagusietarikoa literaturaren historian zehar. Dena den, emakume baten ahoan beste modu batera entzuten da egitate hori. Emakume batentzat maitasunaz ari dela esatea arriskugarria da, oso. Txotxolotzat hartuko zaituzte. [Zortzi unibertso, zortzi idazle, Ana Urkiza (Alberdania, 2006; Orr.: 206)]

Birformulazioak aurreko enuntziatuarekiko indiferentzia adierazten du eta esatariak harekiko enuntziztiboki nola kokatzen den agertzen du:

(3.4)

Liburu hau mikroskopio azpian jar daiteke. Leiarraren pean, bizitza aurkituko genuke, iraganaren jarioa amaigabeko ugaritasunez. Zenbat eta poro gehiago, zenbat eta bizitzaren egiazko xehetasun gehiago bildu paper zati bateko hazbete koadro bakoitzean, orduan eta literarioagoa izango zara. Neure definizioa da hori, dena den. Xehetasun adierazgarria. Xehetasun berria. Idazle onek sarri ukitzen dute bizitza. Erdipurdikoek arin pasatzen diote eskua gainetik. [Farenheit, Ray Bradbury / Nagore Tolosa (Txalaparte, 2010; Orr.: 126 )]

(3.5)

Beste bat, 1604an; eta egunez ikusi ahal izan zen izarra, haren distira handiari esker, hiru astez baino gehiagoz. Azkena 1987an gertatu zen: supernoba batek distira egin zuen Magallanesen hodei handian, baina Hego hemisferiotik soilik ikusi ahal izan zen, eta ozta-ozta gainera. Dena den, gugandik 169.000 argi-urteko distantzia lasaigarrira zegoen. [Ia denaren historia labur bat, Bill Bryson / Ixiar Iza (Elhuyar, 2009; Orr.: 50)]

Ustezko iritziei aurre hartu:

Aurreko egoeratik ez dela behin betiko ondoriorik atera behar adierazteko:

(3.6)

Erantzun horrek itxaropena eman dit, begitandu baitzait benetan ari zela, zintzoa zela. Orduan, gizon heldu bat etorri da. 'Zurekin mintzatu nahi dut'. Ez dit begiratu ere egin; bertan ez banengo bezala jarraitu du. Mingarria izan da. Etxera itzuli naiz. Dena den, bihar saiatuko naiz berriro. Begi-keinua egin dio gau-mahaitxoko argazkian agertzen den agureari. "Bihar saiatuko naiz". [Istripuak, Agustin Arrieta Urtizberea (Alberdania, 2008; Orr.: 9)]

(3.7)

Idazten ikas daiteke? Jorge Luis Borges-ek zioen idazteko trikimailuak ikasten dituztenak ez direla benetako idazleak. Idazteko premia sentitu egin behar dela... Ba, bai. Premiarena hor dago. Dena den, idazten entrenatu daiteke, eta entrenamendu hori bizitzako helburu bihurtu. Gola sartzen duen jokalaria bezain ona da bere herriko taldean txukun aritzen den futbolaria, nahiz eta egunkarietan aurrekoa agertu. Biek dakite futbolean, ordea. [Zortzi unibertso, zortzi idazle, Ana Urkiza (Alberdania, 2006; Orr.: 414)]

Ahots ezberdinak testura ekarri:

Oso ohikoa prentsan.

Hurrengo adibidean idazleak beste norbaiten ahotsa ez ezik beste birena ekartzen du: Lafuenterena eta Sayasena. Aurreneko formulazioan azaltzen diren gertakarietatik urrunketa bat edo enuntiatzailearen inplikazio eza adierazten du birformulazioak.

(3.8)

Sergio Sayas Hezkuntza Batzordeko UPNko bozeramaileak, NUPen kontrako posturari eutsi zion atzo: «IAk Segiren plataforma gisa jarduten duen arren, unibertsitatearen diru-laguntzak jasotzen ditu». Horrez gain, talde abertzale horri egozten zaizkion hainbat ekintza ere gogorarazi zituen: errektoretzan egindako itxialdiak edota unibertsitateko hormetan jarritako Segiren kartelak, besteak beste. Nolanahi ere, UPNk NUPekin duen konpromisoari eusten diola berretsi zuen Sayasek. Dena den, Lafuentek argitu zuenez, Sayasek aipatutako ekintzak «isolatuak» dira. [UPN bakarrik geratu da NUPeko istiluengatik egindako kritiketan, N. ELOLA, 2010-02-11]

Aurreneko formulazioan azaltzen den gertakizuna komentatzen du birformulazioan eta indarra emateko besteen ahotsak ekartzen ditu testura hitzez hitz:

(3.9)

Muina, bada, curriculum dekretuak Euskal Herria terminoaz emandako definizioan dago; bertan, «Euskal Herriaren ikuspegi propio eta espezifikoa» lantzea jotzen da helburutzat, eta Euskal Herria zazpi lurraldeek osatzen dutela xedatzen da. Epaiak, jurisprudentzia aipatuz, Euskal Herria terminoa erabiltzea Zuzenbidearen araberakoa dela berretsi du, eta dekretuan ageri den definizioa Gernikako Estatutuaren lehen eta bigarren artikuluekin bat datorrela argudiatu du. Dena den, kontzeptuak «zama ideologikoa» duela erantsi du: euskaraz hitz egiten den lurralde esparruaz mintzatzeko ez ezik, «juridikoki eta administratiboki Euskal Herria sortzeko borondatea» ikusten du epaiak kontzeptuaren erabileran. ['Euskal Herria' terminoa ezeztatu dute, Nafarroa barneratzen badu, MAITE ASENSIO, 2010-02-04]

Albiste bat azaltzen du eta eskaintzen dituen datuen gainean beste norbaitek egiten duen iruzkina ekartzen du testura birformulazioan:

(3.10)

Iruñea. 2001etik, zenbatzen hasi zirenetik, behera egin du etorkinen kopuruak Iruñean. Iaz 2008an baino 58 etorkin gutxiago zeuden erroldatuta. Abenduan, 25.211 atzerritar zeuden Nafarroako hiriburuan erroldatuta; biztanleria osoaren %12,66, alegia. Dena den, Fermin Alonso Iruñeko Udaleko soziologoak jakinarazi duenez, iazko azken seihilekoan aurreko urteko epe berean baino 166 etorkin gehiago zegoen. [Behera egin du Iruñean bizi diren etorkinen kopuruak, 2001. urtetik lehen aldiz. Erredakzioa. 2010-02-09]

Lehendakariak esandakoaren gainean xehetasun bat gehitzen du baina es albistearen idazleak berak egiten duen iruzkinaren bitartez, baizik eta lehendakariaren hitzak bere horretan berreskuratuta:

(3.11)

PPrekin hitzartutako idatziari dagokionez, «ondorio guztien gainetik hitzarmenari eutsiko diogu», akordio horrek «aldaketa ekarriko baitu», Lopezek adierazi duenez. EAJri ordea, Jaurlaritzan hartu duen jokabidea finkatzeko eskatu dio, «eta gero bere jarreraren araberako ardurak bere gain hartzeko». Hala ere, EAJrekin akordioak egiteko prest dagoela gaineratu du lehendakariak «baina lehenago dauzkan ardurak benetan hartzen dituela jakin behar dugu». Dena den, bere posizioa edozein izanda ere, haiekin «ongi ulertu nahi» duela azpimarratu nahi izan du Lopezek, Bilbon egin duen agerraldi publikoan. [Lopezek dio zentsura mozioa ez dagoela baztertuta, ERREDAKZIOA, 2009-07-17]

Konklusioa:

Aurretik egiten den hausnarketaren ondorio gisa edo.Argumentazioarekin jarraitzeko asmo eza erakusten du.

(3.12)

Biak gainbeheran dira, eta desagertzeko mehatxua dute buru gain. 2007ko bozetan, lau eserleku izatetik bi eserleku izatera igaro ziren; Navarrometro-ak, berriz, NEBi bi eserleku iragartzen dizkio, eta CDN Parlamentutik kanpo geratuko dela aurreikusten du. Ahul egonagatik, bi alderdi horien botoek berriro ere bigarren indarra izateko aukera eman diezaiokete PSNri. Dena den, joko horretan sartzeko prest egongo al dira? [Ezer alda ez dadin PSNren aldaketa, JOXERRA SENAR, 2010-01-20]

(3.13)

Errespetua zor dizuet zuei. Eta begirunea neure buruari. Probidentziaren kontua, mentalitate superstizioso edo erlijiosoaren arabera. Kasualitatea, kasualitate dislexiko nardagarria, niretzat. Kausalitatea nire oso hurbileko benetakoarentzat ("gaizki idatzia zenuen seinale: bihotza falta zitzaion, seguru aski"). Dena den, ez zuen piperrik ere balio. [Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008; Orr.: 255]

Desadostasuna edo gaitzeste kutsua erakutsi:

Aurreko formulazioan azaltzen den gertakaria zuzentzeko asmo eza banarmentzen du birformulazioak:

(3.14)

Jose Mourinhoren taldearen aurka gainditu beharreko azterketaz gain, zaleen azterketa ere gainditu beharko du. Azterketa bikoitza dauka entrenatzaileak. Azken emaitza txarren ostean, giroa erabat gaiztotu da. Aste honetan entrenatzailearen eta presidentearen aurkako pintaketak agertu dira Taxoaren. Camacho ohituta dago txistuak entzutera, baina, emaitza onik lortu ezean, ohi baino ozenago entzun ditzake gaur. Dena den, entrenatzailea ez da saiatu adierazpenekin giroa baretzen. [IZENBURURIK GABE, ASIER LEGARDA-EREñO, 2011-01-30]

Beste ahotsen bidez baldin bada ere, birformulazioak aurreneko formulazioan azaltzen diren gertakizunak gaitzesten ditu:

(3.15)

Joan den asteartean hil zen, eta oraindik ez dute argitu nola; Salhaketa elkarteak heriotza gaitzetsi du. Erredakzioa Gasteiz. Joan den asteartean J.B. C. 31 urteko Gasteizko bizilaguna hil zen Langraizko kartzelan (Araba). Oraindik ez dute argitu zergatik hil zen, Salhaketak ohar baten bidez adierazi duenez. Dena den, elkartearen hitzetan, heriotza ez zen «naturala» izan. [Langraizko kartzelan preso bat hilda aurkitu dute, ERREDAKZIOA, 2009-01-03]

Aurreko enuntziatuan azaltzen denaren sinesgarritasuna zalantzan jartzen da birformulazioan.

(3.16)

Plutonistek, gainera, galdera deserosoak egiten zituzten; besteak beste, galdetzen zuten urak nora joaten ote ziren uholderik ez zenean. Uholdeetan Alpeak estaltzeko adina ur bazegoen, non arraio zegoen ur hori oraingoa bezalako aldi lasaietan? Sinetsita zeuden Lurrak, azaleko indarrak ez ezik, barruko indar sakonak jasaten zituela. Dena den, ez zuten lortzen behar bezala azaltzea txirlen oskolak mendi-tontorretan nola agertu ziren. [Ia denaren historia labur bat, Bill Bryson / Ixiar Iza (Elhuyar, 2009; Orr.: 76 ]

Kontrastea:

Aurreko enuntziatutik atera daitekeen inferentzia eta birformulazioan esaten denaren artean distantzia nabarmena dago.

(3.17)

Esan behar da, hala ere, izotza saihestea dela erantzun moten artean zabalduena, eta izotzari aurre egiteko moldaerak nolabait salbuespena direla. Intsektuen artean, dena den, izoztea nahikoa arrunta da zenbait koleoptero, diptero, himenoptero eta lepidopteroren larba eta pupetan; heldu gutxi batzuetan ere behatu izan da, baina inoiz ez arrautzetan. [Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011; Orr.: 68 )]

(3.18)

ETAren aurka egiteko polizia bidearen alde egin zuen Urkulluk. Baina onartu zuen, ETAz gain, izaera politiko jakin bat duen oinarri sozial bat ere badagoela, eta hori beste era batera tratatu behar dela uste du, ez polizia bidez. Une honetan, ETAren su-etenaren hausturaren ostean, Espainiako Gobernua egoerari tamaina hartzen ari delakoan dago EAJko EBBko eleduna. Dena den, hitz egitearen alde agertu zen. [IZENBURURIK GABE, ERREDAKZIOA, 2007-06-21]

(3.19)

-Barkatu, baina ba al dakizue non egin daitekeen lo herri honetan? Agureetako batek hondo gorrixka duten begi urdinez begiratu dio Ivani atseginez. -Gaizki zabiltza, gazte. Hemen lehen bazegoen hoteltxo edo ostatu bat, baina gobernatzen zutenek alde egin zuten. Dena den, badago jendea etxean turistak hartzeko prest dagoena. [Istripuak, Agustin Arrieta Urtizberea (Alberdania, 2008; Orr.: 127]

Justifikazioa:

Aurreko zatian azaltzen denari garrantzia kentzen dio eta neurri batean zuritu ere egiten ditu jokabide/neurri horiek hartzeko arrazoiak:

(3.20)

Izan ere, laster suaren eta hezetasunaren kontrako arropa hobeak jantziko dituzte ertzainek, besteak beste. Honaino dena ondo. Buruan izango den aldaketak eragin du kezka: txapelaren ordez bisera edo boneta jantziko dute poliziek aurrerantzean. Batzuek Lopezen gobernuak Euskal Herriaren sinboloen kontra daraman politikari lotu diote erabakia. Iñigo Urkullu EBBko buruak txapelari eustearen alde egin du, «oroigarri historikoa» baita. Dena den, ertzainen itxuraldaketak kalean dabiltzan agenteei baino ez die eragingo. [IZENBURURIK GABE, JOSE MARI PASTOR, 2010-06-26]

(3.21)

Pablo Jimenez Murillo Mapfre fundazioko kultura arloko arduradunak azaldu duenez, 20ko eta 30eko hamarkadetako errealismo berriaren barruan aztertu behar da Gutierrez Solanaren obra. «Pertsonaia bitxia sortu zuen artistak, artelanak egiteko. Okerrena transmititu nahi zuen, mingarriena, itsusiena, bortitzena, basatiena. Errealitatea ez zuen bere hartan jaso; errealitatearen alderik ilunena pintatu zuen. Baina ez zuen ezer asmatu, dena zen egiantzekoa haren koadroetan. Dena den, ez zuen gizartea kritikatu nahi, ez zuen zentzabiderik eman nahi. [Okerrena, mingarriena, itsusiena, IRUNE BERRO, 2007-02-13]

(3.22)

Eskuarki ahozabal samarrak izan ohi direnek ere ederki itxi zuten ahoa. Asko Orschwirengana bihurtu ziren, ustez eta, segur aski, alkatea diferentea zela eta hark erakutsiko ziela zer egin, nola jokatu, zer esan eta zer isildu. Orschwir, dena den, beste guztiak bezalakoa zen. [Brodecken txostena, Philippe Claudel / Itziar Diez de Ultzurrun (Igela, 2011; Orr.: 265]

Predikazioa komentatu:

Puntualizazioren bat egiteko:

(3.23)

Egia esan, ez dakigu hori erabateko segurtasunez; ezin dugu matematikoki frogatu. Zientzialariek jotzen dute ezin garela benetan unibertsoaren erdigunea izan -pentsa zer ondorio izan litzakeen horrek-, baina fenomeno hori berdina dela unibertsoaren edozein puntutan kokatutako ikusle guztientzat. Dena den, jakin, ez dakigu. [Ia denaren historia labur bat, Bill Bryson / Ixiar Iza (Elhuyar, 2009; Orr.: 30 )]

(3.24)

«Etorkizunean kaudimen handiagoko kutxak izateaz ari gara, lan egiten duten lurraldeen garapenaren alde gehiago egingo dutenak, eta hazteko eta ezartzeko ahalmen handiagoa izango dutenak». Irizpide horiekin bat datorren beste edozein finantza erakundek tokia izango luke bat-egitean, Etxepareren arabera. Legeari jarraituz, dagoeneko posible da bi erkidego ezberdinetan egoitza duten aurrezki kutxak elkartzea. Horretarako, dena den, bi gobernuen oniritzia beharrezkoa litzateke. [Bat-egiteari eutsi eta beste kutxa batzuei zabaltzeko aukera aipatu du Etxeparek, IVAN SANTAMARIA, 2007-04-17]

(3.25)

Lehen itzulikoa berdintzea zaila izango da, baina nik uste dut antzeko emaitza lortzeko aukera badugula. Errekopa sari baten modukoa izan dela erran du Juanto Apezetxea entrenatzaileak. Iritzi bera duzu?. Partidaz partida egin behar dugu aurrera. Hori argi daukat. Aurkariari buruz, egia esan, gauza handirik ez dakigu. Talde sendoa behar du izan, dena den, bestela ez litzatekeelako txapelketan izango. [IZENBURURIK GABE, EDURNE ELIZONDO, 2011-02-18]

Azalpen bati xehetasunen bat gehitzeko:

(3.26)

Horregatik, eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistako muturrekoenen mesedeari euste aldera, batzorde hori desagertzea jarri du baldintza gisa alderdiak Barne eta Justiziaren gaineko eskumenetan akordioa lortzeko. Orangeko Ordenaren historia antzinatik dator. 1690ean, Gilen Orangekoa printze protestanteak Jakue II.a errege katolikoari irabazi zion, Boyneko batailan, eta hortik datorkio izena ordenari. Dena den, erakundea bera, ehun urte geroago sortu zuten, 1795eko irailean. [Gilen erregearen ondarea, A. E, 2010-01-30]

(3.27)

Kontu handiz egin beharrekoa. Transplantea ondo atera dadin, baina, badira kontuan hartu beharreko bestelako neurriak ere. Besteak beste, obulua ematen duen emakumearen eta enbrioia jasoko duenaren ziklo hormonalek sinkronizatuta behar dute egon. Busterrek eta haren taldeak ez zuten lehenengotik lortu. Aurretik 46 transplante egin zituzten erabat asmatu arte. Dena den, teknika hori lehendik ere erabiltzen zen, baina soilik animalietan. [Bizitza sortzeko beste bide bat, ARANTXA ELIZEGI, 2009-02-04]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Balio semantiko-enuntziatiboaren ikuspegitik, markatzaile hau kontsesiozko lokailuen artean sailkatzen bada ere (EGLU III) ez da benetako kontseziorik egiten, edozein konzesiorako indiferentzia bideratzen duelako (Larringan, 1996:189).

Ikuspegi enuntziatibotik lehendabiziko formulazioan egiten den baieztapena onartu egiten du, baina neurri batean bakarrik, bigarren formulazioan agertzen den aukera gogokoago moduan markatzen baita, eta azken honetatik ondorioztatu behar da diskurtsoaren zentzua.

(Ikusi balioak eta erabilerak)

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Bigaren formulazioan hizketa gai berriak sartzea edo aurreko hizketa gaiari buruzko informazio edo azalpen gehigarriak sartzea ahalbidetzen du.

(Ikusi balioak eta erabilerak)

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Aurreko zatian edo lehenengo formulazioan ematen den arrazoiaren argumentazio-indarra mugatzen du argudio berriei indarra emateko

Konklusio gisa erabil daiteke.

Zenbait kasutan onartu egiten du lehendabiziko formulazioan testuratzen duen autoritate argudioa, baina ez bere argumentazio horri indarra emateko baizik eta erdibideko argumentazio batera iristeko bigarren birformulazioan ematen den arrazoiarekin.

Gaitzeste kutsua ere har dezake. Birformulazioak aurrekoarekin bat ez datorren posizio edo ustea jar dezake agerian. Birformulatzaileak posizio berriari indarra emateko balio du.

Batzuetan argudio bat ematen da, baina jarraian hari atxiki beharrean, harekin kontrajartzen den argumentazio berri bat sartzen da birformulazioan.

(Ikusi balioak eta erabilerak)

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Forma:

Den (dan) adizki erlatiboa + -a mugatzailea

Adizki subjuntiboa (den)

Jatorria: Fosilizatutako bi perpaus

(EGLU III, 1990:116).

8. aurkibidera joan Aldaerak

Orotariko Euskal Hiztegia: http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&Itemid=340&lang=eu&sarrera=dena+den&view=frontpage&xeh=4

9. aurkibidera joan Baliokideak

DENA DELA

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Aurkaritzako lokailua (EGLU III, 1990:116).

Bi perpaus elkarrekin lotzen dituen gailu gramatikala, perpaus elkartu bat sortzen duena, eta bigarren perpausak aurrekoarekiko duen kontraste loturako erlazioa adierazten duena:

(10.1)

Litekeena da, noski, izaki estralurtarrek milaka milioi kilometro egitea Whiltshireko laboreetan zirkuluak eginez dibertitzeko, edo Arizonako errepide bakarti bateko kamioneta-gidaria ikaratzeko (estralurtarren artean nerabeak ere izango baitira), baina ez dirudi horretarako aukera handirik dagoenik. Dena den, hor barrena izaki adimendunak egoteko aukera nahiko handia da, estatistikoki. Inork ere ez daki zenbat izar dagoen Esne Bidean. Kalkuluen arabera, 100.000 milioitik 400.000 milioira bitartean dira. Gainera, Esne Bidea 140.000 milioi galaxietako bat besterik ez da, eta galaxia horietako asko gurea baino handiagoak dira. [Ia denaren historia labur bat, Bill Bryson / Ixiar Iza (Elhuyar, 2009, Orr.: 40)]

Dena den perpaus kontsezibo batean txertatuta dago. Lokailuak markatzen duen esaldi (menperatua) esaldi nagusiko ekintza betetzeko eragozpena da

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIA] http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&view=frontpage&Itemid=340&lang=eu

dena den.

2. Sea como sea, con todo, de cualquier forma, en cualquier caso. (Gralmte. aparece en cabeza de la oración). Tr. Documentado en autores septentrionales, no suletinos, desde mediados del s. XIX; hay ejs. en prácticamente todos los del s. XX. Al Sur sólo lo emplean algunos autores de la segunda mitad del s. XX, como Ibiñagabeitia (Virgil 70). No aparece concordando en tiempo sino en algún ej. moderno aislado.

Ez othe daoke ere dena den, Yainko bat urre eta zilhar zalea, hainbertze neskato beharra bere mainatzeko...? Hb Egia 66. Dena den, gure gizona daukagu ez lezakela nor nahik errexki sal eskuaraz, bera ohartu gabe. HU Aurp 191. Halakoek ez dakite norat abiatu nintzen. Ez nakien nik ere. Dena den, handik higitu behar zen. StPierre 16. Dena den, ene Jainko maitea, ori, xangre edo ez xangre, ene min hau balinbadoakit [...] botu egiten dut sekulan ez gehiago ez dutala belharrik pipatuko! Barb Sup 34. Ez dakit amak ontsa hartzen zauzkitanez solas harrosko horiek [...]; dena den, irriño batekin entzun ninduen bururaino. JE Ber 36. Ez dakit Zanpagarai jaunak larderia sobera egin zion, ala mahainean ez aski maina, ala egiaren amodioak mintzarazi zuenetz, dena den [...] ororen salhatzerat ausartatu zen. Lf Murtuts 5. Euskaldunen edo Bretoinen artean egoiten naizen aldikal, herri minoritaten baithango fedea galtzen dut. Dena den, uste dut [...] lan zerbait egin behar gendukeela. Mde Pr 62. Dena den, ez duka beraz hire iduripenik, nork egin duen hemengo krima hori? Larz Senper 26. Dena den, gauza segurra da emeki erregearen estimuan biziki gora joan zela. Ardoy SFran 47. Nahiz ez diren agrados / holako errekontruak, / dena den ez nau garhaitu / aldi huntako guduak. Xa EzinB 29. Ez dut uste iritzi hori zuzena denik, baina, dena den, badu dudarik gabe erro sendorik. MIH 391s. Gaia, bada, aukera beza nork bere gogara eta oldera, dena den bere lana probetxugarri izan daitekeelakoan. MEIG III 76. (Concordando en tiempo). Baina eten horrek, zena zen, ez zuen luzaroan hondargabeko osinik zabaldu. MEIG IV 74.

Eta, jatorrizko bekatu honetaz dena den, gurea ez zen sekula sortzaileak gogoan zuen mailara heldu. MEIG IX 25.

3. Sea quien sea, sea cual sea. Dena den Eskalduna, han [pilota yokoan] ungi agertzen. Hb Esk 217. Erri bat, edo gudarozte bat, edo lapurrak, edo ebasleak, edo bestetariko edonor, dana-dan zerbaitetarako batera zuzenbage ioateko daitezenean. Zait Plat 146. Nik ez dut uste Barrutiari edo dena denari zeruko argia hartu eta tximistak jota bezala gogoratu zitzaionik [...] obra hori egitea. MEIG IV 63. Delako mea, dena dena, gipuzkoarrei kentzen zietela [...] uste zuten hauek. MEIG V 78. Oinarrizkoena ez da hemen, ezin daiteke izan, hizkuntzaren muina (dena den hau), baizik [...] axalaren axala. MEIG VI 127. Utzi dezagun bertan behera forma honek eutsi-rekin izan dezakeen zerikusia [...]. Besterik baita orain dihoakiguna: aditza dena den, iragangaitza dela. Ib. 193. Beste zerbaiten mende baldin bagaude (hizkuntzaren mende, alegia, "hizkuntza" dena den). MEIG VII 28.

[EUSKALTZAINDIAREN HIZTEGIA]

Dena den lok. Nolanahi ere. Ik. dena dela. Ez dakit amak ontsa hartzen zizkidanentz solas harroxko horiek; dena den, irriño batekin entzun ninduen bururaino. Jon ongi prestaturik dago lanerako; dena den, guztia beharko du lanpostu egokia aurkitzeko.

[EGUNGO EUSKARAREN HIZTEGIA]

dena den aurreko esaldian adierazten dena gorabehera, eta hura osatuz, esaten denari laguntzen dion esapidea. ik nolanahi 4.

12. aurkibidera joan Posizioa

Formulazio berriaren hasieran:

(12.1)

Racheli esan nion egunak zenbaturik neuzkala, baina bere mutur-sartze eta aholkuari beroaldian emandako ihardespena baizik ez zen izan, ahoberokeriazko ateraldi hutsa. Nire birika-minbizia aienatzen ari zen, eta azken azterketaren ostean onkologoak esandakoaren arabera, bazen baikortasun zuhur baterako arrazoirik. Dena den, horrek ez zuen esan nahi mediku harekin fidatzen nintzenik. Minbiziaren kolpea hain izan zen handia non artean ere ez bainuen sinesten bizirik ateratzeko aukeran.. [Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana (Alberdania, 2006; Orr.: 10 )]

Zati birformulatzailearen amaieran

(12.2)

-Ez zait axola -esan zuen Charliek-. Sar dezala nahi duen tokitik lan kirasdun hori. Aurkituko dut beste bat. Dagokion tokian jarri duzu "kaikutzar azken putz" hori, egoki eta zuzen. Eta, guk, Bertha geureganatu dugu. -Non da txakurra, dena den? -galdetu zuen amak. -Erakutsiko dizut -esan zuen Charliek. Molly etorri artean itxaron genuen, eta orduan, denok batera abiatu ginen Ford's Cleave basorantz. Etxolara hurbildu ahala, Bertha aditu genuen uluka. Charlie joan zen arineketan aitzina eta atea zabaldu zion. [Peaceful soldadua, Michael Morpurgo / Mirentxu Larrañaga (Alberdania, 2006; Orr.: 65 )]

Bigarren formulazioaren erdian, aposizio gisa:

(12.3)

Gobernutik azaldu dutenez, azken egunotan ehunka dei jaso dituzte Osasun Publikoaren Institutuko telefonoetan, legeari buruzko argibideak eskatuz. «Gauzak ez daude argi. Horregatik, lehenengo eta behin informazioa zabaltzea da Gobernuaren asmoa», erran dute prentsa bulegotik. Lehenengo informazioa banatu, eta gero legea betearazi. Horixe da Gobernuko kideen asmoa. Adingabekoen esparruan, dena den, arretaz jokatu nahi dute [Informazioa zabaltzea da Nafarroaren lehentasuna, EDURNE ELIZONDO, 2006-01-06]

Juntagailuren baten ondoren / Juntagailu eta lokailuekin batera (“edo, dena den”, “baina, dena den”)

(12.4)

Horrelako gizarteetan, beraz, elektrizitatea ezinbesteko kontsumo-gai bilakatu da. 1.1.1 Elektrizitatea produktu gisa Hasiera batean, energia elektrikoa ekoitz, garraia, sal eta kontsumi daitekeen beste kontsumo-gai baten gisara har dezakegu, marrubien edo oinetakoen antzera. Baina, dena den, erraz ohartu gaitezke oso ezaugarri bereziak dituela kontsumo-gai honek. [Energia elektrikoaren sistemen analisia eta operazioa, Gómez Expósito, Antonio (koord.) (EHU, 2010) 1. Kapitulua]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Aurreko perpausetik puntuaz bereizita eta atzetik koma:

(13.1)

Bazekien, beraz, tarteka, benetan inportantea denaz beste zerbaitetaz ere hitz egiten. Nahiz eta betiko zalantza epistemologikoak bere horretan iraun, kasu honetan ere: zein ote Julenentzat huntaz, eta zein huntaz, eta zein huntaz... Ez da galdera batere erantzuten samurra, ez pentsa. Dena den, aurten bai. Julen Errasti baletor, hainbat hobe, esan bezala. Baina ez badator ere -seguru asko ez baita etorriko-, tarte bat aurkitu behar dut gure Alec Reiderekin hartaz hitz egiteko. [Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008; Orr.: 411)]

Perpaus batean koma artean txertatuta:

(13.2)

Karga-fluxu bat aurretik egin bada, eta sistemaren egoera-aldaketak txikiak izan badira, prozesua aurreko kasuko emaitzekin abiaraz daiteke. Aurrekoa bereziki da erabilgarria oinarri-kasu beretik abiatuta hainbat perturbazio analizatzen direnean (ikusi 7. kapitulua). Eskarmentuak erakusten du, dena den, itxuraz emaitzatik hurbil dauden baina arbitrarioak diren balioak erabiltzeak emaitza okerragoak ematen dituela profil lauak baino. [Energia elektrikoaren sistemen analisia eta operazioa, Gómez Expósito, Antonio (koord.) (EHU, 2010) 3. Kapitulua]

Aurreko perpausetik puntu gehi komaz bereizita, eta atzetik koma:

(13.3)

A ze aurpegia jarri behar duten alderdiko handi-mandiek maritxu alu bat bidaltzen diedala ikusita! -Ez ilusio handirik egin, Ibarra. Beraz, astebete barru... -Astebete barru. Igande goizean seguruenik. Jakinaraziko dizkiat tokia eta ordua; dena den, hitzordua zehaztu baino lehen, gauzatxo batzuk ditiagu egiteko. Lehenik eta behin, argazkiak egin behar dituk. -Argazkiak? -galdetu nion. -Argazkiak, bai. Dozena erdi bat. Bihar bertan egitea onena. Hire fitxa egiteko nahiko ditiztek, edo, auskalo, orain espioi lanetan arituko haizenez, nortasun agiri faltsuak egiteko. [Eguzki beltzaren sekretua, Alberto Ladron Arana (Elkar, 2004; Orr.: 26)]

Perpausaren bukaeran, koma aurretik dela:

(13.4)

Apustu egingo nuke orkatilako minez zaudela. Aurreraka horrela estropezu eginda... -Hobe dugu arin ibili -esan zuen, korridorean oinez abiatuta-, berandu iritsiko zara zure lehenengo eskolara. -Nahiago dut berandu ibili zu sufritzen ikusi baino -esan nion-, eta non duzu mina, dena den? Esan besterik ez duzu, belaunikatuko naiz eta... -Gela berean gaude, ikusten dudanez -esan zuen, nire programari begira-, Critchett andrearen gela. Seguru nago gustatuko zaizula, Allen. [Amorruaren ume, Jim Thompson / Miel Anjel Elustondo (Igela, 2009; Orr.: 26)]

Hitz-txanda baten hasieran eta komaz jarraiturik:

(13.5)

Nola egon daiteke horren ziur semearen existentziaz? Nolatan daki emakumeari dirua pasatzen ziola? Ez al duk estutu? -Norbaitek idatzi ziola zioen, gertatzen ari zena kontatzeko. -Nork idatzi zion? -Ez zuen esan nahi. Kurt Wallander gogoetatsu geratu zen. -Dena den, Kristianstadera joango gaituk -esan zuen-. Hango lankideek lagundu egin beharko zigutek. Gero neu arduratuko nauk Lars Herdin horretaz. Patruila auto bat hartu zuten. Kurt Wallander atzeko jarlekuan egokitu zen eta Näslundi utzi zion gidatzen. Hiritik urrundu zirenean Näslund azkarregi gidatzen ari zela jabetu zen. [Aurpegirik gabeko hiltzaileak, Henning Mankell / Juan Mari Mendizabal (Erein, 2009; Orr.: 176)]

Ohikoa ez den beste era honetara ere aurkitu izan da erabilitako corpusean (Landak egokitutako tresna):

Aurretik puntuazio komarik gabe, perpausaren bukaeran:

(13.6)

Urdin turkesaz margotutako antxoa-lata xarmanta zen eta aulki bat, zorionez, bazegoen libre; beraz, egun hartako berriak irakurtzeari ekion zion. Iberoamerikako III. Gailurra Bahia de San Salvadorren bildurik zegoen, eta zenbait agintariren hitzak jasotzen zituen egunkariak. Albisteak ez zeukan -Migelendako, bedere- aparteko interesik, baina irakurri egin zuen dena den. Paz Zamora Boliviako lehendakariaren ustez Gero eta zailagoa ari zen bihurtzen Kubaren aldeko elkartasuna. Alberto Fujimorik, bertzalde, Abimael Guzman Sendero Luminoso erakundeko aitzindaria aipatzen zuen, Ahal izanez gero tiro bat emanen ziola aitortzeko. [Chevrolet tropikala, Rafa Egiguren (Susa, 2007; Orr.: 159)]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Diskurtsoaren ikuspegitik koordinaziozko egiturak dira; nominalizazioen presentzia konstata daiteke; Galdera markak; Subjuntiboera agertzen da; Halaber inperatiboa.

Juntagailuekin batera:

  • BAINA adbersatiboaren ondoan, aurkaritza zuzena adierazteko (EGLU III: 120 or.).
  • ETA juntagailuarekin batera oso gutxitan agertzen omen da, baina ez dirudi ezinezkoa (EGLU III:120 or.), emendio edo hautakaritza adirazteko. Horrelakoetan dena delak kontsezio kutsua hartzen du.

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Corpusaren arakatzaileak ematen dituen arabera, nabarmentzekoa da prentsan eta Zientzia eta Teknikako testuetan duen agerpen handia.

Dena den

 agerpenakmaiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

18

1.80

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

465

8.45

Jatorriz-koak

5715

16.00

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

430

10.48

Itzulpe-nak

2079

7.72

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

655

26.20

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

757

7.07

B1a. EPD liburuak

701

6.87

B1b. EPD prentsa

2302

21.92

B2. ZT Corpusa

1651

25.01

C1. ETBko dokumentalak

76

15.20

C2. Goenkale corpusa

739

6.71

denera

7794

12.45

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

Oso ohikoa da sarean kontsulta daitekeen corpuseko testuetan: literatura, ZIO, prentsa, Goenkale, etabar.

Maiztasun handiarekin agertzen da idatzian eta oso ohikoa da ahozko solasaldietan ere.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

gaztelania

[Elhuyar]

sea lo que fuere, sea lo que sea, en cualquier caso, de todos modos, de todas formas/maneras, de cualquier forma/manera/modo; con todo, aun así

Euria egingo duela dirudi; dena den, aterkirik gabe kaleratuko naiz: parece que va a llover; de todos modos, voy a salir sin paraguas.

Dena den, ez zalantzarik izan zure alde egingo dudala: con todo, no dudes que te apoyaré.

frantsesa

[Elhuyar]

de toute façon, de toute manière

ingelesa

[Elhuyar]

anyway, in any case, even so

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

[OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIA] (http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&view=frontpage&Itemid=413&lang=eu)

dena den.

1. Tal cual es (son, era, etc.), tal y como es; (sentidos prop. y fig.), entero, sin mengua; (con verbos como zabaldu, luzatu, etc.), de par en par, cuanto es posible. (Relacionado con un elemento, expreso o no, de su propia oración, con el que concuerda en número; permite el uso del presente y del pasado). "(Leioa) dena-den zabaldu, abrir la ventana de par en par" PMuj. v. dena dela, den-dena. Tr. Se documenta primero en Pouvreau, pero no vuelve a encontrarse hasta la 2.a mitad del s. XIX, en que es muy frecuente entre los autores septentrionales; en el s. XX se encuentra tbn. en autores meridionales de cierto nivel.

Behar da emanen dudan kolpea hain xuxen den, non eztezadan erran ez geiagorik ez gutiagorik, dena den baino. SP Phil 359. Hortako hirriskatu nik ene bizia, / denaden Yainkoaren dohaina guzia. Hb Esk 69. Hainitz aldiz neskatxa dena-den egoten, / eta ez ifernuan ezkontzaz ematen. Ib. 179. Gerthatzen zaio hordi bati bezala arnotik ilkhitzean, direnak diren gauzen ikustea. Hb Egia 14. Beraz, hobeki eginen nian utzi banitu Lehenbizkaitar hoiek, zirenak ziren, berak beren hauzoko aranen biltzera. Elzb PAd 38. Balinba tripot hori, / dena den, hoin gizen, / sudurretik dilindan / balitzaik gelditzen! Zby RIEV 1908, 772. Egiazko Erlijioneaz kanpo, zenbat duda, zenbat ilhunbe eta, dena den erraiteko, zenbat errokeria! Lap 5 (V 5). Legea dena-den eta bere larderia guziarekin agertzen. Arb Igand 70. Mill-Hill-go misionestgaitegia desterratu gaxoeri, zena zen, zabal zabala ideki zitzaioten. Prop 1906, 54. Hirur egunetarik, osoki, dena den, / astoa du bakotxak beretzat ukanen. Ox 94. Atea iotzen ez dugu lanik, / dena den dago zabala. In Or BM 66n y Eus 143. Aurpegiz ikusko du / denez, ez dena den (todo cuanto es, comprehensivamente). "Tal cual es, no todo cuanto es". Or BM 66. Dena den luzatuz. Or Eus 149. Betiraunetik une berean / nabari dizut dena-den. SMitx Aranz 169. Aithortzen baduk berehala dena den, tribunala eztiago hukek hiretzat. Larz Senper 66s. Marti(t)z egun har badezagu oinarritzat, ez dugu genitibo bat baizik behar, latinezkoa bera, dena den euskaraz hartua. MEIG VII 96.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus