Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

aldera 1 adlag ondora, aldamenera.

Noizetik noizera, xinpart batek besteak baino biziago urrez erraustatzen zituen haren ile-xorta barneko ilun-nabarrean gorrizka agiri zirenak, eta noizetik noizera, gar luzeago batek haren aztal eztia mihazkatuz, aldera inguratzen zen hats-behera ito batekin.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 263. orr.

· 2 postpos denboraz mintzatuz, inguruan.

Horren ondorioa da institututik unibertsitatera igarotzeko bidea askoz ere modu eztiagoan egiten dela, eta ikasleak badakiela, aukera badu behintzat jakiteko, hilabeteak lehenago, normalean urtarril aldera, non hasiko den ikasten ondoko irailean.  Juan Ignacio Pérez / Pello Salaburu   «Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur», 2003 - 77. orr.

Siesta egiten du, eta hori errespetatuz, arratsaldeko bostak aldera iritsi naiz haren baserrira, Elgoibarko San Lorentzo auzoan dagoen Agarre baserrira.  Pako Aristi   «Gelatxo, soinuaren bidaia luzea», 2001 - 73. orr.

Eguerdi aldera, alkatea eta idazkaria hamaiketakoa hartzen ikusi zituen betiko tabernan, eta Floreni tripak irauli zitzaizkion berriro.  Eider Rodriguez   «Eta handik gutxira gaur», 2004 - 20. orr.

-Ez, gaur da itzultzekoa, arratsalde aldera edo.  Jasone Osoro   «Korapiloak», 2001 - 132. orr.

Hurrengo gauean bertan, hirurak aldera, askatu zuten Martutenen Txillardegiren seme Joseba Alvarez, bi urtez preso zanpatu ostean.  Markos Zapiain   «Errua eta maitasuna», 2002 - 174. orr.

3 postpos -gana; -rantz.

Eta akitzen delarik, ordian bakartasun batean ere, zeren-eta nik natura biziki maite dut eta orduan sobera akitia nizalarik, edo sobera buruko min dutanean ordian joaten niz mendi aldera edo itsas bazterrerat edo, bakartasun batean berriz reekilibratzeko.  Menane Oxandabaratz   «Ez da musik», 2006 - 43. orr.

Estazio aldera joatea erabaki zuen orduan, paseoan.  Unai Elorriaga   «SPrako tranbia», 2001 - 47. orr.

Masiboa: fededun zein fedegabe, gizakiak geroz eta eliza aldera hurreratzeko joera handiagoa du, ondoren jatetxera bisita bat eginez.  Edorta Agirre   «Baietz okerreko bidea aukeratu! », 2006 - 68. orr.

Noiz nahi, Urrobi ibaia, lehenik autoaren mugimendua nagiki segiturik eskuin aldean, eskapatzen zitzaidan, bihurgune batean bere izena erranez, ezker aldera zihoala, gero eskuin.  Piarres Aintziart   «Azken apeza», 2005 - 131. orr.

Adivasiek basoetara eta mendi aldera alde egin behar izan zuten.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 70. orr.

Eskumako erpurua soinu hegalaren azpiko aldera sartzen eban, beroneri tenazan helduaz.  Xabier Amuriza   «Rufino Arrola, Vulkanoren atzamarrak», 2002 - 18. orr.

Arrokaren barnerantz aterpetu ziren, handik Itzalarriko Erreka aldera hartuko zuten igeri, zihoazela neure begi bistatik.  Koldo Izagirre   «Vladimir», 2003 - 10. orr.

Zakurñoa berekasa abiatu zen usmenak eta gogoak pusaturik zakurremearen aldera; xuxen, azkar.  Jose Angel Irigaray   «Denboraren mugan», 2005 - 35. orr.

4 postpos -en alde.

Nik neronek -eta lotsa gramorik gabe derraket halaxe-, goizero itxura hoberenaren aldera jokatzen dut asmatzeko aldioroko trabesean.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 7. orr.

Telemakoz ere kezkatuta nagok; aitaren aldera atera duk, gorputzez eta itxuraz; alabaina, jainkoren batek burua nahastu ziok, Pilosera joan baita aitaren berri bila.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 101. orr.

5 postpos -ekiko, -entzat.

Nazioen eskubideak gogorarazi ondoan, nazio bakoitzak beste nazioen eta gizadi osoaren aldera dituen eginbideak ere aipatzen zituen gero aita saindu poloniarrak.  Piarres Xarriton   «De re publica edo politikaz», 2003 - 95. orr.

Erien aldera ere errespetu guti erakusten da.  Marzel Etxehandi   «Alemaniara deportatua» - Grégoire Joannateguy, 2003 - 80. orr.

6 postpos -en truke edo ordainez.

Horren aldera, gure erregeak zian pareko ordain-bahia ezarria, zeina Fortinbrasen ondarera bihurtu baitzatekeen, hura garaile irten balitz; hots, aipaturiko itunaren arauz, norvegiarrarena gure Hamleti egokitu zitzaion bezala.  Juan Garzia   «Hamlet» - William Shakesperare, 2002 - 27. orr.

Abokatuen jokabideari buruzko ikuspegi honek ez du gaur arte haien onarpena bereganatu, inork ez baitie lansaririk eskaini ikuspegi hori onartzearen aldera.  Xabier Olarra   «Deabruaren hiztegia» - Ambroise Bierce, 2001 - 121. orr.

Pentsatu zuen plazeraren aldera pagatu behar izaten dela, eta plazera hartu zuela, galanki hartu ere, eta hortaz pagatu behar.  Matías Mujika   «Edale santuaren kondaira» - Joseph Roth, 2001 - 72. orr.

Hamabost egun egin zituen Elgetak Sakabian, Faustinori erakusten, "mantenua, bi duro eta eguneko bi pururen aldera".  Iñigo Aranbarri   «Sakabi, soinu txikiaren handitasuna», 2003 - 26. orr.

7 postpos -tzeko asmoarekin, -arren.

Ez zen zaila haria nondik nora zihoan konturatzea, egia esate aldera.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 78. orr.

Eskubide hori bermatze aldera, Hezkuntza sailburuak auzian zeresana duten eragileak biltzeko konpromisoa hartu zuen atzo, guztien artean euskal presoek EHUn ikasteko dituzten trabei irtenbideak bilatzeko.  Berria - Euskal Herria   2004-05-07

Berau areagotze aldera, beti du datxekion eta komeni zaion irudia eragiten eta behin eta berriz sortarazten, beraz, egokituriko ihakinak  Jose Angel Irigaray   «Denboraren mugan», 2005 - 19. orr.

Parlamentuaren eta Erregearen arteko gatazkak areago zihoazen eta, Hobbesek, bere burua babeste aldera, Elementuak izenekoa argitaratu zuen, 1640an, azken bi liburuak soilik zirriborratu bazituen ere.  Esteban Antxustegi   «Herritarra» - Thomas Hobbes, 2004 - 10. orr.

Unibertsitatean eta komunikabideetan emakumeek egindako lanari beste begi batzuekin begiratzen hasi behar zaiola, bere horretan balioa emanez, eta ez, soilik, kupoak betetze aldera.  Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle», 2006 - 433. orr.

Hala, behar den lasaitasun giroa sortuko da, beraien ustez, zabaltasun politikoa sortzen laguntzeko euskal gatazka konpontze aldera.  Berria - Euskal Herria   2004-05-12

8 postpos zerbait interes berezirik gabe egin dela adierazteko.

Eta ez zuen esate aldera esaten, izan ere lanbidea inork ez bezala ezagutzen baitzuen eta bete-betean jarduten baitzuen bere erantzukizunaren mailan.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 89. orr.

-Zuk, andrea -esan zion-, edo ez dituzu nire hitzak ulertu nahi, edo zerbait esate aldera soilik hitz egiten duzu...  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 83. orr.

Lasaitzen naiz, beraz, eta besteak eseki baino lehen, ea zenbaki hura ote den galdetzen diot, hitz egite aldera soilik.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 247. orr.

9 ahuntzak adarrak dituen aldera (corpusean ez dago; ETCn 2 agerraldi)

Inperioa jaisten ari da eta, esaerak dioenez, ahuntzak adarrak dituen aldera begira behar izatea, bestela bezala arituz. ETC-prentsa   Berria, 2013-10-05

10 alde-aldera

Floristan Imizkoz jaunak dioenez terminologia modernoan identifika genezake, alde aldera, estilo periodikoa "menpekotze"arekin eta elkarbigiztatua lotze edo "koordinatze"arekin.  Patziku Perurena   «Trapuan pupua», 2001 - 312. orr.

11 aldera jo

Musulmanek, berriz, sikhtarrek hindutarren aldera jotzen dutela uste dute, behia ohoratu eta zerria jaten baitute.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 188. orr.

Tadeo Jones, bestalde, umore aldera jotzen duen bakarra da, baina ez du lortzen irribarrez aparte ezer, amaiera anekdota hutsa delako.  Berria - Kultura   2006-01-18

Hurrena, berriz, itsaso aldera jo beharrean, etxe aldera hartu nuen, eta azkar samar suaren aurrean ginen berriro.  Xabier Olarra   «Iruzurgilea» - James Cain, 2002 - 45. orr.

12 beste aldera ik bestalde 8.

Ez nengoen beharturik, ghettoan, zaldi bat bezala ibiltzera, kale erditik; jendeak ez zidan gorrotoz so egiten eta ezagutzen nituenek ez zuten aurpegia beste aldera jiratzen eta ez ninduten zapuzten.  Felipe Juaristi   «Azken gutuna» - Vassili Grossman, 2005 - 17. orr.

Kontatu nizun plazan mutil guztiak elkarrekin bueltaka ibiltzen zirela, alde batera, eta neska guztiak, juxtu beste aldera.  Arantxa Iturbe   «Kontu-jaten», 2006 - 185. orr.

Literatura hilda zegoela entzutera ohitzen hasiak gineneko honetan, Patri, erabat jo dugu beste aldera eta literaturak bakarrik isla dezakeela errealitatea hasi gara esaten.  Hasier Etxeberria   «Patri maitea», 2003 - 67. orr.

Y grekoa bezalako erabaki garrantzitsuak hartzen ari direnean, PP, EAJ eta EAren adostasunez, ezin dugu beste aldera begiratu eta ez garela joango esan.  Berria - Euskal Herria   2004-03-02

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus