Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

erbi 1 iz ugaztun karraskaria, belarri-luze eta isats-motza, atzeko hankak aurrekoak baino luzeagoak dituena eta jauzika arin ibiltzen dena (Lepus timidus).

Noizean behin erbi bat edo untxi bat begiztatzen genuen.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 143. orr.

Egun hartan ehizara joan zen inuitak bost erbi zuri ekarri zituen.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 178. orr.

Erbiek beti izan dute alai eta txoro ospea.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 144. orr.

Erbi batena bezalako ebakidura du goiko ezpainean.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 35. orr.

Begiak irekita egiten dute lo erbiek.  Berria - Kirola   2004-04-29

Ehizaldiaren hasieran Lepic jaunak erbi bat botatzen badu, esaten du: [...].  Itziar Otegi   «Axenario» - Jules Renard, 2006 - 133. orr.

Lehen erbitan eta galeperretan aritzen ziren, orain ez dago izpirik.  Pako Aristi   «Urregilearen orduak», 1998 - 169. orr.

Errusian, erbi bat bidazti baten bidean gurutzatzea ezbeharren bat hurbil dagoen seinale da.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 359. orr.

-Hik sekula ez duk atzeko hanketatik erbirik harrapatu! -bota zion koinatuak.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 113. orr.

Bi erbi harrapatu nahi duen zakurrak, biak galdu.  Gotzon Garate   «Zakurra, zeure laguna», 2002 - 164. orr.

Baina non gutxiena uste, hantxe erbiak brixt.  Patxi Ezkiaga   «On Kixote Mantxako» - Miguel de Cervantes, 2005 - 159. orr.

Azeria bezain maltzurra da eta erbia bezain izutia Erbia bezain belarri-erne.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 68. orr.

Ez da erraza ni hiltzea, nik anaia bat baitut lehoia dena eta mendian bizi dena, eta lehoi horren barruan erbi bat dago, eta erbiaren barruan uso bat; uso bat arrautza batekin.  Bernardo Atxaga   «Groenlandiako lezioa», 1998 - 141. orr.

2 (izenondo eta izenlagunekin)

Arboletan zintzilik jarriak zeuden erbi larrutuak eta oilo lumatuak, eltzeetan sartzeko zain-zain.  Patxi Ezkiaga   «On Kixote Mantxako» - Miguel de Cervantes, 2005 - 140. orr.

Peppone ere baimenik gabe ehizan ari zen bazter haietan eta berak ere erbi polit bat zeukan zorroan.  Koldo Biguri   «On Camillo» - Giovanni Guareschi, 2001 - 78. orr.

Goilautadatik jaitsita, itsasertzeko lautadetan erbi artikoak harrapa zitzaketen, eta zorte pixka batekin karibu bat edo beste ere bai.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 178. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Ez zegoen erbi-ezpainaren ebakuntza baten aztarnarik.  Ibon Uribarri   «Loti ederrak» - Yasunari Kawabata, 2006 - 109. orr.

Nor bere zoroak bizi du: bati izugarri gustatzen zaizkio erbi-zakurrak; beste bat musikazale amorratua da.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 44. orr.

Zola-gainean etzanik zegoen erbi-txakurrari.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 87. orr.

Upel zaharrak salduta irabazi txiki batzuk lortzen ditut; baita erbi-larruak ere, eta dirua amari entregatzen diot.  Itziar Otegi   «Axenario» - Jules Renard, 2006 - 67. orr.

Noek Ararat mendian libraturikako erbi bikotea gogoan balu bezala.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 87. orr.

Orain, joan zaitez Pepponek apaizetxean utzitako erbi-eltzeko goxoa jatera, zurea da eta.  Koldo Biguri   «On Camillo» - Giovanni Guareschi, 2001 - 81. orr.

Bere mahaia eta aterpea onar genitzan tematu zen, eta guk amore eman genuen erbi-festan partaide izatetik salbatu gintuen gizona ez minberatzeko.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 145. orr.

Haren eskumenean, urdaiz beteriko txahalkia, gibel patea eta erbi patea, lurrontzi hori batzuen barruan.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 105. orr.

4 erbi lo (orobat erbilo) adi egonez egiten den loa.

Hitzordura garaiz iritsi beharraren urduritasunez egindako erbi-loa!  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 223. orr.

Loa erbiloa da gauean.  Jokin Urain   «Errotarria», 2006 - 112. orr.

Eskailera sistema zela eta, kontrarioak banan-banan elkar akabatuz, bera, erbi-lotan, finalaren eguna noiz iritsiko zain.  Berria - Kirola   2004-04-29

Gaur egun, erbi-lotan egon beharrean, enpresariek beste aldera begiratzen dute.  Berria - Kirola   2004-04-29

5 erbi txakur (orobat erbi-zakur eta erbizakur g.er.)

2005. urtearen hasieran lehen aldiz txakur bat klonatzea lortu zuela jakinarazi zuen, eta Snuppy izeneko Aftanistango erbi-txakurra aurkeztu zuen.  Berria - Gaiak   2006-01-10

Aingira baten gisa irristatu zen mahaipera, erbi txakurraren gisa igaro zituen besaulkiak.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 54. orr.

Isildu gabe hitz egiten zuen Krimeako udazkenei buruz -han sekula izan ez zen arren-, erbi-txakurrei buruz -horrelako txakurrik sekula ikusi ez zuen arren-, eta beste gauza askori buruz.  Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev, 2006 - 210. orr.

-Apustu egiten diat baietz erbi-zakurra zaldia baino lasterragoa izan.  Koro Navarro   «Artistakume baten erretratua» - Dylan Thomas, 1999 - 78. orr.

Ez dut etxean aztorerik eta erbi-zakurrik; ongi ikasitako eperren bat eta pututx bilazaleren bat, horixe.  Patxi Ezkiaga   «On Kixote Mantxako» - Miguel de Cervantes, 2005 - 135. orr.

Inoiz ikusi duzue erbi-txakur bat Lorategietako hesiak saltatzen?  Julen Gabiria   «Peter Pan» - James Matthew Barrie, 2004 - 258. orr.

Klase askotako zakurrak ziren gainera: zakur handiak, azeri zakurrak, erbizakurrak, otsozakurrak.  Patziku Perurena   «Trapuan pupua», 2001 - 101. orr.

Uharte batean erbizakur zilarrezkoak ikusi nitian urrezko basurdeak akabatzen.  Juan Garzia   «Ipuin hautatuak» - Jorge Luis Borges, 1998 - 231. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

bi erbi (3); edo erbi (3); erbi bat (13); erbi batek (4); erbi batek zeharkatu (3); erbi edo (3); erbi loa (5); erbi lotan (8); erbi zakur (3); erbia bezain (4); erbia bezain izutia (3); erbia eta (4); erbiak eta (3); erbiaren atzetik (3); eta erbi (8); eta erbia (6); eta erbiaren (4)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus