Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

estudiante 1 iz ikasketak, eskuarki bigarren edo goi irakaskuntzakoak, egiten ari den pertsona.

Azkenean greba orokorrik ez egitea erabaki dute, oraingoz, langile, estudiante eta lizeoko ikasleen sindikatu nagusien 30 bat ordezkarik.  Berria - Ekonomia   2006-03-21

Tradizioarekin ondo uztartzen da hiri berria; unibertsitate-campus handia dauka, eta bertako estudianteen presentzia nabaria da, mutil zein neskena.  Jon Arretxe   «Ekialdeko mamuak», 2003 - 45. orr.

Tailerraren inaugurazioko bazkaria bukatu zenean, Lubis, Pantxo eta Ubanbe mendiz abiatu ziren etxerantz, "nekazariok estudianteek baino lan gehiago egin behar izaten dugulako", Lubisek esan zigunez, eta beste guztiok herrirantz jo genuen plazako jatetxean zerbait hartzeko asmoz.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 137. orr.

Kasik estudiante bat bezala bizi zen.  Berria - Kultura   2004-11-11

Nazka-nazka eginda zeukala haren estudianteen kontrako jardun beharrak.  Inazio Mujika Iraola   «Gerezi Denbora», 1999 - 34. orr.

Zuei aspaldi pasatu zitzaizuen estudiante gazteekin tontakerietan ibiltzeko sasoia.  Jon Arretxe   «Larunbatak», 2001 - 21. orr.

Itxura bertsua daukate biek, estudiante itxura.  Jon Arretxe   «Ekialdeko mamuak», 2003 - 37. orr.

Granadara itzuli nintzen, estudiante ibili nintzen hirira, ikaskide ohien afari baten aitzakiaz.  Iban Zaldua   «Itzalak», 2004 - 31. orr.

2 (izenondoekin)

Unamuno Bilboko publikoaren aurrean, estudiante gazteak Unibertsitatean harrapatu zuen sukar intelektual krausopositibista ari da garatzen.  Joxe Azurmendi   «Espainiaren arimaz», 2006 - 98. orr.

Garai batean, gu Bilbora etortzen hasi berritan, estudiante gipuzkoar asko -aste barruan hirian eta hiri inguruko auzunetan sakabanatuak- Arriaga atzean elkartzen ginen ostiral larunbatetan, asteburuan etxera bihurtuko gintuzten Irun-Gijon autobusei itxaroten.  Pedro Alberdi   «Kafka Bilbon», 2002 - 65. orr.

Bueno, ezingo dizut diru asko eman, estudiante pobre bat izango zara, esan zidan hirira abiatu nintzen egunean.  Mikel Hernandez Abaitua   «Ohe bat ozeanoaren erdian», 2001 - 47. orr.

Estudiante ikasia haizela erakutsi, zera, ez edozein nekazari.  Matías Múgica   «Hiltzaile baten aitormena» - Joseph Roth, 2004 - 37. orr.

Pisuko ikuspuntu biak, ehuneko hogeita bostarena batetik eta ehuneko hirurogeita hamabostarena bestetik, ez ziren inoiz bat etortzen eta azkenean, berandu samar beti, jadanik estudiante ardurabakoak ez ginela eta hurrengo goizean lan egin beharra geneukala gogoratzen zitzaigun.  Jon Arretxe   «Ostiralak», 2000 - 113. orr.

Garai hartan euskarak ez zuen tokirik unibertsitatean, besteak beste unibertsitate publikorik ez zelako (horregatik joan behar zuen jendeak Salamancara, estudiante tunante gisa).  Pello Salaburu   «Euskararen etxea», 2002 - 21. orr.

Helburua agur gisako ekitaldia egitea zen, estudiante parrandazale sasoiari adio esan eta langile bizimoduari ongi etorria ematea.  Jon Arretxe   «Ostiralak», 2000 - 114. orr.

Ez gara jada estudiante miserableak.  Jon Arretxe   «Larunbatak», 2001 - 30. orr.

Estudiante guztiz ganorabakoak izandako haiek.  Jon Arretxe   «Larunbatak», 2001 - 33. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Aitak lehenagoko giro atseginera itzuli nahi izan zuen, eta hasierako tonu jostari berean, ama ezagutu aurreko estudiante-bizitzaren berri ematen hasi zitzaidan: parrandak, ligeak, irakasleei egindako ziri-sartzeak.  Anjel Lertxundi   «Zorion perfektua», 2002 - 152. orr.

Itxura bertsua daukate biek, estudiante itxura.  Jon Arretxe   «Ekialdeko mamuak», 2003 - 37. orr.

Aitonak ez zuen txintik esaten gerra garaiari buruz, baina Madrileko bere estudiante-abenturez, edo amona ezagutu zuenekoaz, behin eta berriro hitz egiten zigun. Estudiante amodioa.  Iban Zaldua   «Traizioak», 2001 - 63. orr.

Zer iraultza-klase egingo genuen noski estudiante-koadrila belaxka bat eskutik hartuta. -Esan dizuet ba nik zer duen estudiante jendeak buruan.  Inazio Mujika Iraola   «Gerezi Denbora», 1999 - 16. orr.

Penagarri zegoen dena, estudiante pisu asko bezala bestalde.     «Kuskue tanden», 2004 - 223. orr.

Iruñeko estudiante giroan.  Jon Arretxe   «Ostiralak», 2000 - 72. orr.

Makina bat bider entzunda neuzkan estudiante garaian egindako ditxosozko bidaia hari buruzko batailatxoak, eta egun hartan berriro suertatu zen betiko leloa: [...].  Jon Arretxe   «Larunbatak», 2001 - 24. orr.

Ez duzu sinetsiko baina, urte asko-asko ez dela, estudiante sasoian, ni boxeolaria nintzen.  Jon Arretxe   «Larunbatak», 2001 - 98. orr.

Nik neure estudiante denboran edozelan garbitzen nuen gorputza: marka bako txanpuaz, lagartoz, mistolaz.  Jon Arretxe   «Larunbatak», 2001 - 94. orr.

-Akabo estudiante bizimodu hau!  Jon Arretxe   «Ostiralak», 2000 - 32. orr.

Urte gehiago pasatuko ziren, gure estudiante-aldia bukatu egingo zen, eta goizetik gauera lanbidearen arazoari aurre egin beharrean aurkituko ginen.  Pedro Alberdi   «Kafka Bilbon», 2002 - 68. orr.

4 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Aita-ponteko apaiz-estudiantea izan nuen nik.  Arantxa Iturbe   «Kontu-jaten», 2006 - 77. orr.

5 (izenondo gisa)

Seme bakarra, seme estudiantea, seme eskerbakoa.  Jon Arretxe   «Ostiralak», 2000 - 45. orr.

Gau haietan neska gazte estudianteen atzetik ibiltzen ziren gixajo biak atsedenik gabe.  Jon Arretxe   «Larunbatak», 2001 - 20. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

estudiante eta (3); estudiante garaian (3); estudiante tunante (6); gure estudiante (3)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus