Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

mintzagai 1 iz hizketaren edo solasaren gaia.

Haien mintzagaiak guraso santuen bizitzak edo anaiaren baten perfekzioa ziren, edo Jaunaren grazia lortzeko biderik hoberena.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 482. orr.

Telefono-dei haietan badakizu ez zela aparteko konturik izaten, ohiko mintzagaiak baizik: lana, eguraldia, eguneko gertakariak...  Xabier Mendiguren Elizegi   «Arima enkoniatuak», 2006 - 41. orr.

Une hartan ez ziren elkarrizketan ari, mintzagai egokirik ez zitzaielako sortu eta, beraz, halako egoeretan esan behar izaten diren konpromisozko hitzak eta esaldiak soilik entzuten ziren gelan.  Aitor Arana   «Bost ahizpa», 2005 - 51. orr.

Sekula ez zen ibili zer esan asmatu ezinik, sekula ez zen arduratu hizpidera ekarriko zuen mintzagairen baten bila ere.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 139. orr.

Amarekiko harremanak ez ziren Josurentzat mintzagai gozoena.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 62. orr.

Bazkalordu hartan, bada, ez zen bertze mintzagairik izan, Mattin eta Elbiraren artean gertatua baizen.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 335. orr.

Jatekoa ekarri digutenerako agorturik dugu mintzagaia Dubraukak eta biok.  Edorta Jimenez   «Europako mugetan barrena», 2000 - 273. orr.

Anitz karrekin mintzatu zen, osoki bere buruaren eta mintzagaiaren jabe.  Marzel Etxehandi   «Alemaniara deportatua» - Grégoire Joannateguy, 2003 - 131. orr.

2 ipar bilera bateko gai zerrendako puntu bakoitza.

Korsika: Aspaldian hasia den Chirac eta Jospin-en arteko gerlatxoa, mindu da pixka bat joan den astean, Errepublikako presidentak kendu duelarik Korsikako gaia ministroen kontseiluko mintzagaietatik.  Herria   2001-02-22

Mintzagaietan: "Batera: 5000 enplegu" eta urriaren 11 ko manifestaldia.  Herria   2003-09-11

3 (gramatikan) esaldian, aldez aurretik ezagutzen duguna errepikatzen den atala.

Hitzen ordena eta esanahia ez da hemen aztertzeko gaia, gramatikariek ebatzi beharreko auzia baizik: ordena markatua eta ez markatua, galdegaia, mintzagaia...  Iñaki Arranz   «Hitza azti», 2006 - 113. orr.

Hemen mintzagai bat behar eta zientziaz ari gara, filologoak beti behar baititu mintzagai bat eta galdegai bat.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 65. orr.

EzdakitNongo errealitatea da Non horretako errealitatea zer eta zer den finkatzeko ahala duten fedabide eta infotokietan agertzen diren mintzagaien -ez galdegaien – multzoa.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 48. orr.

4 mintzagai izan1 du ad

Barazki postuko gizonak Athletic zuen mintzagai, eta emakumeek baietz egiten zioten buruarekin. Egiaz, neuri ere gero eta gutxiago interesatzen zitzaidan Kanoietako giroa, futbola besterik ez baitzuten mintzagai.  Unai Iturriaga   «Berandu da gelditzeko», 1999 - 81. orr.

SEA Arabako Enpresaburuen Elkarteak egindako txostena izan zuen atzo Eusko Jaurlaritzako eledun Miren Azkaratek mintzagai.  Berria - Euskal Herria   2004-10-14

Hona, mintzagai ditugun kontzeptu horietako batzuk: "denbora", "existentzia", "subjektua", "identitatea", "historia", "izatea"...  Xabier Mendiguren Elizegi   «Errekarteko koadernoa», 2001 - 115. orr.

Gogora bitez XXV. kapituluan mintzagai izan ditudan salbuespenak.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 225. orr.

5 mintzagai izan2 (inpertsonaletan)

Errusian ere mintzagai izan da egunotan hegaztien gripearen alderdi ekonomikoa.  Berria - Harian   2005-08-26

Duela guti arte gure desterrua eta gure desgraziak izan dituk herritarren mintzagai; gaur, berriz, gure olaz eta gure fortunaz mintzatzen dituk.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 22. orr.

Euskal literatura mintzagai lehendabiziko hitzaldian.  Berria - Euskal Herria   2004-07-20

Pilota mintzagai nagusi etxean.  Berria - Kirola   2004-05-13

· Mintzagai zenak sumatzen zuen nonbait beraz gaizki esaka ari zirela, zeren, nire berriemaileak alde egin orduko, bere kafe katilua eta arroz budina hartu, nire mahaian eseri, eta esaten zidan, "esaten dizuten hitz bat bera ere ez sinetsi”.  Koro Navarro   «Zortzi kontakizun» - Isaac B. Singer, 2002 - 76. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus