Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

xirripa (orobat txiripa) 1 iz ur-laster txikia.

Gure xirripetan, gure ibaietan, darion ur argia, ez da bakarrik ura, baina gure arbasoen odola...  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 48. orr.

Eta bazihoan, gelditu egiten zen, bazihoan berriro, antsiarik gabe, xirripa bat hondarrean zehar bezala.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 369. orr.

Xirripa bat bide handiaren ertzean.  Koldo Izagirre   «Idi orgaren karranka» - Victor Hugo, 2002 - 79. orr.

Larreak, erreka nagusitik bananduta arranoaren habian arranokumeek eduki behar duten txorrotxio eztiaz xuxurlatzen duten xirripak, lorez eta lurrinez beteriko belazeak.  Koldo Izagirre   «Idi orgaren karranka» - Victor Hugo, 2002 - 186. orr.

Xirripak zerizkion aurpegian behera; ez soilik urezkoak, baizik eta (gero jakin nuen) malkozkoak ere.  Juan Garzia   «Ipuin hautatuak» - Jorge Luis Borges, 1998 - 124. orr.

2 (bestelako likidoekin)

Eskegi nuenean sudurretik xurga-paperera odol ttanta bat erori zitzaidan, eta berehala xirripa bat.  Xabier Olarra   «Iruzurgilea» - James Cain, 2002 - 104. orr.

Esnearen xirripak kotxuaren bazter metalikoa jotzen zuelarik sortzen zen musika zinez eder kausitzen genuen.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 22. orr.

Odol xirripa bat isuri zitzaion ipurtxuntxurretik isatseraino, eta, tantaz tanta, portzelanaren zurbiltasuna zikindu zuen.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 273. orr.

Ogiaren labana hartu eta harramazkak egiten hasi zen bere eskuaren gainaldean: odol-xirripak atera ziren.  Fernando Rey   «Gure etxeko kontuak» - Natalia Ginzburg, 2004 - 52. orr.

Jeneralak hartu zuen lehen esne-xirripa bera ere, Niniren bularretik hartu zuen.  Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai, 2003 - 14. orr.

Zerion tu xirripa malgu eta zehargiak izpirituaren egoera larria frogatzen zuen.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 182. orr.

3 ur-xirripa

Han lepoa, han oihana, han bide xendera bat, han ur xirripa bat errekaren zolan.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 78. orr.

Ur xirripa bat bezala azaltzen zen basoko pago-lizarren artean, eta haranean behera abiatzen zen kizkurka, bizkor, "itsasora lehenbailehen iristeko erabakia hartu izan balu bezala", Redinen hitzetan.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 137. orr.

Ohartu nintzen ur-xirripa batek iragaten zuela borda alderik alde.  Koldo Izagirre   «Idi orgaren karranka» - Victor Hugo, 2002 - 215. orr.

Errekak eta ur-xirripak jaitsiko dira mendi handi eta muino garai orotatik.  Elizen arteko biblia   Is 30,25

Errekarri zuria, lehor; ozta han-hemenka ur xirripa urri batzuk hondartza aldera isuri.  Txillardegi   «Labartzari agur», 2005 - 29. orr.

Alabaina Biduze ur xirripa mehea dugu Ihuri zabalaren aldean.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 178. orr.

Sotoa ikusten dut, jolaslekuan sartu eta ezkerretara, ur-xirripa trinko eta luzeko iturrien alboko eskaileretatik jaitsita.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 19. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

odol xirripa (5); ur xirripa (19); ur xirripa bat (4)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus