Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

zimurtu, zimur(tu), zimurtzen (orobat tximurtu) 1 da/du ad zimurrak atera edo sortu, zimurrez bete.

Bekokia zimurtu du, harrituta.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 185. orr.

Nork nori? zimurtu zitzaidan bekokia.  Xabier Montoia   «Baina bihotzak dio», 2002 - 280. orr.

Bekokia zimurtuta, arreta handiz irakurri zuen... "Hauxe duk lanik gabeko abokatu baten bazkaria".  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 82. orr.

Kopeta zimurtu zuen, enegana zuen tinkatu behakoa.  Koldo Izagirre   «Idi orgaren karranka» - Victor Hugo, 2002 - 212. orr.

Kopeta zimurtu edo nekez ezkutatu daitekeen irri maltzur batez begira egon.  Berria - Kirola   2004-01-28

Irakurtzen ari denean bekozkoa zimurtuta edukitzen du, keinu serioz.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 139. orr.

Eta ea zergatik ez dudan polizia deitzen -bisaia destainaz zimurtu zitzaion-.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 26. orr.

Zimurtua zeukan aurpegia, beste egun hartan baino askozaz ere zaharragoa ematen zuen.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 330. orr.

Ezpainak zimurtu zituen, Josebaren asmoa neurtuz bezala.  Fernando Morillo   «Gloria Mundi», 2004 - 117. orr.

Bakean utziko dugu -esan zuen emakumeak sudurra zimurtuz.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 62. orr.

Tipoari tiro egin ondoren bota zion farolari, gero, ordurako saihetsak zimurturik lurrean zegoena errematatzeko asmoz.  Joxemari Urteaga   «Ordaina zor nizun», 2001 - 63. orr.

Gutuna zimurtu eta patrikan gorde zuen.  Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai, 2003 - 8. orr.

Boligrafoa potoan utzi eta eskuan zuen orria zimurtu egin zuen.  Joxemari Urteaga   «Ordaina zor nizun», 2001 - 66. orr.

Errabiak harturik, orrialdea idoki zuen eta esku artean zimurtu.  Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea, 2004 - 285. orr.

Ukabil barruan zimurtuta paper-zati bat zeukala ikusi zuen.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sekretuen ganbera» - J.K. Rowling, 2001 - 243. orr.

Uraren azal jabala, ondorioz, borobil meharrez zimurtzen zen.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 134. orr.

Bere aldakak, eta bere izter gazteak galtza beltz estu belaun aldera zimurtuetan.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 129. orr.

2 (adizlagunen eskuinean)

Ohi baino bizkorrago mugitu zituen hatzak eta, zerbaitek alaiturik, xaloki zimurtu zuen bekokia.  Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev, 2006 - 24. orr.

Aspaldian itzalitako beste puru-muturraren alboan utzi zuen, ondo zimurtu ondoren.  Joxemari Urteaga   «Ordaina zor nizun», 2001 - 62. orr.

Irakurtzen jarraitu zuen, betartea arin zimurtuz.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sekretuen ganbera» - J.K. Rowling, 2001 - 204. orr.

Gona gerrian inguruka erabiltzen nuen eta elastikoak zabarkiro zimurtzen.  Joxan Elosegi   «Nola hustu nuen gurasoen etxea» - Lyidia Flem, 2005 - 67. orr.

Bat-batean, errukarri zimurtu zuen aurpegia, ume baten antzera.  Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev, 2006 - 56. orr.

Bulego huts horrek, non bizitza bakarra, arrosarena, emeki-emeki zimurtzen baitzen, heriotzarantz eraldatuz zelulen margultze luzearen bidez, [...].  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 253. orr.

Zalapartan sartu zen umeen gelan, gorbata malapartatu hura eskuan, guztiz zimurtuta.  Julen Gabiria   «Peter Pan» - James Matthew Barrie, 2004 - 42. orr.

3 (era burutua izenondo gisa)

Hil bedi haurra bere amaren besoetan, eta egunez zamaturiko zaharra, eta dontzeila gaztea, eta atso zimurtua.  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 233. orr.

Amak bere aurpegi zimurtua mutila zegoen aldera zuzenduta zeukan.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 133. orr.

«Zahartzen» ari den agureak «gorputz triste eta zimurtu eta dorpe batean» dagoen agureak, bere buruaz egiten duen deskribapen garratza.  Berria - Kultura   2004-10-21

Kamaina bateko izara zimurtuen gainean.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 189. orr.

Dotoreziarik gabeko korbata eta traje zimurtua.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 43. orr.

Telebista itzali, elastiko zimurtua lisatu eta leihotik begiratu zuen.  Fernando Morillo   «Ortzadarra sutan», 2003 - 55. orr.

Lehengo eguneko libreta zimurtu bera atera zuen, betiko jaka zimurtutik.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 246. orr.

Mitxelenak luzatzen zidan gutunazal zimurtua hartu nuen.  Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua», 2004 - 41. orr.

Gizona billete zimurtu bat astintzen ari zen airean, salto txikiak eginez dantza-imintzio baldarrean.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 301. orr.

Sarritan, hogei dolarreko billete batekin etxeratzen zen edota esku bete dolar zimurturekin.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 158. orr.

Orri sorta zimurtu bat erori zen handik.  Fernando Morillo   «Gloria Mundi», 2004 - 156. orr.

4 irud/hed

Bihotza zertxobait zimurtu zitzaion Ruche jaunari, erantzun hori entzun zuen azken aldiaz gogoratzean.     «Loroaren teorema» - Denis Guedj, 2006 - 515. orr.

Egunsentia zimurtzen joan da, eta Homer Simpsonen beso beilegiek goizeko zortziak, zazpiak, seiak, bostak, laurak markatu dituzte iratzargailuan.  Eider Rodriguez   «Eta handik gutxira gaur», 2004 - 150. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus