Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

kiribildu, kiribil(du), kiribiltzen (orobat kiribilatu) 1 da ad zerbait edo norbait, zerbaiten edo bere buruaren inguruan kiribilean jarri. ik kiribilkatu.

Dardarka kiribildu zen bere baitan, eta eskuak igurtzi zituen.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 38. orr.

Nathanielen kontra kiribildu zen.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 71. orr.

Monikak abagunea aprobetxatzen zuen nire ondoan kiribilduz txerak eta balakuak egiteko.  Joxean Agirre   «Romain zen bere izena», 2003 - 90. orr.

Bainuontzia zabala zen, baina anderearen hankak nireekin kiribildu ziren.  Juan Martin Elexpuru   «Esku bakarrarekin irakurtzeko kontuak» - Pilar Cristobal, 1999 - 13. orr.

Nire hanka eta besoak bere gerrian kiribildu dira.  Juan Martin Elexpuru   «Esku bakarrarekin irakurtzeko kontuak» - Pilar Cristobal, 1999 - 84. orr.

Katuaren isatsa kiribildu egin zen eta begiak txikitu.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta Azkabango presoa» - J.K. Rowling, 2002 - 13. orr.

Eta haren aihenak orkatiletan sugea bezala kiribilatzen ari baitzitzaizkion.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta Azkabango presoa» - J.K. Rowling, 2002 - 250. orr.

Basiliskoaren burua beheratzen ari zen, gorputza kiribilatzen.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sekretuen ganbera» - J.K. Rowling, 2001 - 267. orr.

Pilota baten antzera kiribildu naiz, triku baten moduan.  Mirentxu Larrañaga   «Peaceful soldadua» - Michael Morpurgo, 2006 - 24. orr.

Ni Norma Lúciaren boa nintzen eta hura sagutxoa, haren inguruan kiribildu, eta irentsi egingo nuen presarik gabe.  Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro, 2003 - 69. orr.

Lepoa altxatu behar izan dut korrontea nire inguruan kiribildu denean.  Alberto Barandiaren   «Mundu txikia», 2005 - 99. orr.

Bapore-untzi batek ke adar luzea marraztu zuen airean, eta han geratu zen apainkiro bihurritu eta kiribiltzen.  Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf, 2001 - 179. orr.

Iluntasun arrosakaran tabakoaren kea poliki kiribildu eta barreiatzen zen.  Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev, 2006 - 129. orr.

Sua zutabeen kapiteletan kiribildu zen, gangaz ganga sabaietan barrena irristatu.  Juan Garzia   «Bizi alegiazkoak» - Marcel Schwob, 2002 - 37. orr.

Sendakutzaren sinboloan ere Jainkoaren makilan kiribildurik sugea ikusten dugu.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 156. orr.

Abere zaurituak bezala kiribildua.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 222. orr.

Lurrean etzanda dago berokipean kiribilduta.  Mirentxu Larrañaga   «Peaceful soldadua» - Michael Morpurgo, 2006 - 136. orr.

Ilea garbi eta emeki kiribildua lepoalde mehean.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 42. orr.

2 irud/hed

Zelda hartako hotza hezurretaraino kiribiltzen zen.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 91. orr.

Ahots biak, sopranoa eta tenorra, aurrez aurre, elkarren inguruan kiribiltzen, sugeak bezala, hitzik gabe.  Oskar Arana   «Lotsaizuna» - John Maxwell Coetzee, 2004 - 161. orr.

Mingarriro laztantzen nau haren oihartzunak, arima barruraino sartzen zait, bihotzaren inguruan kiribiltzen da.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 321. orr.

Sermoi luzerako bidea hartzen zuenean, jende gehiena nor bere barneko pentsakizunetara kiribiltzen zen.  Pako Aristi   «Urregilearen orduak», 1998 - 75. orr.

Gero, istorioa oso kiribiltzen da, bizpahiru hilketa daude, ezpata borrokak barne.  Javi Cillero   «Hollywood eta biok», 1998 - 80. orr.

Egun batez, ordea, denen irri-bazka izateaz nazkaturik, mututasun erabatekoan kiribildu zen.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 107. orr.

Eztabaida neska haren inguruan kiribildu zen segituan.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 303. orr.

• 3 du ad zerbait zerbaiten edo bere ardatzaren inguruan kiribilean jarri.

Esan gabe doa gutuna kiribildu eta kutxan gorde zuela.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 237. orr.

Izararen ertz bat hartu, eta huraxe kiribildu zuen hatz artean.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 70. orr.

Hestebetegileak koilarakada handiz onila bete ahala, odolkia kiribiltzen zuen metalezko azpil biribil batean.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 139. orr.

Adaren burkopetik ateratzen zen ile-adats bat kiribiltzen hasi zen gero bi hatz jolastiren artean.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 54. orr.

Printzesa ikusi eta txanoa kendu zuen, hurbildu zitzaion, begiratu zion, tartariar erako bibote puntak kiribildu zituen irribarrez.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 121. orr.

Bi hatzekin bibotea kiribiltzen.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 199. orr.

Bere behatz erakuslean nire ilea kiribildu eta barre egiten zian tarteka.  Joxean Agirre   «Romain zen bere izena», 2003 - 165. orr.

Irribarre xume bat eginik, nire bularreko biloa kiribildu zuen hatz puntekin.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 89. orr.

4 (era burutua izenondo gisa)

Erantzun modura, eskribauak pergamu kiribildu bat eskaini zion.  Edorta Jimenez   «Sukar ustelaren urtea», 2004 - 54. orr.

Orri kiribildu bat heldu zen bulego batetik bestera mezuak banatzeko erabiltzen zituzten tutu pneumatikotik erretilu batera.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 133. orr.

Harryk txerri-buztan kiribildua ikusi zion, praketako zulotik kanpora irteten.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta Azkabango presoa» - J.K. Rowling, 2002 - 58. orr.

Zure bihotza, suge kiribildua bailitzan -beldurra askotan espiral bat da, zabaldu egiten da espiralaren jatorri zehazgabetik- azalberritzen sentitzen duzu.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 74. orr.

Nire izen-deiturak letra handi kiribilduaz idatziak.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 147. orr.

Idazkera kiribildu batez.  Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua», 2004 - 159. orr.

Ehunezko xafla fin sendo batek bitan banatzen du hodi kiribilduaren barrua.  Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan, 2006 - 114. orr.

Alanbre kiribildu batekin iltze bati lotuta dago [...] atea.  Harkaitz Cano   «Piano gainean gosaltzen», 2000 - 61. orr.

Txolarrea ikusi du [...] alanbre kiribilatuan hankatik kateatuta, lau-bost metroko altueran.  Jokin Urain   «Errotarria», 2006 - 187. orr.

Labirinto kiribilatu hau zentzugabekeria sinestezinez betea aurkituko du.  Juan Martin Elexpuru   «Delituez eta zigorrez» - Cesare Beccaria, 1999 - 61. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

gorputzean kiribildu (3); inguruan kiribildu (4)

inguruan kiribiltzen (7)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus