Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

eter iz ustezko jariakin guztiz mehea, espazio oro betetzen omen duena eta uhin elektromagnetikoen eraginez dardaratzen omen dena; airea, zerua.

Europako astronomoek, aristotelikoak zirenez gero, Aristotelesen Fisikaren jarraitzaileak alegia, izarrak aldaezinak zirela uste zuten: izarrak eter zeritzan substantzia ustelezin batez inguratuta zeudela eta finkoak zirela.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 140. orr.

Berau eterra da, zeruko esferen gaia osatzen duena.  Xabier Kintana   «Alderraien gidaria» - Mose ben Maimon, 2006 - 252. orr.

Azkenik, euria ere hil egiten da, aita eterrak ama lurraren sabelera jaurti duenean.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 47. orr.

Suak irabazi egin baitzuen eta bazterrak mihizka erre baitzituen, eguzkiaren zaldien indar sutsuak Faetonta desbidatu eta eter osoan eta lur guztietan zehar arrastatu zuenean.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 331. orr.

Horregatik eguzkiak bere errainuekin berotuz gori-gori jartzen du gainean daukan eterra eta Marte planeta leku horietan ibiltzen da.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 4270. orr.

Nire aurrean panpinatxo zuri batek flotatzen zuen, Jules Verneren nobela bateko zakur hark bezala, zeinaren hilotzak eterrera bota eta gero astronauten atzetik jarraitzen baitzuen.  Joseba Urteaga   «Gertakizuna» - Annie Ernaux, 2003 - 76. orr.

Epikuro ere, adimenean giza enda gainditu eta, eguzkiaren irteerak izarrak eterrean bezala, denak itzali zituena, biziaren argia iraungitzean, hil egin zuan.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 223. orr.

Mundu galanteko tenplu zerutarrei eta izar distiratsuz jositako eterrari begira.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 375. orr.

Izarrek geldi-geldi, eter sabaian josita dirudite eta etengabe mugitzen ari dira, sorreratik sarrera urrunetara ortzia gorputz argiz kurritzen baitute.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 255. orr.

Honela orduan eter arin eta hegazkorrak, gorputza kondentsatzean, mundu guztia inguratu eta hesitu zuen eta, alde guztietarantz urrun hedaturik, besarkada leratsuan gainerako guztia hesitu zuen.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 335. orr.

2 (izenondoekin)

Ibai guztietatik eta lurretik bertatik ere lainoak eta lurrunak sortzen ikusten dugu, zeintzuk arnasa bezala honela gorantz igorriak diren eta ortzia ilunpetzen eta, astiro-astiro pilatuz, hodeiak sortzen dituzten: eter izarratuaren beroak ere goitik sakatzen baitie.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 421. orr.

Ondotik erran zidan nola Estagirako maisuak bereizten zituen Lurra, edo ilargipeko mundu lohia -lurrez eta urez, airez eta suz osatua, geruzaz geruza-, eta Zerua, edo ilargi gainekoa -eter ezin garbiagoaz osatua, non kokatzen baitziren planetak eta izar geldiak.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 122. orr.

Lurraren pisua, gorputza kondentsaturik, geratu egin zen [...], gero itsasoa, gero airea, gero eter sutsua bera, euron gorputz bigunei esker, guztiz garbi geratu ziren, bata aurrekoa baino arinago, eta bigunena eta garbiena den eterra airezko auretan flotatzen da eta bere gorputz biguna ez du aire korronte gerakaitzetan nahasten.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 335. orr.

3 (hitz elkartuetan)

Baliteke ortzi osoa geldi egotea ere, izar argiak aurrera doazen bitartean; dela eurekin batera eter korronte bizkorrak barruan doazelako eta, bidea egin ahala, zirkuluan biratzen eta ortzi sapaia osatzen duten suak arrastatzen dituztelako.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 337. orr.

Egunak luzatuz eta gauak laburtuz doaz eta gaua handitu ahala argia gutxituz, bai eguzkiak berak, bere ibilbidean lurraren gainetik eta azpitik arku ezberdinak eginez, eter eremua erdibitzen eta orbita zati ezberdinetan banatzen duelako eta alde batari kendu diona bueltan besteari gehituz hornitzen duelako.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 347. orr.

Gaur dakigunaren arabera, ikusmeneko unibertsoa atomo baten parte txiki bat izan liteke, ioiz osatua, animaliaren baten bizi isurkinetan (eter argiduna) flotatuz legokeena.  Xabier Olarra   «Deabruaren hiztegia» - Ambroise Bierce, 2001 - 192. orr.

4 kimikan, konposatu organikoa, molekulan oxigeno atomo bat duena bi hidrokarburoren erradikalekin.

Perlesiaren izumenak, begietako arazoak, hotzerako sentiberatasunak, gaitzen kontra hartzen dituen bromuroen, eterren, opioaren gehiegikeriek ahultzen dute eta etsimenera eramaten.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 13. orr.

Hiruzpalau urtetan dimetil eterra (DME) izango dugu, kamioientzat.  Berria - Harian   2006-02-18

Anestesiarako eterra erabili zuen, eta salto handia izan zen horrelako lanetarako.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 259. orr.

Ez zuten erabili eterra, baizik eta beste anestesiaren bat, eta handik bost minutura nire onera etorria nintzen, nahiz eta oso ongi ez sentitu.  Xabier Olarra   «Iruzurgilea» - James Cain, 2002 - 112. orr.

Eterrez eta sendagailuz urrineztatu klinikako pasagia beilegian, eskuak aurpegiratu zituen.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 338. orr.

Eter botila handi bat hartu, eta etzanik, handik geldiro arnasa hartzen hasi nintzen.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 108. orr.

Ez da batere atsegina senarraren ondoan esertzea eta eterraren eraginetik esnatzean beste emakume baten izena murduskatzen aditzea, zurea aditu beharrean.  Xabier Olarra   «Iruzurgilea» - James Cain, 2002 - 34. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

eta eter (3); eta eterraren (3)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus