Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

zilbor iz 1 ugaztunen sabelaren erdialdeko orbain biribila, zulo edo irtengune txiki bat eratzen duena, jaio arte amari lotzen dion hestea ebakitzean sortua. ik zila.

Ellak oihal zerrenda batez bildu zuen estu-estu haurraren zilborra.  Anton Garikano   «Maitea» - Toni Morrison, 2004 - 134. orr.

Errebolberra esku artean zeukan eta jostari erabiltzen zuen, kargatu eta Patakiren kokotsetik zilborreraino eramanez.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 162. orr.

Zure zilborrak kikara biribil bat dirudi, sekula edari beharrik ez baitu; zure sabelak gari-multzo bat dirudi, liliz inguratua.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 193. orr.

Zilborrean egiten zion muin irekitako lore bat ematen zuela esanez.  Bego Montorio   «Napomuceno da Silva Araujo jaunaren testamentua» - Germano Almeida, 2003 - 109. orr.

Jauzikaldi existentzialista haiek, nor bere zilborrarentzat dantzaka, nor bere imintzioak eraginka, nor bere hankak bihurrika.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 134. orr.

Ahoa jaitsi zuen titietatik zilborrera eta zilborretik hor behera azkenerako, eta orduan galdu nuen kontrola eta burua estutu nion nire izterren artean.  Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro, 2003 - 85. orr.

Ohartu orduko Idoiak odoletan dauka zilborra, eta azkazala odol lehorrez zikindurik.  Eider Rodriguez   «Eta handik gutxira gaur», 2004 - 40. orr.

Maite zuen kontatuko zion musuen bitartez eta astiro-astiro laztanduko zuen, zilborrean putz eginez.  Jasone Osoro   «Korapiloak», 2001 - 52. orr.

Izara zilborreraino jaitsi zion eta Mentxuren bular artean pausatu zuen burua Fonsecak.  Josu Landa   «Odolbildua», 2002 - 91. orr.

Gordeta duen labana atera eta zilborretik sartu dio Ferraguti.  Martin Anso   «Elezaharren bidetik», 2004 - 127. orr.

Minutu bat eman du horrela, zilborrari begira, norabide hartan putz egiten; ik beherago 4.  Eider Rodriguez   «Eta handik gutxira gaur», 2004 - 31. orr.

Zilborra da gorputzaren erdigune naturala.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 1490. orr.

Gizakia jarriz gero ahoz gora, besoak eta hankak ondo luzatuta, eta konpasaren erdia zilborraren gainean jarriz zirkunferentzia egingo bagenu, lerro horrek eskuetako eta oinetako hatzak ukituko lituzke.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 1490. orr.

Jauzikaldi existentzialista haiek, nor bere zilborrarentzat dantzaka, nor bere imintzioak eraginka, nor bere hankak bihurrika.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 134. orr.

Gizakiok dena gure zilborraren biran dabilela uste dugunez, maitasunez hiltzen direla sinetsi nahi dugu.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «101 gau», 2000 - 147. orr.

Zilbor inguruko ileak ardiaren sabelekoak baino leunagoak ziren.  Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro, 2003 - 103. orr.

Gizakia jarriz gero ahoz gora, besoak eta hankak ondo luzatuta, eta konpasaren erdia zilborraren gainean jarriz zirkunferentzia egingo bagenu, lerro horrek eskuetako eta oinetako hatzak ukituko lituzke.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 1490. orr.

2 irud/hed

Jaun-andreok, nire hitzen zintzotasuna da, elkar ezagutzen dugunetik, zuekin izan dudan zilbor-lotura bakarra.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 294. orr.

3 adkor erdigunea.

Toki konkretu bezala, Afrika («ama kontinentea, munduaren zilborra», Zumetak dioen bezala).  Berria - Kultura   2006-04-29

Askotan, gainera, pentsatzen genuen munduaren zilborra ginela.  Pako Aristi   «Venezuela, iraultza isilaren hitzak», 2000 - 63. orr.

Munduaren zilborrean dagoela munduaren ardatza ere, hor Konstiko plazan, hori ziok testuak.     «Kuskue tanden», 2004 - 92. orr.

Munduaren zilbortzat zuten gehienek nork bere burua, eta gizadiaren historiako monumentu garrantzitsu eta funtsezkotzat nork bere lana.  Juan Luis Zabala   «Agur, Euzkadi», 2000 - 14. orr.

Donostiaren indargune sekretuan; azar objektiboaren erdigune geometrikoan; onfalosean, Lurraren zilborrean.     «Kuskue tanden», 2004 - 230. orr.

Egia da familia babesleku bat zela enetzat baina ez bakardade leku bat edo zilborrean mugitzeko espazio bat.  Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle», 2006 - 133. orr.

Zilbor politikoa, non?  Berria - Euskal Herria   2004-11-04

4 zilbor heste (orobat zilborreste) karena eta umekia lotzen dituen heste modukoa, jaiotzean ebakitzen dena.

Umeak umetokian ezin du zilbor-hesterik gabe bizi eta jaiotakoan, berriz, zilbor-hestea eten behar zaio itoko ez bada.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 170. orr.

Jaio zinen egunean, ez zizuten zilborrestea ebaki, ez zintuzten uretan garbitu.  Elizen arteko biblia   Ez 16,4

Esnatu zenean, bakarrik bere ziegan, zilbor-hestetik tira eginda, bere wawa (haurra) bereganatu zuen.  Pablo Sastre   «Eguzkipekoak», 2003 - 64. orr.

Erditu berria zen ama kartzelan, eta borreroak zilbor-hestea aprobetxatu zuen.  Karlos Linazasoro    «Glosolaliak», 2004 - 76. orr.

Hari bidez datorkio bizia, haur jaio berriari zilbor-hestetik nola.  Joxerra Garzia   «Itsasoan euri», 2003 - 66. orr.

Zilbor-hestea bezain beharrezkoa den kautxuzko hodi batek lotzen nau hegazkinera.  Josu Zabaleta   «Gerrako pilotu» - Antoine Saint-Exupéry, 2003 - 35. orr.

Gauza jakina da zilbor-hesteko odolean zelula amak daudela.  Berria - Gaiak   2006-03-07

Zilbor-hestea ama-zelula hematopoietikoen (odol-zelulen) sorburuetako bat da.  Berria - Gaiak   2006-03-14

Umea jaiotzen denean haren zilbor-hesteko odoletik zelulak hartu, izoztu eta gorde.  Berria - Gaiak   2006-03-07

Zilbor-hesteko odoleko zelulak ere bizkarrezur muineko transplanteetarako egokiak zirela ikusi zenean, zilbor hesteetatik erauzitako zelulak ere erregistro horretan sartzea erabaki zen.  Berria - Gaiak   2006-03-07

150.000-200.000 zilbor-heste egongo dira gaur egun, premian aurkitzen direnen pertsonentzako prest.  Berria - Gaiak   2006-03-07

Herrialde guztietan daude egun zilbor-hesteko zelulak gordetzen dituzten bankuak.  Berria - Gaiak   2006-03-07

5 irud/hed

Gure arteko zilbor hestea haginkada batez utzi zuten odol husten.  Sonia Gonzalez   «Ugerra eta kedarra», 2003 - 178. orr.

Fabrika zaharra, Torinoren zilbor-heste.  Anjel Lertxundi   «Italia, bizitza hizpide», 2004 - 25. orr.

Azoka-leku erraldoia fabrika zaharra izango da beti torinotarrentzat, hiriaren eta Agnellitarren arteko zilbor-heste eten ezina.  Anjel Lertxundi   «Italia, bizitza hizpide», 2004 - 28. orr.

Senideek «preso politikoen eta euskal gizartearen arteko zilbor-hestea izaten» jarraituko dutela adierazi zuten.  Berria - Euskal Herria   2004-05-27

[Irudimenaren] altzoan soilik existitzen den denboran eta espazioan du arnasa hartzen literatur ospakizunak, etenik gabeko zilborreste batez korapilaturik.  Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean», 2001 - 15. orr.

Ordenagailu honek edukiko du loturik, gau eta egun, zilbor hesteak bezala, datu-banku zentralarekin.  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 40. orr.

Hori izan zen, etengabeko gutun gurutzatzea, Bilborekin lotuta eduki zion zilbor hestea.  Joxemari Iturralde   «Euliak ez dira argazkietan azaltzen», 2000 - 251. orr.

Zilbor heste minimo eta lauso bat mantentzeko era da.  Harkaitz Cano   «Piano gainean gosaltzen», 2000 - 150. orr.

Zilbor-heste hari gabeak lotuta bizi gara gaur, Patri.  Hasier Etxeberria   «Patri maitea», 2003 - 48. orr.

6 zilbor zulo (orobat zilborzulo)

Idoiak sabela laztandu du, zilbor zuloa urduritasunez arakatuz, telebistako irudiei begira.  Eider Rodriguez   «Eta handik gutxira gaur», 2004 - 40. orr.

7 zilborrari begira

Monopolioan ohituta, aldaketen premiarik nozitu gabe, eroso zilborrari begira. Geure zilborrari begira («munduaren zentroa bagina») bizi garen euskaldunoi geronen buruaz barre eginaraztea izan da Gallegoren xedea.  Berria - Kirola   2004-03-04

· Telebista gero eta «itxiagoa da, bere zilborrari so, filma ez bada ingelesa edo estatubatuarra, ez du nehork nahi.  Berria - Kultura   2006-01-19

8 nork bere zinborrari begiratu bere bururari begiratu.

Nork bere zilborrari begiratu ordez Belgikako eskualdeek indarrak batu beharko lituzkete.  Berria - Mundua   2004-12-04

Nork egingo du Europa osoari begirako kanpaina, bere zilborretik begiratu gabe?  Berria - Mundua   2004-06-06

· Bakoitzak bere zilborra begiratzen duenez, inork ez du erdian kokatu gura.  Berria - Euskal Herria   2004-11-04

Guk geure zilborra besterik ez omen dugu begiratzen.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 276. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus