Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Mª Jesus Aranzabe, Jose Mari Arriola
HITZ BATEAN

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > laburbiltzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Laburbiltzea da hitz batean diskurtso-markatzailearen balio oinarrizkoa. Laburbiltzaile horrek ageri den diskurtsoaren atala (atal birformulatzailea) diskurtsoaren ideia nagusi modura aurkezten du aurreko atalean (birformulakizunean) esandakoa laburtuz.

Beste era batera esanda, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakora itzultzeko aukera ematen du diskurtso-markatzaile horrek, aurrean esandakotik funtsezkoena ateratzeko modu laburrean.

(2.1)

Landa aldean, bistan da, baserri bakoitza saiatzen zen bere aleak, bere esnea, bere txerria, bere ardoa, bere egurra, gurina, gazta, kontserbak, bere olioa presatu, bere taloak erre, bere lihoa, bere kalamua eta bere artilea irun eta ehuntzen... Hitz batean, hor-nonbait autosufizienteak ziren baserri-etxeak. 18. mende amaiera arte, inon ere munduan, elikagaien %99 kontsumitzaileak bere kanpandorretik edo bere minaretetik ikusi zezakeen eskualdean produzitzen zen... 19.ean, geroz eta familia gehiagok eskas zuten beren lurretan aldatzen zutenarekin bizitzea. Belaunaldi gutxi batzuk aski izan ziren, "nork berea" produzitzetik, jendeak oro (ia oro, nekazariak barne) industriak produzitutakoa, eta ia esklusiboki industriak produzitutakoa kontsumitzera, igaro zitezen. [EPD lib., Gauzen presentzia, Pablo Sastre (Elkar, 2007) Orr.: 115]

Birformulakizuna

Landa aldean, bistan da, baserri bakoitza saiatzen zen bere aleak, bere esnea, bere txerria, bere ardoa, bere egurra, gurina, gazta, kontserbak, bere olioa presatu, bere taloak erre, bere lihoa, bere kalamua eta bere artilea irun eta ehuntzen...

Azalpena: atal birformulatzailea

Hitz batean, hor-nonbait autosufizienteak ziren baserri-etxeak.

Honako adibide honetan ere ikus daiteke bigarren atalean edo atal birformulatzailean laburpen gisa aurkezten den informazioa nabarmentzen dela:

 

(2.2)

Normak normaltzat jotzea eta nork bere burua eta bere jokaerak zentsuratzea eta kontrolatzea. Askoz ere merkeagoa eta eraginkorragoa da hori. Araua hausten dugun bakoitzean, edo haustea pentsatuta bakarrik, programatuta gaude geure buruarekin gaizki sentitzeko, edo arraro, deseroso, anormal, baztertu edo umezurtz sentitzeko. Hitz batean, errudun sentitzeko programatuta gaude. Hori da zigorra, haien araua hausteagatik ordaintzen dugun prezioa. Kultura dominatzaileak bere helburua lortzeko eta bere normak ezartzeko, bi sentimendu mota eragiten ditu pertsonengan: sentimendu indibiduala (kulpa) eta sentimendu soziala (lotsa). Kulpa eta lotsa direla eta, pertsona ezingo da normatik irten, ezingo da disidente izan. [EPD lib., Sexua noiznahi, Luis Elberdin (Gaiak, 2005) Orr.: 166]

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Hitz batean diskurtso-markatzaileak laburbiltzeaz gain beste funtzio nagusi hau betetzen du:

a. Ondorioa bideratzea

Lehen formulazioaren ondorioa bideratzen du modu sintetikoan.

(3.1)

Indian gose-faktore bat ere izan zen; izan ere, industria-gizonek, hari esker, gari-aleak behar-behar ziren tokietan utzi gabe, etekinik handienak uzten zituztenetara eramaten zituzten. Trenak -bide batez esanda, Australia, Kanada, Estatu Batuak edo Errusia bezalako kontinente-nazioak izatea bera posible egin zuena-, trenak, hitz batean, komunitate txikietako subsistentzia zaildu eta dependentziak ugaritu zituen. Europak edo tokian tokiko kapitalek behar zituzten produktuak bideratu zituen. Europak bil eta Europak berak banatu, hark behar zituen produktuetan espezializatu ziren herri menekoak: non azukrea, non tea, kautxoa edo kafea -oraintxe (2006), geroz eta gehiago, hegoaldera egiten du industria-produkzioak ere; okzidenteak segitzen du, ordea, bildu eta banatzen. [EPD lib., Gauzen presentzia, Pablo Sastre (Elkar, 2007) Orr.: 189]

(3.2)

Haren kontserbazioak ondokoa du helburu: edo mehatxatzen duten gaitzei aurre egitea, edo dagoeneko kaltetzen dutenei sendabidea topatzea. Hori lortzen bi modutan saiatu behar da: gure aurkikuntza partikularren bidez, eta gainontzeko pertsonen ikerkuntzen bitartez, beraiekin dugun elkartrukatzeak ahalmentzen duelarik horien probetxu ateratzea. Hortik sortu dira nekazaritza, medikuntza eta, hitz batean, guztiz beharrezko diren arte guztiak.. [PKC-Pentsamendu ilustratua - idazlan hautatuak I, D´Alembert, Diderot eta Priestley / Haritz Monreal, 47. or., 2004]

adibide gehiago:

(3.3)


"Kide leial horrek buruz ikasi behar izan zuen, bada, Grosrouvrek ahoz transmititu ziona, Pitagorasen jarraitzaileek bezalaxe. Ez zen beharrezkoa, ordea, oroimenean grabatzen zuen guztia ulertzea. Ezinezkoa zatekeen hori -ohartarazi zien Ruche jaunak-. Hitz batean, ez zuen zertan matematikaria izanik. Aski zitzaion, hain zuzen, pitagorikoek akusmatikoa esaten zioten hori izatea. Izan ere, demostrazio haiek, zenbateraino ziren luzeak? Inork ez zekien deusik ere horri buruz. Bi orrialde, hamar orrialde; gehiago, apika? [EPD lib., Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 125]

(3.4)


Ez naiz sekula oso zalea izan, oso mendizalea, eta are gutxiago mendigoizalea; hitzak atzerakada eman izan dit beti, besteak beste, uste nuelako, oso gerora arte, mendigoizalea zela goiz jaikitzen zena, eta goiz jaiki beharra zegoela, eta goiz jaikitzearen zale zen jende-modu bat zela hura, eta gerotxo arte ez nuen jakin ez zela "goiz" baiziketa "goi": "goiz" hark ez zidan graziarik egiten batere, eta "goi" horrek ere ez gehiegi, gaur behintzat: goi, gain, tontor, gailur... gurutze eta guzti. Haraino iritsi beharra, bukatu beharra, azken baten beharra; eta gero, jakina, denbora, desnibela, antolaketa eta beharrezko materiala, osagarriak eta... hitz batean esateko, infernu bat. Nietzscheren pentsaera edo sentierarekin egiten dut bat, idatzi zuelarik, gutxigorabehera, eta buruz ari naizelarik: "Ez hadi igo gailurreraino; ez hadi gelditu erreka-zuloan ere; erdi-paretik begiratuta dituk bazterrak ederkienik sumatzen". [EPD lib., Nere gorringotik, Iñaki Segurola (Alberdania, 2008) Orr.: 63]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Laburbiltzea bideratzeko zeregin horretan, esatariak aurretik esandakotik interpretatzen du zer den laburbiltzea merezi duena.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Aurkeztutako datua edo enuntziatua nabarmentzen edo indartzen du informazioaren aldetik.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Aurretik esandakoaren argumentazio-ildoari jarraituz, esan daiteke diskurtso-markatzaile honek ondorioak edo sintesi-lanetik zer den funtsezkoa inferitzeko lana bideratzen duela. Nolabait, diskurtso-markatzailea agertzen den atalak argumentu garrantzitsuena jasoko du.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Hitz batean diskurtso-markatzailea inesiboa daraman izen-sintagma bat da. Sintagma horretako lehen osagaia izen kategoriako hitza da eta bigarrena zenbatzaile kategoriakoa. Zenbaitetan “esan” aditz diskurtsiboarekin lagundurik ager daiteke: hitz batean esateko, hitz batean esanda.

8. aurkibidera joan Aldaerak

HITZ BATEN, HITZ BATEZ

9. aurkibidera joan Baliokideak

LABURBILDUZ, HITZ GUTXITAN

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Agirreren (1991) Euskal Gramatika Deskriptiboan ageri da, eta esapide aski ezaguna dela esaten da.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[Orotariko Euskal Hiztegia]

HITZ BATEAN (Dv). En una palabra, en pocas palabras. Fedearen obea, Eleizaren kutuna, itz-batean, Agustiñ au. Lar SAgust 4. Larga dezagun, itz batean esanaz [...] andiago dala. Cb Eg II 130. Hitz batean errelijionezko egintz guziez. Dh 50. Itz batean, erakusten digute [...] kontuzkoak izaten. It Dial 27 (Ur berba baten, Dv e Ip hitz batez). Itz baten esan: Narkis-en itzulietarakua zan. Otx 12. Ez dugu sekula egin, hitz batean esateko, Leturiarena bezalako ibilaldirik. MIH 300.

GavS 18. Gco II 50. AA III 312. Izt C 24. Lard 71. Aran SIgn 50. Xe 215. Bv AsL 164. AB AmaE 258. Arr May 29. Apaol 31. Moc Damu 12. Ag Kr 82. Goñi 77. Ill Pill 27. Inza Azalp 62. FIr 186. Ldi IL 157. Or Eus 36.

[Egungo Euskararen Hiztegia (EEH). Euskaltzaindiaren Hiztegia, 2012] 

hitz 2 (zenbait esapidetan) Hitz gutxitan esana. Hitz batean esango dizut. Hitz batez esateko, euskaltasuna galtzen ari gara. Txakur eta katuak, ahuntzak, azariak; hitz batean, abere guztiak. Bi hitz, bukatzeko.

12. aurkibidera joan Posizioa

Enuntziatu hasieran, hau da, atal birformulatzailearen hasieran agertzen da batik bat:

(12.1)

Bere merkantzien prezio merkea da Txinako harresi guztiak eraisteko, tribu barbaroen atzerritarrarenganako gorroto setatiena errendiarazteko erabiltzen duen artilleria astuna. Behartu egiten ditu nazio guztiak burgesiaren produkzio-modua berenganatzera, hondoa jo nahi ez badute; behartu egiten ditu beren baitan zibilizazioa onartzera, hau da, burges izatera. Hitz batean, mundu bat sortzen du bere irudi propiora. [PKC, Karl Marx - Idazlan hautatuak, Karl Marx / Xabier Mendiguren Bereziartu, 244 or., 2004]

(12.2)


-Oraintxe bertan joan behar duzu -esan zion izebak- aita Landriani gure artzapezpiku bikainarengana; zoaz oinez, igo astiro eskailerak, eta ez egin zarata handirik gelaurrean; han zain edukitzen bazaituzte, hainbat hobeto, mila bider hobeto!; hitz batean, izan zaitez apostoliko! [EPD lib., Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz (Elkar/Alberdania, 2007) Orr.: 221]

(12.3)


Gaur egun,  gizartean bizi den pertsonak oso zail du buruaski izatea, norberak bere premia guztiak asetzeko gaitasuna izatea, alegia. Beti izango da nahitaezkoa gainerako pertsonekin harremanetan jartzea, gutxienik elikagaiak, gauzak eta zerbitzuak lortzeko eta bizitzako beharrak asetzeko. Horretarako, ordenamenduak babestutako instrumentua da betebeharrezko harreman juridikoa; hitz batean esanda, betebeharra edo kreditu-eskubidea (eskubide pertsonala).[Zuzen. TA, Zuzenbide Zibila I, Ibon Viteri, UPV/EHU, 2011]

Zenbaitetan, atal birformulatzailearen tarte-azkenetan agertzen da; esaterako, Pentsamendu Klasikoen Corpusean tartean ageri da gehienetan:

(12.4)

Landaren eta hiriaren arteko kontrajartzea barbarietik zibilizaziorako igarobidean hasten da, tribu-eraentzatik estaturakoan, lokalitatetik naziorakoan, eta zibilizazioaren historia osoaren barruan mantentzen da gure egunotara iritsi arte (Anticorn-law-league). Hirien existentziarekin administrazioaren, poliziaren, zergaren eta abarren beharra sortzen da, hitz batean, udal bizitzarena eta horrela politikarena, oro har. [PKC, Karl Marx - idazlan hautatuak, Karl Marx / Xabier Mendiguren Bereziartu (2004) Orr.: 209]

(12.5)

Gainerakooi oharkabean joan zitzaigun hots hura, eta Virgilek geure arreta hartara jartzeko esan zigunean ere, urruna iruditu zitzaigun eta kostatu egin zitzaigun nondik zetorren asmatzen. Harritu egin gintuen Virgilen belarriaren zoliak eta haren entzutezko arreta, zorroztasun eta orientazio-senak: hain belarri fineko entzulea izateak, hitz batean. [EHU, Konputagailuen arkitektura, Hennessy, John L. et al. (EHU, 2009) Sarrera]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Perpausaren hasieran doanean, puntua edo puntu eta koma jartzen da haren ezkerrean, eta koma haren eskuinean.

(13.1)

Zalaparta horrek guztiak, hala ere, ez dio modu adierazgarrian eragiten energia - eta momentu-emari orokorrari. Energia - eta momentu-emariari gorabeherak eragiten dizkioten erradiazioak bakanak dira, askatasun asintotikoaren arabera. Beraz, hor dabil askotariko partikula mordo bat, guztiak ere norabide berean mugitzen: quarkak edo antiquarkak hasieran finkaturiko norabidean, hain zuzen. Hitz batean, turrusta bat sortu dugu. [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009), 284. or.]

(13.2)

Hoskins-ek The Making of the English Landscape lan zoragarrian dioen bezala, eskualde pribilegiatu batzuetan, Cotswolds-en eta Oxfordshire-ren iparraldean, esate baterako, anglosaxoiek nahiko paisaia zibilizatua topatu zuten, baina, oro har, hasiera-hasieratik ekin behar izan zioten lanari.51 Kolonizatzaile gehienek sekula zapaldu gabeko lurrei aurre egin behar izan zieten; harizti eta lizardi hezez beteta zeuden, eta orobat kareharrizko lurretan edo haietatik gertu zeuden pagadiz. Baso handirik ez zegoen lekuetan, berriz, mortu garai, hotz eta lanbrotsuak, zingirak eta gatzaga-estuario hezeak, urak hartutakoak edo urpekoak, edo landaredi eskaseko eta txilardi lehorreko lur elkorrak zeuden; hitz batean, nekazaritzarako aise erabili ezin ziren lurrak. [EHU, Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Morris, Anthony Edwin James (EHU, 2010) 4. kapitulua]

Perpausaren barnean, berriz, koma artean joaten da.

(13.3)

Manipulazio genetikoak bioaniztasunaren galera areago azkar dezake eta, dakigunez, dagoeneko nahikoa arazo larria da areago sakontzeko.Horra, beraz, txanponari falta zitzaion aldea, binperra. Ia ondoko adibideak esan nahi duguna ulertzeko balio dizuen. Demagun izurrite-mota jakin bati aurre egiteko gauza den landare-barietatea masiboki ekoizteko bidea dugula; normala denez, landarearen gainerako barietateak apurka-apurka baztertuko genituzke, landare osasuntsuagoa, emankorrago eta, hitz batean, hobea dugulako. Erremediorik gabe, delako landareak bere altxor genetikoa galduko du; denbora-kontua baino ez da izango. Are gehiago, izurrite hori eragiten duen mekanismoak barietate horren babes-sistemak detektatu eta inoiz gaindituko balitu, altxor genetikoa ezezik, irauteko posibilitate guztiak ere galduko lituzke landareak. Urte edo hilabete edo egun gutxiren buruan, munduan diren landare-espezien zerrendatik bat kendu beharko genuke; beste bat. [ZTC, Urrats txiki bat ardiaren..., Kaltzada Gonzalez, Pili Elhuyar Fundazioa, 1997 (aldizkari artikulua)]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Diskurtso-markatzaile hau normalean perpaus batean agertzen da. Perpaus hau izan daiteke independentea:

(14.1)

Horietariko gehienetan, zifra baten balioak ez du zerikusirik zenbakia idazterakoan duen kokalekuarekin: zenbakera erromatarreko "X"k "hamar" balio du, zeinahi dela haren kokalekua. Beraz, "XXX" "hogeita hamar" da: hamar gehi ha-mar gehi hamar. "Kokalekuzko zenbakeran, berriz, guztiz bestelakoak dira kontuak; zifra baten balioa zifra horrek zenbakia idazterakoan duen kokalekuaren araberakoa da. Hitz batean, "garrantzia du" lekuak! [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 227]

perpaus koordinatua:

(14.2)

Gure disziplinari berez dagokion errigorea alde batera utzi gabe, fisikaren definizioa zabaldu egin beharra daukagu, barnean eremu gehiago har ditzan, eta disziplina gehiagorekin jarri behar dugu harremanetan; gainera, elkarrizketa hau humanitateetako eta zuzenbide, ekonomia edo enpresa bezalako beste alorretako geure lankideengana hedatzen saiatzea onuragarria dela uste dut. Honek ahalegin bat dakar eta arazoak sortuko ditu, agian, baina, hala jokatu ezik arazoak handiagoak izango dira. Zientzia ederra eta erabilgarria da, balore ekonomikoa da, eta, hitz batean, kulturaren osagaia da. Ebidentzia hau errealitate bihur dadin, gure herriak zientzia eta teknologia nahiz beraren gizarte-dimentsioaren gaineko hiritarren hezkuntzarako egitarau handia behar du, premia handiz. [ZTC, Gizartearen eta Zientziaren arteko lotura, Etxenike Landiribar, Pedro Miguel Udako Euskal Unibertsitatea, 1995 (aldizkari artikulua)]

mendeko perpausa:

(14.3)


Manipulazio genetikoak bioaniztasunaren galera areago azkar dezake eta, dakigunez, dagoeneko nahikoa arazo larria da areago sakontzeko.Horra, beraz, txanponari falta zitzaion aldea, binperra. Ia ondoko adibideak esan nahi duguna ulertzeko balio dizuen. Demagun izurrite-mota jakin bati aurre egiteko gauza den landare-barietatea masiboki ekoizteko bidea dugula; normala denez, landarearen gainerako barietateak apurka-apurka baztertuko genituzke, landare osasuntsuagoa, emankorrago eta, hitz batean, hobea dugulako. Erremediorik gabe, delako landareak bere altxor genetikoa galduko du; denbora-kontua baino ez da izango. Are gehiago, izurrite hori eragiten duen mekanismoak barietate horren babes-sistemak detektatu eta inoiz gaindituko balitu, altxor genetikoa ezezik, irauteko posibilitate guztiak ere galduko lituzke landareak. Urte edo hilabete edo egun gutxiren buruan, munduan diren landare-espezien zerrendatik bat kendu beharko genuke; beste bat. [ZTC, Urrats txiki bat ardiaren..., Kaltzada Gonzalez, Pili Elhuyar Fundazioa, 1997 (aldizkari artikulua)]

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Maiztasun handiagoa ageri du itzulitako testuetan (% 1,11), jatorrizkoetan baino (% 0,19).

Hitz batean [etena bietan] 

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

259

2,42

A1. ZIO corpusa

11

1,10

B1a. EPD liburuak

55

0,53

C1. ETBko dokumentalak

1

0,20

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

4

0,16

B1b. EPD prentsa

17

0,16

B2. ZT Corpusa

11

0,16

C2. Goenkale corpusa

11

0,10

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

2

0,03

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

0

0,00

Denera

371

0,59

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

70

0,19

Itzulpenak

301

1,11

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Prosako testuetan

b. Bereziki erregistro zainduan

c. Idatzian

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[Elhuyar]

“en una palabra”

[OEH]

“En una palabra, en pocas palabras”

[Zehazki]

“en una palabra”

ingelesa

[WordReference dictionarie]

“in a nutshell”

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Ez da diskurtso-markatzailea etenik gabeko testuinguruetan.

(18.1)

Bururik eta buruari loturiko datu-hodirik ezean, jatorrizko fly aditzaren forma irregularrak, hots, flew eta flown, behereneko mailan gelditzen dira giltzapeturik, eta ezin dira bor-bor igo hitz osoari eransteko. Lehenaldiko formak - ed gehiturik eratzeko arau erregularra sartzen da orduan, eta hala sortzen da flied out forma. Fly out aditzaren irregulartasuna neutralizatzen duena, hortaz, ez da haren esanahi espezializatua, baizik eta aditza ez den hitz batean oinarrituriko aditz bat izatea. [ZIO, Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010), 151. or.)]

(18.2)


Delako aldaketa kontsonante batean gertatzen denean, ia beti eskema berbera kausitzen dugu: hitzaren lehenengo letra izaten da, eta ia kasu guztietan m bihurtzen da errepikapenean: duda-muda, jauzi-mauzika, kako-mako, keko-meko, kinki-minki, kokolo-mokolo, kulu-mulu, nahas-mahas, nahasi-mahasi, piko-miko, puska-muska, puskalaka-muskalaka, puskila-muskila, pusta-musta, salatari-malatari, salto-malto, saltsa-maltsa, saskil-maskil, sino-mino, sius-miuska, sorki-morki, tarteka-marteka, terreil-merreil, tinta-minta, totel-motel, txutxu-mutxu, xehe-mehe, xingola-mingola, zaldiko-maldiko, zauka-mauka, zeharka-meharka, zehatz-mehatz, zilo-milo, zinkurin-minkurin, ziri eta miri, zirri-mirri, zirrizti-mirrizti, zizka-mizka, zizki-mizki, zoko-moko, zuri-muri... Eta hitz batean idazten diren jendemende, surmur, zarramarra, zirimiri, zurrumurru... Salbuespenak ere aurkitu ditugu: narras eta barras, nekez eta pekez, saski-naski, saskili-baskili, txatxala-patxala, txiribiri, txitean-pitean, txutxu eta putxu, zarraparra, zurruburru, zurru eta purru... [EPD lib. Hitza azti, Iñaki Arranz (Alberdania, 2006) Orr.: 33]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus