Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

onbera 1 izond bihozbera, errukitsua. (pertsonez)

Eta Raduan Husainik, Husain onbera eta urrikaltsuak, iskanbila batean hartu zuen emazte lotsagabe halakoa.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 34. orr.

Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza, onbera eta leiala, onginahiari milagarren belaunaldiraino eusten diona.  Jose Antonio Mujika   «Agindutako lurraren bila I», 2002 - 194. orr.

Pertsona gaizto nahiz onberek toki horietan uzten zituzten salaketak.  Juan Garzia   «Ipuin hautatuak» - Jorge Luis Borges, 1998 - 51. orr.

Zendua zitzaion senarra ere; gizaseme atsegin eta onbera, beti alai eta kontent, egokitu zitzaion zori on apurrarekin.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 257. orr.

Senar onbera, emakume dotore eta maitasun beharrekoa, eta maltzur jokatzen duen adiskide estimatua, amorante gazte eta sutsu bilakatua...  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 162. orr.

Zu emakume zuhurra eta onbera zara, denek dakiten gisara.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 39. orr.

Jauna, izan onbera zeure herrialdearekin, aldatu Jakoben ondorengoen zoria.  Elizen arteko biblia   Sal 85,2

Jainko hori ez da beti onbera eta errukitsua; alta, batzuetan, kontrako indar bihurtzen da, Akilimarro bat.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 41. orr.

Eta jende xuxena, xuhurra, onbera, ez al da funtsean, inoren zinezko izakerarekin deus ikusirik ez duen apaindura xuriz biziatua?  Patziku Perurena   «Trapuan pupua», 2001 - 259. orr.

Haren berezko onberatasunak bi aldetik gidatu zuen ongi.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 279. orr.

2 (animaliez)

Badirudi txantxangorria ez dela batere txori onbera, inoxoa eta errukarria, guziz bestelakoa baizik.  Patziku Perurena   «Harrizko pareta erdiurratuak», 2004 - 34. orr.

3 (gauzez)

Begira neukan, etxe-zakur zahar batenak bezalako begi busti onberekin.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 232. orr.

Soberanoaren esku onberak.  Juan Martin Elexpuru   «Delituez eta zigorrez» - Cesare Beccaria, 1999 - 113. orr.

Begiak zabaltzean, aurpegi bizardun onbera ikusi zuen, beregana makurturik, begirada errukitsuz so egiten ziona.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 200. orr.

Gela txiki eta soil hura, etxeko jaunaren begitarte onbera.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 465. orr.

Gutizia hark eragindako irribarre onbera bat zebilkion jostalari aho aldean.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 40. orr.

Galiziarrak barre egiten zuen, algara onbera batez. Hizketa eszeptiko eta onbera, izan ere, arretarik gabeko azterketa batek baino ez bailezake har biraogiletzat.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 70. orr.

Angeloren jarrera onbera ikusita, nire asmoen xehetasunak zehazten hasi nintzaion, zertan eman ez nituenak ere barne.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 234. orr.

Epai hori ez dator bat Kilpatrick-en kristau jokabide onberekin.  Juan Garzia   «Ipuin hautatuak» - Jorge Luis Borges, 1998 - 100. orr.

Beharbada barre egiten zuen guk Parisko maiatzaz galdetzen genionean, beharbada erruki onbera bat sentitzen zuen, edo geure baitan bere burua hamar urte gazteago ikusten.  Xabier Mendiguren Elizegi   «Nerabearen biluzia», 1999 - 32. orr.

Oso egoki eta dohatsuki definitua izan baita adiskidetasuna: Jaungoiko eta giza gaietan adostasun onbera eta karitatezkoa.  Imanol Unzurrunzaga   «Hainbat idazlan» - San Agustin, 2003 - 47. orr.

Erabaki genuen halabehar ikaragarri hura ere onberegia zela harentzat.  Mirentxu Larrañaga   «Peaceful soldadua» - Michael Morpurgo, 2006 - 36. orr.

Mamu beltza omen dabil Euskal Herrian barrena: literatura iruzkingile onbera.  Markos Zapiain   «Errua eta maitasuna», 2002 - 11. orr.

4 (tumoreez eta kidekoez)

Neuroma akustiko izeneko tumore onbera izateko aukera bikoiztu egiten da sakelako telefonoa luzaroan erabilita.  Berria - Gaiak   2004-10-15

Leku txarra zen burua tumore bat edukitzeko; onbera izanik ere, haziz gero, burmuina estutuko baitzion.  Imanol Zurutuza   «Errautsera arteko sugarra», 2002 - 145. orr.

Hiperplasia onbera sendatzeko azken teknika iritsi da Donostiara.  Berria - Gaiak   2004-11-21

Froga horrek prostatako minbizia ez ezik, prostataren hipertrofia onbera edo prostataren handitzea ere detekta ditzake.  Berria - Gaiak   2004-06-10

5 (adizlagun gisa)

Dama guztiak, banan-banan, ondorio batera iritsi bide ziren, alegia onberegi jokatu izan zutela Big Lannierekin, eta hortaz, emakumea gailendu egin zitzaiela azkenean.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 259. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus