Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

saloi (orobat saloin g.er.) 1 iz etxebizitzetan, sala; bestelakoetan, aretoa.

Alarguna saloi bateko tximiniaren aurrean hitz eginez dut gogoan.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 249. orr.

Saloia jendez gainezka zegoen eta gizon gehien-gehienak esmokinez jantzita zihoazen.  Fernando Rey   «Hobe nuen etxean gelditu» - Horace McCoy, 2002 - 32. orr.

Saloia urdinez pintatutako gela txiki bat zen, belus gorriz estalitako hiru besaulki zituena, frantses erakoak hirurak.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 214. orr.

Klubera iritsitakoan, Lucy eta aita mahai eta eserleku handiz beteta zegoen saloi eskerga batera sartu ziren aperitiboa hartzera.  Joxemari Iturralde   «Euliak ez dira argazkietan azaltzen», 2000 - 267. orr.

Alarguna zen, nik uste, eta batzuetan auzolagunak gonbidatzen zituen saloi handian txokolatea hartzera, hotza zetorrenean.  Javi Cillero   «Hollywood eta biok», 1998 - 220. orr.

Bazter inarrosleak eta saloietako iraultzaileak ere trenpu txarrean uzten zituzten.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 51. orr.

Ahots goraz eta espantuka Ateneoko saloiko mahai handiaren gainean zutik deklamatzen zituen.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 18. orr.

Sukaldeko dantzaria esaten zaion hori nintzen ni, ez inolaz ere saloikoa.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 38. orr.

Nautilus-eko saloiko beirate handiaren aurrez aurre daude Aronnax jauna, haren zerbitzari Conseil eta Ned Land arpoi-jaurtitzaile kementsua, beren begien aurrean agertu berri den txibia erraldoiari so.  Imanol Zurutuza   «Errautsera arteko sugarra», 2002 - 171. orr.

2 (izenondo eta izenlagunekin)

Saloi dotorea, beheko sua, epeltasuna. Hark erakutsi zizkion saloi dotoreetako sedukzio arauak eta sexu-jolaserako lehen urratsak.  Joseba Sarrionandia   «Lagun izoztua», 2001 - 246. orr.

Marmolezko zorua zuen saloi handi bat, irudimenean dantza aretoa iruditu zitzaiona, zeharkatu zuen ilunpean.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 32. orr.

Justina, bezperan berarekin errege jauregiko saloi handian dantza egin zuen neskatxa.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 186. orr.

Saloi argituan sartu behar nuen, loro nazkagarriaren eta horko zoo guztiaren ondotik pasatu.  Matías Múgica   «Hiltzaile baten aitormena» - Joseph Roth, 2004 - 182. orr.

Saloi gorrian mahaiak eta aulkiak belus gorriz estalirik zeuden.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 73. orr.

Kafeteri edo halamoduzko saloi inportanteren batean ordu jakinetan soinua jotzeko konpromisoa harturik omen zeukan.  Koldo Izagirre   «Elgeta, sasiaren sustraiak», 2001 - 36. orr.

Biliarrerako saloi berria ari omen dira egiten.  Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf, 2001 - 88. orr.

Alde batera eta bestera zebilen zutabe anitzeko saloi marmolezkoan zehar.  Fernando Rey   «Ararat mendiaren sumina» - Yasar Kemal, 2003 - 119. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Saloi bazter batean zegoen mahaian.  Joxemari Iturralde   «Euliak ez dira argazkietan azaltzen», 2000 - 268. orr.

· Solairu nagusia eremu publikoa izango zen: despatxua, harrera-gela, saloi-biblioteka, jantokia, sukaldea eta officea.  Patxi Iturritegi   «Behi eroak», 2003 - 171. orr.

Ezkerretara jo du, haritz ilunezko ate eskerga zabalduz, eta saloi-jangela moduan erabiltzen diren erreserbatuetako batera iritsi da.  Joxemari Iturralde   «Euliak ez dira argazkietan azaltzen», 2000 - 282. orr.

4 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Amaitu ziren korruak eta neskatxen balkoipeetako errondak, eta pobreen igandeetako dantza saloia ere itxi egin zuten.  Jon Maia   «Riomundo», 2005 - 96. orr.

Senarra ahalduna duk aterki-enpresa batean, eta emazteak arropa-saloi bat zeukak.  Anton Garikano   «Bederatzietatik bederatzietara» - Leo Perutz, 2003 - 145. orr.

5 (orobat salun g.er.) industriako produktuen erakusketa, periodikoki egiten dena.

Baiona, Gipuzkoa eta Nafarroako merkatal ganbaren artean antolatu ekitaldia zen aitzinagoko asteartean «Interplus» saloia.  Herria   2002-10-24

Ezkontzaren Saloina Baionako Lauga Salan iragan da joanden asteburuan.  Herria   2001-01-25

Bilan biziki baikorra ateratzen dute berriki Baionan iragan den bizitegien saloinaren antolatzaileek.  Herria   2005-10-20

Pariseko saloinean saristatuak izan ziren departamenduko ekoizleak bildu dira duela gutti Pauen.  Herria   2003-05-15

Ingalaterran egin berri da hegazkien saluna Farnborough hirian.  Herria   2004-07-29

6 behinolako bilera aristokratikoa edo burgesa, batez ere literaturari, arteari edo politikari buruzkoa zena.

Literatura hizkuntzak gainditu egiten ditu literaturak jartzen dizkion mugak: gogora ditzagun saloien eragina, gortearena, edota akademiena, esaterako.  Isabel Arrigain   «Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa» - Ferdinand de Saussure, 1998 - 48. orr.

Ekintza-gizon, abenturazale, bildumatzaile, erudito, bidaiazale, saloietako gizon, idealista gogoz kontra, hori baita bere dobladuren atzean ageri den pertsonaia.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 19. orr.

Hango alabek, hemeretzigarren mendean Inglaterrako saloietan sakabanatuak, zoragarri zazeatu eta zalaparta gartsuak harrotu zituzten.  Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf, 2001 - 16. orr.

Nork asma zezakeen Madrileko saloietatik aterea zirudien galai lerden beltzaran hura apeza zela?  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 27. orr.

Hiriko jende apainak kopiatu egin ohi zion, eta toxatik nola atera eta pizten zuen zigarreta -keinu dotore distraitu harekin-, hura ere eredu zen mundu zabaleko saloietan.  Anton Garikano   «Bederatzietatik bederatzietara» - Leo Perutz, 2003 - 136. orr.

7 saloona.

Berak Yuma, Denver eta Kansas City aldeko saloietan epe laburrean maite izan dituen korista frantsesen antzik ez duelako.  Joseba Sarrionandia   «Lagun izoztua», 2001 - 319. orr.

8 saloiko izlag saloian gertatzen dena; benetakoa ez dena, friboloa.

Oso famatuak dira [Dvorak-en Dantza Eslaviarrak], baina beharbada niretzat behintzat bere garaiko saloiko musika burgesaren eredura lotuegiak.  Berria - Kultura   2004-05-02

Ez da erraza jakiten zenbateraino ziren saloiko keinu eta planttak Cloots jaunarenak.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 108. orr.

Saloiko komunista saldoa zarete, eta urtero jaka aldatzen duzue.  Fernando Rey   «Hobe nuen etxean gelditu» - Horace McCoy, 2002 - 38. orr.

Nik uste dut oso jende gutxik jar dezakeela auzitan egia hori, soilik eskuin muturreko espainolistek, edo aspaldiko ezker dibinoak, askotan saloiko faxismoan bukatu duenak.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 103. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

saloi handi (3); saloi handian (3); saloi jangela (3)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus