Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

errai (471 agerraldi, 136 liburu eta 44 artikulutan; ETCn 2.952 agerraldi) 1 iz pl bularraldeko eta eskuarki sabelaldeko barne organoak. ik barruki2.

"Erraiak" izena bai adiera zabalean eta bai berezian erabiltzen delako, 'hesteak' esangurarekin eta bai 'barruko edozein organo' adierazteko ere, 'bihotza' barne.  Xabier Kintana   «Alderraien gidaria» - Mose ben Maimon, 2006 - 112. orr.

Zu ere bere lekutik ateratzen hasten bazara -urdaila han, gibela hemen, erraiak hor- bilduma hori ez da gehiago organismo bat.  Josu Zabaleta   «Gerrako pilotu» - Antoine Saint-Exupéry, 2003 - 103. orr.

Zaldi bat ikusi zuen hilda, ipurgaina txikiturik eta erraiak barreiaturik.  Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev, 2006 - 114. orr.

Ni haren hiletara joango naiz, bidean tximista batek jo eta erraiak erretzen ez badizkit behintzat.  Jon Maia   «Riomundo», 2005 - 104. orr.

Esku biak sabelari helduta, erretzen sentitzen zituzten barrenak, likidoaren suak janik erraiak.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 372. orr.

Erraietan dakarren birus zaharren bat ote du?  Patziku Perurena   «Trapuan pupua», 2001 - 178. orr.

Nik ez dakit nola agertu zineten nire erraietan; ez nizuen nik arnasa eman, ez bizia ere, eta zuetako bakoitzaren gorputza ez nuen nik eratu.  Elizen arteko biblia   2 M 7,22

Lasaitasun harrigarriak bete zituen nire erraiak.  Txillardegi   «Labartzari agur», 2005 - 225. orr.

Halakoxea zen bere erraiak bihurritzen zituen gosea!  Pako Aristi   «Urregilearen orduak», 1998 - 16. orr.

Janariaren usainak erraiak bihurriarazten dizkio, basatiki, listuak gainez egiten dio hortzetan.  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 194. orr.

Gogoratu hutsarekin erraiak nahasten zaizkit.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 99. orr.

Ikertzaile ospetsu askok ez dute arima erraien artean sailkatzen, baina Gunsaulus doktorea, begi erneko autoritate sonatua, konbentzituta dago barea deritzan organo misteriotsua dela, hain zuzen ere, gure parte garrantzitsu hori.  Xabier Olarra   «Deabruaren hiztegia» - Ambroise Bierce, 2001 - 98. orr.

Erbiren bat harrapatu zuten eta beste hiru kideek erbiaren erraiak jan zituzten haragia suediarrari eskaintzeko.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 181. orr.

Arrainen erraietan geroa irakur zitekeela uste baitzuten.  Patxi Ezkiaga   «On Kixote Mantxako» - Miguel de Cervantes, 2005 - 151. orr.

Atalak ebaki, afarirako prestatu eta jan egin zituen, lehoi basati batek bezala; ez zuen utzi ez haragirik, ez errairik, ez hezurrik.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 53. orr.

Buruz behera amildurik, erditik lehertu zen eta haren erraiak lurrean zabaldu ziren.  Elizen arteko biblia   Eg 1,18

Sabelean, sugeak, inoiz ez bezala inarrosi zizkidan erraiak.  Lander Garro   «Orain galdera berriak ditut», 2004 - 50. orr.

Batzuetan ikaragarria da, egiazko zauri berdaderoa, ez dakit non, bihotzean, gibelean edo erraietan.  Fernando Rey   «Paradisuko Almanaka» - Gianni Celati, 2005 - 104. orr.

Thierryk goiti egiteko tirria nabaritu zuen erraietan.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 279. orr.

Ilobak ezpata hartu eta erraietan sartu zion osabari.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 870. orr.

Zein opari handia ama izatea, zure erraietan hazi txiki bat eraman ahal izatea, gero, apurka-apurka, loratuko dena eta izaki babesgabe bihurturik argia ikusiko duena.  Karlos Linazasoro    «Glosolaliak», 2004 - 32. orr.

Ondoren, Jaunak erraietako gaixotasun sendaezinaz jo zuen Joram.  Elizen arteko biblia   2 Kro 21,18

Erraietako infekzioa izan zuela uste dute.  Gotzon Garate   «New Yorkeko kronika beltza», 2004 - 70. orr.

Erraietako ondoeza oka igotzen zait eztarrira, suzko erreka itsu bat baneuka bezala barruan, nondik edo handik bidea egin nahirik).  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 127. orr.

Emakumeen erdimin normalen estuasunez aparte erraietako minez baitzegoen.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 861. orr.

Mutilaren atzamarra astinka zebilkidan barruan, neuretzat ere ezezagunak ziren erraietako zirrikituak deskubrituz.  Juan Martin Elexpuru   «Esku bakarrarekin irakurtzeko kontuak» - Pilar Cristobal, 1999 - 78. orr.

Nire erraietatik ateratako semea ni hil nahian badabil, [...].  Elizen arteko biblia   2 Sm 16,11

Faroen argi-konoan ikusgai: landare zurrun-geldiak eta lur-azaleko erro-multzo nahaspilatuak, erraien gisa distiratzen ari.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 101. orr.

Jainkoa Rakelez oroitu eta, honen eskaria adituz, erraiak ernearazi zizkion.  Elizen arteko biblia   Has 30,22

Alai daukat bihotza, pozez jauzika erraiak, atsedenean lasai gorputza.  Elizen arteko biblia   Sal 16,9

Azkenik, plazerrez asnasestuka, isuri bizigai epela botatzen dio erraietan.  Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro, 2003 - 62. orr.

Hurra amaren erraien ahurrean mamitzen doan haurra da: ez da kasualitatea hurrak bihotz ttiki baten tankera badu.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 312. orr.

Beraz, arima osoak hazi txiki-txikiz egina behar du, zain, errai eta kirioetan zehar bilbatua.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 179. orr.

Orobat ditu gizakiak ere lau lohadar, bost errai, bederatzi zulo eta hirurehun eta hirurogei artikulazio.  Joxerra Garzia   «Egonean doazen geziak», 2000 - 108. orr.

Horregatik hauetariko edozein animaliak ere hezurrak, odola, zainak, beroa, humorea, erraiak, nerbioak dauzka.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 135. orr.

2 (singularrean)

Gauza bat da bihotza, eta oso bestelakoa errai kardiakoa.  Koldo Izagirre   «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak», 1999 - 118. orr.

Neskatxak eskua hartu zidan; nire barruan, bihotza beste errairik ez.  Joxean Sagaztizabal   «Kutsidazu bidea Ixabel», 2003 - 86. orr.

Gizakiaren sabeleko errairik haundiena eta ilunena baita gibela.  Patziku Perurena   «Harrizko pareta erdiurratuak», 2004 - 19. orr.

Xehetasunik adierazgarriena zen, emakumearen edertasun malenkoniatsuaz aparte, granadari azal zati bat falta zitzaiola, eta, beraz, barruko ale gorrixkak agerian zituenez, errai odoltsu bat zirudiela.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 124. orr.

3 irud/hed barne-barneko aldeak.

-Erraietaraino sartuko dizut nire buztantzarra, urdanga hori!  Jon Arretxe   «Ostiralak», 2000 - 31. orr.

Sortetxearen deiak erraiak inarrosi zizkidan.  Daniel Landart   «Anaiaren azken hitza», 1999 - 132. orr.

Nik ez nuen bide hartatik jarraitu nahi, ezen, izen hura entzun hutsarekin erraiak sutan jartzen zitzaizkidan.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 219. orr.

Biak ozpindurik, erraiak jaten, baina hitzik egin gabe.  Anjel Lertxundi   «Zorion perfektua», 2002 - 72. orr.

Gaur, ordea, suge beltz bat igartzen dut erraietan.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 599. orr.

Izuak atximurkada egin zion Norari erraietan, eta arnasarik gabe utzi zizkion birikak.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 120. orr.

Mireiak amorrua sentitu zuen erraietan.  Fernando Morillo   «Gloria Mundi», 2004 - 53. orr.

Izuaren zulo beltzak min ematen zion erraietan.  Unai Iturriaga   «Berandu da gelditzeko», 1999 - 255. orr.

Garazik berak ere, Zuberoatik gaztetan joana izan arren, erraietan zeraman Gotaineren oroitzapena.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 335. orr.

Heavya, metala eta power metala erraietan daramate Flyin' Freak talde berriko musikari beteranoek.  Berria - Kultura   2004-06-12

Sentitzen nuèn amorrua erraietatik atera zitzaidan: [...].  Joan Mari Irigoien   «Odolean neraman», 2004 - 15. orr.

Beste hainbatetan bezala, apoarmatuaren koraza jantzi eta erraietatik mintzatu zen Marta.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 79. orr.

Berbak tarteka bihotzetik, tarteka erraietatik atera zaizkio.  Berria - Euskal Herria   2006-04-22

"Lagun bat gutiago", "lagun bat gutiago!", horra zer zioen erraietatik jalgitzen zitzaidan ahots lodi ilun batek.  Daniel Landart   «Anaiaren azken hitza», 1999 - 163. orr.

Eta nola sentitu nuen orduan neure barrenean hustasun izugarri hura, erraietarik zerbait ebatsi balidate bezala...!  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 289. orr.

Hiriko puta-etxe argiztatu batera jo zuten, erraiak huts asmoz, geltoki herdoilduaren auzoan.  Itxaro Borda   «Hiruko», 2003 - 43. orr.

Katuek animalia hilak jateko ohitura dute, eta haien erraiak ere jaten dituzte maiz, birikak eta giltzurrinak.  Berria - Gaiak   2006-03-02

Bi nazio dituzu sabelean, bi herri aterako zaizkizu erraietatik: bata besteari nagusituko zaio, zaharrena gazteenaren morroi izango da.  Elizen arteko biblia   Has 25,23

Bere maletarekin etxean sartu aurretik, orro sakon bat entzun zuen urrun-urrun, sendoa eta luzea, bere oinpeko lurraren erraietatik aterako bailitzan, eta handik gutxira lurra mugitzen hasi zen eta etxeak erortzen.  Pello Salaburu   «XX. mendearen argi-itzalak», 2001 - 55. orr.

Gogorra izan behar du gero Vesubioren magalean bizitzea, jakinik lurraren erraiak noiznahi-den kolera daitezkeela eta lehert.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 266. orr.

Itsasbeherak agerian utziak zituen ibaiaren erraiak, basatza gris ilun ura.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 104. orr.

Pirinioetako erraietatik isurtzen diren ur termal gozoetan bainatu ahal izan ginen, kanpoaldean elurra gogotik ari zuela.  Patxi Zubizarreta   «Jeans-ak hozkailuan», 2000 - 134. orr.

Gain-azalean ogia ematen duen lurrak sugarretan ditu bere erraiak.  Elizen arteko biblia   Jb 28,5

Bat-batean, gogor kolpatu ninduen zoruak, infernuaren erraietatik sorturiko ukabil erraldoi baten gisan, erruki izpirik gabe.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 8. orr.

New Yorkeko erraiak agerian ipintzen zizkidan Tom Wolfe-ren Bonfire of the Vanities irakurtzen ari nintzen.  Gotzon Garate   «New Yorkeko kronika beltza», 2004 - 29. orr.

Beren auto ponposoak toki debekatuetan uztera tematzen dira, eta orduan abiarazten Udalak bere erraietan ezkutatzen duen makina zehatzailea.  Aingeru Epaltza   «Lasto sua», 2005 - 25. orr.

Makinak bere erraietan altxatzen izan behar zuen dokumentu kopurua kontuan hartuta, lantokiko nire aparatuak egun osorako lana izanen zuen.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 271. orr.

Zurezko habe koloreztatuan itsatsi du Schoenbergerek goizaburu zehargia horrek barnean ageri dituela telebixta zahar baten erraiak.  Herria   2003-08-07

Hurrengo egunetan buru-belarri murgildu nintzen xake liburuaren erraietan.  Alberto Ladron Arana   «Xake mate», 2002 - 23. orr.

Pedroren iduri haiek berehala egin zuten ahanzturaren erraietarat, joan zitzaizkidan gogotik eta ezabatu memoriatik.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 437. orr.

Beldurra sartu zitzaion erraietaraino, sekulakoa.  Hasier Etxeberria   «Patri maitea», 2003 - 51. orr.

Egiazko jainkozaletasunak, Apostoluak dioenez guztirako balio duenak, Frantziskoren bihotza bete zuen eta haren erraietaraino sartu zen.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 786. orr.

Entrenatzaileak bere nortasuna erraietaraino barneratu die jokalariei.  Berria - Kirola   2006-01-15

Baina neurri ororen gainetik, erraietarainoko amodio osoz, bere anaiak maite zituen.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 387. orr.

Ez duk entzuten nola hitz egiten dian? Ez duk seme baten errairik?  Josu Zabaleta   «Sei pertsonaia autore bila» - Luigi Pirandello, 2003 - 138. orr.

-Errairik gabeko umea!, amaren erraiak hankapean erabiltzeko gauza haizena! -esan zuen handikiro.  Inazio Mujika Iraola   «Gerezi Denbora», 1999 - 47. orr.

Inork ez ditu inoiz irekiko, ezin hobeto ezkutatuak daude disko gogorraren erraien artean.  Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro, 2003 - 168. orr.

-Putakume galanta zara, Iturbide -jarraitu zuen Arrietak itobeharrean-, beti izan zara errai gutxiko tipo bat, baina ez nuen uste horrenbeste izatera iritsiko zinenik.  Migel Angel Mintegi   «Denak du bere prezioa», 2002 - 273. orr.

Bere erraiak galtzen ari den Frantzia baten bat-bateko ikuspegia dut, ikuspegi bizia.  Josu Zabaleta   «Gerrako pilotu» - Antoine Saint-Exupéry, 2003 - 102. orr.

4 (izenondo eta izenlagunekin)

Gure egunetako gizaki hautsiaren errai ezkutuenak.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 232. orr.

Jelatinatsu eta berak ziren, errai txikituen biguntasun higuingarri hori zuten.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 205. orr.

Golde makurraren mutur astuna ez zen oraindik ausartu, gure lehendabiziko amaren errai maitekorretan, irekita, sartzen.  Patxi Ezkiaga   «On Kixote Mantxako» - Miguel de Cervantes, 2005 - 46. orr.

Horrelako errai errukitsuak zituen behartsuenganako, horrelako sentimenduekin jarraitzen zien Kristo pobrearen oinatzei.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 336. orr.

Horregatik, zure santutasunaren errai errukitsuetara jotzen dut, hemen dagoen Ostiako jauna zeure ordezkotzat eman diezaguzun.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 295. orr.

Haren eguneroko kamiseta tirantedunen baten barneko errai menditsuetara.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 165. orr.

5 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Gu hara iristen ari ginen uneantxe ari zen halako txoritzar beltz-ubel saldo oso bat errai-multzo bati tiraka, hara eta hona, beren moko odoleztatuei sarrats-litsak zerizkiela.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 48. orr.

Emakumeari sabela handitzen hasi zitzaionean gurasoak harritu egin ziren lehenik, gorritu hurrena, eta lehertu azkenik, eta lehertu ere halako danbada bortitzez lehertu ziren, non gonbidatuen arropa berriak errai zukuekin zikindu baitziren.  Aritz Gorrotxategi   «Egurra Pinotxori», 2002 - 101. orr.

Zeruko ebakuntza-gelaren batetik eroritako gibel odoldua, errai zati bat, San Pedroren heste-sobrea.  Joxean Agirre   «Romain zen bere izena», 2003 - 124. orr.

Harridurazko begiak zabaltzen zituen, besoetan hartu zuen errai saltzaile gizen baten sorbaldaren kontra estutzean.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 235. orr.

Haren hitzen bidez dardaratu ziren mendiak, eta handiki haiek, errai-barnenetik ozenki hasperenka, negarretan garbitu zuten beren barrua.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 295. orr.

6 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Eta laster entzunen genuela sabel-erraiak inarrosten eta suntsitzen dituen kantu-deiadarra: Zatozkiote.  Daniel Landart   «Anaiaren azken hitza», 1999 - 94. orr.

Baina hau bere asmotik ezin zuela aldendu ikusiz, ama-erraiak hunkitu zitzaizkion eta, kateak puskaturik, libre joaten utzi zion.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 189. orr.

Oso eskuliburu ona da etorkizuna igartzeko oinarrizko metodo guztiak ikasteko: kiromantzia, kristalezko bolak, hegazti-erraiak...  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sorgin harria» - J.K. Rowling, 2000 - 48. orr.

Geziak astindu ditu, idoloei kontsulta egin eta abere-erraiak aztertu.  Elizen arteko biblia   Ez 21,26

Horregatik, haren laguntzaile bihurtu zen aurrerantzean; babesa eta adorea eman zion, eta maitasun-erraiz besarkatu zuen.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 191. orr.

· Mundua -lur eta itsaso guztiak- esploratu eta deskubritu ditugunean, geure baitara bildu eta bihotz-erraietako eremu psikologikoak ere ezagutu ditugunean, konturatu egin gara edertasunak ez duela eremu jakinik.  Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean», 2001 - 123. orr.

Arraina garbitzera, gibel-erraiak uretan pasatzera, haur zurien sehaskari eragitera, dendak erraztatzera, txerri-azala karrakatzera.  Anton Garikano   «Maitea» - Toni Morrison, 2004 - 346. orr.

7 errai-errai (toki atzizkiekin)

Errai-erraietan sartu diot tiro bat.  Koro Navarro   «Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean» - Raymond Carver, 2003 - 129. orr.

Nola inarrosi ninduten hitz haiek errai-erraietan, eta nola ohartu nintzen bat-batean aita jesuita enekin jokatzen ari zen joko ezin makurragoaz...!  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 628. orr.

Gurasoen errai-erraietako zatiak dira seme-alabak.  Patxi Ezkiaga   «On Kixote Mantxako» - Miguel de Cervantes, 2005 - 137. orr.

1970 inguran gabilz, frankismoaren errai-erraietan oraindino.  Xabier Amuriza   «Rufino Arrola, Vulkanoren atzamarrak», 2002 - 13. orr.

Nahimenak, ordea, sarri ezin izaten ditu kontrolatu errai-erraietatik sorturiko bulkoak, larruazalaren azken muturreraino hedatzen dira eta.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 223. orr.

Odola sutan jartzen zitzaidala, erran nion amari, koleran sarturik eta errai-erraietarik: [...].  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 428. orr.

Denbora hura ere iragana zen eta etxetik ihes egin berria nintzen... eta iraganarekin hausteko gogo bizi hura nuen, errai-erraietaraino sartua, hura nola bideratu behar nuen ez banekien ere.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 459. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus