Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Mª Jesus Aranzabe, Jose Mari Arriola
AZKEN BURUAN

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > laburbiltzailea

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Azken buruan diskurtso-markatzaileak aurretik, birformulakizunean,  eman diren azalpenak berraztertzen ditu, eta berriz aztertutako azalpenei bidea ematen die atal birformulatzailean.

(2.1)

Halaber, zure lantokian ere zenbait aldaketa gertatu dira, nahitaezko aldaketak, susma ditzakezun arrazoien karietara. Robertek ez du ezer erantsi. Bere egoeraren jabe da guztiz, eta bat dator zuzentzaileekin, berak ere helburu hori baitu, normaltasunera lehenbailehen itzultzea, bere etxera, bere ametsetara, bere lanpostura; azken buruan, egunerokotasunera. Normaltasuna, hori da Robertek gogoko duen egoera. Hara itzuli nahi du. Jakin badaki egunerokotasuna gertakari haietaz geroztik desberdina izango dela hasiera batean behintzat, emazterik gabekoa, besteak beste. [EPD lib., Istripuak, Agustin Arrieta Urtizberea (Alberdania, 2008) Orr.: 28]

Birformulakizuna

Bere egoeraren jabe da guztiz, eta bat dator zuzentzaileekin, berak ere helburu hori baitu, normaltasunera lehenbailehen itzultzea, bere etxera, bere ametsetara, bere lanpostura;

Azalpena: atal birformulatzailea

azken buruan, egunerokotasunera.

Diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa (Bere egoeraren jabe da guztiz, eta bat dator zuzentzaileekin, berak ere helburu hori baitu, normaltasunera lehenbailehen itzultzea, bere etxera, bere ametsetara, bere lanpostura) berriz aztertzera dator atal birformulatzailea (azken buruan, egunerokotasunera).

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Hona azken buruan birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak:

a. Esplikatiboa: aurreko enuntziatuan esandakoa azaltzen du modu laburrean.

(3.1)

Honako ekuazio honek nekez egingo digu huts alde horretatik: nolako hizkuntza, halako nazioa. Gauzak egiteko moduak, hizkuntzak, bere identitatea ezartzen diolako nazio-eraikuntzari. Hizkuntza bat erabiltzea, azken buruan, horixe baita: ekintza soziala, gainerako ekintzak bere baitan artikulatzen dituen esperientzien eta erreferentzien muga eta esparru kulturala. Gainerako giza eta gizarte ekintzekin partekatzen dugun izateko eta bizitzeko modua. Horixe da hizkuntza: nazio baten izateko eta bizitzeko modu berezi bat. Eta horixe da Irlandak galdu duena: Herri Gaelikoa izateko gaitasuna eta zoriona. [EPD lib., Abertzaleak eta euskara. Edo nazio euskaldunaren gainbehera, Joxe Manuel Odriozola (Elkar, 2008) Orr.: 195]

(3.2)

Herrian denek ezagutzen zuten elkar eta, bidean topatzean, elkar agurtzen zuten guztiek. Hamabi familia ziren osotara, eta denek zekiten gainerako guztien historia; bazekizkiten aitatxi-amatxiren izenak, arbasoenak, lehengusuenak, eta guztiek zuten besteen ondasunen berri zehatza. Herria, azken buruan, familia handi eta bakar bat bezalakoa zen. Zutoinen gaineko etxeetan antolatuta zegoen, eta etxe azpietan kakaraka eta lurrari mokoka ibiltzen ziren oiloak eta ahateak. Agurea jabetzen da lehenaldia erabiltzen duela bere artean herriaz mintzatzen denean. Horrek minez ziztatu dio bihotza. [EPD lib., Lihn jaunaren biloba, Philippe Claudel / Itziar Diaz de Ultzurrun (Igela, 2010) Orr.: 19]

b. Ondorioa bideratzea: lehen formulazioaren ondorioa bideratzen du modu sintetikoan, berrazterketa edo berrausnarketa egin ondoren.

(3.3)

Gogorra gertatzen zaio amari ordu horietan sukalderatzea, baina ohitzen hasia da. Xabi noiz esnatuko eta altxatuko den jakiteko araurik ez dago. Atzo, hamarretan jaiki zen; herenegun, zazpiak eta laurdenetan. Ez dago araurik, ez dago erregulartasunik, ez dago jakiterik hurrengo egunean zein ordutan esnatuko den, ez dago, azken buruan, ezer planifikatzerik. Alferrik da; ebazpiderik ez duen hieroglifikoa. Hieroglifiko tranpatia. Dena dela, gauza bat ziurra da, esnatzeko orduari dagokionez, amaren ordutegia Xabiren ordutegi bera da. [EPD lib., Istripuak, Agustin Arrieta Urtizberea (Alberdania, 2008) Orr.: 11]

(3.4)

Terapia genikotik, nahiz hastapen toteletan baino ez dagoen oraindik, uste osoz espero ditugun aurrerapenek bide horretatik joan behar dute noski. Bistakoa da nolako bilakabidean abiatua den gaur egun medikuntza; besteak beste, giza genomaren analisiaren garapenarekin. Ezen, analisi horri esker, pixkanaka ezagutuz joango gara gene bakar baten matxurak sorturiko egoera patologiko gehienak eta, azken buruan, guztiak. Jaio aurretiko diagnostikoa eta Huntington-en korearen gisako eritasun agertze berankorrekoen sintomei aurrea hartzea, urte luzez, zama astuna izango dira gaitzok jotakoentzat, halakorik gabe ez bailukete beren egoeraren berri inolakorik. [EPD lib., Sagua, eulia, eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) Orr.: 136]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziazioaren arduradunaren hausnarketa-prozesua dakar.

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Txertatzen duen informazioa nabarmentzen du.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Azken ideia hori, bigarren enuntziazioa indartzen du; alegia, ondoren agertzen dena zerbaiten muineko argudioa dela adierazten du.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Izen kategoriako bi osagai; bigarrenak inesiboari dagokion flexio-atzizkia du.

Elhuyar hiztegian lokuziotzat hartzen da.

8. aurkibidera joan Aldaerak

Egungo euskara estandarrean ez du aldaerarik; baina, Agirreren Euskal Gramatika Deskriptiboan (1991:987) AZKENEN BURUAN ageri da adibide batean:

«Azkenen buruan, ama benetako nik ikusteko ereti egokia helduko zala uste izan genduan >> (lrribarrea,165)

9. aurkibidera joan Baliokideak

AZKEN FINEAN, AZKEN BATEAN

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Agirre Berezibar, JM (1991). Euskal Gramatika Deskriptiboa. Bigarren atala. Labayru ikastegia. Bilbao

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[Elhuyar]

azken batean/buruan/finean

al final, en último término, a fin de cuentas, en suma; en última instancia

Azken buruan ez zen etorri: al final no vino.

Ez burua hautsi arazo horrekin; azken finean, erabakia ez duzu zuk hartu behar: no te rompas la cabeza con ese problema; a fin de cuentas, tú no tienes que tomar la decisión.

[Egungo Euskararen Hiztegia (EEH). Euskaltzaindiaren Hiztegia, 2012]

azken buruan 1. Bukaeran. Hitz batek azken buruan daramana, berezkoa duen alde erantsia 2. Azken batean. Darabilen auziaren muina ez da, azken buruan, Espainiako gerratea besterik.

[Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua]

Bai

[Orotariko Euskal Hiztegia]

AZKEN BURUAN (Dv). a) Al final, en último término. v. AZKENEAN, AZKEN FINEAN. Batak thira, berzeak thira, / hari ziren guduan: / soldadua garaitzen da / ordean azken buruan. EZ Noel 76. Gaixtoak dire, zeren azken buruan sartzen, eta ephatzen dire haragizko bekhatuan. SP Phil 288 (He Phil 288 azken buruan). Zorionezko edo dohakabezko sententzia dago azken-buruan neretzat. Dv LEd 203. Azken-buruan zure amodio guziaz oihu egin darotazu. Ib. 137. Eta ezarri zituen bi neskatoak beren haurrekin aitzinean: gero Lia eta bere haurrak ondotik: eta Errachel Josepekin azken buruan. "Rachel autem et Ioseph novissimos". Dv Gen 33, 2 (Ur azkenean). Urruntxago hedatu bazindute zuen jakitatea, ikasiko zinduten, azken buruan, arimak dituela pena guziak jasaiten. Lap 415 (V 189). Beharrezkoa da hitz batek azken buruan daraman -a berezkoa duen ala erantsia jakitea. MIH 112. Jaits gaitezen, azken buruan bada ere, honek arras gogoko ez zuen Izpirituaren erresumatik. Ib. 392.

b) A fin de cuentas, al fin y al cabo. Egur hezetik hainitz behar da su on baten egiteko; idorretik guti aski da. Azken-buruan xurrago da: egur idorra erabiliz, atherako zare merkeenik. Dv Lab 377. Azken buruan, ez ninduten bulkatu, nerau sartu nintzen neure baitarik. MIH 376. Darabilen hauziaren muina ez da, azken buruan, Espainiako gerratea besterik. MEIG VIII 34.

12. aurkibidera joan Posizioa

Azken buruan diskurtso-markatzailea atal birformulatzailearen hasieran ageri da gehienbat:

(12.1)

Gutxi balio du hasieratik norbaitez aingeru bat ikusi duela esateak, edo irudiz lehenik gizakitzat hartu zuela eta azkenean nabarmen gertatu zitzaiola hura aingerua izan zela adierazteak. Azken buruan, ikusi zen eta hitz egin zuen hura aingeru bat izan zela aurkitzen duzun guztietan jakin behar duzu eta seguru egon hura hasiera-hasieratik ikuspen profetiko edo amets profetiko bat izan zela. [PKC, Alderraien gidaria II, Maimonides / Xabier Kintana (2008) Orr.: 154]

(12.2)

Idealak dituena heroiko eta fanatikoa izaten da, ideiaduna, aldiz, urrun, egoskor eta eszeptiko mantentzen da. Azken buruan Unamuno segur aski gaurkoago gertatzen da (postmodernoen ondokotzat hartzen duenik ere bada!), historizismoa gainditu, bera egiaren gainean ezarri eta berau dialektikoki artikulatzen baitu, heroikoki, zauriak irekiz, eta ez itxiz, eszeptiko mantentzen da. [PKC, Bizitzaren sentimendu tragikoaz, Miguel de Unamuno / Xabier Kintana (1994) Orr.: 25]

(12.3)

Eskariak egiteko eskubidearen titularren esparru subjektiboa adiera zabalean zehazten da. Bada, ulertu behar da eskubide hori dutela pertsona fisikoek nahiz juridikoek, euren naziotasuna kontuan hartu gabe. Azken buruan, eskubide hori interes legitimoak defendatzeko bidea da, eta eskubide horren bidez herritarrek zeregin publikoetan parte har dezakete, banaka nahiz modu kolektiboan. [ZUZEN. LT, Zuzenbide Politikoaren legeria, F. Javier Arrieta, Anjel Lobera, Andres Urrutia, Ester Urrutia (Deustuko Unibertsitatea, 2007 )]

Esaldiaren barruko aldean ere maiz agertu ohi da:

(12.4)

Hara, bada, zergatik biltzen zituen Montsek mutil eta gizon ospetsu haien ileak: haiek hilda gero prezio onean saltzeko eta zahartzaroan estutasun ekonomikorik ez izateko, gerora begira aitaren negozioari edozer gerta baitzekiokeen, munduan ez baitago, azken buruan, krisirik ez duen ekonomiarik, eta segurtasun sozialari begira jartzea mila zulo dituen bide-lapurraren poltsa galduari begira jartzea bezalakoa baita, itxura guztien arabera. [EPD lib., Odolean neraman, Joan Mari Irigoien (Elkar, 2004) Orr.: 156]

(12.5)

Hizkuntza bat sakrifikatzea, dio Ken Hale-k, Massachusetts Institute of Technologyko hizkuntzalaritzako katedradun batek, Louvren bonba bat jaurtitzea bezalakoa da. Tragedia, azken buruan, ez da gizarte arkaikoak desagertzen ari direla, baizik eta kultura eta hizkuntza kementsu, dinamiko, biziak desagertzera bultzatzen direla. [ZIO, Argia munduaren ertzean, Wade Davis / Iñaki Iñurrieta (EHU, 2009) Orr.: 21]

Esaldiaren edo atal birformulatzailearen amaieran ere ageri da:

(12.6)

Eta niri doakidanez, Natura gizarte dela ehundaka aldiz sentitu dut, oihanean egurasten ibiltzean eta bertako arteekin elkartasun-sentimendua izatean, horiek nolabaiteko era ilunaz ene presentziaz ohartzen ziren eta. Fantasiak, zentzu soziala denak, arimagabea animatzen du eta guztia antropomorfizatzen; dena gizatiartzen du, eta gizatzen ere bai. Eta gizonaren zeregina Natura naturaz gainditzea da, hau da, hura gizatiartuz jainkotzea, hura gizatiar egitea, bera kontzientziaz hornitzera laguntzea, azken buruan. [PKC, Bizitzaren sentimendu tragikoaz, Miguel de Unamuno / Xabier Kintana (1994) Orr.: 160]

(12.7)

Kortabarriak deitoratu egin zuen euskal erakunde publikoek enpresaburuekin bat egin izana «prekarietatearen alde jarduteko». «Patronal pribatuari eta publikoari» oldartu guran. «Aitzindari» bihurtu dira lan baldintza eskasei, azpikontratazioari eta behin-behinekotasunari dagokienez. «Ia txapeldunak dira euskal administrazioak». Kortabarriak, beraz, ohartarazi zuen «patronal pribatuari eta publikoari» aurre egingo diola ELAk. Lan merkatua «irauli» gura du, azken buruan. [EPD pren., IZENBURURIK GABE, SINADURARIK GABE, 2005-02-02]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Atal birformulatzailearen hasieran agertzen denean  koma artean edo -etenaldi baten ondoren (hots, puntuaren, puntu eta komaren, bi puntuen eta parentesi baten ondoren)- eskuinean koma duela agertu ohi da.

(13.1)

Eta logika bera ezar dakioke, orobat, edozein adinetan gerta daitekeen ezin aurreikusizko heriotzari: matematika hutsaren ikuspuntutik, bistan da ezen, baldintza berdinetan, aukera gehiago ditugula pertsona gaztea izateko pertsona zaharra izateko baino. Beraz, organismo gazteak organismo zaharren kalterako sendotzen dituzten geneek dute irabazteko aukera gehien, eta eboluzioaren denbora-tarteetan metatzeko joera izango dute, edozein dela ere gorputz-sistema, eta seneszentzia orokorra da, azken buruan, horren guztiaren emaitza. [ZIO, Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010) Orr.: 320]

(13.2)

Jerry Fodor psikolinguistak esan izan duenez, Hamlet aipatuz, "horrela asmoaren sortzezko margoa, gogoetaren dirdir motelaz mazkaltzen da". Fodorrek iradoki du giza prozesatzailea modulu kapsulatua dela, informazioa buruko gramatikan eta buruko hiztegian bakarrik bila dezakeena, eta ez ordea, buruko entziklopedian. Azken buruan, auzia erabakitzeko, laborategira jo beharra dago. [ZIO, Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010) Orr.: 227]

(13.3)

Haserre horren atzean, eta korporatibismoaren azalpen posiblea alde batera utzita, klima aldaketaren azterketa gidatzen duen ideia nagusi bat aurkitzen da: aldaketa klimatikoaren aurkako neurri eraginkorren gakoa aurresangarritasun zientifikoan datza. Hortaz, aurresangarritasun zientifiko honi ezarri muga oro arbuiagarria eta kaltegarria da. Kasu honetan, inplikazio politikoaren gabezia nabarmena litzateke, hain zuzen ere, demanda zientifikoak (beste behin: konputagailu hobeak) kontuan ez hartzeagatik. Politika zientziaren oztopo lez da hemen ulertua; azken buruan, diote zientzialariek, politikariek ez dute interes handiegirik aldaketa klimatikoaren «egiak» jakiteko, horien aitzinean hartu beharreko neurrien kostu ekonomikoak (eta politikoak) itzelak izango liratekeelako [EPD pren., IZENBURURIK GABE, SINADURARIK GABE, 2005-02-17]

adibide gehiago:

(13.4)

Kolorearen ikerketa fisiologikoaren muga, gaurdaino, ikusmen primarioan koloreekiko sentibera diren sistemetan dago, V1 eta V4ko korrelazio landiarretan hain zuzen ere. Baina V4 ez da jomuga, bideko geltoki bat baizik, maila gero eta goragokoetarantz proiektatzen baita: azken buruan, hipokanporantz, hain funtsezkoa baita oroitzapenak gordetzeko; sistema linbikoko emozio-guneetara eta amigdalara; eta garun-azalaren beste zenbait aldetarantz. [ZIO,  Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003) Orr.: 58]

(13.5)

"Baldin eta P-B5, orduan Kt-R6; baldin …, orduan …; baldin …, orduan…": efektua zapuztu egingo litzateke erantzun desberdin on asko ez balira. Hori guztia matematika hutsa da, eta badu bere merezimendua; baina, hain zuzen, "kasu-zerrendatze bidezko froga" horixe (azken buruan, oso sakoneko desberdintasunik ez duten kasuak izaki) erdeinagarri zaio benetako matematikariari. [ZIO, Matematikari baten apologia, G.H. Hardy / Iñaki Iñurrieta (EHU, 2010) Orr.: 118]

Atal birformulatzailearen amaieran ere kokatu ohi da, etenaldi baten -koma baten- ondoren eta sintagmari edo esaldiari bukaera emanez.

(13.6)

Arrainen bizitza luzatu egiten zuen Olivierrek; arrain kutxak batetik bestera zeramatzanean, arrainei lehorrean lehen pausoak ematen laguntzen zien bide erakuslea sentitzen zen, artzain-txakurra bezala, ohatila bat larrialdietara daraman erizaina bezala. Berak salbatu egiten zituen arrainak eta salbatu egiten zuen hainbat jende ere goseak amorratzen zegoena. Mineral preziatua zen arraina, azken buruan. Horrelako txantxak bururatzen zitzaizkion Olivierri Rouengo neguan, lepoa izozten zitzaion bitartean. Olivier segailak petateari azken korapiloa eman aurretik kontuan hartu duen gauzetako bat, petate barruan sartu dituen gauzen biguntasuna: burkotzat erabili beharko du petate hori eta ez du barruan deus gogorrik, deus koskadunik sartu nahi. [EPD lib., Belarraren ahoa, Harkaitz Cano (Alberdania, 2004) Orr.: 21]

Zenbaitetan, ordea, ez da puntuazio-markez inguraturik agertzen:

(13.7)

Hor geratzen dira beste hamalau mila, bisitatzeko eta goresteko, horretarako denborarik balego. Hil aurretik, Margaret Mead antropologoak bere kezka bitxiaz hitz egin zuen: mundu gero eta homogeneoagorantz goazelarik, kultura moderno txepel, amorfo eta modu bakarrean orokor baten oinarriak ari gara jartzen, eta azken buruan kultura horrek ez du alternatibarik izango. [ZIO, Argia munduaren ertzean, Wade Davis / Iñaki Iñurrieta (EHU, 2009) Orr.: 178]

(13.8)

Ez daukat ezer Erlijioaren edo Etikaren Filosofiaren aurka oro har, ezta puntu konkretu baten aurka ere. Hau baino ez dut esaten, ezen oraingoz oso zalantzazkoa dela giza bizitza horiengatik arriskuan jartzea merezi ote duen. Ez dut esaten azken buruan Zientzia Filosofikoak Erlijioan eta Moraltasunean eragin behar ez duenik, esaten dut hori neurritasun sekularrez eta zuhurtasun handienez egitea baimendu behar zaiola. [PKC, Artikulu eta hitzaldien bilduma, Charles Sanders Peirce / Ibon Uribarri (2005) Orr.: 132]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Diskurtso-markatzaile hau agertzen den diskurtsoko elementua perpausa izaten da normalean, baina perpausa ez den beste elementu bat ere izan daiteke; hurrengo adibidean izen-sintagma bati laguntzen dio:

(14.1)

Mariak ez zuen inongo gogorik Bingenera joateko, eta urrun samar zegoen -eta dagoenauzo baterantz abiatzea proposatu zidan. Harritu egin nintzen, auzo hori gure errondatik aparte samar geratzen zelako. Dena dela, biok bakarrik eta goxo-goxo egoteko parada zela iruditu zitzaion Mariari, eta hein batean arrazoia zeukan, hein batean bakarrik. Ihesalditxo bat, azken buruan. Dena dela, ur-lasterrari ihes egitea ez da batere erraza izaten, are gutxiago behin eta berriro entzuten denean, "Bikote, azkarrago, ez geratu atzean! ". Bingen pubeko sarrera gainezka zegoen, jendea metatuta, sartzeko asmotan, barruan ezin kabitu. [EPD lib., Istripuak, Agustin Arrieta Urtizberea (Alberdania, 2008) Orr.: 112]

Perpausean ageri denean, perpaus hori independentea izan daiteke:

(14.2)

Besterenak kopiatzea, besteen erantzunetan zeure erantzuna bilatzea da. Azkenean, ordea, zu zeu zaude zeure buruarekin bakarrik, eta zeure baitatik atera beharko duzu adierazi nahi duzun hori. Besteak, aipuak, oihartzunak dira, islak, aldian behin konkordantzia osoa aurkituko baduzu ere. Azken buruan, ez dizute balio. -Baina bestek esandako horietan aurkitzen dut nik hain zuzen nire erantzuna. Dei bat sentitzen dut aldi bakoitzean, bete-betean jotzen nauen dardoa; nigan hariak dardararazten dituen soinua, musika isila... -Probatu al duzu dardara horri men egitea, eta une horretan sentitzen-pentsatzen duzuna adierazten saiatzea? [EPD lib., Kuskue tanden, Iñaki Iñurrieta (Alberdania, 2004) Orr.: 157]

(14.3)

Nire borondateak erabakitzen al zuen nora zihoazen nire egunak, nire gauak, nire egintzak? Zerk bultzatzen ninduen horrela jokatzera? Benetan maite al nuen Lutezia? Ez al nuen batez ere neure amodio-grina maite? Edo neure burua, neure izatea, amodio-grina baten bitartez sendesteko premia? Nor nintzen ni, azken buruan? Golubtxik? Lakatos agertu orduko Krapotkin izateari uzten nion. Konturatzen nintzen ezin nintzela ez bata ez bestea izan. Nire egun eta gau erdiak Luteziaren etxean pasatzen nituen. Aspaldi ez nuen batere entzuten Luteziak kontatzen zidana (batere interesik gabeko gauzak ziren, bestela). [EPD lib., Hiltzaile baten aitormena, Joseph Roth / Matías Múgica (Igela, 2004) Orr.: 142]

Koordinatua:

(14.4)

Horrekin murriztu egiten zen lan-proiektuen balizko ezaugarri hausle eta sortzailea (lan-proiektuek ezagutzaren ikuskera ez-zatikatua dute; azaleratutako gai eta problemetatik abiatuta curriculum integratua planteatzen dute; subjektu biografikoa berreskuratzen dute; eskolak erakunde gisa duen funtzio politikoari eta irakasleak duen intelektual-paper publikoari balioa ematen diete); lan-proiektuak urrats multzo bihurtzen ziren, eta horiek, azken buruan, interesguneen aldaera bat bihurtzen ziren (beste izen bat emanez), edo unitate didaktikoen birmoldaketa bihurtzen ziren, zeinak eskola-diziplinen inguruan eratzen den curriculumaren ikuskera zatikatu eta hierarkiko bat mantentzen baitzuten. [EHU, Curriculuma lan-proiektuen bidez nola antolatu, Hernández, Fernando et al. (EHU, 2010) Atarikoak]

Mendekoa:

(14.5)

Hartan, ideia sinple batetik abiatzen da Kepler: hexagonoa paketatzaile bikaintzat konprenitzeko lehen saio baterako hemen erabili dugun ideia bera. Kontu egiten du, aise asko kontu egin litekeen moduan, elur maluta bat funtsean gorputz lau bat dela eta materia - izotz-kristalak, kasu honetan - azken buruan atomo izeneko partikula ultramikroskopikoz osatua dela. [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU, 2007) Orr.: 341]

(14.6)

Stephenen garapena bitxia izan da, kualitatiboki desberdina, hasieratik. Beste modu batean taxutzen du unibertsoa Stephenek, eta haren ezaguera modua, identitatea, arterako dohaina, batera doaz. Ez dakigu, azken buruan, nola pentsazen duen, nola taxutzen duen mundua, nola den marrazteko eta kantatzeko gai. [ZIO, Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003) Orr.: 235]

Juntagailu eta lokailuekin batera ere ager daiteke:

(14.7)

Ipar-mendebaldeko Igarobidearen bokalean gauerdiko eguzkiaren argitan egoteko eta inuitekin narbalak ehizatzeko irrikak Artiko garaira eta Europaren oroimena gordetzen duten izotz-uharteetara eraman ninduen. Kasu guztiotan, zientzia-bilaketa metafora bat zen, kultura bat interpretatzeko eta bestearen esperientzia pertsonala izateko bidea ematen zuen lentea. Baina, azken buruan, mugitzeko gogo atergabeak inspiratu zituen bidaia horiek, Baudelairek "eritasun handia" deitzen zuen hark, etxekoak eragiten duen lazturak. [ZIO, Argia munduaren ertzean, Wade Davis / Iñaki Iñurrieta (EHU, 2009) Orr.: 8]

(14.8)

Nahiz eta azken buruan ezinezkoa izan Narcissek pozoi-dosi bat hartu zuela frogatzea, edo heriotzatik gertu egon eta gero berpiztu egin zela, haren kasuak, hain deigarria izaki, berebiziko bidea ireki zien kultura hartaraino, eta fenomeno historikoki baztertu eta are arrazakeriaz irrigarri utzitako bat serio hartzera behartu zuen zientziaren mundua. [ZIO, Argia munduaren ertzean, Wade Davis / Iñaki Iñurrieta (EHU, 2009) Orr.: 109]

(14.9)

Hor geratzen dira beste hamalau mila, bisitatzeko eta goresteko, horretarako denborarik balego. Hil aurretik, Margaret Mead antropologoak bere kezka bitxiaz hitz egin zuen: mundu gero eta homogeneoagorantz goazelarik, kultura moderno txepel, amorfo eta modu bakarrean orokor baten oinarriak ari gara jartzen, eta azken buruan kultura horrek ez du alternatibarik izango. [ZIO, Argia munduaren ertzean, Wade Davis / Iñaki Iñurrieta (EHU, 2009) Orr.: 178]

adibide gehiago:

(14.10)

Kasu horietan aditzoinak ez du kontsonanterik amaieran, eta, beraz, ezin dugu araurik ezarri. Ondorioz, entzuten dugunak atzizkiak hiztegi mentalean duen forma garbi eta aldagabea izan behar du, hau da, d hotsa. Hizkuntzalaritza modernoaren aurkikuntza nagusietariko baten froga ederra: alegia, azken buruan ahoskatzean izango duenaz bestelako forma batean gorde daitekeela morfema bat buruko hiztegian. [ZIO, Hizkuntza-sena, Steven Pinker / Garikoitz Knörr (EHU, 2010) Orr.: 187]

(14.11)

Haren zenbait forma erraz nahas daitezke benetako agapasmoarekin. Hegeliar filosofia horrelako anankastizismoa da. Agerkunde erlijioa izanik, sinezismo hori (gaizki aplikatuta egon arren), "hausnarketa" hori izanik, teoriaren ideia osoa zoragarria da, ia bikaina. Hala ere, azken buruan, askatasun bizia ia osorik baztertu da haren metodotik. [PKC, Artikulu eta hitzaldien bilduma, Charles Sanders Peirce / Ibon Uribarri (2005) Orr.: 114]

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Azken buruan

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

33

3.30

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

15

0.27

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

51

1.24

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

21

0.84

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

188

1.75

B1a. EPD liburuak

61

0.59

B1b. EPD prentsa

17

0.16

B2. ZT Corpusa

12

0.18

C1. ETBko dokumentalak

1

0.20

C2. Goenkale corpusa

2

0.01

denera

401 

0.64

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

jatorrizkoak

93

0.26

itzulpenak

308

1.14

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Testu mota guztietan

b. Lagunartekoan eta zainduan

c. Idatzian eta mintzatuan

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[Elhuyar]

al final, en último término, a fin de cuentas, en suma; en última instancia

[OEH]

al final, en último término; afin de cuentas, al fin y al cabo

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Ez da diskurtso-markatzailea kokalekua adierazten duenean:

(18.1)

Judutar itxura du eta judutarren kontuak kontatzen ditu. Judutarra ote da benaz? Autobusa hartu behar nuen etxera bueltatzeko. Urrundik bistaratu nuen, eta lasterka iritsi nintzen. Gutxirengatik ez zidan ihes egin. Ordaindu, korridorearen azken buruan zegoen eserlekuan eseri eta jakako patrikan sartu nuen eskua. Eskularru bat falta zitzaidan, korrika saioan eroria, nonbait. Ze erraz galtzen diren eskularru aparatosoak eta bufandak. Prenda isilegiak dira, elurra bezala erortzen direlako lurrera, mara-mara edo mallo-mallo. [EPD lib., Neguko zirkua, Harkaitz Cano (Susa, 2005.) Orr.: 12]

(18.2)

TAKE 52. JASON: Dendetan aterpeturik, gizonkeriatan hasi gabe, irauten bazuten, aurkituko genituen eta handik atera. TAKE 53. DANIELE: Arazo bat geneukan eta irtenbide bakarra itzultzea zen. Rangerren bulegoan, bidearen azken buruan, telefono bat zegoen eta bagenekiela hara joaten bagenekielakoan geunden. [ETB doku., NG - Storm of the century , NG26]

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus