Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

espantu (ETCn 1.726 agerraldi) 1 iz harridura; harrokeria; sentipen baten adierazpen gehiegizkoa.

Komunzuloaren gainean jarrarazirik, kotoi puska bat ur oxigenatuarekin blaitu eta bisaia igurtzi zidan, nire espantuei kasurik egin gabe.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 116. orr.

Bertsolariak ez ditu espantuak maite, ez da inolako keinu biziren zale.  J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua   «Bat-bateko bertsolaritza», 2005 - 225. orr.

Arreba asko pozten zen bisitan azaltzen nintzenean, "Orain ere dirua gastatzen!" amaren espantuak itxuratzen zituen pastelak mahai gainean uzten nituelarik.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 27. orr.

Jende asko aspertuta baitago fikzioaren hauspoketa mugarik gabeetan sorpresaz sorpresa eta espantuz espantu ibiltzen.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 151. orr.

Zur eta lur eginik uzten nauzu -esan zuen dama atseginak, eskuak espantuz elkarturik berak ere.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 272. orr.

-Bakea emak -ebaki zion espantua Gaxtonek-.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 74. orr.

Espantua segurik merke dute hortaz ari diren ainitzek.  Herria   2005-04-07

Espantua urdailetik eztarrira igo zitzaizunean, zerbait esateko ahaleginak eman zizun benetako egoeraren neurria.  Hasier Etxeberria   «Mutuaren hitzak», 2005 - 37. orr.

Hori zen preseski desiratzen zuena: espantu eta harrotasunik gabeko naturaren elementu soil bat izatea, harria, hegaztiak, belarra edo axolarik gabe zeruan bazebilen euriz kargatutako hedoi bat.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 226. orr.

Nor ere menturatzen baita, dena espantu eta furfuria, ustez eta gauaz denak libro dituela, hori nekez da Gauekoren aztaparretarik eskapatzen eta sano sanoa etxera itzultzen.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 19. orr.

Komunzuloaren gainean jarrarazirik, kotoi puska bat ur oxigenatuarekin blaitu eta bisaia igurtzi zidan, nire espantuei kasurik egin gabe.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 116. orr.

Nire oihu eta espantuek gazteluko biztanle guztiak erakarri zituzten patiora.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 122. orr.

Hasi zen, espantuak merke, ez zuela iraunen Saddam Hussein-en kontrako gerlak.  Herria   2003-04-03

Zahartzearen hondatze progresiboaren aztarnak modu naturalean, espanturik gabe ageri dira hemen.  Unai Elorriaga   «SPrako tranbia», 2001 - 9. orr.

Kameretatik ikusi dute telefonotik hoska, eta paretik, preferentziatik, jaurti duten bala isilak kopeta zulatu dio, garbi, espanturik gabe, ia dotoreziaz esango nuke.  Karlos Linazasoro    «Glosolaliak», 2004 - 130. orr.

Deus espanturik gabe, ixilik eta eztiki, erien ondoan iragaiten dituzte egunak eta gauak.  Xipri Arbelbide   «Janpierre Arbelbide», 2005 - 217. orr.

Eta Donatellok orduan, espantuz: "Oi, Paolo, estal ezak heure koadro hori!".  Juan Garzia   «Bizi alegiazkoak» - Marcel Schwob, 2002 - 93. orr.

Horrek guztiak, ordea, espantu guti merezi du, zeren eta, alde batetik, argi guti ekartzen baitu eta bestetik orobat gauza berarekin gauza bera adierazten baitu.  Piarres Xarriton   «Enkiridion» - Martin Azpilkueta, 2006 - 122. orr.

Bakarrik zegoenean, berehala itzaltzen ziren oroitzapenen intziri eta espantu haiek, eta Pontitok baretasuna iradokitzen zion.  Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks, 2003 - 161. orr.

Lionel Jospin gobernuburua dena espantu arizan zen hortaz.  Herria   2004-09-02

2 (izenondo eta izenlagunekin)

Espantu hutsa.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 222. orr.

Espantu handiz mintzatu zitzaidan.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 172. orr.

Ohi bezala, espantu handirik gabe aditu zituen guztiak, une bakar batean ere hitza kendu gabe.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 335. orr.

Laztan leun eta lasaiak, besterik ez, eta orgasmoa izatea orro eta espantu handirik gabe.  Luis Elberdin   «Sexua noiznahi», 2005 - 161. orr.

Ez naiz espantu heroikoez ari, ez eta historiaren nondik norakoak aldatzen dituzten keinuez ere; ez dira enperadore erromatarrek hatz lodia goratuz edo beheratuz egiten zituzten haiek gogoan ditudanak.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 32. orr.

Agurearen aurpegiak espantu izugarri baten trazak zeuzkan; une hartan Nora arian-arian itsasoan hondoratzen ikusten ari zela zirudien.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 112. orr.

Gero, galerian lehen pausoa eman duelarik, besoak zabaldu eta espantu dramatiko samar bat egin du, egia esan, hasperen sakonean: [...].  Koldo Izagirre   «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak», 1999 - 28. orr.

Liburuan, ordea, ez dago espantu nostalgikorik, heiagorarik, malkorik.  Berria - Kultura   2006-02-19

Badakit kontatzen ari natzaizun guztia espantu groteskoak direla, umekeriak.  Eduardo Matauko   «Emakume ezezagun baten gutuna» - Stefan Zweig, 2005 - 20. orr.

Dena laudorio eta espantu faltsu, buruan zuten sarraski lehiaren estaltzeko eran.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 178. orr.

Horren kontura sekulako espantuak egiten ditu: kamamilazko gargarak egiten ditu, mirra tinduz igurzten du ahosabaia, aringarri mentoldunaz igurzten du bularraldea, sudurra, hortzak eta mingaina, eta umore txarrez dago hala ere.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 104. orr.

Sekulako espantuekin bere lagunei kondatu zituen, berak gainera edertuz, osatuz, luzatuz, eskolan ikasiekin nahasiz.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 167. orr.

Jendearen harridurazko espantuak.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 32. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Goiztiar aguretu den gizaseme horietako bat, espantu aurpegiarekin esnatu zen bat-batean, lurra jergoi hartuta zuen loalditik.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 164. orr.

Itsusiak ere badira amerikano horiek, horratik, hemengo gizakien aldean: horien saltxitxa egosi tankerako larmintz gorrixka, okaztagarria, bizi ere penizilina dagoelako bizi dira, horra, eta gainera, horien espantu-imintzioak, zoriontsuak bailiran, amerikanoak direlako.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 266. orr.

4 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

1785eko aldarri bat, zeinean F. Tom. Lorenzo Matteucci-k, Ankonatar Markako Inkisitore orokor, Gaizkeria Heretikoaren kontra bereziki Ordezkari izendatuak, irmotasun-espantu handiz eta garbitasun eskasez "ordenatzen du, debekatzen du, eta berariaz agintzen, ezein Judu ez dadila ausart Kristauengandik inolako Tresna motaren gaineko eskolarik eta are gutiago Dantzarenik hartzera".  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 250. orr.

Une batez, suzko sugea eztarritik behera jaisten zitzaion bitartean, begiak itxita eta aurpegia nazka espantu batean uzkurturik eduki zuen Angelak.  Alberto Ladron Arana   «Xake mate», 2002 - 79. orr.

Ordu baten buruko martxak gorputza fleitean ezarri dit, kasik gazte espantu batek beroturik, eta naturak eskaini didan adiskidantzari eman naiz.  Piarres Aintziart   «Azken apeza», 2005 - 67. orr.

4 espantu egin

-Et, Mitxel, et! -egin zuen espantu- Orain ez haiz, bada, seme bat nahi duala esaka hasiko?  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 157. orr.

-Ehun bakoitzeko! -egin zuen espantu Txitxikovek, aho zabalik eta Sobakevitxi begietara tinko so eginez.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 153. orr.

· -Zergatik dion hori? -galdetu nion, harritu baten espantua eginez, baina ez Adak zer esan nahi zuen ez nekielako, denbora irabazteko baizik.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 164. orr.

Nik ez dut espanturik egiten, kantatu ere ez, baina badakit poztea zer den.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 164. orr.

Bitxikeriak denen miragarri izan beharko zukeen, baina, lehengoetan bezala, inork ez zuen espanturik egin.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 57. orr.

Lakarko batailan bala batek izterrean zauritu ninduela entzutean, sekulako espantuak egin zituzten biek; eta zauria erakutsiko ote nien galdetu zidaten.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 260. orr.

5 espantuzko

Itsas uhinen kalpar apartsua Baleamendi deitzen duten harkaitz tzarraren kontra; kaio baten espantuzko hegaldia.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 112. orr.

Mathias Ungar erregeren borreroak? -baietsi zuen, galdetu baino, borreroburuak, sinesgarritasunaren akabuko aurpegiera espantuzko batez.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 192. orr.

Etxekoandrearen espantuzko erreakzioen arrazoiaz jabeturik, irribarre egin zuen Willemek.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 194. orr.

Harrigarria da bala batek egiten duen inpaktuaren soinua, ematen du espantuzkoa behar duela izan, ozena ez ezik baita lizuna ere, baina hain justu kontrakoa da, garbia da, errespetuzkoa, kaligrafia ezin dotoreagoz sartzen da kopetan, orbanik utzi gabe, gehiegizko zulorik ireki gabe.  Karlos Linazasoro    «Glosolaliak», 2004 - 131. orr.

Auzoko eskusoinu batek infinituki ekiten zion La Cumparsitari, kantu zaharra delako ustekeria irentsarazi diotelako hainbat jendek atsegin duen fitskeria samin-espantuzko horri.  Juan Garzia   «Ipuin hautatuak» - Jorge Luis Borges, 1998 - 181. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus