Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

azti 1 iz ezkutua dena ezagutzeko edo etorkizuna asmatzeko, ohiz kanpoko ahalmenak omen dituen pertsona.

Hark animatuta abiatua zen Faustino gaztea Elgetarengana, soinu txikiaren zoko-moko eta zapalkera guztiak zekizkien aztiarengana.  Koldo Izagirre   «Elgeta, sasiaren sustraiak», 2001 - 22. orr.

Gutxi nekien Angeloren ibilbidea guztiz bihurrituko zuen pasadizo hartaz, eta nekien guztia langartsua zen, baina ez zen aztia izan behar pentsatzeko gertakari hura mugarria izango zela Angelorentzat.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 238. orr.

Eta iragarpen bat ere esango diat, eta bete egingo dela uste diat, ez azti naizelako edo hegaztien bidez iragartzen dakidalako, hilezkorrek bular barruan hitz horiek jarri dizkidatelako baizik.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 13. orr.

Halere, bi neskek dena balekite bezala zen, informazioa auskalo nork emanda, edo bestela azti igarle txikiak ziren.  Fernando Rey   «Paradisuko Almanaka» - Gianni Celati, 2005 - 96. orr.

2 iz izadiaren legeen kontrako gauza miragarriak egiten bide dituen edo ahalmen ezkutuak bide dituen pertsona. ik sorgin.

Adin txikiko aztiei ez zitzaien uzten magia erabiltzen eskolatik kanpo.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sekretuen ganbera» - J.K. Rowling, 2001 - 14. orr.

Nahiko nukeen arren, ez naiz aztia, gasnak ez nau pertzepzioaren ateen haraindira eroaten, telepatia zein sinpatiaren ordez laketago zait urdepatia, are gutxiago ez naiz X3C izarbeletik etorri eta idazlez itxuraldatu den V kuskandela ikaragarria.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 106. orr.

Errukituta, azti handien bertuteak eta boterea eman nahi izan zizkion amak, eta horretarako jakinduriaren pazian sartu zuen eta Bach epotxari agindu hura zaintzeko eta aldian-aldian eragiteko.  Pako Aristi   «Note book», 2005 - 65. orr.

Berehala gerturatu, eta indarrez hasi zen tiraka harri kozkor batean iltzatuta baina euskarria begi-bistan zuen aztiaren ezpata magiko hartatik.  Josetxo Azkona   «Patata soro bat», 2004 - 119. orr.

3 (izenondo gisa) liluragarria, guztiz erakargarria.

Alabaina, galde dezake berriro ere gure irakurle aztiak, zergatik ez zuen gertakari haiei buruz fitsik ere esan, zergatik ez zuen bere idazkietan aipamenik ttikiena ere egin?  Patxi Zubizarreta   «Pospolo kaxa bat bezala», 2005 - 128. orr.

Gisa honetantxe akabatu zituen bada bi anaia azti haiek.  Patxi Zubizarreta   «Mila gau eta bat gehiago» - Anonimoa, 2002 - 238. orr.

4 (adizlagun gisa) erne.

On Camillo, azti ibili: zazpi aldiz pentsa ezazu, "Peppone astoa" idatzi baino lehen.  Koldo Biguri   «On Camillo» - Giovanni Guareschi, 2001 - 63. orr.

Azti eta zuhur ibiliz gero, horren halako bi irabaz dezake.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 160. orr.

Bide txarra daukazu, azti ibili!  Jon Maia   «Riomundo», 2005 - 32. orr.

Azti ibili zen Jozefen ama: udaletxera jaitsi zen goizean goiz, soldaduak bere semearen bila joan zitezen baino lehen etxetik falta zela eta non zegoen ez zekiela gaztigatzera.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 41. orr.

5 azti egon

150.000 boluntario inguru izango direla uste dute, zuzenbide ikasleak eta bestelakoak, eta begiak zorrotz eta belarriak azti egongo dira bozketa egunean.  Berria - Mundua   2004-10-28

6 azti ibili

Azti ibili beharko dugu.  Javi Cillero   «Hollywood eta biok», 1998 - 77. orr.

Azti dabilenik, bada.  Iñigo Aranbarri   «Hizlandia», 2006 - 61. orr.

Ermuarrak ondo prestatzen ditu klasikoak, azti ibiltzen da proba guztietan, lasterketa irakurtzen gutxik bezala daki, eta ihesaldi erabakiorrean han izango da jo eta su lanean.  Berria - Kirola   2004-08-07

On Camillo, azti ibili: zazpi aldiz pentsa ezazu, "Peppone astoa" idatzi baino lehen.  Koldo Biguri   «On Camillo» - Giovanni Guareschi, 2001 - 63. orr.

Bide txarra daukazu, azti ibili!  Jon Maia   «Riomundo», 2005 - 32. orr.

Egoera politiko berriaren harian, PPko buruzagiak Zapaterori azti ibiltzeko eta Estatua ezertan konprometitu dezakeen pausorik ez emateko eskatu ziola agertu zuen.  Berria - Euskal Herria   2006-03-29

Azti ibili zen Jozefen ama: udaletxera jaitsi zen goizean goiz, soldaduak bere semearen bila joan zitezen baino lehen etxetik falta zela eta non zegoen ez zekiela gaztigatzera.  Harkaitz Cano   «Neguko zirkua», 2005 - 41. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus