Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

jario1 1 iz jariatzea; zerbaiti darion gauza.

Doneztebeko atzelariak jario bat eduki zuen belaunean.  Berria - Kirola   2006-03-23

Minutu batzuez sentsazio aldakorren jario batek harrapatzen nau Kolore baten antza zuen baina baita... zauri batena edo jario batena, [...].  Oskar Arana   «Brooklyngo erokeriak» - Paul Auster, 2006 - 200. orr.

Hizkuntzaren ibaiaren jarioa etengabea da; eta jario hori barea edo lasterra den bigarren mailako kontua da.  Isabel Arrigain   «Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa» - Ferdinand de Saussure, 1998 - 178. orr.

"Kontzientziaren jario" izenekoa.  Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf, 2001 - 7. orr.

Zein jario dute Querida madre eginez hasten ditudan gutunetako sentimenduek?  Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean», 2001 - 179. orr.

Zerbaitek etenarazi zuen ene jarioa.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 46. orr.

Gure gaurko gizarteak [...] halako urrutiramendu bat erakusten dugu sentimenduen eta emozioen aurrean, sentimenduen jarioak ahuldu egingo bagintu bezala.  Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean», 2001 - 69. orr.

Komunak jarioa du, eta kanilak haria hondatuta dauka.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 276. orr.

2 (izenondoekin)

Uraren jario mutua ene urrats isilekin jarraikiz.  Piarres Aintziart   «Azken apeza», 2005 - 27. orr.

Batzuetan begietatik sodio-kloruro hidratatuaren jario ugaria izaten du lagun.  Xabier Olarra   «Deabruaren hiztegia» - Ambroise Bierce, 2001 - 147. orr.

Ai zer plazera odolaren jario lodia kokotsean behera isurtzen sentitzea!  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 36. orr.

Hasieran jario xume bat zen, baina berehala, Jainkoaren ahalmenaz, iturburu bilakatu zen.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 870. orr.

Ezinezkoa zait emakumearen jario xumea paperera pasatzea.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 160. orr.

Doinu goibelez eta jario betiberdineko ahots sakonez.  Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev, 2006 - 166. orr.

Ezin zion segitu hizkera akademiko zatar haren jario motelari.  Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf, 2001 - 19. orr.

Erantzungailu baten jario mekanikoa entzungo zuen.  Iban Zaldua   «Traizioak», 2001 - 154. orr.

Imajinazioaren jario emankorra etetea zaila denez.  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 382. orr.

Airea etengabe ari da gauzetatik sortzen eta berriz gauzetaratzen, argi baitago zer guztiek jario etengabean dihardutela.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 323. orr.

Hizketan eta hizketan, atertu gabeko jario ulergaitz baten zirimirian.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 236. orr.

Antzeman zuen lagunurkoarekiko sentimendu batasuna, emozioak eman ohi duena, bereizketaren hormak erabat mehetuz […] dena jario bakar bat bihurtu balitz bezala.  Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf, 2001 - 112. orr.

Elizabethek bazuen Nathanielen jario literarioaren benetako balioa neurtzerainoko sena.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 69. orr.

Gogamena bizi-bizi nuela eta mingaina, berriz, jario errazeko.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 15. orr.

Hango istil, urmael, aintzira eta zingiren erditik igarotzen da, non eguzkiak jario osasun-galgarriak sortzen dituen, bidaztia nekaraziz eta maiz arrisku larrian utziz.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 214. orr.

3 (izenondoekin; hedaduraz)

Ospitale eta klinika txikiagoek ezin diote gaixo eta zaurituen jario handiari aurre egin.  Berria - Mundua   2004-04-28

Jario handiko errepide bat egitea, Europako ardatzarekin bat egiteko.  Berria - Euskal Herria   2006-03-02

Ia 26 milioi euro bideratuko dituzte Ipar Euskal Herrian jario handiko internet sarea txukuntzeko.  Berria - Euskal Herria   2006-04-08

4 (izenlagunekin)

Kanpoko jario haren aurka ekiteko.  Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf, 2001 - 97. orr.

Denbora, bada [...], ez da gutaz kanpoko jario jarraitu, erregular bat.  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 103. orr.

Berriz ere, ahalegin latza egin behar izan nuen taxuz pentsatzeko, odol ilunezko jario hura ez ikusteko.  Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua», 2004 - 131. orr.

Zer da, ordea, berezko jarioa?  Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean», 2001 - 177. orr.

Gurean, egia da, itzulpenen gainean hotsa zabaldu da ez dutela jatorrizko obren berezko jariorik.  Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean», 2001 - 177. orr.

Geratu ezinezko jarioan jarraitu zuen 1987ko urtarrilean hasitako sakabanaketa hark.  Jokin Urain   «Errotarria», 2006 - 139. orr.

5 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Kanila zabaldu zaion iturri oparo bat bezala hasi zen berriro hizketan, bi idazleen arteko konparazioak ematen zizkion emaitzen jario-darioan.  Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean», 2001 - 112. orr.

Euria ari zuen: gau osoan jardun zuen zirri-zarra, eta gu hantxe, faroak piztuta, egonean egon arren, atergabeko uholde haren jario-marmarraren pean.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 101. orr.

6 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa, izen balioaz)

Ur jario mehe baina etengabe hartaz.  Xabier Mendiguren Elizegi   «16 ipuin amodiozko», 2002 - 64. orr.

Gatzagetako lurrun-jario errea.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 113. orr.

Ultzera nazkagarriz eta sabel jario beltzez.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 459. orr.

Apar-jario moduko bat duk halakoena, iritzi burutsuenen artean ur gaineko bitsetan bide eragiten diena.  Juan Garzia   «Hamlet» - William Shakesperare, 2002 - 218. orr.

Mahuka aurpegitik pasatzen zuen, baina ez zegoen tanta-jario hura gelditzerik.  Julen Gabiria   «Peter Pan» - James Matthew Barrie, 2004 - 176. orr.

Kaskarin fin izan zen urteetan ere, ordea, nabari zuen negar-jario ganoragabe halakorako joera.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 150. orr.

Gizonezkoa, sexu-jarioa duenean, kutsatu bihurtzen da.  Elizen arteko biblia   Lb 15,2

Gidoiak umore fina, hitz joko bihurriak eta ideia jario etengabea dakartza.  Berria - Kultura   2006-01-20

Bere alferrikako emozio jario harengatik.  Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf, 2001 - 22. orr.

Lajos gezurretan hasten zen eta, gezur jario hartan, bere onetik irten, lehertu eta negarrari ematen zitzaion.  Ander Irizar   «Eszterren ondarea» - Sandor Marai, 2003 - 38. orr.

Inor harritu ez delako Leandroren jardunarekin, denek ezagutzen baitiote ele-jario dotorea.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 193. orr.

Osaba Joanikoten ele-jario luzearekin baterat.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 256. orr.

Kontzientzia jarioaren eredua.  Xabier Arregi   «Jakitearen arkeologia» - Michel Foucault, 2003 - 192. orr.

· Europako garraio jario handiena bildu nahi dute.  Berria - Euskal Herria   2004-11-20

Trafiko jario haundia espero dute estatuko berrebidetan.  Herria   2005-12-08

7 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa, izenondo balioaz)

Koldar beldur-jario bati.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 534. orr.

Ez du merezi lerde-jario horiek jotzea, eskua mailatzea besterik ez duzu lortzen.  Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev, 2006 - 146. orr.

Ni gabe ere, ezti-jario asko ditu inguruan, beti lausenguka.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 484. orr.

Esku batean zatarra eta baso tanta-jario bat bestean.  Koro Navarro   «Artistakume baten erretratua» - Dylan Thomas, 1999 - 219. orr.

Gizon jainkozalea, malko-jario hauen artean halako zerutiar poztasun batez azaltzen zen.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 887. orr.

Are eta amorru handiagoa ematen zioten nesken ikastetxeetara joan eta, larrua jotzea beste pentsamendurik gabe, hormak fuck hitzaz zikintzen zituzten praka-jario guztiek.  Bernardo Atxaga   «Groenlandiako lezioa», 1998 - 126. orr.

Opalgaiaren gorputza ebakiko lukeen ezpata su-jariozkoa bailitzan.  Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai, 2003 - 111. orr.

8 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa adizlagun balioaz)

Florentziara etorri zen ostera, hautsa jario.  Juan Garzia   «Bizi alegiazkoak» - Marcel Schwob, 2002 - 83. orr.

Lorategia argi-jario egoten da gau osoan, argiontzi eta kriseiluz apaindurik.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 180. orr.

Eztulka eta muki-jario.     «Loroaren teorema» - Denis Guedj, 2006 - 86. orr.

Orro antzeko ahots batez eta listu jario, galdegin zion: [...].  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 152. orr.

Hantxe zen zakur gizajoa, lerde jario, atzetik mutiko koadrila bat harrika zuela.Sanker atzera-aurrera zebilen, deiadar jario, erle lantsu baten gisara.  Jon Maia   «Riomundo», 2005 - 46. orr.

Adrenalina jario jarri ninduen bihurrikeriak.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 198. orr.

Txapelik ez buruan, brusa urratua, galtza jario eta alkandora bistan.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 307. orr.

Eskuak fraide batek bezala igurtziz, jendea koipe-jario agurtuz.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 289. orr.

Koipe-jario lotu nintzaion, Ttipirekin sekula huts egin ez zidan jukutria.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 96. orr.

9 hitz-jario1 (orobat hizjario g.er.) iz

Mailu baten antzera sentitzen nuen hitz-jario hura. Irriak eta hitz-jario oparoak.  Xabier Mendiguren Elizegi   «Arima enkoniatuak», 2006 - 46. orr.

Hitz jario ederra erakutsi zuen hitzak hain ongi neurtzen zekien gizon puska burusoilak.  Imanol Zurutuza   «Errautsera arteko sugarra», 2002 - 184. orr.

Gainerakoan, hitz-jario handiko gizona zen, argudioak ongi lotzen zekiena.  Joan Mari Irigoien   «Oilarraren promesa», 2003 - 41. orr.

Hitz -totela zen eta kantatzen zuenean baizik ez zuen hitz-jario normala.  Fernando Rey   «Ararat mendiaren sumina» - Yasar Kemal, 2003 - 7. orr.

Nora ez zen duda-mudan gelditu aitaren hitz-jario trinkoa entzunda.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 76. orr.

Cardiffeko marinelen hitz-jario zakarra.  Iban Zaldua   «Gezurrak, gezurrak, gezurrak», 2001 - 141. orr.

Hitz-jario koipetsuak ez zion ezer berezirik iradoki.  Migel Angel Mintegi   «Denak du bere prezioa», 2002 - 84. orr.

Hitz-jario gehitxo zegoen eta irudi gutxi.  Andoni Egaña   «Hogeita bina», 2004 - 182. orr.

Atzean utzi dut alferrikako bizitza hori guztia, batere lorpenik gabeko hitz jario hori.  Ramon Etxezarreta   «Ezezaguna helbide honetan» - Kressman Taylor, 2003 - 34. orr.

Etengabeko hitz-jarioa.  Elizen arteko biblia   EsZ 29,20

Hitz-jario jasangaitzeko kaze taria.  Berria - Kultura   2004-11-24

Atergabeko hitz jarioa ile zuriko emakume harena.  Iñaki Zabaleta   «110. Street-eko geltokia», 2003 - 81. orr.

Izan ere, kezka gehiegik amesgaiztoa dakar, eta hitz-jarioak zoro-berriketak egitea.  Elizen arteko biblia   Koh 5,2

Agortu ezineko hitz-jarioz.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 40. orr.

Ez zuen horrelako hitz-jariorik espero.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 378. orr.

· Axular da hau, apez hizjario beti aberatsekoa.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 118. orr.

10 hitz-jario2 izond asko hitz egiten duena.

Tabernari hitz-jario batekin eta txanoa zapaldua zeraman mozkor batekin ari zen xahutzen egun dohakabe hura.  Koro Navarro   «Artistakume baten erretratua» - Dylan Thomas, 1999 - 212. orr.

Weinerrek eta Horvathek ez zekiten zer erantzun hitz-jario hari , eta lotsatuta zeuden irribarrez. · Eta irri-hitz-jario izanik Santxo, ber-bertatik aitortzen dut buru-argia dena.  Anton Garikano   «Bederatzietatik bederatzietara» - Leo Perutz, 2003 - 181. orr.

11 hitz-jario3 adlag

Sobakevitx hitz-jario zegoen, mihiak ekarri ahalean hitza eta pitza zeriola: [...].  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 154. orr.

Ohi bezala, hitz jario hasi zen bisitaria ongi hartua senti zedin.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 34. orr.

Zer isiltzen du beti hitz-jario dabilenak?  Joxerra Garzia   «Egonean doazen geziak», 2000 - 43. orr.

· Baina, unearen eztitasunak eskatzen zuena egin ordez, lasaitu, isildu, hitz-jario batean jarraitu nuen nire ikaskideez azalpenak ematen.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 167. orr.

Eta bitartean hitz jario batean ari zen alemanez, jendea pozik edukitzeko.  Josu Zabaleta   «Gauza baten ametsa» - Pier Paolo Pasolini, 1998 - 81. orr.

12 jario batean adlag

Arrasateko arbigarak etortzen zaizkit gogora, eta, listu-bide guztiak jario batean ditudala, berehala naiz gose puntu gozoan.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 73. orr.

Behin ezkondu eta baretu zelarik, jario betean isurtzen zituen malkoak.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 150. orr.

13 lerde-jario1 (orobat lerdejario) iz (irain hitza) lerdea dariona.

Ez du merezi lerde-jario horiek jotzea, eskua mailatzea besterik ez duzu lortzen.  Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev, 2006 - 146. orr.

Irribarre eztia, gozoa, inozoa, batzuetan lerdejarioaren atarikoa.  Arantxa Iturbe   «Ai, ama», 1999 - 10. orr.

14 lerde-jario2 (orobat lerdejario; izenondo gisa)

Barre-algara lerdejario batean lehertu zen orduan.  Inazio Mujika Iraola   «Gerezi Denbora», 1999 - 41. orr.

Herritarrek, ordea, ez zioten Lady Godivaren edertasunen kontakizun lerdejarioa bukatzen utzi.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 45. orr.

Ez nenkian heu ere emakume guztiok soka motz bana daukagula uste duten gizon klase lerdejario horretakoa hintzenik.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 157. orr.

Gure Hizkuntzarekiko ezinezko mistika lerdejariozko batean lausoturik bizi zirenak eta direnak.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 70. orr.

15 lerde-jario3 (adizlagun gisa)

Emakume sofistikatu eta eder haren keinuek eta mainek liluratu egin zuten, eta lerde-jario utzi.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 162. orr.

Hantxe zen zakur gizajoa, lerde jario, atzetik mutiko koadrila bat harrika zuela.  Jon Maia   «Riomundo», 2005 - 46. orr.

Agian ni hari begira-begira, eta, zergatik ez erran, lerde jario harrapatu izana izan zen nigana etortzeko arrazoia.  Alberto Ladron Arana   «Xake mate», 2002 - 55. orr.

16 odol jario iz

Odol jario nabarmena zerion ahotik. Junek odol-jario handi bat izan zuen burmuinean, etxeko baratzean lanean ari zela.  Oskar Arana   «Brooklyngo erokeriak» - Paul Auster, 2006 - 19. orr.

Tira, odol jario hori sendatu beharko dugu behintzat.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 132. orr.

Baina odol-jario ñimiño hura gelditzen ez zela erreparaturik, zainetan jarri nintzen.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 53. orr.

Beste modurik ez zen odol-jarioa gerarazteko.  Oskar Arana   «Brooklyngo erokeriak» - Paul Auster, 2006 - 333. orr.

Israelgo lehen ministroak garuneko beste odol jario bat jasan du eta hirugarren ebakuntza egin diote.  Berria - Mundua   2006-01-07

Odol jario dezentea eragin zidan.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 84. orr.

Odol jario bat suertatuz gero […] Jainkoaren borondatea zela esaten zuen.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 21. orr.

Hilerokoa izanik, odol-jarioa duen emakumea zazpi egunez geldituko da kutsaturik.  Elizen arteko biblia   Lb 15,19

· Odol jario itzela uztailaren 18az geroztik.  Edorta Jimenez   «Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan», 2003 - 259. orr.

· izond Borroka latz odol-jario batez.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 124. orr.

17 txima-jario izond

-Urka ezak! -oihu egin zuen emakume txima-jario batek.  Koldo Biguri   «On Camillo» - Giovanni Guareschi, 2001 - 258. orr.

-Zerorrek ikusi -esan zion behin Egor Timofeievitxi, eskuaz bizar txima-jarioa laztantzen zuen bitartean-.  Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev, 2006 - 193. orr.

18 (adizlagun gisa)

Txima jario jaikitzen zen.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 250. orr.

Dama batek, ordea, gogoko zuen txima-jario ibiltzea, eta inpresio bitxi samarra eragiten zuen  Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev, 2006 - 186. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus