Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

matrikula 1 iz zerrenda edo erregistro ofizial batean izena ematea; talde jakin batean sartzen diren banako guztien izenak jasotzen dituen lista zenbakiduna.

-Matrikula askoz merkeagoa da han.  Xabier Mendiguren Elizegi   «Errautsen distira», 2002 - 71. orr.

Matrikulan beherakadatxo bat nabaritu dugu aurten, aurreko urteekin alderatuta.  Berria - Euskal Herria   2004-07-20

Klaseetara etortzerik ez banuen ere, matrikula bertan behera ez uzteko gutxienez.  Xabier Mendiguren Elizegi   «Arima enkoniatuak», 2006 - 38. orr.

7710101SAM zenbakidun Melanie Isaacs ikasleak ezeztatu egin du COM 312 ikasgaiaren matrikula.  Oskar Arana   «Lotsaizuna» - John Maxwell Coetzee, 2004 - 49. orr.

Baliabide ekonomikoak ez dituztenen seme-alaben matrikulak ordaintzea unibertsitate horretara joateko.  Berria - Mundua   2006-01-29

Sare pribatuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena duten haur eskolek umeen matrikula gehienak jasotzen dituzte (9.965).  Berria - Euskal Herria   2006-03-19

Herriko Etxean ematen didaten zerrendan autoari dagozkion xehetasun guztiak agertzen dira -matrikula, marka, kolorea...-, baina bakarrik ere ez jabearen gainean.  Aingeru Epaltza   «Lasto sua», 2005 - 27. orr.

Trafikoa izugarria da, hau da auto mordoa: berriak, zaharrak, [...] intermitenterik gabe, askok matrikula kartoi batean idatzia...  Pako Aristi   «Venezuela, iraultza isilaren hitzak», 2000 - 15. orr.

Gure biltegiko "kapo"-ak gure matrikulak oihukatzen ditu: 200 matrikula lerrokatzen dira, Langensalza-ko komandorat igorriak dira, Erfürt eta Cassel-en artean.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 123. orr.

Zazpi oren berantago matrikula bat niz, 41 255a, bertzerik ez.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 114. orr.

UEUko bazkide, ikasle eta langabeentzat matrikularen prezioa merkeagoa da.  Berria - Euskal Herria   2004-06-25

2 ibilgailuetan eta kidekoetan, matrikula zenbaki hori jasotzen duen plaka.

Autoaren matrikula SS-4947 zen.  Edorta Jimenez   «Kilkerren hotsak», 2003 - 154. orr.

Garaia duk, ilehoria, eta "seiscientos" berde bat erabiltzen dik, gorriz tapizatua, Bilboko matrikula daukana...  Rafa Egiguren   «Mentxakaren aitorpena» - Jose Ramon Goikoetxea, 2006 - 103. orr.

Polloeko hilerrira iristean, matrikula portugaldarra duen kamioi bat begiz jo du.  Patxi Zubizarreta   «Pospolo kaxa bat bezala», 2005 - 83. orr.

Beste estatu bateko matrikula duten bi auto daude bulegoaren aurrean aparkatuta.  Koro Navarro   «Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean» - Raymond Carver, 2003 - 35. orr.

Bilboko matrikula duten ontzi denetako ofizialak eta marinelak Ingalaterraren erabat alde direla.  Edorta Jimenez   «Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan», 2003 - 119. orr.

Ontziari argazkian matrikula ondo irakurtzen zaio: M-1512 L3a.  Edorta Jimenez   «Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan», 2003 - 45. orr.

Orduan ohartu ziren autoa lapurtutakoa zela eta autoko matrikula faltsua zela.  Berria - Euskal Herria   2004-04-01

Espainiako gidabaimen bat, nortasun agiri faltsuak, trokelatu gabeko Frantziako matrikulak.  Berria - Euskal Herria   2004-06-18

Gaizkile elkarteko kide izan, agiriak eta matrikulak faltsutu eta auto bat lapurtzeagatik auzipetu zituen.  Berria - Euskal Herria   2006-02-18

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Antton Karrera, Larenaren galdeketan ateratako matrikula-zenbakia bitarteko, automobilean bakarrik zihoala harrapatu zuten.  Rafa Egiguren   «Mentxakaren aitorpena» - Jose Ramon Goikoetxea, 2006 - 203. orr.

Auto bati kendu eta besteari ipini, hainbat matrikula-plaka edukitzen dituzte horretarako.  Oskar Arana   «Lotsaizuna» - John Maxwell Coetzee, 2004 - 203. orr.

Matrikula sistema aldatu baitute.  Mikel Hernandez Abaitua   «Ohe bat ozeanoaren erdian», 2001 - 10. orr.

Parte hartzeko matrikula epea maiatzaren 1etik 26ra arte egongo da zabalik.  Berria - Euskal Herria   2006-04-28

Matrikula kopuruaren errekuperazioa gertatu da udal euskaltegietan, egoerari aurre egiten saiatu garelako, batez ere eskaintza malgutuz.  Berria - Euskal Herria   2004-01-23

Gobernu Federalak, esaterako, ikasketetako matrikula tasen gainean zeresana izaten jarraitu nahi zuen.  Berria - Mundua   2004-12-21

Ikasturte horretan hartu nahi zituen irakasgaiez hitz egiten hasi ginen, zikloez eta kredituez, eta matrikula baldintzez.  Iban Zaldua   «Traizioak», 2001 - 23. orr.

Hona hemen matrikula-tokiak: [...].  Herria   2001-05-24

4 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Frantziako auto matrikulak dira nagusi bideetan.  Berria - Euskal Herria   2004-08-01

Blairren unibertsitate matrikulen legea onartu dute.  Berria - Mundua   2004-01-28

6. zutabea: hezkuntza matrikuletan dagoen tasa gordina (%etan).  Pello Salaburu   «XX. mendearen argi-itzalak», 2001 - 205. orr.

5 ohorezko matrikula.

Matematikan, matrikula, David!  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 163. orr.

Uste baino jatorrago jokatu zuen, ordea, irakasleak, eta matrikula jarri zidan.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 40. orr.

6 aurre-matrikula

Auskalo nola jakin zuten fraideek bi karrera horietan aurre-matrikula eginda nengoela.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 36. orr.

Hala, bada, zalantzak aztoratuta, bi aurre-matrikula egin nituen, badaezpada ere.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 36. orr.

7 matrikula egin ik matrikulatu.

Euskaltegian edo autoikaskuntza zentroan matrikula egin dutenak bakarrik aurkeztu ahal izango dira azterketara.  Berria - Euskal Herria   2004-03-31

Han matrikula egin ahal izateko 19.000 euro ordaindu beharko dira, eta 60 lagunek soilik ikasi ahal izango dute.  Berria - Gaiak   2004-08-22

Ez dut uste matrikula egin eta eskoletara ez joatea egokia denik.  Berria - Kirola   2004-01-22

Madrilera matrikula egitera iritsi zen egunean.  Arantxa Iturbe   «Kontu-jaten», 2006 - 145. orr.

Zenbat eta kalifikazio hobea, lehentasuna ere handiagoa izango du aukeratutako ikasketetan matrikula egiteko.  Juan Ignacio Pérez / Pello Salaburu   «Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur», 2003 - 74. orr.

Azkenean, Unibertsitate Irekian egin nuen matrikula, filologia-ikasketetan.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 96. orr.

NUPen matrikula aurten lehen aldiz egin dutenen artean, hirutik batek euskaraz ikasiko luke.  Berria - Euskal Herria   2004-10-21

· Bi mailetara aurkezteko, baldintzak betez gero, bi matrikula egin beharko dira.  Berria - Euskal Herria   2004-03-31

8 ohorezko matrikula bikain” baino kalifikazio garaiagoa, hurrengo ikastaroko matrikula ez ordaindu beharra dakarrena.

Latineko suspentsoa zela eta, ordea, beldur nintzen ez ote ninduten Bartzelonan onartuko, eta ohorezko matrikulaz lehiatzeko azterketa berezira aurkeztu nintzen, bikain ateratako beste lauzpabost ikaskiderekin batera.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 39. orr.

Jokini ohorezko matrikula ipiniko diot.  Jon Arretxe   «Ostiralak», 2000 - 67. orr.

Hiru urterekin solfeoa ikasten hasi zen Silguero, eta hamahirurekin musikako goi ikasketak amaitu zituen, ohorezko matrikulekin eta bikainekin.  Berria - Kultura   2004-05-23

· irud/hed Ordea, ohorezko matrikularekin gainditu zuen dema.  Berria - Kirola   2004-10-10

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus