Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

ezki 1 iz zuhaitz garaia, adaburua biribila, hostoak zabalak eta horzdunak, eta loreak usaindunak dituena (Tilia platyphyllos etab.).

Apainduria handiko lorategi batek eder ditu arrosak, kameliak eta tulipak, baina eder eta atsegingarri izan ohi du zuhaitz sendo baten geriza, hala nola haritz, arte edo ezki baten itzal babesgarria udako egun sargorietarako.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 143. orr.

Haren irribarrea ikusi zuen, ezki bat eguteran, argiari argi gehiago lapurtzen.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 133. orr.

Gabriel Rua izan zenaren gorpua azalduko da Sintra Txikiko atarian azalduko da, ezki baten adarretan zintzilik, soka batez itoa.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 100. orr.

Ezkontza barruko maitasunaren zuhaitza omen da ezkia.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 145. orr.

Ezkiz inguratu Herriko Plazara heldu nintzenean, argi zurpailek mugatzen zuten ilunpean, lanpara baten pean, itzal luzea begimen neukan.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 201. orr.

2 (izenondoekin)

Vaclav Feuersteinek gotorlekuan zuhaitz bat sartu zuen, ezki zuri eta txiki bat, eta egunero zaintzen zuen arretaz eta maitasunez, kanpoan zainduko lukeen moduan.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 264. orr.

Plaza karkana ederra dugu Hazparnen eta ezki gazteak ari dira edertzen.  Herria   2003-06-12

Lorategi hartan magnolia eta ezki handiak zeuden, sasizko hesi batek inguratuta.  Koro Navarro   «Zalakain abenturazalea» - Pio Baroja, 2006 - 47. orr.

Azkenean, alde bietan ezki hostotsuak zituen bide batek jeneralaren herrixkan sartu zuen Txitxikov.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 407. orr.

Harkaizti batzuetako zuhaitzen hostoak horixkatu eta ximeltzen hasten direnean, ezki hostozabalarenak batik bat, [...].  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 305. orr.

Ohandotarren etxea errepidean zegoen, baina lorategi eder batentzat lekua uzteko bezain aparte, non, zaindari modura, sei ezki bikain baitzeuden.  Koro Navarro   «Zalakain abenturazalea» - Pio Baroja, 2006 - 45. orr.

Neguko dirdai errauts-koloreak eta espaloietako ezki biluziek areagotu egiten zuten inoiz luxu handikoa izandako barridearen, ez dut esango hondamendia, baina bai halako abaildura naroa.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 6. orr.

Leihatilaz kanpora begiratu nuen azken aldiz, eta begiz jo nituen -jada gogoan ez ditudan arren- txori irazekiak, paperezko loreak eta aingeruren bat lurraren ezki berandutuen gerizpean.  Karlos Linazasoro   «Ez balego beste mundurik», 2000 - 25. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Babes bila zebilen geriatrikoko emakume buru balditu bat eraman du gaurkoan, ezki-adar hautsi batek jota.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 69. orr.

Ezki-adar itxura jarri zitzaion: zurruntasun bera, gogortasun bera, zuritasun bera.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 267. orr.

Esku artean daukadan ezki hostoari beha gelditu naiz, galderaren baten zain.  Koldo Izagirre   «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak», 1999 - 232. orr.

Semea hor zeukan alta, gohainaren uhinek gibelondoa zitzikatzen ziotela, salda usaintsua, ezki-ura edo kafe beltza sukaldetik ekartzen.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 65. orr.

Sendagileak agindutako ezki-urak ez zion deus egiten.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 71. orr.

Laugarrenean, zingiratik irten eta ezki-baso batera sartu ginen oreinen bat ehizatzera.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 127. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus