Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

erpin 1 iz mendi, aldapa eta kidekoen alde garaiena, eskuarki zorrotza dena. ik gailur.

Mendia non dagoen kokatuta, izan daiteke beheko maldetan klima tropikala, eta goiko erpin aldera, jela eta hormaz seko hoztuta egotea.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 483. orr.

Zaro dagoen muinoaren erpinean.  Koro Navarro   «Zalakain abenturazalea» - Pio Baroja, 2006 - 224. orr.

Mendi erpinetako elurrak harrotuz datorren hego haizeak harritu du Berdabio.  Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean», 2001 - 19. orr.

Goren erpinean kraterrak baitaude, eurek deitzen dietenez; guk, berriz, zintzurrak eta ahoak esaten dugu.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 433. orr.

Titanic aipatzen da, baina zenbat eta zenbat naufragio izengabe, hitzen icebergetan erpina baizik ez ikustearren.  Joxerra Garzia   «Egonean doazen geziak», 2000 - 160. orr.

Piers Bannister ikertzaile eta txostenaren egilearen arabera, haiek bildutako kopurua «izozmendiaren erpina» baino ez da.  Berria - Mundua   2006-04-20

Denok geunden piramidearen erpinera begirada josita.  Andoni Egaña   «Hogeita bina», 2004 - 151. orr.

Erpin geodesikoaren gainean eserita, Otsabioko hiru gurutzeen eta bi buzoien ondoan egin genuen mokadu bat, zahatoa ere astinduz.  Juan Luis Zabala   «Agur, Euzkadi», 2000 - 74. orr.

2 irud/hed

Bat-batean zikoina bat zutitu zen hondakinen erpinean.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 30. orr.

Keak atzera-aurrera zirimolatsuak egiten zituen Adaren bular inguruetan, harik eta bularren baten erpina jo arte.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 83. orr.

Fatxaden erpin triangeluarrak.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 38. orr.

Bien bitartean, erpineko leihoa zabaldu eta andre zahar bat agertu zen.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 39. orr.

Hiri ezezagun bat, zurezko kupula zaharrekiko eta erpin belztuekiko elizak, enborrezko etxe ilunak eta harrizko eraikin zuriak.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 322. orr.

Birikak hornitzen dituen birika-zirkulazioak nahiko presio apala izaten du: grabitatearen indarraren kontra odola birika-erpinera -hamabost zentimetro inguruko distantzia bertikala- eramateko doia.  Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan, 2006 - 173. orr.

Harrapatuz gero, huraxe makila baten erpinean daramate etxez etxe gabon-eskea eginez.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 493. orr.

Begian infinitu argi-izpi sartzen dira, eta erpina begian duen kono bat eratzen da.  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 143. orr.

Erpintzat begia eta ointzat begiratzen zaion objektua duen angelu trinkoa da, beraz, beti ikusmenezko piramidea.  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 143. orr.

Sistema horretan mailak oso markatuak daude: oinarrizko tituluak ematen dituzte unibertsitate batzuek, bigarren mailan daude lizentzia mailakoak ere ematen dituztenak eta azkenean, erpinean, goimailako titulazioak eta doktoregoa ematen dituzten unibertsitate ezagunenak.  Juan Ignacio Pérez / Pello Salaburu   «Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur», 2003 - 42. orr.

Jorge de Montemayor, 1561ean hila eta ondoko hamarkadan bere famaren erpinean zegoena.  Berria - Kultura   2004-04-09

3 muturreko puntua; puntu gorena.

Bi erpin horien tartean ditugu Bilboko 3.8 graduko goiza eta Iruñeko 1.8, izotzari goraintziak emanez datorrena.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 352. orr.

Britainia Handian, konparazio, bertako hotz-beroen erpinak honako hauek izan dira: hotzena, 1982ko urtarrilean, -27.2; eta beroena, 1990ko abuztuan, 37.1 Apirilak badaki, erpin batetik beste muturrera xalto batean aldatzen.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 483. orr.

Bi erpinak bateratuz, batez besteko azaroko tenperatura, begira zenbatean tokatzen zaigun: 11.8, Bilbon; 10.9, Donostian; 8.3, Iruñean, eta 7.5, Gasteizen.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 432. orr.

Gure 4 hiriburuetako erpinei begira, bitxikeria puntturik badu, egunik beroenak urte diferentetakoak direla.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 316. orr.

Eta justu, egun horietakoak ziren abuztuak eman dituen bero erpin altuenak ere.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 327. orr.

Florenten doinu isilak erpinera eraman zuen Paulineren atsegintasuna.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 133. orr.

Oso gogoan ditut oihu kolektibo horiek: behetik hasi, erpinera igo eta berriz ere behera etortzen zen haien ozentasuna, Gauss-en kanpai baten eskemari jarraituz bezala.  Xabier Mendiguren Elizegi   «Nerabearen biluzia», 1999 - 27. orr.

Baloreen erpinean baliagarritasuna jarririk, erpina lortzeak berak du munta eta ez aldapan gora zapaldu behar izan ditugun bidaideenganako arretak.  Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean», 2001 - 71. orr.

Pasta da hainbatek munduko lehena eta ugariena kontsideratzen duen gastronomiaren erpina.  Anjel Lertxundi   «Italia, bizitza hizpide», 2004 - 33. orr.

Ez nikek esango Eliot poesia erotikoaren erpina denik...     «Kuskue tanden», 2004 - 27. orr.

4 angelu edo poligono baten bi alde, edo poliedro baten bi ertz edo gehiago batzen diren puntua.

Beraiekin nengoenean triangelu aldekide baten erdian bezala sentitzen nintzen, zein erpinetara jo ez nekiela.  Bernardo Atxaga   «Groenlandiako lezioa», 1998 - 94. orr.

Eta triangeluaren erpin bakoitzean dorre bana.  Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua», 2004 - 269. orr.

Zirkuluaren kurba ukitzen duten triangeluen erpinak egon daitezela atalen arteko igoera eta eskaileren direkzioetara begira jarrita, lehenengo korridore zirkularreraino.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 2370. orr.

Zirkulu zirkunskribatua poligonoaren kanpoaldean dago eta haren erpin guztietatik pasatzen da; zirkulu inskribatua poligonoaren barrualdean dago, eta haren alde guztiak ukitzen ditu.     «Loroaren teorema» - Denis Guedj, 2006 - 157. orr.

Erpinaren alde batera eta bestera simetrikoki zabaltzen diren bi azalerek eratzen dute konoa.     «Loroaren teorema» - Denis Guedj, 2006 - 173. orr.

Talesek erakutsi zuen triangelu bakoitzari zirkulu bat egokiaraz dakiokeela; haren hiru erpinetatik pasatzen den huraxe, hain zuzen.     «Loroaren teorema» - Denis Guedj, 2006 - 37. orr.

Talesen arabera, bi zuzen elkar ebakitzean eratutako angeluetatik, berdinak dira erpinekiko aurkakoak.     «Loroaren teorema» - Denis Guedj, 2006 - 36. orr.

Jarri nintzen ohe gainean zutik, koadroa lau erpinetatik iltzatzeko eta hormaren kontra finkatzeko asmoz.  Joan Mari Irigoien   «Odolean neraman», 2004 - 27. orr.

Hiru makilatxo lotzen nituen, triedro baten forma emanez, eta, eskuaz lagunduta, triedroaren erpinaren gainean mugitzen nuen zilindroa, batera eta bestera.  Joan Mari Irigoien   «Oilarraren promesa», 2003 - 100. orr.

Hurbilago daude orain EAJ, PSE-EE eta Batasuna, bake prozesuko triangeluaren hiru erpinetako alderdi nagusiak.  Berria - Harian   2005-11-13

Piramidearen erpina han desagertu zen beren begi nekatuen bistatik.     «Loroaren teorema» - Denis Guedj, 2006 - 45. orr.

Baten batek joan behar du uvearen erpinean eta Ibarretxe da antzara hori.  Hasier Etxeberria   «Patri maitea», 2003 - 72. orr.

5 irud/hed

Bazen han benetako ohe bat, aski dotorea, lau erpinetan haga banarekin.  Edorta Jimenez   «Sukar ustelaren urtea», 2004 - 37. orr.

Marfilezko orrazi bat harturik, presaka orrazteari lotu zitzaion; hurrena, soinekoaren erpin batez igurtzi zuen begitartea.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 275. orr.

Eguzkiak beste pauso bat egin zuen, masta erpinetara, eta oilarrak ere berriro egin zuen karkara, nagi, beharturik.  Edorta Jimenez   «Sukar ustelaren urtea», 2004 - 257. orr.

Masta luze-luze baten erpinean.  Koldo Biguri   «On Camillo» - Giovanni Guareschi, 2001 - 256. orr.

Ez nuen espero teilatuaren erpinean ikurrina ikustea, baina, tira, etxetto zuri hura.  Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua», 2004 - 29. orr.

Orrialdeko eskumako goi erpinean Mundakako barraren argazkia dago.  Edorta Jimenez   «Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan», 2003 - 44. orr.

Buruko adatsa ez bezala, beltz ageri zen angelu horren erpin oihantsua.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 255. orr.

• 6 izond aldapa pikokoa.

Ordu bata aldera irten ginen handik, eguzki bikain baten pean, zegokiona ez zen gailur baten hegi erpinean.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 72. orr.

Egurrezko eskailera ilun eta erpin batzuetan gora hartu nuen.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 189. orr.

Tximiniak buruturiko teilatua zirudien menditxo antzeko bat, erpin eta iluna.  Koldo Izagirre   «Idi orgaren karranka» - Victor Hugo, 2002 - 209. orr.

Ubago errekaren ezkerraldeko ertzean, eta zubi zaharraren ondoan, Altzaiko arbelezko teilatu erpinak gogoratu zaizkit.  Txillardegi   «Labartzari agur», 2005 - 28. orr.

Aldapa luze, nekagarri eta erpinean gora.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 139. orr.

Kanpandorrerako atea zabalik, eskailera hertsi erpinetan gora abiatu naiz arnasestuka.  Txillardegi   «Labartzari agur», 2005 - 171. orr.

Hurrengo xaletari, ezezaguna hau ere niretzat, arbelezko teilatu erpinekoari, Muskildi deritzo.  Txillardegi   «Labartzari agur», 2005 - 28. orr.

Barra ondoko aulki erpin batean eseri nintzen.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 15. orr.

7 (izenondo gisa) muturrekoa.

Arrazoia duela kontu honek esan behar da, aurreko bero-punta erpin horiek ikusita.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 317. orr.

Noski, koska guztien punta erpinenak, horiek dira markak hautsi-ez-hautsi hor ibiltzen direnak.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 298. orr.

8 erpineko izond muturrekoa.

Hotz-bero erpinekoak.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 59. orr.

Begira diezaiogun, osorik hartuta, zein datu erpinekoak ekarri izan dizkigun.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 143. orr.

Irlanda aldeko erromantze aspaldikoetan ere, auskalo noiztik, Haritza eta Gorostia ageri dira urteko bi puntu erpinekoetan.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 180. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

erpin batean (4); erpinaren inguruan (3); erpinetara jo (3); eta erpin (3)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus