Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

errebelatu, errebela(tu), errebelatzen da ad 1 matxinatu.

Afrikako ejertzitoa gobernuaren kontra errebelatu zela entzuten zen philips irratiaren parteetan.  Joseba Sarrionandia   «Kolosala izango da», 2003 - 17. orr.

Bihurria haur bat izan liteke; hezigaitza eta managaitza kontzeptu negatiboak dira; mutiriak lotsagabezia adierazten du; errebeldea, aldiz, sistema baten kontrako jarrera aktiboa duena da, haren aurrean errebelatzen dena.  Xabier Mendiguren Elizegi   «Nerabearen biluzia», 1999 - 39. orr.

Nafarroako jendeak beren errege Feliperen eta beren aitasaindu Inozentzioren kontra errebelatzera etorria omen zen Iruñera.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 149. orr.

Stonewall taberna ospetsuan poliziaren gehiegikerien aurka errebelatu ziren eguna da hain zuzen gaur denek gogoan dutena.  Harkaitz Cano   «Piano gainean gosaltzen», 2000 - 173. orr.

Jeroboam, ordea, Daviden seme Salomonen zerbitzari zen Nebaten semea, bere nagusiaren aurka errebelatu da.  Elizen arteko biblia   2 Kro 13,6

Errebelatu egin dira esklaboak!  Elizen arteko biblia   Jdt 14,18

B letra zen, isiltasunaren aurka errebelatu eta bere istorioa kontatzera zihoana.  Bernardo Atxaga   «Groenlandiako lezioa», 1998 - 101. orr.

Zoazte Betelgo santutegira nire kontra errebelatzeko, eta Gilgalera zuen errebeldiak ugaritzeko; eskaini goizero zeuen sakrifizioak, eta hiru egunero hamarrenak.  Elizen arteko biblia   Am 4,4

Baina printzea errebelatu egin da Babiloniaren kontra eta mezulariak Egiptora bidali zaldi eta soldadu askoren bila.  Elizen arteko biblia   Ez 17,15

Postaletako Donostia hura simulakroa zen, jarraitzen zuen Godotek, eta horren kontra errebelatzea zen beren egitekoa.     «Kuskue tanden», 2004 - 16. orr.

Jakina, mutilak bete ditu hamazazpi urte, eta normala da errebelatzea.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 231. orr.

Irudimena errebelatzen bazitzaion ere, atzenean lo hartu zuen, eta ondo atsedendu zen.  Koro Navarro   «Zalakain abenturazalea» - Pio Baroja, 2006 - 170. orr.

2 argazki pelikula edo xafla bateko irudia agerrarazi gai kimikoen bidez.

Eraikinean bertan, jantokiaz gain, zinea, tailerra, bileratarako gela, argazkiak errebelatzeko beste gela bat eta biltegia ere badira.  Berria - Euskal Herria   2004-08-08

Ni salan zutik, azken filmak ordenatzen ari, errebelatzera eraman ahal izateko.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 86. orr.

-Karrete hau errebelatu nahiko nuke.  Joxemari Urteaga   «Ordaina zor nizun», 2001 - 77. orr.

Mutikoa sotoan omen zegoen, beti bezala, argazkiak errebelatzen.  Juan Garzia   «Ipuin hautatuak» - Jorge Luis Borges, 1998 - 166. orr.

Txuribeltzezko argazkiak errebelatzean are nabariago ikusten da hau.  Harkaitz Cano   «Piano gainean gosaltzen», 2000 - 96. orr.

Irungo merkataritza-gunean sartuko zen argazki-bobina errebelatzera.  Migel Angel Mintegi   «Denak du bere prezioa», 2002 - 177. orr.

Neuk aterako dut etxean, automatikoa jarrita, eta gero karretea Londresera bidaliko dut, han bizi den lagun batengana, han errebelatu dezan.  Pako Aristi   «Urregilearen orduak», 1998 - 58. orr.

Argazkia zantzua, aztarrena bada, zantzu hori berori ere moldagarria da, eta hainbat unetan esku har daiteke modu "kodetu" jakin batean: koadratzean, fokua, diafragma, errebelatzeko eta argitaratzeko modua aukeratzerakoan, eta abar.  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 193. orr.

Paper gainean ez dago ezer, eta errebelatzeko likidoan sartu eta gero, pixkanaka, mantxak agertzen hasten dira, eta mantxa horiek irudi bihurtuz doaz, bihurtzen dira.     «Kuskue tanden», 2004 - 82. orr.

Urrutitik nahiz gertutik -eta txuribeltzezko argazkiak errebelatzean are nabariago ikusten da hau- zubiko egitura osatzen duten burdina gurutzatuetatik eratortzen diren Xak nagusitzen dira.  Harkaitz Cano   «Piano gainean gosaltzen», 2000 - 96. orr.

Argazkia bertan errebelatzen duten argazki-makinei esker.  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 156. orr.

Errebelatzeko laborategian irudikatu nuen une batez, bonbilla gorriaren azpian eta bata txuria jantzita, zigarro beltza ezpainetan, eta negatiboak ilearendako haizagailu batekin lehortzen.  Alberto Barandiaren   «Mundu txikia», 2005 - 120. orr.

Gero, ohartu nintzen errebelatuaren tenperatura aldatuta emaitzak ere ezberdinak zirela, eta hasi nintzen produktuak gehitzen.  Berria - Kultura   2004-09-24

· Bazinentzat, artearen bokazio mimetikoaren betegintzarrea, irudikapen orok bere barruan inplizituki daraman "errealitatea baltsamatzeko" desiraren adierazpen nagusietako bat da argazkiaren "errebelatzea".  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 171. orr.

3 erlijiozko eta bestelako egia ezkutuez mintzatuz, ezagutarazi.

Gizabanakoa, betegin denean eta "Torah-ren misterioak errebelatu zaizkionean", [...] egiazko iritzi horien zehaztasuna ezagutzeko mailaraino helduko da.  Xabier Kintana   «Alderraien gidaria» - Mose ben Maimon, 2006 - 86. orr.

Jainkoak berak errebelatu bezala idatzarazi zuela.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 764. orr.

Aita dohatsua, bere semeak maitasun neurrigabez besarkatuz, bere bizi-proiektua azaltzen hasi zitzaien eta Jaunak errebelatu ziona adierazten.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 201. orr.

Utz itzazue une batez bazterrean errebelatutako egiak.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 130. orr.

Moisesi Sinai Mendian errebelatutako lege judua.  Koro Navarro   «Zortzi kontakizun» - Isaac B. Singer, 2002 - 225. orr.

Dena korapilatuko da beronek Joseba Gotzoni errebelatzen dionean Valeri ez dela gizon arrunta, baizik eta egunez ilunpetan ezkutaturik bizi den banpiro arriskutsua.  Jon Arretxe   «Ostiralak», 2000 - 121. orr.

Batzuek errealitatea fotografiatzen dute, emakume honek errealitatea errebelatu egiten zuen.  Berria - Kultura   2006-03-12

4 (era burutua izenondo gisa)

Guri hurbilago oraino, 1936an, Sanjurjo, Mola, Queipo de Llano, Franco eta beste bizpalau jeneral errebelatuk Espainiako gerla piztu zutelarik, Nazioen Batasun Demokratikoak ez ikusiarena egin zuen. mendira jo zuen ezkutatzera, eta karabineroak bere bila zituen, gaizkile errebelatutzat jo baitzuten.  Piarres Xarriton   «De re publica edo politikaz», 2003 - 74. orr.

Lüküzeren sostengua zuen, bertze baxenafartar eta zuberotarrena ere bai, baita errebelatu biarnesena ere.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 188. orr.

Bera heieri osoki emana, artean apeztua desertuko trapizten bizi pobrea bizi izan du bakartasun hutsean eta otoitzean, egun batez errebelatu xoro batek hil zuen arte.  Herria   2005-11-17

Izan ere, arrazoimenak egia errebelatuen kontra darabilen borrokaren historia da, nolabait, zientzien historia.  Juan Garzia   «Sagua, eulia, eta gizakia» - François Jacob, 2004 - 141. orr.

Batxilergoan Faxismoaren Dotrinaren egia errebelatuez lepo-lepo eginez geroztik, egia errebelatu, demostratu gabe guztiak gogaikarri edo susmagarri zitzaizkidan.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 79. orr.

Ez baita gure asmoa egia errebelatuen eta beren profeten artean bataren ala bestearen alde azaltzea, dagoenaren berri ematea baizik.  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 113. orr.

Misterio errebelatuan josiak zeuzkan begiak.  Juan Garzia   «Bizi alegiazkoak» - Marcel Schwob, 2002 - 93. orr.

Gaurkoan bakarrik bi errollo amaitu eta dagoeneko argazki errebelatuekin agertu dira.  Patxi Zubizarreta   «Jeans-ak hozkailuan», 2000 - 32. orr.

5 galdu, desbideratu.

Baina, bat-batean, gaua ilundu da eta errebelatu naiz.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 92. orr.

25. artikuluan aipatzen diren anitz heretiko asko gisatara errebelatu direla, gauza makurrak sinetsiz bekatuari buruz, eta badirela oraino zenbait Katoliko ere makur dabiltzanak.  Piarres Xarriton   «Enkiridion» - Martin Azpilkueta, 2006 - 92. orr.

Badirelako hainitz jende beren bidetik errebelatuak.  Xipri Arbelbide   «Janpierre Arbelbide», 2005 - 199. orr.

Noizbehinka kabala errebelatu bat gurutzatzen nuen, gautxori baten auhena hautematen eta bat-batean herri argiztatuaren muinera heltzen nintzen.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 91. orr.

Familia guztietan hazten den ardi errebelatuaren karikatura.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 117. orr.

Jainkoaren grazia inoiz baino lanpetuago ibili zen gure erresuman, ardi errebelatuak Satanen atzapar papistei kentzen.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 89. orr.

Bozkaria zaitezte, errebelatua zen ardia kausitu dudalako.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 68. orr.

Artaldeko ardi maltso ala bihurri edo errebelatu guztien artzaina zela.  Herria   2005-04-21

Afrika-Saharako desertuetan, badira lehen ere turistak galdu eta egundaino berririk helarazi gabekoak: 17 europear kondatzen dituzte hola errebelatuak joan den otsailaz geroz.  Herria   2003-04-10

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus