Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Mª Jesus Aranzabe, Jose Mari Arriola
LABUR ESANDA

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > laburbiltzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Laburbiltzea da labur esanda diskurtso-markatzailearen balio oinarrizkoa. Diskurtso-markatzaile horrek adierazten du ez dela beharrezkoa aurreko atalean (birformulakizunean) eman diren azalpen luzeak hain luzeak izatea. Horrela, bada, aurreko atal horren argumentazio-ildoari jarraituz, bigarren zatia (atal birformulatzailea) laburpen edo emaitza gisa bideratzen du, hitz gutxitan adierazkizuna emanez.

Beste era batera esanda, diskurtso-markatzaile horrek adierazten du atal birformulatzailean datorrena hiztunak transmititu nahi dituen ideien laburpena dela.

(2.1)

Eta antzerako iritzia du ELA sindikatuak ere, «legea azpikontratazio kateak apurtzearren idatzitakoa izanagatik, seigarren mailarainoko azpikontratazioak onartzen» dituela salatzen baitu. Gainera, langileen beharrei baino interes propioei begiratzea egozten die UGT eta CCOO sindikatuei. «Lege honi esker, prestakuntza eta lan arriskuen prebentziorako ordezkari sektorialak aitzakia jarrita, dirutza handiak jasoko dituzte UGTk eta CCOOk», gaitzesten du Janire Dominguez sindikatuko ordezkariak. Labur esanda, Dominguezek ez du uste lege berriak kontratazio baldintzak eta laneko segurtasuna bermatzeko balioko duenik [EPD pren., Eraikuntza, AITZIBER ARZALLUS, 2007-01-13]

Birformulakizuna

«legea azpikontratazio kateak apurtzearren idatzitakoa izanagatik, seigarren mailarainoko azpikontratazioak onartzen» dituela salatzen baitu. Gainera, langileen beharrei baino interes propioei begiratzea egozten die UGT eta CCOO sindikatuei. «Lege honi esker, prestakuntza eta lan arriskuen prebentziorako ordezkari sektorialak aitzakia jarrita, dirutza handiak jasoko dituzte UGTk eta CCOOk», gaitzesten du Janire Dominguez sindikatuko ordezkariak.

Azalpena: atal birformulatzailea

Labur esanda, Dominguezek ez du uste lege berriak kontratazio baldintzak eta laneko segurtasuna bermatzeko balioko duenik.

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Hona hemen labur esanda birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak:

a. Ondorioa bideratzea: diskurtsoaren aurreko atalean —birformulakizunean— adierazitakoa oinarri harturik, atal birformulatzailea aurreko atal horren ondorio gisa aurkezten du.

(3.1)

Arestian esan bezala, ibaiak eta ibarrak ezagutzea eta ezagutzera ematea da programaren helburu nagusia. Asmo horretara biltzen den edonori zuzenduta dago beraz, ibaialde egitasmoa. Halaber, hezkuntza-arloko iharduera gisa ere ulert daiteke eta horrek jakina, gehiago zabaltzen du oraindik egitasmoaren eremua. Labur esanda, ikastetxeetarako ezin egokiagoa da ibaialde programa, lehen eta bigarren hezkuntzakoentzat eta baita batxilergo-mailan ari direnentzat ere; horiez gain, kirol elkarteak edota kultur taldeentzat ere biziki interesgarria izan daiteke. Eta talde ekologistak? [ZTC, Gure ibaiak ezagutuz, ibaialde, Kaltzada Gonzalez, Pili Elhuyar Fundazioa, 1996 (aldizkari artikulua)]

(3.2)

LEONOR Milenaren gelan sartzen da. Gela txukuntzeko asmoarekin dator, trapua eta garbiketarako poteren bat eskutan. Hala ere, gelan sartu bezain laster, aho zabalik geratzen da panoramarekin. Gelan txukun-txukun dago. Ohea egina, arropa tolestua eta multzotan ohe gainean. Labur esanda, dena primeran ordenatua.[Goenkale, 2341 atala, Piper pixka bat bizitzari Sek.: 2]

(3.3)


Aztertu dudanean, aurkitu dut gizon horrek belarri nabarmenak, masailezur eta masailalbo-hezur handiak eta lemuren antzeko apendizea zituela; kopeta-hezurra bereizita zuen, zimur goiztiarrak, begirada maltzurra eta sudurra eskuinerantz okertuta zituen; labur esanda, kriminalen tipotik hurbil zegoen fisionomia zuen; begi-niniak oso gutxi mugitzen ziren (--...) bularrean, emakume baten irudi handi bat zuen tatuatuta, eta hitz hauek ageri ziren: "Celina Lauraren oroigarria" (haren emaztea), eta, besoan, neska baten irudia zuen. [PKC, Gizonaren neurketa okerra, Stephen Jay Gould / Oihane Lakar (2008) Orr.: 179]

adibide gehiago:

(3.4)


Gas baten bi molekulek talka egitea prozesu itzulgarria da, aurkako prozesua ere gerta baitaiteke. Molekuletako bat bestearengandik aldendu ondoren alderantzikatu ahalko balitz abiadura-bektoreen noranzkoa, traiektoria bera egingo lukete molekulek, baina aurkako noranzkoan. Labur esanda, hein berean dira arrazoizkoak jatorrizko prozesuaren zein aurkako prozesuaren filmak. [EHU, Kimika fisikoa, Silbey, Robert J. et al. (EHU, 2006) 3. Kapitulua]

b. Informazioa gehitzea: aurreko atalari buruzko informazioa gehitzen du modu sintetikoan, atal birformulatzailean.

(3.5)

Baina, zer gertatu zen? Labur esanda, zentraleko erreaktore batean hozketa-sistemaren hutsegite konplexu baten ondorioz, erreakzioa kontroletik kanpo geratu zen; horren ondorioz, itxuragabeko beroketa sortu zen eta horrek erreaktorearen azpialdea urtzen hastea ekarri zuen. Fisio-erreakzioa baretzeko erabiltzen diren grafitozko hagek su hartu eta eztanda kimikoa gertatu zen. [ZTC, Txernobilgo gaurik luzeena, Kaltzada Gonzalez, Pili Elhuyar Fundazioa, 1996 (aldizkari artikulua)]

(3.6)

Ugari dira; besteak beste, aipatzeko modukoak honako hauek: lurraren jabeen baimena, Ingurugiro Eraginaren Deklarazioa, Plan Berezi edo Arlorako Lurralde Plana onartzea, Instalazioko baimen Administratiboa (aerosorgailuak, azpiestazioa, linea elektrikoa), Ejekuzio-baimena, Ekintza-baimena, Eraikitzeko baimena. Labur esanda, tramite horiek guztiek parke eolikoa eraikitakoan ingurugiroa guztiz errespetatzen dela bermatzen dute, eta gune babestuen gaineko araudia, flora eta fauna babestekoa, mendiena, ondare historikoa babesteko araudia, poluzio akustikoari buruzkoa betetzen dela. [ZTC, Energia eolikoa, Kortabarria, Beñardo Elhuyar Fundazioa, 1998 (aldizkari artikulua)]

(3.7)

Zabortegi kontrolatuek, beste suntsiketa-edo tratamendu-sistema batzuen parean, honako abantailak dituzte, labur esanda: instalazio eta funtzionamendu aldetik kostu txikikoak dira; hondakin-produkzio aldaketa nabarmenak onartzen dituzte; ingurugiroarenganako erasoa eskasa da (kokapena eta gestioa egokiak diren neurrian); karraskari eta intsektuen ugalmena, usain txarrak, kea, haizearen eraginez izaten den plastiko eta paperezko zati arinen barreiaketa eta kontrolik gabeko zabortegiek sortu ohi dituzten beste hainbat eragozpen, oztopatzen dituzte; itxi ondoren, berdegune edo jolas-eremu bihurtzeko aukera ematen dute; hondakinen hartzidura anaerobioen ondorioz sortutako BIOGASaren energia aprobetxatzeko aukera ematen dute; ez dituzte baliogabetzen edo baztertzen beste tratamendu-sistema batzuk (birziklapena, errausketa, konpostajea etab.) ezartzeko egon litekeen aukera eta prozesu hauetan sortutako hondarrak hartzeko gai ere badira. [ZTC, Zabortegi kontrolatua hondakin solido hiritarrak suntsitzeko sistema, Erauskin Iurrita, Iñaki Elhuyar Fundazioa, 1992 (aldizkari artikulua)]

c. Sail edo segida baten amaiera: aurrekoa atalean zerrendatu diren elementuen ezaugarri komuna aurkezten du atal birformulatzailean

(3.8)

Pertsona gazteak azaltzen ziren, zure lagunak, estudiante zarpailtsuak, haiekin barre egin eta ondo pasatzen zenuen; eta gero ere damak etortzen ziren, autoz; behin Opera zuzendaria, buruzagi handia, urrundik oholtza gainean ikustean errespetua ematen zuena; gero ere neska gazteak, merkataritza eskolako ikasleak, atetik ezarian irristatzen zirenak, labur esanda, emakume asko eta asko. [EPD lib., Emakume ezezagun baten gutuna, Stefan Zweig / Eduardo Matauko (Igela, 2005) Orr.: 16 ]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziazio mailan badu balio erantsi bat, zenbaitetan atal birformulatzailean enuntziazioaren arduradunaren intentzio-asmoa adierazten da.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Aurkeztutako datua edo enuntziatua nabarmentzen edo indartzen du informazioaren aldetik. Testuaren zatia bada, elementu nabarmenenak dituena da.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Ondorioa (konklusioa) sartzeko erabil daiteke.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Birformulatzaile laburbiltzaile konposatua da. Adberbio kategoriako “labur” hitza eta “esan” aditz-partizipioari “-DA” atzizkia erantsirik osatutako laburbiltzailea

Zenbaitetan lehen osagaia errepikatuta ageri da: labur-labur esanda

8. aurkibidera joan Aldaerak

LABUR ESAN, LABUR ESANIK, LABUR ESATEKO

9. aurkibidera joan Baliokideak

LABURBILDUZ, HITZ BATEAN, HITZ BITAN ESATEKO, HITZ GUTXITAN

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Agirre Berezibar, JM (1991). Euskal Gramatika Deskriptiboa. Bigarren atala. Labayru ikastegia. Bilbao

Gramatika horretan esapidetzat hartzen da diskurtso-markatzaile hau.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

Ez da ageri hiztegietan

12. aurkibidera joan Posizioa

Labur esanda birformulatzailea biltzen duen enuntziatuaren edo atalaren aurrean agertzen da gehienbat, nahiz eta zenbaitetan tartean (2. posizioan, etenen artean) edo amaieran ere aurki daitekeen.

Hasieran, enuntziatu biltzaile aposatuaren aurkezle gisa:

(12.1)

Arestian esan bezala, ibaiak eta ibarrak ezagutzea eta ezagutzera ematea da programaren helburu nagusia. Asmo horretara biltzen den edonori zuzenduta dago beraz, ibaialde egitasmoa. Halaber, hezkuntza-arloko iharduera gisa ere ulert daiteke eta horrek jakina, gehiago zabaltzen du oraindik egitasmoaren eremua. Labur esanda, ikastetxeetarako ezin egokiagoa da ibaialde programa, lehen eta bigarren hezkuntzakoentzat eta baita batxilergo-mailan ari direnentzat ere; horiez gain, kirol elkarteak edota kultur taldeentzat ere biziki interesgarria izan daiteke. Eta talde ekologistak? [ZTC, Gure ibaiak ezagutuz, ibaialde, Kaltzada Gonzalez, Pili Elhuyar Fundazioa, 1996 (aldizkari artikulua)]

Esaldiaren barruko aldean ere ager daiteke:

(12.2)

Kamerungo ipar-mendebaldeko nekazari txikiak teknika zaharrak ari dira erabiltzen izurrite eta gaixotasunei aurre egiteko. Pestizida kimikoak, labur esanda, eskuragaitzak dira urruneko lurralde haietan, garestiak ere badira eta gaur egun badakigu ingurugiro eta osasunerako zer-nolako arriskuak dituzten. Askotan, tokian-tokirako garatutako metodoak dira nekazari txikiek duten irtenbide bakarra, baina horretarako, nork sustatua behar dute eta metodoak zientifikoki frogatu beharra dago. [ZTC, Nekazari txiroen borroka, Wongibe, Emmanuel Elhuyar Fundazioa, 1999 (aldizkari artikulua)]

Bakanka esaldiaren amaieran ere ageri da:

(12.3)

Izan ere, animaliengan erraz kokatu ahal ditugu geure nahiak, beldurrak, akatsak eta bertuteak, beharbada eurak direlako gure huts existentziala konpartitu ahal duten bakarrak. Hasieran, hiru gizon daude etzanda, bunker itxurako gela borobil batean, baina beren jarrera eta keinuengatik laster ulertuko dugu txakurrak direla, txakurrik onena izateko hautapen-proba batera aurkeztu diren txakurrak. Txakurgaiak direla, labur esanda. [EPD pren., IZENBURURIK GABE, AGUS PEREZ, 2008-10-17]

(12.4)

Zabortegi kontrolatuek, beste suntsiketa-edo tratamendu-sistema batzuen parean, honako abantailak dituzte, labur esanda: instalazio eta funtzionamendu aldetik kostu txikikoak dira; hondakin-produkzio aldaketa nabarmenak onartzen dituzte; ingurugiroarenganako erasoa eskasa da (kokapena eta gestioa egokiak diren neurrian); karraskari eta intsektuen ugalmena, usain txarrak, kea, haizearen eraginez izaten den plastiko eta paperezko zati arinen barreiaketa eta kontrolik gabeko zabortegiek sortu ohi dituzten beste hainbat eragozpen, oztopatzen dituzte; itxi ondoren, berdegune edo jolas-eremu bihurtzeko aukera ematen dute; hondakinen hartzidura anaerobioen ondorioz sortutako BIOGASaren energia aprobetxatzeko aukera ematen dute; ez dituzte baliogabetzen edo baztertzen beste tratamendu-sistema batzuk (birziklapena, errausketa, konpostajea etab.) ezartzeko egon litekeen aukera eta prozesu hauetan sortutako hondarrak hartzeko gai ere badira. [ZTC, Zabortegi kontrolatua hondakin solido hiritarrak suntsitzeko sistema, Erauskin Iurrita, Iñaki Elhuyar Fundazioa, 1992 (aldizkari artikulua)]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Orokorrean, atal birformulatzailearen hasieran agertzen da etenen artean; hau da, aurretik puntua, puntu eta koma, koma edota eten-puntuak dituela agertu ohi da, eta ondoren, eskuinean koma duela.

(13.1)

Ugari dira; besteak beste, aipatzeko modukoak honako hauek: lurraren jabeen baimena, Ingurugiro Eraginaren Deklarazioa, Plan Berezi edo Arlorako Lurralde Plana onartzea, Instalazioko baimen Administratiboa (aerosorgailuak, azpiestazioa, linea elektrikoa), Ejekuzio-baimena, Ekintza-baimena, Eraikitzeko baimena. Labur esanda, tramite horiek guztiek parke eolikoa eraikitakoan ingurugiroa guztiz errespetatzen dela bermatzen dute, eta gune babestuen gaineko araudia, flora eta fauna babestekoa, mendiena, ondare historikoa babesteko araudia, poluzio akustikoari buruzkoa betetzen dela. [ZTC, Energia eolikoa, Kortabarria, Beñardo Elhuyar Fundazioa, 1998 (aldizkari artikulua)]

(13.2)

Hainbat gauetan ez zen kanturik edo zalapartarik izan kapijan, agintariek hala aginduta. Berri hark gizon bakar bat hunkitu zuen hirian gogorki. Pietro Sola zen, hiriko italiar bakarra, kontratista eta igeltseroa, hargin eta margotzailea; labur esanda, obra langile trebea, gure hirian horrelako edozein lan egin zezakeena. Maisu Pero, hirian denek deitzen zioten bezala, okupazioarekin batera iritsi zen, hemen kokatu zen eta Stana zeritzan neska behartsu eta ez oso ospe oneko batekin ezkondu zen. [EPD lib., Zubi bat Drinaren gainean, Ivo Andric / Karlos Zabala (Alberdania-Elkar, 2010) Orr.: 312]

(13.3)

Komeni da hiztegiak ez nahastea, eta ez erabiltzea hizkuntzaren inguruan, kulturaren arloan, kirolaren, milizia-ren edo politikaren unibertsokoak diren terminoak. Ez noski zuhurtziagatik, edo kalkulu baten arabera, baizik eta haien nahitaezko hustasunagatik; hitz hutsek, buruko mina emateaz gain, enbarazu besterik egiten ez dutelako, eta jendea uxatu. Komeni da, labur esanda, Koldo Bigurik artikulu batean adie- razi bezala, hizkuntza ez erabiltzea tentsio politikoaren horni-garri; ahalegintzea, joera demokratikoak lagun, sektarismoak baztertuz, bere oinarria zabaltzen. Beste aukerarik ez dagoela iruditzen zait. Bestela lokatz honetan geratuko gara, eguneroko bizitza nahasi honetan, eta Donostiako manifestazio erraldoian nabaritutako adiskidetu nahi hura ere lokatz bihurtuko da, hala nola elurra askotan zapaltzen denean. [EPD lib., Lekuak, Bernardo Atxaga (Pamiela, 2005) Orr.: 123]

(13.4)

Telefono-deia egiteak bizkor egiteak alegia benetako garrantzia zuen egun haietan telefonoak ez ziren hain eskura egoten. Telefono-kabinak baziren, baina ez norberak nahi zuen tokian eta unean, eta okupatuta egoten ziren; erakundeetan bertako telefonoa erabiltzeko baimena eskatu behar izaten zen, baimena eskatu barik erabil zitezkeen telefonoetara lankideak bizkorrago irits zitezkeen... labur esanda, telefono mugikorrek kazetarion lan-egoera eskasa hobetzea ekarri zuten. Edo beharbada ez. [ZTC, Idatzizko kazetaritza, arkatzetik auskalora!, Kortabarria, Beñardo Elhuyar Fundazioa, 2002 (aldizkari artikulua)]

Idatzian, zenbaitetan atzetik bi puntu dituela ageri da:

(13.5)

Zabortegi kontrolatuek, beste suntsiketa-edo tratamendu-sistema batzuen parean, honako abantailak dituzte, labur esanda: instalazio eta funtzionamendu aldetik kostu txikikoak dira; hondakin-produkzio aldaketa nabarmenak onartzen dituzte; ingurugiroarenganako erasoa eskasa da (kokapena eta gestioa egokiak diren neurrian); karraskari eta intsektuen ugalmena, usain txarrak, kea, haizearen eraginez izaten den plastiko eta paperezko zati arinen barreiaketa eta kontrolik gabeko zabortegiek sortu ohi dituzten beste hainbat eragozpen, oztopatzen dituzte; itxi ondoren, berdegune edo jolas-eremu bihurtzeko aukera ematen dute; hondakinen hartzidura anaerobioen ondorioz sortutako BIOGASaren energia aprobetxatzeko aukera ematen dute; ez dituzte baliogabetzen edo baztertzen beste tratamendu-sistema batzuk (birziklapena, errausketa, konpostajea etab.) ezartzeko egon litekeen aukera eta prozesu hauetan sortutako hondarrak hartzeko gai ere badira. [ZTC, Zabortegi kontrolatua hondakin solido hiritarrak suntsitzeko sistema, Erauskin Iurrita, Iñaki Elhuyar Fundazioa, 1992 (aldizkari artikulua)]

(13.6)

Bien arteko desberdintasunik behinena, beraz, honetantxe datza: bigarren filma, alegia remake-a, zirkularra da. Hau da, hainbat baliabide zinematografiko direla medio (eta, batik bat, intrigaren lanketa ezinago jantziaz eta eskisitoaz), lortu baitute pelikula hasten zen puntu berean bukatzea, eta alderantziz; labur esanda: ez hasiera ez bukaerarik ez duen film bat. Gure herrian, T.-n, duela zortzi hilabete estreinatu zen, eta, izan duen, eta duen arrakasta ikusita, ez dago pentsatzerik berehalakoan kenduko dutenik. [EPD lib., Diotenez, Karlos Linazasoro (Erein, 2007) Orr.: 43]

Parentesien edo marren artean ere ageri da:

(13.7)

Begirada lasaia ere bazuen, Tonyren begiratu urduriekin kontraste handia egiten zuena. Orduan, Tonyk bere jostailurik gogokoenak oparitzen zizkion (hurrengo goizean berriro kenduko zizkion), eta Maimiek irribarre enigmatiko batez onartzen zituen. Tony hain lausengari eta Maimie hain misteriotsu bihurtzearen arrazoia zen (labur esanda) bazekitela laster bidaliko zituztela ohera. Orduantxe izaten zen beldurgarria Maimie. Tonyk erregutzen zion gau horretan ez egiteko halakorik, eta amak eta umezain beltzak mehatxu egiten zioten, baina Maimiek bere irribarre artegagarria marrazten zuen. [EPD lib., Peter Pan, James Matthew Barrie / Julen Gabiria (Alberdania, 2004) Orr.: 273]

(13.8)

Ezaugarri nagusien artean, honako hau nabarmendu daiteke: nukleozalearen izaerarekiko, substratuaren egiturarekiko, talde aterakorrarekiko eta disolbatzailearekiko sentikortasuna. Xehetasun horiek sakonean aztertzeak laguntzen digu erreakzioa zergatik gertatzen den eta zerk errazten edo zailtzen duen ulertzen -labur esanda, egitura-aldaketek funtzioan nola eragiten duten ulertzen-. [EHU, Kimika organikoa, Volhardt, K. Peter C. et al. (EHU, 2008) 6. kapitulua]

Oso gutxitan bada ere, eskuinean puntua duela ere ageri da; alegia, atal birformulatzailearen amaieran:

(13.9)

 CEBEKen aurrean elkarretaratu ziren ELA eta LAB, eta Patronalari leporatu zioten laneko arriskuei eta gaixotasunei ez ikusiarena egitea. «Ezbeharrak estaltzen dituzte, nolabait beren burua zuritzeko», salatu zuen ELAko Lan Osasunerako arduradun Eustakio Urangak. Euskal administrazioaren «utzikeria» izan zuen hizpide, gainera. «Zertarako balio dute legeek, horiek betearazteko neurri sendorik ez badute hartzen?».«Erakundeen benetako borondate politikoaren ispilu» da Lan Ikuskaritzaren egoera. «Profesional eskasia», labur esanda. [EPD pren., IZENBURURIK GABE, SINADURARIK GABE, 2005-04-29]

14. aurkibidera joan Sintaxia

 Labur esanda birformulatzaile laburbiltzaileak esaldiaren esparruan nahiz esalditik gorako mailan betetzen du bere funtzio diskurtsiboa; hau da, diskurtso-markatzaile horrek enuntziatuak eta enuntziatuen zatiak lotzen ditu. Jarraian datozen adibideek, ordea, ez dute horren ondo islatuko hori testu zati handiagoak jaso beharko liratekeelako adibideetan.

Oro har, enuntziatuak lotzen ditu:

(14.1)

Ondoren, autoak behar baino garestiago saltzen zizkien ezer sumatzen ez zuten bezeroei. Auzipetu eta kondenatu egin zuten, AEBko estatu batetik bestera 'faltsuki eginiko' segurtasunak -auto-agiriak- garraiatzea debekatzen duen estatutu legala hautsi izanagatik.' Labur esanda, informazio faltsua zuten egiazko agiriak lortzen zituen Moskalek. [EHU, Hizkuntza eta hizkuntzalaritza: hastapenak, Fasold, Ralph et al. (EHU, 2010) 4. Kapitulua]

Mendeko perpausa lotzen duela:

(14.2)

Ezaugarri nagusien artean, honako hau nabarmendu daiteke: nukleozalearen izaerarekiko, substratuaren egiturarekiko, talde aterakorrarekiko eta disolbatzailearekiko sentikortasuna. Xehetasun horiek sakonean aztertzeak laguntzen digu erreakzioa zergatik gertatzen den eta zerk errazten edo zailtzen duen ulertzen -labur esanda, egitura-aldaketek funtzioan nola eragiten duten ulertzen-. [EHU, Kimika organikoa, Volhardt, K. Peter C. et al. (EHU, 2008) 6. kapitulua]

Juntagailuekin eta lokailuekin ere ager daiteke.

(14.3)

Bestalde, badira merkataritzan esku-sartzeari dagozkion auziak, muinean askatasun auziak direnak, hala nola Maine Legea, jada aipatua, opioa inportatzeko debekua Txinan, pozoien salmentari jarritako mugak, eta, labur esanda, merkantzia bat eskuratzea ezinezko edo zail egiteko esku-sartzez ebazten diren kasu guztiak. [PKC, Askatasunaz, Emakumeen menpekotasuna eta Sozialismoari buruzko kapituluak, John Stuart Mill / Alberto Gabikagojeaskoa (2004) Orr.: 118]

(14.4)

Ernst Haeckel, zoologo alemaniar handiak, biologia kreazionistaren teoria zahar bat berrezarri zuen, eta iradoki zuen biziaren zuhaitza zuzenean irakur zitekeela goi-mailako formen enbrioi-garapenean. Aldarrikatu zuen "ontogeniak filogenia laburbiltzen duela", edo, aho-korapilo gozo hori azaltzearren, banako batek hazi ahala iragaten dituen faseetan, bere arbasoen forma helduak adierazten dituela ordena egokian; alegia, labur esanda, banako bakoitzak dagokion zuhaitz genealogikoan gora egiten duela. [PKC, Gizonaren neurketa okerra, Stephen Jay Gould / Oihane Lakar (2008) Orr.: 152]

Beste birformulatzaileekin:

(14.5)

Adituek uste dutenez, jatorrizko herri-finkamendua bi Rhin-en arteko muino batean zegoen, eta baliteke erromatarrek leku horretan merkataritza-postu bat eraiki izana, hori frogatzeke dagoen arren. Labur esanda, Herbehereetako hiri-formaren adibide konplexu hau burcht (gaztelu) bat, dike-hiri bat eta grachtenstad bat izan zen, hurrenez hurren. [EHU, Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Morris, Anthony Edwin James (EHU, 2010) 4. kapitulua]

15. aurkibidera joan Maiztasuna

labur esanda

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

6

0.60

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

17

0.30

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

4

0.09

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

27

1.08

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

173

1.61

B1a. EPD liburuak

34

0.33

B1b. EPD prentsa

11

0.10

B2. ZT Corpusa

60

0.90

C1. ETBko dokumentalak

2

0.40

C2. Goenkale corpusa

5

0.04

Denera

339

0.54

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

jatorrizkoak

115

0.32

itzulpenak

224

0.83

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Testu mota guztietan

b. Lagunartekoan eta zainduan

c. Idatzian maizago ageri da ahozkoan baino

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainieraz

[UPV/EHUko terminologia eta itzulpen kontsulta]

“brevemente, dicho con brevedad, resumidamente, en resumen, en síntesis, en definitiva”

FRANTSESEZ

en resumé, brièvement

INGELESEZ

in summary

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Labur esanda formak adberbio-lokuzio modura jokatzen du ondoko adibidean, egiturari moduzko balioa erantsiz:

(18.1)

Giza gorputzaren barrualdea ikustea laguntza handia da medikuarentzat. Ahal dela gaixoaren gorputza ireki gabe egitea izango litzateke onena, gainera. Horregatik oso garrantzitsuak izan dira gorputz barruko irudiak lortzeko garatu diren teknikak. Horietako bat, ordenagailu bidezko tomografia axiala deitzen da, OTA labur esanda, edo eskanerra, gehienetan esaten den moduan. Hogeita hamar urte bete barik dituen teknika honen oinarrian Matematika dago. [ZTC, Matematika medikuaren laguntzaile, Duoandikoetxea Zuazo, Xabier Elhuyar Fundazioa, 2000 (aldizkari artikulua)]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus