Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Ines Garcia Azkoaga
DENA DELA

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > urruntzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulatzaile den aldetik, bere funtzio nagusia da solaskideen arteko elkarulertze arazoak gainditzea eta haien arteko harremana gidatzea.

Birformulatzaileen sailean kokatzen den arren bere zeregina ez da aurreko enuntziatua parafrasi baten bidez beste era batera esatea; diskurtso-markatzaile honen erabilerak aurretik sortutako formulazio batetik urruntzea ahalbidetzen du; aurreko enuntziatutik atera daitezkeen inferentziak mugatzen edo berrorientatzen ditu. Oro har, ikuspegi enuntziatiboaren aldaketa jartzen du agerian, eta alde horretatik, ez-parafrastikotzat hartzen da.

Oro har, lokailu honek markatzen duen esaldi menperatua esaldi nagusiko ekintza betetzeko eragozpena da.

Markatzaile hauekin bigarren formulazioa nabarmenduta geratzen da eta lehenengo formulazioaren garrantzia apalduta geratzen da. Bigarren proposizioak lehenengoaren indarra mugatzen du.

Interpretazio egokia diskurtsoaren bigarren formulazioan oinarrituta egin behar dela adierazten du markatzaileak.

Diskurtsoari dagokionez erabilera anitz bereganatzen du: solasaldia berrorientatzea, garrantzizkoena azpimarratzea, zerbait argitzea, gaia aldatzea, kontrastea nabarmentzea, adostasuna edo desadostasuna erakustea, e.a.

Lehenengo formulazioa:

Birformulakizuna

Izan ere, erantzun horrek bere aldeko bi argudio ditu: lehenik, nire urdaila horren irrikan dago, eta, bigarrenik, zoriontsu egingo dut aitatxo; kontrako erantzunaren alde, berriz, argudio bakarra dago, alegia, amatxo zoriontsu egitea.

Azalpena: atal birformulatzailea

Dena dela, nahiago nuke goizean ohetik jaiki orduko, bihotza erdiraturik sentitu beharko ez banu.

Adibideak:

Hasierako enuntziatutik atera daitezkeen inferentziak mugatu eta birrorientatzen dira adibide honetan. Aurreko enuntziatua ezeztatu gabe, garrantzia galtzen du eta bigarren enuntziatuan jartzen du indarra:

Esatariak eragozpen bat jartzen dio aurreko enuntziatuan esaten denari. Aurreko formulazioaren muga markatzen du; nolabait, handik atera genezakeen ondorioa egiaztatzeko eragozpenen bat ere badagoela adierazten du: Aita-ama zoriontsu egingo dituen arren berak bihotza erdibiturik jarraituko du. Eta hori da, azkenean, nabarmenduta geratzen dena.

(2.1)

Izan ere, erantzun horrek bere aldeko bi argudio ditu: lehenik, nire urdaila horren irrikan dago, eta, bigarrenik, zoriontsu egingo dut aitatxo; kontrako erantzunaren alde, berriz, argudio bakarra dago, alegia, amatxo zoriontsu egitea. Dena dela, nahiago nuke goizean ohetik jaiki orduko, bihotza erdiraturik sentitu beharko ez banu. [Jaiotze markak, Nancy Huston / Iñigo Errasti (Alberdania, 2009)]

Beheko adibidean, aurreko enuntziatuan esaten denaren garrantzia ezabatuta geratzen da:

Mutilak arazoak eragiten ditu, baina zorionez arazo horiek ez dira gaindi ezinak. Kasu honetan dena delak leundu egiten du lehenengo enuntziatutik atera genezakeen ondorioa, garrantzia kentzen die handik atera daitezkeen ondorioei eta arreta beste zerbaitetara bideratzen du.

(2.2)

-Madarikazioa! -orro egin zuen disimulurik gabe-. Zer mila arraio gertatu da? -Ohartuta zeunden -erantzun zion Luthek erbinudea lasaitu nahian ferekatuz-. Banengoen ba ni, mutil horrek arazoren bat ekarriko zigula. -Dena dela, hau oztopo txiki bat besterik ez da. Gure planak apur bat aldatu eta kitto [Gerlari zuria, Joanes Urkixo (Elkar, 2004; Orr.: 37)]

Hurrengo adibidetan, aurreko zatian azaltzen den egoerarekiko indiferentzia adierazten du birformulazioak:

(2.3)

Ezkutatzeko ahalegina izan zitekeela pentsatu dut. Aurretik doazen lekunberritarrek zalantza egin dute tupustean bidera atera zaien hondartzako sarrerarekin topo egitean. Atzera so egin dute, amaren bisaiaren bila. Amak Mateori so egin dio laguntza bila. Mateok sorbaldak altxatu eta baiezkoa egin du. Ezezkoa egin zezakeen moduan. Dena dela, berdin du. Sekreturen bat baldin bazegoen, joana da. Eta errautsak haizatzea egite hutsala da, zentzu gabezia ia. Hondarretan sartu gara. Denok ere deseroso gabiltza. Harea sartu zait zapatetan. Kentzea pentsatu du, kuzkurtu eta guzti egin naiz, baina nire irudia zapata takoidunak eskuan irudikatzeak atzenarazi nau. [Tragediaren poza), Juanjo Olasagarre (Alberdania, 2008; Orr.: 221)]

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Tematizazioari lagundu:

Hizketagaia aldatzea ahalbidetzen du markatzailearen erabilerak; haren bidez orientazio berria har dezake bigarren zatiak:

(3.1)

-Euskal alaba, orain zenuke tragedia bat zer den egiaztatzeko aukera. Zure aitaren eta nire arteko aurrez aurreko bat, errua eta alegrantzia, iragana eta oraina, techne eta tyche, ausa eta halabeharra anabasan, gatazkan, bizitzen... -Barrutia, alde hemendik. Dena dela, nork jo zaitu? Ahoskatzearekin bat, Barrutiaren amarruan erori naizela ohartu naiz. -Zure gurasoak bezalako batzuk, zu bezalako batzuk, beharbada. -Eta ez zaitu defendatu? -seinalatu diot Kaskamotza. [T (tragediaren poza), Juanjo Olasagarre (Alberdania, 2008) ]

Predikazioa komentatu:

Aurreko enuntziatuaren garrantzia eta handik atera daitezkeen ondorioak mugatzen ditu birformulazioan zehazten denari garrantzia emateko.

Zehaztapen bat gehitzen da irakurleari esandakoka modu egokian interpretatzen laguntzeko, eta baita egilearen beraren erabakiak nolabait zuritzeko. Esatariak aurretik esandakoarekiko enuntziatiboki nola kokatzen den agertzen du:

(3.2)

XVII. mendekotzat jotzen da, eta "Viva Jesus" izenez ezagutzen da (in Mitxelena 1954: 92): -Birtute esperanzakoa zer da? Saio honetara ekarri ditudan izkribu zaharretako ortografia gaurko joeretara egokitu dut irakurlearen lana errazte aldera. Dena dela, kontuan eduki ditut euskalkietako eta garaian garaiko bereizgarriak. [Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005)]

Ustezko iritziei aurre hartu:

Aurreko egoeratik ez dela behin betiko ondoriorik atera behar adierazi:

Markatzailearen eraginez, bigarren zatia nabarmenduta geratzen lehenengoaren gainetik informazio garrantzitsuena azpimarratuta geratzen delarik.

Hasierako formulazioak uste okerretara eraman gaitzakeenez, informazioa osatu beharra dago bigarren enuntziatuaren bitartez. Bestalde, nolabaiteko kontrastea ere ezartzen da bi enuntziatuen artean:

(3.3)

Esate baterako: nere gabe nire, eta artzai, arrai, usai, ipui, izoki gabe artzain, arrain, usain, ipuin, izokin. Handik lasterrera, 1918an, hizkera eredu horretan idatzi zuen Ardi galdua kontakizuna, eta honen amaieran ere (145-159. or.) euskara giputzari egin beharreko aldakuntzez eta hobekuntzez mintzatu zen. Dena dela, Gipuzkera osotua izenekoa da bere saiorik esanguratsuena (Azkue 1934-1935). Azkueren jokabidea ulertzeko, berriz, Hazparnen egindako hitzaldi bateko pasartea iruditzen zait egokia. [Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005)]

Ahots ezberdinak testura ekarri:

Aurreko enuntziatu batean jasotzen diren beste baten hitzak, puntualizatzeko.

Aipuan agertzen den enuntziazioa nola ulertu behar den argitzeko instrukzio esplizitu bati zabaltzen dio bidea:

(3.4)

Agoteren eta Amatriainen lorpena izan da munduari euskal kostaldeko olatu erraldoien berri ematea. Agote, Amatriainekin batera, aitzindari erabatekoa da Europako olatu erraldoien bilaketan. Olatu handi hitzak aipatu, eta erronka hitza datorkio Agoteri. «Olatu handiak hartzea niretzat erronka bat da, atsegin handia sentitzen dut momentu horietan, naturarekin bat eginez eta eskaintzen dizkidan fruituez gozatuz». Argi utzi du, dena dela, olatu mota guztiak dituela gustuko, eta ez handiak bakarrik [Olatu erraldoien, MARCELO DIAZ, 2008-02-02, (prentsa)]

Beste baten hitzei sarbidea emateko, enuntziatutakoaren osagarri gisa:

(3.5)

Leverkusengo taldearen entrenatzaileak, Michael Skibbek, kanporaketa gainditzeko inolako aukerarik ez dutela esan zuen atzo, eta badirudi ezohiko jokalari askorekin zelairatuko dela Alemaniako taldea. Skibbek esandakoa ez du aintzat hartzen Zigandak, dena dela: «Seguru nago ez duela sinesten bere taldeak batere aukerarik ez duela” [Ondo hasitakoa ondo bukatzera, ASIER LEGARDA-EREÑO, 2007-04-12]

Konklusio gisa:

Sarritan, konklusio balioa bereganatzen du; ez du kontraesateko aukerarik eskuratzen.

(3.6)

Patxadari eusten saiatuz nor den azaldu dio, noren arreba, familian gertatu berri zaien zoritxarra jakinarazi dio, eta, daukan ahotsik gozoena jarrita galdetu dio ea, salbuespen bat eginda, utziko al dion anaiari berria pertsonalki ematen, beraiek jarritako baldintzak eta segurtasun-neurriak aldez aurretik onarturik. - Oso ulertzekoa da zure jarrera, eta behar duzun guztian laguntzeko prest naukazu -esan du zuzendariaren albokoak adeitsuki, Mertxeren itxaropena hauspotuz-. Dena dela, ez dut uste beharrezkoa izango denik. - Beharrezkoa ez? - Ez. Izan ere, goizeko albisteak entzunda, istripuan hildako bi bidaiariak gaur hemen bisita eskatutako berberak zirela ohartzean, funtzionarioek beraiek eman diote albistea zure anaiari, izango zuen interesa sumaturik. [Bizitza homeopatikoak, Xabier Mendiguren Elizegi (Susa, 2008; Orr.: 126 )]

(3.7)

Hasi zinenean bezala izango da, nolabait: elkarrekin lanean biok. – Gorde egingo dituzu? –Zer, bada? –Liburuak, zera. –Apopilotzat gordeko ditut, gordetzekotan. Grosrouvrek abisatu, eta zer asmo duen esan arte. Dena dela, ondo bitxia da zure lagun hori. [Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU 2005; Orr.: 66)]

(3.8)

Bere motxila handi bakarra fakturatzeko bost lagun besterik ez du aurretik. Daramaten maleta kopurua aztertu eta azkar joango dela pentsatu du. Errenkada bi daude Frankfurtera, eta aukeratzerakoan betiko zalantzak: ni hemen, azkarrago han. Ez du ematen, dena dela, alde handirik dagoenik. Motxila behearen gainean utzi du. -Tira, ama, itzul zaitezke, eta eskerrik asko ekartzeagatik. Ama Amets baino txikixeagoa da, ez oso, ile labur ondulatua xerloka horiz tindatua; neurrian, ez nabarmenegi. [Karonte, Asel Luzarraga (Elkar, 2005; Orr.: 144)]

Desadostasuna edo gaitzeste kutsua erakutsi:

Esaten denarekiko posizio ezberdinak markatzeko eta aldeak intensifikatzeko erabiltzen da.

(3.9)

Eta gogoan izan Peter Gordonen esperimentuak, zeinetan frogatzen baitzen haurrek mice-eater esaten dutela, baina sekula ez rats-eater, arratoien eta saguen antzekotasun kontzeptuala gorabehera, eta gurasoen hizketan horrelako hitz elkarturik izan ez arren. Haren emaitzek unibertsal zehatz hori morfologia-arauak burmuinean prozesatzen diren moduaren ondorio dela berresten dute, hots, flexioa eratorpenaren ekoizkinei aplikatuz, baina ez alderantziz. Dena dela, Greenbergenak ez dira adibiderik onenak Babel baino lehenagoko Gramatika Unibertsal neurologikoki baldintzatu baten bila aritzeko. [Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010; Orr.: 255)]

Justifikazioa:

Aurreko enuntziatuan agertzen den gertakari baten gaineko justifikazioa edo zuriketa egiten du:

(3.10)

Gaur bederatzi hilabete lortu zuen Osasunak azken aldiz Nafarroako Erresumatik at jokatutako partida bat irabaztea. Urteko lehen hilabetean etxetik at jokatutako azken norgehiagokan gorritxoak 0-2 nagusitu ziren Madrigalen, Juanfranen bi goli esker. Vila-realen zelaian irabazi ostean etxetik kanpo aritu den hamabi partidetan 11 galdu ditu eta bakarra berdindu Jose Antonio Camachok zuzentzen duen taldeak, dena dela, etxetik kanpo irabaztea asko kostatzen zaie talde gehienei, eta guri ere bai. [ASIER LEGARDA, 2010-10-31]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Balio semantiko-enuntziatiboaren ikuspegitik, markatzaile hau kontsesiozko lokailuen artean sailkatzen bada ere (EGLU III) ez da benetako kontseziorik egiten, edozein konzesiorako indiferentzia bideratzen duelako (Larringan, 1996:189).

(Ikusi balioak eta erabilerak)

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Tematizazioari laguntzen dio; besteak beste, hizetagai berri bat eta informazio gehigarriak sartzeko aukera zabaltzen du. Solasaldietan, bereziki, gaiaren birrorientazioari laguntzen dio.

(Ikusi balioak eta erabilerak)

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Aurreko zatian edo lehenengo formulazioan ematen den arrazoiaren argumentazio-indarra mugatzen du argudio berriei indarra emateko.

Konklusio gisa erabil daiteke.

Gaitzeste kutsua ere har dezake. Birformulazioak aurrekoarekin bat ez datorren posizio edo ustea jar dezake agerian. Birformulatzaileak posizio berriari indarra emateko balio du.

Batzuetan argudio bat ematen da, baina jarraian hari atxiki beharrean, harekin kontrajartzen den argumentazio berri bat sartzen da birformulazioan.

(Ikusi balioak eta erabilerak)

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Forma:

Den (dan) adizki erlatiboa + -a mugatzailea

Adizki subjuntiboa (den) + -(e)la menderagailua

Jatorria: fosilizatutako bi perpaus.

(EGLU III, 1990:116)

8. aurkibidera joan Aldaerak

DANA DALA, NAHIZ DENA DELA

[Orotariko Euskal Hiztegia] http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&Itemid=340&lang=eu&sarrera=dena+den&view=frontpage&xeh=4

dena dela (Lar, Añ (G), Dv, H); DANA DALA (Lar, Añ, H).

2. (G, AN, BN, S, R; H, Casve), dana dala (V, G). Ref.: A (dena, -dan-); EtxbaEib y Elexp Berg (dana dala). Sea lo que sea, sea como sea, en cualquier caso, de cualquier manera, de todos modos. (Relacionante entre oraciones, a veces con matiz adversativo; suele aparecer normalmente en cabeza de oración o tras baina). "Quoique ce soit (soit ce que cela est), du reste, après tout" H s.v. dena. "Sea lo que fuere; con todo, de todos modos. Dana dala, ni nere lenguan izango naiz beti. Dana dala, zeu nausi" Etxba Eib. "(En) définitive" Casve. v. dena den (2). Tr.Documentado al Sur desde comienzos del s. XIX y desde mediados del mismo siglo al Norte (cf. infra NAHIZ DENA DELA en Pouvreau). Es muy común en el s. XX, sobre todo al Sur. No lo hallamos entre los suletinos.

Zeren, nahiz dena dela, erregla jeneral bat da, etzaiela sekulan afekzionei athea hersi behar"Au demeurant". SP Phil 112 (He 114 gaiñerakoan). Gurekin dela / ez gera ezerren bildur, / naiz dena dela. GavS 16.

9. aurkibidera joan Baliokideak

DENA DEN, EDONOLA ERE

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Aurkaritzako lokailua (EGLU III, 1990:116).

Bi perpaus elkarrekin lotzen dituen gailu gramatikala, perpaus elkartu bat sortzen duena, eta bigarren perpausak aurrekoarekiko duen kontraste loturako erlazioa adierazten duena.

(10.1)

(...) Izan ere, erantzun horrek bere aldeko bi argudio ditu: lehenik, nire urdaila horren irrikan dago, eta, bigarrenik, zoriontsu egingo dut aitatxo; kontrako erantzunaren alde, berriz, argudio bakarra dago, alegia, amatxo zoriontsu egitea. Dena dela, nahiago nuke goizean ohetik jaiki orduko, bihotza erdiraturik sentitu beharko ez banu.(...) [Jaiotze markak, Nancy Huston / Iñigo Errasti (Alberdania, 2009) –EPD-]

Kasu honetan dena dela lokailuak aurreko perpausaren eta jarraian datorrenaren artean dagoen aldea markatzen du.

Dena dela perpaus kontsezibo batean txertatuta dago. Lokailuak markatzen duen esaldi (menperatua) esaldi nagusiko ekintza betetzeko eragozpena da.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

Hizkuntza kategoria edota deskripzioa testuaren ikuspegitik: TESTU ANTOLATZAILEA, kontsesiozko multzokoa (Larringan, 1966).

[OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIA]

http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&view=frontpage&Itemid=340&lang=eu

Dena dela (Lar, Añ (G), Dv, H), dana dala (Lar, Añ, H).

2. (G, AN, BN, S, R; H, Casve), dana dala (V, G). Ref.: A (dena, -dan-); Etxba Eib y Elexp Berg (dana dala). Sea lo que sea, sea como sea, en cualquier caso, de cualquier manera, de todos modos. (Relacionante entre oraciones, a veces con matiz adversativo; suele aparecer normalmente en cabeza de oración o tras baina). "Quoique ce soit (soit ce que cela est), du reste, après tout" H s.v. dena. "Sea lo que fuere; con todo, de todos modos. Dana dala, ni nere lenguan izango naiz beti. Dana dala, zeu nausi" Etxba Eib. "(En) définitive" Casve. v. dena den (2). Tr. Documentado al Sur desde comienzos del s. XIX y desde mediados del mismo siglo al Norte (cf. infra NAHIZ DENA DELA en Pouvreau). Es muy común en el s. XX, sobre todo al Sur. No lo hallamos entre los suletinos.

Jaten ezpadezu, illko zera naita ez [...]. Dana dala, ez det jango. Mg CC 209. Ez badute sendatzen zenbeit berehala, / irabazteko dute uzten dena dela. Hb Esk 205. Ez dut nik holakorik erran. Dena-dela, ez dut nahi, ene semea, gizonari bezala mintzo natzaitzunean, athera dezazun haur-solasik. Dv Lab 255. Ez ote zitzaion agian gogoratu [...] Italian baño obeto aditua izango zala eguzki aldian? Dena dela, erabaki zuan eguzki aldera juatia. Bv AsL 103. Diren bezala ere, Bilkura hoiek Frantzian, Espainian, Ameriketan, ja orok zerbeit egiten dute. Dena dela beti egina egin. HU Aurp 214. Dana dala, bere alderako ez da tontua. Moc Damu 25. --Ta zuk badakizu eroan deutsuen edo bere gurariz ioan dan? --Dana dala. Beti da txarto Sorterritik kanpora arerioakana ioatea. Ag AL 135. --Bixija galtzeko bide erraza be ixan leitekek. --Dana dala!... Ekarristak aiztua ta ikusiko yuagu. Kk Ab I 93. Ez diñat ukatuko ori ditekenik, erantzun zuen Iseak; baño, dena dela, itxi al nezan nik leioa egun artan! Or Mi 31. Gauza berbera bialtzerik eztanean, aren argazki edo erretratu bat. Eginbearra bete ondoren zuzenki itzuliko zaizute, dana dala. Ldi IL 129. Ez dakigu Borda-ttipiko Pattinek bere gisako litania batzu eman othe ziozkan [...]. Dena dela, hameka ehun libera ukan zituen, ondoko egunetan. Lf Murtuts 8s. Dena dela, ez da dudarik ondoko egunetan pilotari berri handi bat izan dezakegula. Zerb Azk 117. Ez dut egin gogo [...] eta dena dela, ezin publika nezake Herrian, ez bainaiz "persona grata" aldizkari hortako apezen artean. Mde Pr 57s. Baiña arrazoi zein arrazoi barik, dana dala nire urdail au etxagok geiago itxaroteko. Bilbao IpuiB 49. Guk ezkenuke gozatzeko indarrik edukiko. Baina dena dela, hobe da nolabait bizi izatea, ez inola ere bizi izatea baino. Arti Tobera 281. Antolatzaileari gogoratu zaio [...] Jainkoari ere behar zitzaiola eman berea; eman edo eskatu, ez dakit. Dena dela, artzainentzat bereziki eman izan zen egun hortako meza. Xa Odol 233. Ez dakit zenbat denbora eman duen han [...]: bi, lau, sei hilabete edo bi urte. Dena dela, buruan --sakelean ezpada-- novela bat duela etxeratu da. MIH 361. Zena zela, atzeraka egiterik ez zegoen. MEIG IX 138 (en colab. con NEtx).

C 215. Echta Jos 191. Iraola 139. Urruz Zer 144. Altuna 83. Alz Ram 115. Lab EEguna 92. Otx 35. Lek EunD 39. Eguzk GizAuz 76. Zait Sof 78. Munita 81. Etxde JJ 74. Txill Let 68. Erkiag Arran 55. SM Zirik 7. Vill Jaink 11. Osk Kurl 28. Onaind in Gazt MusIx 152. Ibiñ Virgil 95. Alzola Atalak 114. Lab SuEm 211. Uzt Auspoa 43, 120. Berron Kijote 48.

Eta dana dala iritzi oez, Trentoko Konzilioa ezkero, ezkonzak ez du balio [...] bi edo iru testiguren aurrean egiten ezpada. AA I 561. Ezen omen zen Gaskoiña, / batzuen ustez Normana: / Dena dela hortaz, [...]. Gy 128. Batzuek diote Ama zorioneko au Nazaretetik Kanara bizitzaz aldatu zala; besteak Nazaret iru orduz apart egiten zanean oraindik bizi zala; gai onetan dana dala, [...]. Lard 374. Gerokoen igarmen izkutu ortaz dana dala, badana besterik ez diteke ikusi. Or Aitork 322.

[EUSKALTZAINDIAREN HIZTEGIA]

Dena dela lok. Nolanahi ere. Ik. dena den. Ez dakit zenbat denbora eman duen han; dena dela, buruan eleberri bat duela etxeratu da. Dena dela, bere alderako ez da ergela. Eta dena dela iritzi horiez, Trentoko konzilioaz gero, ezkontzak ez du balio bi edo hiru lekukoren aurrean egiten ez bada.

[EGUNGO EUSKARAREN HIZTEGIA]

3 dena dela dena den.

[ELHUYAR HIZTEGIA]

http://www.elhuyar.org/hizkuntza-zerbitzuak/EN/Dictionary-search

sea lo que sea, en cualquier caso, de todos modos, de todas formas/maneras, de cualquier forma/manera/modo; con todo, aun así

Ez dakit nongoa den; dena dela hemengoa ez dela segurua da: no sé de dónde es; en cualquier caso, de aquí seguro que no.

[Orotariko Euskal Hiztegia]

Dena dela (Lar, Añ (G), Dv, H), dana dala (Lar, Añ, H).

1. Sea quien sea (sean quienes sean, fuera quien fuese, etc.), sea cual sea, sea el que sea, sea lo que sea. (Relacionado con un elemento, expreso o no, de su propia oración, con el que concuerda en número; permite el uso del presente y del pasado). "(Sea lo) que fuere", "(sea) quien fuere" Lar, Añ. "Quelque chose qu'il en soit, quelle que soit la chose, lit. soit ce qui est" Dv. "Quoi qu'il en soit, quoi qu'il soit" H s.v. dela. v. dena den. Tr. Propio de la tradición meridional.

Zein gizonetarean da Iaungoikoen aurrean obago eta santuago? Daukana karidade geien, dana dala. "Sea quien fuere". Cap 79. Nork esan zuen Salbea edo Agur Erregiña? Zana zala, Eleiz Ama Santak beretzatua dauka. CatBurg 25. Ken enbarazo guziak: dana dala, ken. Cb Eg II 118. Baña dana dala okasiñoa, nai borondatearen kontrakoa, nekez batek asko iraungo dau grazian okasiñoa kentzen eztan artean. Añ LoraS 20. Berórrek egína, dena déla, baita óngi egína. LE Ong 32v. Elkarri barkatzea gertatu diran utsegiteak, diranak dirala, naiz andiak, naiz txikiak. AA I 575. Estaduba artu bagako guztijak (dana dala gero artuko dabeena) ikasi biar dabee. JJMg BasEsc 234. Ta zeinek bere ontasuna geijago maite dauen, agana dua Jesus, dana dala, atsegin geijagogaz. fB Ic I 53. Nai dezun bezela; zeren zure jolasa dana dala, beti izango da otzana. It Dial 108 (Ur dana dalakua, Dv nolanahikoa, Ip nulakonahi). Ez iñola ere eskatzeko Jesus libratu zedilla, zana zala Jesusekin aukeran ipintzen ziena. Lard 453. Umea, dana dala esan zazu. JAIraz Bizia 111. Eta, zana zala, guttiesteko ta garaitzeko gertu zegola. Or Aitork 139. Gizakiak eta gizalanak, direnak direla, bitarikoak dira bakarrik: handi eta txiki. MIH 267.

Edo urak euren erruz, dana dala gaiti, zabaldu ta galdu egiten dituezala. Añ EL2 148. Baña, zanean zala, buruan jarria, / egiteko zalako beti berekoia. AB AmaE 271.

Arr May 106. Echta Jos 81. A Ardi 90. Ldi IL 171. Eguzk GizAuz 171. Munita 30. Erkiag BatB 95.

den + sust. o adj. + dela). Birao egiten dozun bakotxian luurrari mun egin deijozula, dan lekuban dala. Astar II 115. Eta xunta gitian biak zomait egunen, den lekiuan dela. Mdg 142. Baliteke [piñua] zerbait merkatzea; baño, dan mota dala, beti izango du etekin ona. Munita 71. Aragizko zentzuen atsegiña --dan aundi dala, gorputz-dirdai aundienaz iantzia ere-- bizi doatsu arekin ez zala alderatzeko. Or Aitork 231.

12. aurkibidera joan Posizioa

Bigarren enuntziatuaren (birformulazioaren) hasieran:

(12.1)

Mariak ez zuen inongo gogorik Bingenera joateko, eta urrun samar zegoen -eta dagoen auzo baterantz abiatzea proposatu zidan. Harritu egin nintzen, auzo hori gure errondatik aparte samar geratzen zelako. Dena dela, biok bakarrik eta goxo-goxo egoteko parada zela iruditu zitzaion Mariari, eta hein batean arrazoia zeukan, hein batean bakarrik. Ihesalditxo bat, azken buruan. Dena dela, ur-lasterrari ihes egitea ez da batere erraza izaten, are gutxiago behin eta berriro entzuten denean, "Bikote, azkarrago, ez geratu atzean! ". [Istripuak, Agustin Arrieta Urtizberea (Alberdania, 2008; Orr.: 112) ]

Bigarren enuntziatuaren (birformulazioaren) erdian, aposizio gisa:

(12.2)

Bere motxila handi bakarra fakturatzeko bost lagun besterik ez du aurretik. Daramaten maleta kopurua aztertu eta azkar joango dela pentsatu du. Errenkada bi daude Frankfurtera, eta aukeratzerakoan betiko zalantzak: ni hemen, azkarrago han. Ez du ematen, dena dela, alde handirik dagoenik. Motxila behearen gainean utzi du. -Tira, ama, itzul zaitezke, eta eskerrik asko ekartzeagatik. Ama Amets baino txikixeagoa da, ez oso, ile labur ondulatua xerloka horiz tindatua; neurrian, ez nabarmenegi. [Karonte, Asel Luzarraga (Elkar, 2005; Orr.: 144)]

Bigarren enuntziatuaren (birformulazioaren) bukaeran:

(12.3)

Emakumeak kokotsetik kontu zidan, ez nire ezagutzak egin zituen egunean bezain manera mingarrian. Haren semeak ni ttipitzen bezala nagusitu ninduten begi gogor eta hotz horiek. -Albretagoa haiz, Borboi baino. Horrek bozkariatu behar nindikek. Nire Antonio zenaren urik ere baduk, dena dela. Hark baino buru hobea izanen duk agian. Barne-barnetik jaulki zitzaidan: -Ni ez naiz inoiz traidorea izanen! Erran ahala damutu nintzen. Nire aitaz ari nintzen. Haren senarraz. Mindu banuen, ez zuen hargatik adierazi. [Izan bainitzen Nafarroako errege, Aingeru Epaltza (Elkar, 2009; Orr.: 21)]

Birformulazioan, hitz-txanda baten hasieran eta komaz jarraiturik:

(12.4)

-Madarikazioa! -orro egin zuen disimulurik gabe-. Zer mila arraio gertatu da? -Ohartuta zeunden -erantzun zion Luthek erbinudea lasaitu nahian ferekatuz-. Banengoen ba ni, mutil horrek arazoren bat ekarriko zigula. -Dena dela, hau oztopo txiki bat besterik ez da. Gure planak apur bat aldatu eta kitto -bira egin zuen, Fionni mespretxuz begiratzeko-. Mukitsu hori txiki-txiki egingo dut, bere aita txikituko nuen moduan. Fionn, aitak, anaiak eta Maelek inguratuta, gerlarien alaitasun gartsuari erantzuten ari zitzaion, beraren gainera hedatzen zen mehatxuaren susmorik hartu gabe. [Gerlari zuria, Joanes Urkixo (Elkar, 2004; Orr.: 37)]

Bigarren enuntziatuan, juntagailuren baten ondoren:

(12.5)

Irizpide horiek nazioartekoak dira, izatez; senak berak agintzen dituelako, azken batean. Euskal Herrian bertan ere Sebero Altubek aipatu zituen, 30 urte inguru lehenago, baina, dena dela, gaur egun ere badute gurean balioa, hainbat bitxikeria, txokokeria eta trakeskeria erabiltzen ditugulako euskara aberastu nahian, eta geure jakituria erakutsi eta nabarmendu guran. Nazioarteko hitzak ere erabat onartu ziren Euskaltzaindiaren agirian (215. or.). [Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005; Orr.: 145)]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Aurreko enuntziatutik puntuaz bereizita eta atzetik koma:

(13.1)

Baina, hara Eztulak eta sukarrak berriz ere beretu ninduten. Ohean egon behar. Ez nuen beraz parte hartu, Komunio handia aitzin, hiru eguneko prestaketan, kantu bereziak eta zeremoniako urratsak ikasteko. Dena dela, igandea gabe, sukarra beheititu baitzitzaidan, amak erabaki zuen Komunio handiko mezan parte hartuko nuela. [Ahularen indarra, Daniel Landart (Elkar, 2011; Orr.: 100)]

Birformulazioan, koma artean txertatuta:

(13.2)

Sierichstrasseko neskatxek, muturtuta ikusten nindutenean, tarta bat aurrean jarri eta jateko agintzen zidaten. Eta nik orduan mau-mau irentsi eta joan egiten zitzaidan haserrea. Egun hartan, dena dela, oso muturtuta nengoen, arras erretxinduta, eta horrek irria eragiten zien mutur beltz hezurtsua txotxongilo batena bezala mugitzen zitzaidala erreparatuta. Ni jakarik gabe eta maiz hotzak egoten nintzela ikusirik, bi neskatxek beren aitaren jaka bat alokatzeko proposamena egin zidaten. Zorretan, astean hainbeste. [Paradisuko Almanaka, Gianni Celati / Fernando Rey (Igela, 2005; Orr.: 67)]

Aurreko perpausetik puntu gehi komaz bereizita, eta atzetik koma:

(13.3)

Artean indartsu geundean eta kristoren paretak igotzen genitian, arreba aurretik genuela katu bat baino arinago. Aterpetxeetan egiten genian lo, eta kanpoan ere bai, basoetara jaisten ginenean. Bidaia hartako gauzarik onena izan zuan hura; dena dela, lehen baino susmo handiagoa hartu nioan Anandari; mutil hark bazian zerbait... Geroztik ez diat irakurri Krishnamurtiren ezer gehiago; okiturik itzuli ninduan. [Elurra sutan, Juan Kruz Igerabide (Alberdania, 2009; Orr.: 68) ]

Perpausaren bukaeran, aurretik komarik gabe:

(13.4)

-Nor da oinordekoa? -Ez dakizu anaia gazteago bat zuela? Olcese tenientea metro eta laurogeita hemeretziko tantai bat zen. Adeitsua, baina izotz-mokor bat. -Berri guztiek, salbuespenik gabe, suizidioa dela iradokitzen dute. Izugarri xelebrea, hori bai, baina suizidioa dena dela. [Hilabete bat Montalbanorekin, Andrea Camilleri / Fernando Rey (Igela, 2011; Orr.: 255)]

Perpausaren bukaeran, aurretik koma duela:

(13.5)

Erdiko mahai horretan dago gizona, bera sartzearekin batera zutitu dena, eta pauso pare bat egin dute elkarrengana. Hatz-puntak elkartu dituzte lehen momentuan, begiak begietan, batak bestearen izena ahoskatzearekin batean, herabez bezala. Ezpainak hurbildu dituzte gero, eta ahoak elkarri eskaini, ondoren. Ez dute lehen topaldia, dena dela. [Vikingoen sorterrira, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2010; Orr.: 135) ]

Eten baten ostean, bigarren zatiaren hasieran, eta jarraian bi puntu dituelarik:

(13.6)

1793an bertan, iraultzaileek, edo haien kalparpekoek, Konbentzioaren dekretu batek bederen, debekatu egin zuen "beste sexuaren" arropak janztea. Lehena lehen, eta gero gerokoak, 20. mendean, emakumeek, azkenik, galtzak jantzi zituzten; hargatik, 21.aren hasieran ere, ez dituzte gonak erabat baztertu: badute, gura dutelarik, janztea -transizio-aldia den, ikusiko da. Dena dela: 12. mendetik han nonbait bereizten hasitako arropetatik (gizonek eta emakumeek "zeinek bere arropa") adostasun berri batera iritsi gara. Bestela esanda, hola planteatzea inoren gustokoa balitz: 15. mendean "aukera" pasa zitzaienez, "bostehun urteko atzerapena" litzateke emakumeek, galtzak jantzita, 20.ean gainditu zutena. [Gauzen presentzia, Pablo Sastre (Elkar, 2007; Orr.: 262)]

Ostean bi puntu dituelarik, baina lehendabiziko formulazioaren amaieran dela:

(13.7)

Leverkusengo taldearen entrenatzaileak, Michael Skibbek, kanporaketa gainditzeko inolako aukerarik ez dutela esan zuen atzo, eta badirudi ezohiko jokalari askorekin zelairatuko dela Alemaniako taldea. Skibbek esandakoa ez du aintzat hartzen Zigandak, dena dela: «Seguru nago ez duela sinesten bere taldeak batere aukerarik ez duela” [Ondo hasitakoa ondo bukatzera, ASIER LEGARDA-EREÑO, 2007-04-12]

(13.8)

Osasunak Real Madril indartsua hartuko du gaur etxean, jokaturiko azken lau partidetan hamasei gol sartu dituen taldea. Aranda, Azpilikueta eta Monreal osatu dira, eta litekeena da Etxaide deialdian sartzea. Asier Legarda-Ereño. Iruñea. 2009. urteko azken partidetan emaitza kaskarrak bildu ostean, Osasunak indarberrituta hasi nahi du urte berria. Hasteko erronka zaila izango dute gorritxoek, dena dela: Real Madril ahaltsua. [Urteko aurreneko erronka, ASIER LEGARDA, 2010-01-03]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Diskurtsoaren ikuspegitik koordinaziozko egiturak dira; nominalizazioen presentzia konstata daiteke; Galdera markak; Subjuntiboera agertzen da; Halaber inperatiboa.

BAINA, DENA DELA

Maizenik baina adbertsatiboaren ondoan, aurkaritza zuzena adierazteko:

(14.1)

-Ohitura betetzeko gai ez bazara –esaten du-, gutxienez gorde zaitez hari burla egitetik! Ez dut uste kandela nahita apurtu duenik, baina, dena dela, apurtu egin da, eta aitatxok, zati biak jaso, eta zakarrontzira botatzen ditu hitzik ere esan gabe. [Jaiotze markak, Nancy Huston / Iñigo Errasti (Alberdania, 2009)]

“BAINA, DENA DELA” erabilita enuntziatuari orientazio berri bat ematen zaio, kasu honetan kontrastea adierazteko; BAINA erabilita indar argumentatiboa areagotzen da (ondorioa hori izanda eta ez beste bat).

Lehendabiziko enuntziatuan gertatutakoa azpimarratzen du; baliorik gabe usten du aurretik erabilitako argumentazioa.

ETA DENA DELA:

Juntagailua + adizki erlatiboa- mugatzailea

Eta, edo juntagailuarekin batera, emendio edo hautakaritza adirazteko. Horrelakoetan dena delak kontsezio kutsua hartzen du.

Balio argumentatiboa indartzen du ETA juntagailuak.

(14.2)

-Bidea itxita dago baina, orain abiatzen banaiz, igual ailega naiteke Sope-ara, eta hango medikuak... -Ez. Gastroenteritis bat izango da. Atzoko lata zikin horrengatik. -Eta larriagoa balitz? -Ez dut uste. Eta dena dela, ez nuke hemen bakarrik geratu nahi, egun osoan. [Arima enkoniatuak, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2006: Orr.: 194)]

Kasu honetan lehendabiziko enuntziatuan agertzen diren aukerak ez dituela gustuko eta aurreikusten den aukera ia bakarra bigarren enuntziatuan agertzen dena da: bakarrik geratu nahi ez. Bigarren enuntziatu zati horretan esaten dena da garrantzizkoa eta ez aurreko zatian azaldutako usteak. “Eta” juntagailuak jarrera horren edo enuntziatu horren indarra areagotzera dator; baieztapen bakarra eta atera behar den ondorio bakarra horixe da.

(14.3)

Askatasun osoa eman zidan hastetik. Oso emankorra izan da. Konfiantza osoa ematen zidala esan zidan, eta hala egin du. Konfiantza osoa eman dit, nik nigan ez nuena... (irriak). Lehen luzea duzula, nola pasa da?. Arrisku handia bazen ere, ilusioak ez zidan arriskua ikusten uzten... Eta dena dela, arriskua baino, ardurak ninduen asko kezkatzen. [IZENBURURIK GABE, NORA ARBELBIDE, 2006-01-27]

(14.4)

Beste zenbait hiri nagusietan ere greban daude astelehenik. Unef ikasleen sindikatu nagusiak Hezkuntzako Gille de Robien ministroarekin biltzea errefusatu du bere ezadostasuna agertzeko. Guzti honen helburua protesten oihartzuna hantuz joatea dela, oraingoz, aski eztiki aitzinatzen ari da mugimendua. Parisen, adibidez, haserrea ez da batere hautematen, bakantzetan baitira han. Eta dena dela Dominique de Villepin Frantziako lehen ministroak, bere bidetik, legea senatariek martxoan bozkatzea espero du. [IZENBURURIK GABE, ERREDAKZIOA, 2006-02-16]

ETA DANA DALA:

(14.5)

Eta dana dala iritzi oez, Trentoko Konzilioa ezkero, ezkonzak ez du balio [...] bi edo iru testiguren aurrean egiten ezpada. [Orotariko Euskal Hiztegian, Euskalkiaren araberako aldaera]

Enuntziatuaren aurreko zatia falta zaigun arren, eta horrenbestez, testuingurua ondo ezagutzen ez dugun arren, hanibat inferentzia atera dezakegu adibide horretatik: alegia, hor esaten denak balio duela eta ez aurretik erabili diren argumentu edo arrazioak (adibidean agertzen ez direnak). Dirudienez ekontzaren baten balioa da eztabaidagai eta inferitu dezakegu aurreko enuntziatu zatian esatariaren edo beste norbaiten ahotan zalantza hori mahairatu dela edo ezkontza horren aldeko argudioren bat erabili dela. Kontraargumentaziorako balioa du hemen dana dala markatzaileak.

BAINA DENA DELA ERE

ERE emendiozko lokailua atzetik dela:

Perpausaren erreferentzia mundua zabaltzen du ERE lokailuak. Perpaus kontseziboaren pareko. Agerpen bakarra aurkitu da EPDn, eta BAINA juntagailuarekin konbinazioan:

(14.6)

Hura atera iritsi arte, denbora mugatua zegoela pentsatu zuen; aski ez zena erabaki bat hartzeko, pentsamendu bat ahora eramateko. Nadia ate ondoan gelditu zen. -Ez dakit zer gertatzen den zurekin -esan zion-. Baina dena dela ere, gustatzen zaidala uste dut. [Zenbaki lehenen bakardadea, Paolo Giordano / Koldo Biguri (Alberdania, 2009; Orr.: 271)

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Bere baliokidea den DENA DEN markatzailea baino maiztasun txikiagoarekin agertzen da, baina haren kasuan bezala, erabilitako Corpusaren arakatzaileak ematen dituen datuen arabera, nabarmentzekoa da eta Zientzia eta Teknikako testuetan, prentsan eta literaturan duen agerpen handia.

 agerpenakmaiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

16

1.60

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

561

10.20

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

179

4.36

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

202

8.08

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

523

4.88

B1a. EPD liburuak

773

7.57

B1b. EPD prentsa

823

7.83

B2. ZT Corpusa

953

14.43

C1. ETBko dokumentalak

14

2.80

C2. Goenkale corpusa

710

6.45

denera

4754

7.59

 agerpenakmaiztasuna
(100.000ko)

jatorrizkoak

3187

8.92

itzulpenak

1567

5.82

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

Oso ohikoa da sarean kontsulta daitezkeen corpusetako testuetan: literatura, ZIO, prentsa, Goenkale, etabar.

Maiztasun handiarekin agertzen da idatzian eta oso ohikoa da ahozko solasaldietan ere.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

Gaztelaniaz

[ELHUYAR]

sea lo que sea, en cualquier caso, de todos modos, de todas formas/maneras, de cualquier forma/manera/modo; con todo, aun así

Ez dakit nongoa den; dena dela hemengoa ez dela segurua da: no sé de dónde es; en cualquier caso, de aquí seguro que no.

Ingelesez

[ELHUYAR]

Dena dela ere, eskerrik asko: anyway, thanks a lot.

Frantsesez

[ELHUYAR]

de toute façon, de toute manière, et encore

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

(18.1)

Hemen ez da hiriko gainerako tokietan bezala, non gizon eta emakume oldeak hara-hona ibiltzen diren etorbideetan barrena burrundara gaitz bat eginez beren motor eta oinetakoekin. Hemen, Panier-en, karrikak laburrak dira, jira egiten dute, beste karrika batzuetara jotzen dute, kalexketara, pasabideetara, eskaileretara, badirudi dena dela apartamentu handi bat, elkarren gainean galkatutako korridore eta gelekin. Bizkitartean, kenduz gero Dib edo Hib izeneko txakur beltz puska hori eta izenez ezagutzen ez dituen haur gutxi batzuk, ez dirudi jende gehienak Lalla ikusi ere egiten duenik. [Basamortua, J.M.G. Le Clezio / Luis Berrizbeitia (Elkar, 2009; Orr.: 271)]

Denak (= guztiak) apartamento handi bat dirudi

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus