Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

prediku (orobat predeiku g.er.; Euskaltzaindiaren Hiztegian prediku agertzen da) 1 iz sermoia.

Harenga horrek antz handiagoa daukalako fraideek handik sei edo zazpi mendetara botako dituzten prediku bihurriekin.  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 60. orr.

Eskritura Sainduen irakurketa ozenak, himnoen kanta beroak, prediku suharrak Jainkoaren egiazki ohoratzeko maneraz.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 218. orr.

Gero meza nagusia predikuarekin.  Marzel Etxehandi   «Alemaniara deportatua» - Grégoire Joannateguy, 2003 - 123. orr.

San Antonio pasatu zela itsasoko hondartzetara, eta arrainei dei eginik, prediku izugarri ederra egin ziela.  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 392. orr.

Hau esan zuen anaia batzuei eginiko prediku batean, haiengan beste guztiengana ere zuzenduz: [...].  Berria - Ekonomia   2006-01-17

Masail batean jotzen bazaituzte, bestea jartzeko, Mendiko Predikuan irakasten da.  Joxe Azurmendi   «Euskal Herria krisian», 1999 - 33. orr.

Hor daude lekukotzat zenbait sermoi edo prediku gure mintzairan emanak.  Angel Aintziburu / Jean Baptiste Etxarren   «Luzaiden gaindi», 2002 - 193. orr.

Frantziskok egokiera eta garai ezberdinetan anaiei eginiko prediku eta aholku espiritualen laburpenak.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 42. orr.

Sauloren predikua Damaskon.  Elizen arteko biblia   Eg 9,20 tit

Zaldiak ia geldirik baitzeuden, giharrak lasaiturik prediku mamitsuaren urruma gozoaren eraginez.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 67. orr.

Ezekielen predikuaren laburpena.  Elizen arteko biblia   Ez 39,23 tit

2 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Saiatu eta gartsu otoitzean, barau eta bijilietan, prediku eta apostolutza ibilaldietan.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 531. orr.

Elkartea ongi zuzentzen duten arduradunek estimu bikoitza merezi dute, prediku- eta irakaste-lanetan ari direnek batik bat.  Elizen arteko biblia   1 Tm 5,17

Bihotz kartsuz, horma txiki batera igo eta predikatzen hasi zen, prediku-gai bezala hitz hauek herri hizkuntzan hartuz: [...].  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 1074. orr.

3 irud/hed

Prediku hori nirea zen, baina ez nion royaltyrik eskatzeko asmorik.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 394. orr.

Liburu argi eta koloretsu hortaz, ez dugu prediku handirik eginen, erranen bakarrik arraroa dela.  Herria   2001-05-31

Eta horretaz guziaz mintzo zaigu Filipe, prediku aspergarririk gabe beti; bere bizipenak, bere esperientzia kontatuz bakarrik.  Filipe Bidart   «Bakartasunaz bi hitz», 2004 - 16. orr.

Prediku gaitzak entzun edo irakurri ditugu maiz euskararen alde, gehienetan nahikunde edo inkantazio hutsak gelditu baitira.  Herria   2001-07-05

Don Carlosek orduan prediku gaitzak bota dizkie honi eta hari, eta aholku zuhurrak txit eta ugari eman ditu.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 141. orr.

Elena mainutik atera zenean, egundainokotan musu batzuk emanik berriz hasi zitzaidan predikuan: [...].  Janbattitt Dirassar   «Bihotzeko mina», 1997 - 66. orr.

Chirac presidentak ere prediku andana bat egin du azken egun hotan.  Herria   2005-01-13

4 prediku aulki (orobat prediku alki eta predikalki g.er.) predikua egiteko mintzaleku garaia.

Sarako elizako prediku aulkian.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 13. orr.

Ihardetsi nion ene aldetik, agian aingeruen gramatika zuela erabiliko bere prediku aulkitik euskaldunei mintzatuko zitzaielarik.  Piarres Xarriton   «De re publica edo politikaz», 2003 - 43. orr.

Behin ere ez zutela prediku alkitik erran bekatu mortala eginen zutela gorrien alde bozkatuz, eta ifernuaz gaztigatuak izanen zirela.  Xipri Arbelbide   «Janpierre Arbelbide», 2005 - 35. orr.

Ez zuten hiriaren premiarik: zergatik bada abiatuko ziren erretoreak prediku aulkitik salatzen zuen Baiona bezalako galtokira?  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 59. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus