Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan
1. Saila > azpisaila | 2. Balio oinarrizkoa | 3. Balioak eta erabilerak | 4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa | 5. Balio diskurtsiboa: informazioa | 6. Balio diskurtsiboa: argumentazioa | 7. Forma eta jatorria | 8. Aldaerak | 9. Baliokideak | 10. Euskal gramatikak | 11. Euskal hiztegiak | 12. Posizioa | 13. Puntuazioa | 14. Sintaxia | 15. Maiztasuna | 16. a. Testu Mota b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...) c. Idatzia/ahozkoa | 17. Erdal baliokideak | 18. Ez da diskurtso-markatzaile...
birformulatzailea > laburbiltzailea
Laburbiltzea, diskurtso-markatzailearen ataleko informazioa nabarmenduz: diskurtso-markatzaile honek aurreko atalean (birformulakizunean) eman diren azalpenak kontuan hartzen ditu, eta aurreko atal horretan esandakoaren ildoari jarraituz, bideratzen ditu bigarren zatian egin daitezkeen inferentziak. Oro har, bigarren zatian edo atal birformulatzailean laburpen gisa aurkezten duen informazioa nabarmenduz.
Idazlea ez da gozogile bat, ez lurringile bat, ez juglare bat; pertsona konprometitua da, beharraren eta bere kontzientziaren sentimenduari lotuta dagoena; behin hasita, bukaerara heldu behar du, eta nahiz eta nazka eman, bere atsekabea gainditu eta bere irudimena bizitzaren lokatzetan zikindu behar du... Azken finean, kronista soila bezalakoa da". (A. Txekhov, via Jon Benito, berria) (ez dakit noizkoa: zabarkeria, Mikel, zabarkeria, idazkari jauna...) Albainketa 3. (Abarrategi) Hari-lits hau, firu albiñu hau, Amaia: ez dakit zer egin beronekin ere. [EPD; Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 357]
Birformulakizuna |
Idazlea ez da gozogile bat, ez lurringile bat, ez juglare bat; pertsona konprometitua da, beharraren eta bere kontzientziaren sentimenduari lotuta dagoena; behin hasita, bukaerara heldu behar du, eta nahiz eta nazka eman, bere atsekabea gainditu eta bere irudimena bizitzaren lokatzetan zikindu behar du... |
Azalpena: atal birformulatzailea |
Azken finean, kronista soila bezalakoa da". |
Honako adibide hauetan ere, ikus daiteke bigarren zatian edo atal birformulatzailean laburpen gisa aurkezten den informazioa nabarmentzen dela:
Hala ere, horrelako metaforak eta esapideak literalki hartzea; horrelako ereduak ez direla asmatuak baizik intuitiboki aurkituak edo bereiziak direla sinestea, doinu posible askoren arteko batzuk ez direla soilik pentsatzea, zeinak soinu berak ekoitzaraz baitaitezke belarri musikalarentzat, baina zentzuren batean bakarrak direla; pentsatzea existitzen dela historiaren eredua, oinarrizko erritmoa: existitzen den guztia sortzen eta justifikatzen duen zerbait; hori jokoa serioegi hartzea da, hartan errealitaterako giltza bat ikustea. Jakina, erantzukizun banako nozioaren ikuspegia, azken finean, lilura bat delako iritziarekin norbera konprometitzea da. [PKC,Giza historia, Isaiah Berlin / Xabier Mendiguren Bereziartu(2008);Orr.:184]
Historiariak Guise-ko dukea 1588ko abenduaren 23an hil zela baieztatzen duenean, edo eleberrigileak markesa bostetan irten zela kontatzen duenean, ekintza horiek trinkotasunik gabeko bestordu halako batetik datozkigu; existentziaren dardara horretaz gabeturik, algebra baten taxu egonkortasuna dute, oroigailu dira, baina oraigailu baliozko bat, zeinaren interesak munta handiagoa baitu iraupenak baino. Iragan burutua, bada, ordenu baten adierazpidea da azken finean, eta, beraz, euforia batena. [PKC, Idazkuntzaren zero gradua, Roland Barthes / Juan Garzia (1996); Orr.:54]
Horrek erakusten du ingeles ortografia ez dela erabat fonemikoa; batzuetan, letrek fonemak kodetzen dituzte, baina beste batzuetan, aldiz, letra-sekuentzia bat morfema bati dagokio. Eta idazkera-sistema morfemikoa uste zenezakeena baino erabilgarriagoa da. Irakurtzearen helburua, azken finean, testua ulertzea da, ez hura ahoskatzea. [ZIO, Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010); Orr.: 202 ]
Antartikan ere bidaia, abentura eta kirola uztartu ditugu. ENEKO POU: Antartikako urratsak horrelakoa behar zuen, abentura ahalik eta gutxien domestikatzen saiatu behar genuen. Ez da izan duela mende batzuetako esplorazio irteera, baina gure apalean saiatu gara ukitu hori ematen: lekua berria genuen, inoiz nabigatu gabeak ginen, logistika zailtasunak, bakardadea... Superbibentzia, azken finean.[EPD; «Proiektua bukatuta, gure kirol ibilbidean heldutasuna lortu dugu», EKAITZ AGIRRE, 2008-02-01]
Hona azken finean birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak:
a. Esplikatiboa: aurreko enuntziatu batean esandakoa modu laburrean azaltzeko:
Israeleko prentsan, aurreneko kritikak begirunezkoak ziren. Ha'aretz egunkari errespetagarriak liburuko zati luzeak argitaratu zituen, testuinguru oro har aldeko batean. Eta ez da harritzekoa. Judenräteei kargu hartuz, Arendtek gehiago ematen zuen garai batean izan zen tankera zaharreko sionista. Sionismoa, azken finean, juduen autokritikazko mugimendu bat izan zen. [PKC; Eichmann Jerusalemen, Hannah Arendt / Koro Navarro (2007) Orr.: 22]
Estatua beti, edozein eratakoa dela ere - basatia, antzinakoa, erdi arokoa edo modernoa - gizatalde batek beste gizatalde batzuei elkarrekin entrepresa bati ekiteko egiten dien gomita da. Entrepresa hau, edozein direla bitarteko urratsak, azken finean, nola-halako bizimodu komun bat antolatzean datza. [Masen Errebolta, J. Ortega y Gasset / Juan Antonio Letamendia (1994) Orr.: 157 ]
b. Informazioa argitzea: aurreko enuntziatu batean esandakoari informazio argigarria era laburrean gehitzeko:
Iraultzak idazkuntza horren arauak aldatu ez baditu ere, pentsalari-jendea azken finean berbera baitzen beti ere, eta botere intelektualetik botere politikora pasatu baizik ez baitzen egin, hala ere borrokaren baldintza bereziek idazkuntza iraultzaile peto-peto bat sortu dute, ez egiturari dagokionez, sekula baino akademikoa baita, baizik bere itxitura eta bikoiztasunarengatik, lengoaiaren erabilera, Historian ordura arte inoiz ez bezala, isuririko Odolarekin lotua egon baita horrenbestez. [PKC; Idazkuntzaren zero gradua, Roland Barthes / Juan Garzia (1996) Orr.: 46]
Horren ondorioz sortu ziren janari-soberakinak eta (eskualde batzuetan) soberakin horiek garraiatzeko animalietan oinarrituriko baliabideak aldez aurreko baldintza izan ziren gizarte finkatu, politikoki zentralizatu, sozialki geruzatu, ekonomikoki konplexu eta teknologia aldetik berritzaileak garatzeko. Horregatik, etxeko landare eta animaliak irispidean izateak esplikatzen du, azken finean, inperioak, alfabetatzea eta altzairuzko armak zergatik garatu ziren lehenago Eurasian eta geroago, edo batere ez, beste kontinenteetan. [Su-armak, germenak eta altzairua, Jared Diamond / Andoni Sagarna (2009) Orr.: 97 ]
c. Ondorioa bideratzea: lehen formulazioaren ondorioa bideratzen du modu sintetikoan, berrazterketa edo berrausnarketa egin ondoren
Historiariak Guise-ko dukea 1588ko abenduaren 23an hil zela baieztatzen duenean, edo eleberrigileak markesa bostetan irten zela kontatzen duenean, ekintza horiek trinkotasunik gabeko bestordu halako batetik datozkigu; existentziaren dardara horretaz gabeturik, algebra baten taxu egonkortasuna dute, oroigailu dira, baina oraigailu baliozko bat, zeinaren interesak munta handiagoa baitu iraupenak baino. Iragan burutua, bada, ordenu baten adierazpidea da azken finean, eta, beraz, euforia batena. [PKC, Idazkuntzaren zero gradua, Roland Barthes / Juan Garzia (1996) Orr.: 54]
Era berean suposa liteke beste gauza hori gorputz ikusezinen baten kokapena edo abiadura dela; alfa gorputza deitu izan dioten pertsona batzuk egin izan dutena da, nahiz eta gorputz horren berri, izena salbu, inoiz ez jakitera destinatuta gauden. Horrek antz handia du inertzia-printzipioaz nire gogoetak egiteko idatzitako lerrokadaren amaieran aipatu dudan amarruarekin. Baina, azken finean, zailtasuna artifiziala da. [PKC; Zientzia eta hipotesia, Henri Poincaré / Andoni Sarriegi (2008) Orr.: 114 ]
Lehen aldiz Gottfried Ploucquet-ek izan zuen hori eta laukia erabili zuen; Lambert-ek, haren atzetik, elkarren gainean ezarritako lerro soilak erabili zituen: Eulerrek garatu zuen lehenik osoki zirkuluekin. Nik ez dakit esaten, azken finean, zertan datzan hain analogia zehatza kontzeptuen eta horien figura espazialen harremanen artean. [PKC, Mundua nahimen eta errepresentazio gisa, Arthur Schopenhauer / Xabier Mendiguren Bereziartu (1999); Orr.: 85]
Txinpantzeak (Pan troglodytes) eta bonoboak (pan paniscus) eboluzioaren zuhaitzean non kokatu zalantzan egon da 1775. urtetik, espezieok lehen aldiz sailkatzeko saioa egin zutenean. Gizakiekin zuten antza ikusita, Homo generoan sartu zituzten tximinook, gizakiekin batera. 1816. urterako, ordea, genero bat (Pan) propio asmatu zuten tximuok Homo generotik ateratzeko. Sailkapena arbitrarioa da, azken finean. [EPD; Gizatiarra, gizatiarregia, EDU LARTZANGUREN - DONOSTIA, 2006-01-25]
4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa
Laburbiltzea bideratzeko zeregin horretan esatariak aurretik esandakotik interpretatzen du zer den laburbiltzea merezi duena.
5. Balio diskurtsiboa: informazioa
Oro har, esan daiteke aurretik esan direnak laburbiltzen dituen atala bideratzen duela.
6. Balio diskurtsiboa: argumentazioa
Aurretik esandakoaren argumentazio-ildoari jarraituz, esan daiteke diskurtso-markatzaile honek ondorioak edo sintesi-lanetik zer den funtsezkoa inferitzeko lana bideratzen duela. Nolabait, diskurtso-markatzailea agertzen den atalak argumentu garrantzitsuena jasoko du.
Diskurtso-markatzaile hau bi hitzez osatuta dago: “azken” izena eta “fin” izena inesibo kasuan.
Ez du aldaerarik.
AZKEN BATEAN, AZKEN BURUAN
Ez da agertzen euskal gramatiketan.
[Elhuyar] azken finean, azken batean, azken buruan, finean
a fin de cuentas
No quiso quedarse en casa porque, a fin de cuentas, iba a gastar lo mismo: ez
[Euskaltzaindiaren Hiztegia, 2012]
azken finean Azken batean, azken buruan
Azken finean, txikia beti izaten da txiki handien artean.
[Orotariko Euskal Hiztegia]
AZKEN FINEAN. a) Al final, en el último momento. v. AZKENEAN, AZKEN BURUAN. Gure gauzez ordenatu, oso giren artian, / gero eztugun egiteko hezaz azken finian. E 37. Halako moldez non azken finean zurekin batean ardiets dezadan eta goza sekula fin-gabeko loria. Mat 187. Eta gloria ardiats / Gero azken fiñean. EZ Eliç 244. Nola halaber bere mendean gaizki bizi izatu dena, azken finean erremedia baititeke, ohoin ona egin zen bezala. Ax 215 (V 144). Zeren iraganak iragan, azken finean nolako garen behatzen du Iainkoak. Ib. 460 (V 299). Jendeak, ikhus nazazue / Nolatan azken fiñean / Zuengatik hiltzera noan / Gurutzearen gaiñean. Gç 86. Bañan akorda bekit noizbait / Azken fiñean urthe bat. Ib. 173. Azken fiñian bitartekotzat / bera jarriko al zagu. Ud 118. Aizken piñean gure kontua / arren eduki dezala [San Martinek]. Tx B I 44. Edo bestela azken fiñian / penetan illko zerade. Tx B II 155. Haurra ongi dator azken finean, baina ama galdurik dago. Arti Ipuin 82. Deabruak asmaturikako gauza da, eta deabruak eramaten du guztia azken finean. Arti Tobera 278. Banitate oroetaz bilhustu, marmario guzietaz / eta azken finean gure baitara itzuli. Lasa 109. Oihuak oihu eta sesioak sesio, utzi eta baztertu egiten dira, azken finean bederen, norberekoikeriak eta eskualdekeriak. MEIG IV 111.
b) A fin de cuentas. Azken finean, Joyce edo Kafkaren zenbait fruitu ez bide dira denbora-pasa irakurtzekoak. MEIG IV 134. Ez ote zuten azken finean hangoek guk [...] idazten genuen baino hobeki [...] idazten. MEIG VI 58.
Maiztasun handienarekin agertzen den corpusari erreparatuz gero, PKC corpusari alegia, esaldiaren barruko aldean ageri da gehienetan:
Hortaz, askatasunezko herrialdea da Amerika, non, inor ez mintzeko, atzerritarrak ez duen aske hitz egin behar ez partikularrez, ez estatuaz, ez gobernatuez, ez gobernariez, ez eginkizun publikoez, ezta pribatuez ere; azken finean, han aurkitzen den ezertaz ere ez, klimaz eta lurzoruaz izan ezik. [PKC; Amerikako demokrazia I, Alexis de Tocqueville / Iñaki Mendiguren (1995). Orr.: 7]
Esaldiaren hasieran ere maiz ageri da:
Jende bat, bere gaitasun naturalengatik, ekarpen handiagoa egiteko gauza izango da, eta horrela gehiago jasoko du produktutik eta bere beharrak hobeki asetzeko gauza izango da; beste batzuek, beren erantzukizun familiako eta pertsonalengatik, produktuarekiko partaidetza urriago hedatu beharko dute. Azken finean, hala ere, produkzio-bitartekoak gehitu egingo dira halako puntu bateraino, non urritasuna gainditu eta egiazko ugaritasuna lortuko den. [Karl Marx - idazlan hautatuak, Karl Marx / Xabier Mendiguren Bereziartu (2004) Orr.: 31]
Esaldiaren bukaeran ere ager daiteke kasu bakanetan:
Buruzagi intelektual batzuek traizioa egin arren, metodo platonikoek hezkuntzan izan dituzten eragin sorgortzaileak eta propagandaren eragin suntsigarriak gorabehera, harrigarrizko lorpen batzuk ere izan dira. Gizon ahul askori lagundu zaio, eta ia ehun urtez esklabotza ia osorik ezabatu da. Batzuek diote berehala ezarriko dela berriro: Ni, berriz, baikorragoa naiz; gure esku baitago hori, azken finean. [PKC; Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) Orr.: 399]
Esaldiaren barruko aldean agertzen denean, gehienetan komen artean izango dugu diskurtso-markatzailea.
Musika, aitzitik, bikaina da horretarako. Hizkuntzak gizaki modernoen komunikazio-sistema nagusi izateraino eboluzionatu ostean, ez zekiten musika bidez norekin komunikatu. Musika, azken finean, hmmmmmetik sortua da, eta gainera, komunikatzeko bitarteko gisa eboluzionatu zuen eta, beraz, ez zen erraza komunikazio-eginkizuna galtzea. [Neanderthal kantariak, Steven Mithen / Iraia Yetano (2008) Orr.: 416]
Esaldiaren barruko aldean agertzen denean, gehienetan komen artean izango dugu diskurtso-markatzailea, hala ere, ezkerrean puntu eta koma, eta eskuinean koma duela ere agertzen da:
Eszeptizismoak objektua den bezala atzemateko aditze-ahalmenak duen ezintasuna baiezten du soilik; beraz, subjektuak bere baitara egiten duen bihurtze nola teoriko hala praktikoa soilik irakasten du, abstentzioa, bere bakardadea izakiaren erdian. Aitzitik, pentsalari grekoen portaera dogmatikoa natur osotasunarekiko ahaidetasun-sentimendu ziurretik abiatzen da; azken finean, naturaren erlijio grekoan oinarritzen da; horrela pertzepzioa eta pentsamenduaren teoria dogmatiko zaharrenen oinarrian dagoen printzipoan adierazten da: berdina berdinaz ezagutzen da. [PKC, Izpiritu-zientzietarako sarrera, Wilhelm Dilthey / Xabier Mendiguren Bereziartu (1995) Orr.: 212]
Esaldiaren barruko aldean agertzen denean, gehienetan komen artean izango dugu diskurtso-markatzailea, hala ere, ezkerrean koma bakarra duela ere agertzen da:
Hala ere arrazoi horregatik ez ditugu kontsideratzen ulertzeko nahi horiek konbikzio zientifikoa baino arrazionaltasun gutxiagokoak direnik, oraindik gutxiago arbitrarioak direnik. Esaten dudanean ohartzen naizela x-k y-ri barkatu egin ziola maite zuelako edo onberegia zela arrangura izateko, azken finean neure esperientzia eta irudimenera (edo nire gizartearenera) jotzen ari naiz, harreman horiek izan diren eta izan daitezkeenaren nire (edo nire lagunen) ezagutzara. [PKC, Giza historia, Isaiah Berlin / Xabier Mendiguren Bereziartu (2008) Orr.: 90]
Esaldiaren hasieran agertzen denean, berriz, puntuaren ondoren agertuko da diskurtso-markatzailea eta, ondoren koma izango du:
Diru-zenbateko bat soilik bereiz daiteke beste batetik haren magnitudearengatik. Beraz, D - M - D prozesuak ez dio zor bere edukia ezein desberdintasun kualitatibori beren muturren artean, zeren bata eta bestea dirua baitira, baizik haren desberdintasun kualitatiboari soilik. Azken finean, diru gehiago ateratzen da zirkulaziotik hasieran bertara jaurti zena baino. [Karl Marx - idazlan hautatuak, Karl Marx / Xabier Mendiguren Bereziartu (2004) Orr.: 343]
Oro har, puntuazio-markekin agertzen bada ere, zenbait kasutan puntuazio-markarik gabe ere ageri da:
Baina horrek ez du enteleguaren morrontza nahimenaren pean ezabatzen. Gizon arruntek ez dute gauzetan ulertzen zuzenean edo zeharka bere buruarekin zerikusia duena besterik (beretzako interesa); gainerakorako entelegua ezin menperatuzko eran nagitzen zaio, eta hortik dator azken finean gelditzea, argitasun distiratsuz kontzientziari agertu gabe.[PKC; Naturako nahimena, Arthur Schopenhauer / Xabier Mendiguren Bereziartu (1994) Orr.: 140]
Esanguratsua iruditu zaigu zenbait lokailurekin agertzeko joera:
- alabaina, azken finean
- Alegia, azken finean
- baina, azken finean,
- beraz, azken finean,
- azken finean, beraz,
- eta, azken finean,
- hau da, azken finean,
- izan ere, azken finean,
- nahiz eta, azken finean,
- zeren eta, azken finean,
- zeren, azken finean,
azken finean |
||
agerpenak | maiztasuna (100.000ko) |
|
A1. ZIO corpusa |
9 |
0.90 |
A2. EHUko eskuliburu itzuliak |
41 |
0.74 |
A3a. Zuzenbidea / lege-testuak |
24 |
0.58 |
A3b. Zuzenbidea / akademikoak |
124 |
4.96 |
A4. Pentsamenduaren Klasikoak |
586 |
5.47 |
B1a. EPD liburuak |
368 |
3.60 |
B1b. EPD prentsa |
347 |
3.30 |
B2. ZT Corpusa |
356 |
5.39 |
C1. ETBko dokumentalak |
9 |
1.80 |
C2. Goenkale corpusa |
265 |
2.40 |
denera |
2129 |
3.40 |
16. a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa
a. Gehienbat hiru corpus hauetan agertzen zaigu: PKC, EPD eta ZTC. Era askotariko prosan dugu, beraz. Hala ere, Goenkale corpusean ere agerpen ugari ditu.
b. Bereziki, erregistro zainduan.
c. Idatzian eta mintzatuan ere, Goenkale corpusa mintzatutzat hartuz gero.
espainiera
[Elhuyar]
“al final, en último término, a fin de cuentas, en suma; en última instancia”
[OEH]
al final, en último término; afin de cuentas, al fin y al cabo
18. Ez da diskurtso-markatzaile...
Azterturiko corpusean ez dugu horren adibiderik aurkitu.