Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

barrakoi 1 iz eraikin handi eta landugabea, zurez-edo eraikia, eskuarki soldaduak, presoak edo langileak hartzeko prestatzen dena.

Zurezko barrakoi hauek 24 metro luze, oinean 6 metro zabal eta altueran 2 metro eta erdikoak dira, ur bitako teilatuarekin.  Jokin Urain   «Errotarria», 2006 - 53. orr.

Burdin haria inguruz inguru jarri, barrakoiak eraiki...  Felipe Juaristi   «Azken gutuna» - Vassili Grossman, 2005 - 60. orr.

Hor daude ejerzitoko eskola ezberdin guztiak, lotarako barrakoiak, jatetxeak, beisbolerako zelaiak.  Pako Aristi   «Venezuela, iraultza isilaren hitzak», 2000 - 126. orr.

Ilaretan eginak daude barrakoiak, ia laurehun guztira, eta uharte bakoitzak mila eta bostehun errefuxiaturentzat lekua du eta kilometro pasako trenbidea ere badago.  Jokin Urain   «Errotarria», 2006 - 52. orr.

Fabrikarekin batera, barrakoi batzuk eraiki zituen, langileek aukera izan zezaten etxebizitza bat lortzeko... ur berorik gabe eta izugarrizko alokairuen truke!  Iban Zaldua   «Gezurrak, gezurrak, gezurrak», 2001 - 102. orr.

Hamarnakako erreskadetako batean egon nintzen, gure barrakoiaren aurrean zutik.  Urtzi Urrutikoetxea   «Zoririk ez» - Imre Kertész, 2003 - 119. orr.

Barrakoian lotan zeudenak esnatu egin ziren, habian dauden txoriak gauez azantza handia entzutean esnatzen diren bezala; esnatu egin ziren baina ez zuten horregatik zirkinik egin.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 288. orr.

Horregatik eskaintzen zuen Tolosako ikastolak batxilerra egiteko aukera, barrakoietan lan egiteko prest zegoen jendea zegoelako.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 102. orr.

Gipuzkoa eta Bizkaia aldeko frenteetan borroka egindako gizon askok hantxe gelditu behar izan zuten Franco jeneralak besterik esan arte, zelai zabal haren inguruetako basoan lan eginez eta beraiek jaso behar izandako barrakoietan biziz edo erdi biziz.  Bernardo Atxaga   «Groenlandiako lezioa», 1998 - 108. orr.

Orduan nik gure barrakoiko kapoari esan nion ni ez nintzela Spanier, ni Baskisch nintzela.  Koldo Izagirre   «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak», 1999 - 86. orr.

2 (izenondo eta izenlagunekin)

Hantxe ematen ziren BBBko eskolak, barrakoi xixtrin batzuetan.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 96. orr.

Lanaldi luzeak soldata apal baten truke eta barrakoi zikin, usain txarreko eta ez higieniko batean bizi behar dute portugesek, CCOOren arabera.  Berria - Ekonomia   2004-08-04

Laster barrakoi zabal grisean sartu ginen, erietxe edo Revier moduko batean, oker ez banabil.  Urtzi Urrutikoetxea   «Zoririk ez» - Imre Kertész, 2003 - 195. orr.

Ginsburg komisarioak, Propaganda Batailoiko buru egiten zuenak, deitu zuen Zeuner, zertara jakinarazi gabe, bere egoitzara: barrakoi xume bat lurrean zulatua eta lubakiz inguratua bera, frontetik ez oso urruti.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 191. orr.

Noiz edo noiz, Sara Vidal eta María Francescatti barrakoien atzetik txarrantxazko hesiraino zabaltzen zen espazio itxitik zehar paseatzera ateratzen ziren.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 288. orr.

Konpainiaren izena ikusiko da zurezko barrakoiaren ate gainean.  Joseba Sarrionandia   «Lagun izoztua», 2001 - 245. orr.

Zurezko barrakoiak zeuden, baina denak hartuak.  Jokin Urain   «Errotarria», 2006 - 42. orr.

Hautsez beteriko egurrezko barrakoietan egiten zuten lo, kotoizko koltxoi zahar batzuen gainean.  Eider Rodriguez   «Eta handik gutxira gaur», 2004 - 104. orr.

3 (hitz elkartuetan)

Ordurako, preso guztiak barrakoi atarietan formatuta zeuden. · Horrez gain, eguneroko txango biak komunera, goizean garbiketa-barrakoira (antzeko lekua, baina oholen ordez luzera osoan hiru aska-erreskada zeuden eta bakoitzaren gainean burdinazko hodi paraleloak, ura isurtzeko zulotxo askorekin), gero janari banaketa.  Bernardo Atxaga   «Groenlandiako lezioa», 1998 - 110. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus