Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

xafla1 (orobat txafla g.er.) 1 iz gai baten, eskuarki metal baten zati mehea eta laua.

Xafla bakoitza kolaz igurtzita dago, eta xagua xaflara igo bezain pronto kolatan itsatsita geratuko omen da.  Harkaitz Cano   «Piano gainean gosaltzen», 2000 - 64. orr.

Hermannek, ohi zuen legez, bere labana ireki zuen eta odola zioen xaflaren ahoari hats egin eta galtzetan igurtzi zuen distira ateratzeko.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 10. orr.

Palaren xaflari oinarekin bultzaka, ikatzez bete nuen.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 224. orr.

Aizkoraren xaflak ispilu batek bezala jaso zuen goizeko eguzkiaren argia.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 214. orr.

Argi dago 20 edo 25 zentimetroko xaflako labana daramanak ez daramala hori ogia zatitu edo fruta zuritzeko.  Berria - Euskal Herria   2006-01-19

Guk 1919ko ardo botila bat oparitu genion, Van Daandarrek [...] piccalilly pote bat eta bizarra mozteko xafla pakete bat.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 292. orr.

ik beherago 5.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 574. orr.

Serantesek, xafletan iristen zaion kartoia hartu eta forma ematen dio, kartoi laua zena kartoizko kaxa bihurtzen du.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 152. orr.

Moldeko letraz idatzita legoke, igandeko alean argitaratzeko xafletan grabatua.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 437. orr.

Xafla bezain zapal eta leunak maite ditu moko-fin horrek, bankuko labetik atera berriak.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 300. orr.

Sendagileak forzepsaren bi xaflak albait lasterren sartu eta haurra atera arren, hilda jaio zen.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 306. orr.

2 (izenondoekin)

Gonetako xafla txiki haiek aritzen ziren txinpartaka iluntasunean.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 119. orr.

Argi errainu batek milaka xafla txiki dirdaitsu piztu izan balitu bezala.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 115. orr.

Mikel Strogoffen atzean paratu zen, xafla zabaleko sable kako bat eskuan.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 317. orr.

Borreroak gillotinaren xafla metalikoa askatu zuen.  Joan Mari Irigoien   «Odolean neraman», 2004 - 61. orr.

Nadiak xafla gogorreko bi ganibet aurkitu zituen, ehiztari siberiarrek erabiltzen ohi dituztenetakoak.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 360. orr.

Bazuen sekretu bat beira koloretuentzat, eta guztiz itxura ederreko xafla nabarrak ontzen zekien.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 126. orr.

Sablearen xafla goria Mikel Strogoffen begien aurrean pasatzen da.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 323. orr.

Sega horrek 90 zentimetroko luzera izan behar du gehienez altzairuzko xaflaren gainaldean.  Berria - Kirola   2004-05-06

Zinkezko xafla zabalez egindako teilatuen maldetan zehar.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 58. orr.

Gasez argituriko gela hartako paretak faiantzazko xafla zuri-urdinez estaliak zeuden.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 126. orr.

Gizonak mikroskopioko xafla batean ereiten du hazia.  Josu Zabaleta   «Gerrako pilotu» - Antoine Saint-Exupéry, 2003 - 63. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Urre-xaflak egin eta xaflak hari bihurtuz, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina urre-hariz bordatu zituzten.  Elizen arteko biblia   Ir 39,3

Ezta gazta-azalak ere, edo txokolatetxoen eztainu-xaflak.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 36. orr.

Zeru goritik behera suzko euria erortzen zen merkatuaren gainera, berotu egiten zuen burdin xaflazko labe bat balitz bezala.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 191. orr.

Ohol-xafla bat erantsi zitzaion txanbergari.  Juan Garzia   «Bizi alegiazkoak» - Marcel Schwob, 2002 - 142. orr.

Erradiografiak egiteko paper-xaflak fabrikatzen diren sailaren kargua nuen.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 269. orr.

Paper-xaflako emakumea ere higidura erreal baten itxura hartzen hasi zen; dantzan ari zela zirudien.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 58. orr.

Indarlanek poliespan xaflak egiten ditu hozkailuen enbalajerako.  Berria - Ekonomia   2004-02-13

Erakutsi diot nola, beira-xafla oraindik beroaren gainean berun urtua itsats daitekeen.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 126. orr.

Kintalka argazki-xafla errefusatuak.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 272. orr.

Egun etxeetan erabiltzen diren eguzki xaflek baino ia hiru aldiz indar handiagoa lortzen dute Smart-1-enak.  Berria - Gaiak   2004-11-16

Infusorioak mikroskopio xafla baten gainean.  Josu Zabaleta   «Gerrako pilotu» - Antoine Saint-Exupéry, 2003 - 83. orr.

Leihoetako zirrikituetatik argi-xafla bat sartzen zen.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 217. orr.

Iturriko urak izotz xafla bat egin zuen, egunetik egunera lodiagoa.  Juan Kruz Igerabide   «Txoria» - Oh Jung-hi, 2006 - 8. orr.

4 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Zulo biribil bat zuen xafla zati bat ekarri zuen.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 195. orr.

Horrela xafla-pakete osoa.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 270. orr.

5 bizar xafla

Bizarrik egin gabe desgogara sentitzen nintzen eta bainu-gela osoa arakatu nuen goitik behera bizar-xafla baten bila.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 230. orr.

Morse andreak luzaroan begiratu zien bere eskumutur meheetako zain urdin-urdinei... bizar-xafla batez egin ebakia, eta kito betiko.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 170. orr.

Metalezko bizar-xaflen artetik balebil bezala.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 196. orr.

Armak berak dauzka finean, bere esku daude guraize zein bizar-xafla.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 109. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus