Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

erremate 1 iz errematatzea, bururatzea; zerbait errematatzen duen gauza; zerbait bururatzearen ondorioa.

Aukeraturiko oinak gogoan antolatzen ditu, diskurtso ahalik eta koherenteena eta osoena bilbatzeko egokientzat jo duen ordenan, kontuan harturik betiere dagoeneko ezagutzen duela bere diskurtsoaren bukaera edo errematea.  J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua   «Bat-bateko bertsolaritza», 2005 - 189. orr.

Eguberriak izan ziren urte bikain baten gailurra, baina baita errematea ere.  Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks, 2003 - 150. orr.

Hona hirugarren bertsoaren errematea: [...].  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 144. orr.

Hark neskaren bidetik harilkatuko likek, seguruenera, kontakizunaren errematea.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 185. orr.

Baina ezin luza naiteke gehiago eta oraingoz hementxe du honek errematea.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 246. orr.

Errematea, azkena, eten gatzatua, zurrundua eta iritzi bihurtua.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 47. orr.

Metastasi bat han eta metastasi bat hemen, entzundako pronostikoak estukiago besarkarazten dio gaixoari bere erremate edo azken beltza.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 138. orr.

Eskuinean dorre luze eta estu bat dauka, eraikuntzaren errematetik ozta goititzen dena.  Koldo Izagirre   «Idi orgaren karranka» - Victor Hugo, 2002 - 167. orr.

Dorre horren gainean marmolezko errematea jarri zuen eta gainean brontzezko Tritoi bat, makila bat zuela eskuineko eskuan.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 770. orr.

Biltzaileari erosi genizkion latorrizko hamar ontzi handi, ARAR (Material Zaharkituen Errematerako Bulegoa) delakotik eskuratuak.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 226. orr.

Eta errematerako beste baten autoan ekarri ninduten etxera, nirea han utziz.  Iñaki Zabaleta   «110. Street-eko geltokia», 2003 - 170. orr.

Esaldi solemne bat behar nuen errematerako, baina solemne behar zuena barregarri samarra atera zitzaidan: [...].  Juan Luis Zabala   «Agur, Euzkadi», 2000 - 143. orr.

Hemendik aurrera beste aulki batean eseriko naizela, hori ere erantsi diot erremate gisa.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 72. orr.

2 (adkor)

Eta errematerako, bakarrik geldituz joan zuan herria; hortik zehar ospa egin zitean guztiek, eta ni mantentzen ninduen karitatea ere haiekin joan zuan.  Juan Garzia   «Pedro Páramo» - Juan Rulfo, 2001 - 88. orr.

3 (izenondo eta izenlagunekin)

Horregatik harritzen da hainbeste, eta gozatzen du hartaraino, bertsolaria apurka, gero eta indartsuagoa den testu bat osatu eta bukaeran erremate bortitz eta argia ematen diolarik.  J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua   «Bat-bateko bertsolaritza», 2005 - 102. orr.

Orain, ohe gainean ihalozka, kirolerako aspaldi arrozturiko nire zango unatuek erremate fisikoa ematen zioten, oroz gain, gogo-gogoan neukan oinazeari.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 293. orr.

Orduan hasten da bertsolaria kantatzen, bertsoa ahalik eta egokien osatzen, landu duen bukaera, azken errematea, ahalik eta eraginkorrena izan dadin.  J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua   «Bat-bateko bertsolaritza», 2005 - 189. orr.

Eskuetan hartu zuen, erremate zilarreztatuak hatzen puntaz ukituz.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 193. orr.

Baquek talde lan txukunagoa egin du Espainiako Vueltan, eta Cardenas kolonbiarrak erremate polita eman dio.  Berria - Kirola   2004-10-21

4 (hitz elkartuetan)

Harrigarri, erremate egunaren bezperan bere etxea erabat erre zen.  Gotzon Garate   «New Yorkeko kronika beltza», 2004 - 54. orr.

Horregatik, teila zaharrekin egindako erremate-ilarak izango dira onenak; eta horiekin egindako paretak ere ondo sendoak izango dira.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 1270. orr.

· Dena dela, eutsi egin diegu eszena-erremateetako pareatu sarriei, lautu dugun neurtizkeraren zantzu gisa, 5/5//8 neurrira egokiturik.  Juan Garzia   «Hamlet» - William Shakesperare, 2002 - 14. orr.

5 futbolean eta kideko kiroletan, baloia aurkakoen ate aldera bidaliz jokaldi bat bururatzea.

Bere errematea zutoin ondo-ondotik irten zen kanpora.  Berria - Kirola   2004-10-27

Errematea, ordea, kaskarra, Teteren eskuetara.  Berria - Kirola   2006-04-09

Lehendabiziko errematean Deportivo aurretik jarri zen markagailuan.  Berria - Kirola   2006-01-05

Bakar-bakarrik geratu zen Calatayuden aurrean, baina errematean ez zen batere fin ibili.  Berria - Kirola   2004-12-23

Errematean egin dute huts.  Berria - Kirola   2006-05-03

Kontrako aurrelariaren gantxoak eta erremateak sahiesteko.  Berria - Kirola   2004-03-15

Eskuin oinarekin baloia altxatu eta buruaren parean zuenean atzeraka erremate dotorea egin zuen.  Berria - Kirola   2004-12-23

Llorentek Kike Mateoren pase on bat jaso eta erremate bortitza egin zuen; baloiak, langan jo ondoren, marra gainean egin zuen botea, baina marrazainak gola adierazi zuen.  Berria - Kirola   2004-10-17

Getafek ere ez zuen askoz ere gehiago egin, pare bat erremate, xalo samarrak.  Berria - Kirola   2006-01-29

Buruarekin egindako errematea da bere baliabiderik onena, baina ez da area-gizon petoa.  Berria - Kirola   2004-03-03

Titin III.a hilabete bat kantxetatik kanpo egon da [...] eta pilotazaleei bere errematerako gaitasuna erakusteko gogoarekin joango da.  Berria - Kirola   2004-11-30

Batetik pilotakada luzea eta boteko jokoa, bestetik, berriz, errematea eta tantoa bukatzeko trebetasuna.  Berria - Kirola   2004-10-16

Titinek 10 tanto egin zituen errematez, baina defentsan zein erasoan hura adina edo gehiago izan zen Eugi.  Berria - Kirola   2006-01-19

6 enkantea.

Plazaren ertzean burdinaz eta egurrez eraikitako harmaila gisako tramankulu erraldoia atondua zen eta, autoritate eta kazetarientzat gordetako esparruaz aparte, errematean diru gehien ordaindutakoek berton zuten saioa ikusteko patxada.  Josu Landa   «Odolbildua», 2002 - 151. orr.

Horretarako, gaur bertan enkante bat martxan jarri dute Interneten. www.es.ebay.com helbidean, hogeita hamar gauza inguru errematera atera dituzte Caballitoko langileek, gehienak kirolari ezagunek emandakoak.  Berria - Ekonomia   2004-11-24

7 erremateko izlag

Erdian sabaia egingo da, eta proportzio hau emango zaio: kupularen altuera, erremateko lorea kontuan hartu gabe, eraiki beharreko lan osoak duen diametroaren erdia izango da.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 2070. orr.

Horren arabera, erremateko ilaretan jarrita esfortzuari eutsi ezin dion adreilua, paretan jarrita ere ez da izango kargari eusteko behar bezain sendoa.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 1270. orr.

Arima gorputzetik apartatzea?; bizi-bitartearen erremateko ertzean aurrera pasatzea?; osotoro ahantzia izateko bide bati lotzea?  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 268. orr.

8 errematea eman

Aurkariak zaindu, onenaren gurpilari itsatsi, haren erritmoari majo sufrituta eutsi, eta helmugako marra bistaratu orduko, errematea eman. Arbelarena ez zen ordurako negozio ona; panel elektrikoak izan ziren garai batean alor emankorra, baina bakelitak aurrena eta plastikoak gero eman zioten errematea.  Berria - Kirola   2004-04-22

· Errematea nola eman jakingo du ordea ditxolariak.  Andoni Egaña   «Hogeita bina», 2004 - 86. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus