Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

ezkongai (orobat ezkon-gai g.er.) 1 iz emaztegaia edo senargaia; ezkongabea, ezkontzeko sasoian dagoena.

Nik ezagutzen ditudan ezkongai askok, kanpora begira, ez dute ezkontzerik nahi.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 39. orr.

Irudipena dut lehendabiziko garaietan -Flora eta biok ezkongai ginela, eta gerora ere bai, ezkondu ginenetik pare bat urtera arte-, amaginarrebak begiko ninduela.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 292. orr.

Orain bazekien ezin zela Aluanekin ezkondu eta Abasen ezkongaia izatera kondenatua zegoela.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 208. orr.

Kelvinek hogeita hamabi urte zituen; ezkongaia zen.  Gotzon Garate   «New Yorkeko kronika beltza», 2004 - 16. orr.

Samiya eta Faahid ezkongaiak ziren.  Gotzon Garate   «New Yorkeko kronika beltza», 2004 - 12. orr.

Baina non dira ezkongaiak, non dira gonbidatuak?  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 188. orr.

Ezkongaiak ez dik portatu behar zuek ari zareten bezala; behiak eta aziendak ekartzea duk legea, eta ez bertakoak jatea.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 138. orr.

Ulises megaroian geratu zen, Atenearekin batera ezkongaien heriotza hausnartzen.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 144. orr.

Ama ere gutxi agertzen duk ezkongaien aurrera, goian aritzen baita ehundegian.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 112. orr.

Beste diosesetarat igorri behar diren ezkontza adierazpenak, ezkon-gaien xedeak, ala katolikoenak, ala bataiatuak ez direnenak, edo beste erlijione batean bataiatuenak.  Herria   2001-02-15

Artzain bakoitzak artaldeko animaliarik ederrena eraman behar izaten ziek egunero ezkongaiei.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 100. orr.

2 (izenondoekin)

Elkarri hitzemanda aldendu ginen: gero, libre nituen gauetan, sarritan ibiltzen nintzen harekin, eta dantzara edo zinemara joaten ginen, ezkongai jatorrak bezala.  Josu Zabaleta   «Gauza baten ametsa» - Pier Paolo Pasolini, 1998 - 80. orr.

Ez al zuen erabakia hura zela ezkongai egoki bakarra?  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 120. orr.

-Darruitx xaharra ezkongai ona izan zitekean, bada! Ez duk denbora gehiago ibili behar etxetik kanpo, ondasunak utzirik, ezkongai harro horiek dena suntsitzeko arriskuan.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 48. orr.

Jadanik ongitxo zekien Abasek zer nahi zuen eta ez zuen ahantzia gaztea kalezuloko ezkongai bakarra zela.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 67. orr.

Azkenean, Dongek bere betebeharrari pentsatu zuen eta bere nagusien izenak eskatu zizkion bere ezkongai ohiari.  Ramuntxo Etxeberri   «Skyroom», 2004 - 223. orr.

Orain biok gara ezkongai bihotz-hautsiak -berriz eseri zen-.  Koro Navarro   «Artistakume baten erretratua» - Dylan Thomas, 1999 - 211. orr.

3 (izenondo gisa)

Gizonak neska ezkongaia landan aurkitzen badu, heldu eta berarekin etzaten bada, gizona bakarrik hilko dute.  Elizen arteko biblia   Dt 22,25

-Neskatxa ezkongai politak bilatu behar zaizkio erregeari.  Jose Antonio Mujika   «Agindutako lurraren bila II», 2002 - 131. orr.

Martari, lagun ezkongai bakarrari kontatuko zion dena, eta bien artean saiatuko ziren misterio ilun hura argitzen.  Xabier Mendiguren Elizegi   «16 ipuin amodiozko», 2002 - 58. orr.

-Errege jauna, neska gazte ezkongai bat bilatu beharko genuke zure zerbitzuan jartzeko.  Jose Antonio Mujika   «Agindutako lurraren bila II», 2002 - 59. orr.

4 (adizlagun gisa)

Ezin zuen buruan sartu Pia zintzoa zela, birjina ere bai agian, eta espero zuena ezkongai ibili eta ezkontzea zela, beste neska guztiek bezala.  Josu Zabaleta   «Gauza baten ametsa» - Pier Paolo Pasolini, 1998 - 197. orr.

Zerrizainak, berriz, jatorriz egiptoarrak izan arren, denetan bakarrak dira inongo tenplutara sartzen ez direnak, eta inork ez die beren alabarik ezkongai eman nahi, ez eta beraien artetik bestek hartu ere.  Patziku Perurena   «Trapuan pupua», 2001 - 319. orr.

5 (hitz elkartuetan)

Badituzte beren eginkizunak, Kleimanek bere osasuna, Bepek bere ezkongai harremana, erraza eta gutxiagorik ere ez dena.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 318. orr.

Horrek ez zuen kezkatzen orduan; izan ere, asebeteta sentitzen zen euren ezkongai-harremana zuzena zelako, betidanik aditua baitzuen benetako maitasuna nekez adieraz omen daitekeela hitzez.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 141. orr.

Ezkongai-parea ikustean, atsegin biziz gogoratzen zuen nola irten zen bera ere Sandymont-eko Itsasoko Izarra elizatik, gizon alai ondo jandako baten besotik.  Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce, 1999 - 230. orr.

6 ezkongaietan ezkon aurreko garaian.

Ezkongaietan, Kernan jauna ez zitzaion galai batere txarra iruditzen.  Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce, 1999 - 230. orr.

Ezkongaietan izan zelako hori guztia.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 453. orr.

Emaztea ahalegindu zen gogora ekartzen zertaz hitz egin ohi zuten ezkondu aurretik, ezkongaietan alegia.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 141. orr.

Horrekin batera, Um Hamidak jakinarazi zion bere alaba Abas Al-Helurekin ezkongaietan zebilela.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 157. orr.

· Orduan, aurpegia harria baino sorrago, ezkongaietako eraztuna kendu nuen eta haren eskuaren gainean utzi.  Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro, 2003 - 88. orr.

Gogoan dut, Israel, nola maite ninduzun gazte zinenean, gogoan zure ezkongaietako maite-laztana: nola ibili zinen nire ondoren basamortuan, erein gabeko lurrean.  Elizen arteko biblia   Jr 2,1-2

7 ezkongai lore (orobat ezkongailore) mugeta (Convallaria majalis).

Mugetatzea eta ezkongai-lore ere deitzen zaio, baita ezkilalore ere.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «101 gau», 2000 - 230. orr.

Maiatz edo ezkongai-lore finak bere xilintxadun zango xuria agertu du: "Zorion ekarle" omen da.  Herria   2004-05-06

Batzuek ezkongailore deitzen dutena eta beste batzuek naski izarbelar.  Herria   2005-04-28

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

eta ezkongai (3); eta ezkongaiak (4); ezkongai guztiei (6); ezkongai onargarri (3); ezkongaiak barrez (3); ezkongaiak ez (3); ezkongaiak hil (3); ezkongaiak hiltzen (4); ezkongaiak ziren (4); gazte ezkongai (3)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus