Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

aspertu, asper(tu), aspertzen (ETCn 11.739 agerraldi) 1 da/du ad zerbaitek edo norbaitek norbaitengan gogo nekadura edo gogaitasunezko sentipena sortu; adorea galdu.

Andaluziako larreez aspertzen zenean ardiak saldu eta marinel egingo zen agian.  Xabier Aranburu   «Alkimista» - Paulo Coelho, 2001 - 28. orr.

-Aspertuta dago -esan zion.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sekretuen ganbera» - J.K. Rowling, 2001 - 9. orr.

-Badakit, bai: "Ez hainbeste altxatu besoak"; aspertzen ari ote zarete, bada?     «Loroaren teorema» - Denis Guedj, 2006 - 135. orr.

Aspertu ere egin nauk zortzi-hamar egun honetan zain.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 97. orr.

Kexu izaten ziren nire senideak eta ama, mendiko oporleku haietan eta aparteko etxe haietan aspertzen zirelako: han ez omen zuten ez jostagarririk ez lagunik.  Fernando Rey   «Gure etxeko kontuak» - Natalia Ginzburg, 2004 - 18. orr.

Aspertu arte harekin jolastu denean, akabatzea erabaki du.  Itziar Otegi   «Axenario» - Jules Renard, 2006 - 38. orr.

Horregatik, ez naiz aspertuko zuei gauza hauek gogorarazten, nahiz eta zuek jakin eta irakatsi zaizuen egian sendo egon.  Elizen arteko biblia   2 P 1,12

Apur bat aspertuta, ez duzu uste?  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 61. orr.

Ordu luzeetan egon liteke edonor hemen, ingurura begira, batere aspertu gabe.  Jon Arretxe   «Ekialdeko mamuak», 2003 - 58. orr.

Ordubete berandu eta Kat tabernan itxaroten, asperturik.  Sonia Gonzalez   «Ugerra eta kedarra», 2003 - 13. orr.

Beste batzuek zakurrarekin aspertu egin direlako edo zahartu egin delako eramaten dute zakurtegira.  Gotzon Garate   «Zakurra, zeure laguna», 2002 - 68. orr.

Federico batere begikotasunik eragiten ez zion nire aurpegia etxean ikusteaz aspertzen zenean, neska ilehoria ni herrira eramaten hasi zen, bere familiakoekin egotera.  Pello Lizarralde   «Denak hasperenka» - Gianni Celati, 2005 - 35. orr.

Dagoeneko aspertzen ere hasiak gintuan.  Pedro Alberdi   «Kafka Bilbon», 2002 - 64. orr.

Ehiztarien gutiziak, garizumako sermoi luzeetan aspertuta, asmatuak, akaso?  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 95. orr.

Eta, gainera, aspertua nago burura datorkidana isiltzen, eta har ezazu kontuan sekula ez zitzaidala atsegin izan horrela aritzea, eta gutxitan jokatu dut horrela, baina aldi gutxi horiek ere gehiegi dira niretzat.  Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro, 2003 - 13. orr.

Tira, ez gaitzak gehiago aspertu.  Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz, 2006 - 23. orr.

Osabaren telebista hantxe zegoen, baina aspertzen hasia zen auzoko umeen etengabeko bisitekin.  Juan Kruz Igerabide   «Nire aitaren fusila» - Hiner Saleem, 2004 - 45. orr.

Eta halaz guztiz, adiskideak, utzidazue digresio pixka bat egiten eta barkatu aspertzen bazaituztet: ojala lehengo hauts izpiak bagina gaur!  Matías Múgica   «Hiltzaile baten aitormena» - Joseph Roth, 2004 - 71. orr.

Aspertu egiten zen.  Joseba Urteaga   «Lekua» - Annie Ernaux, 2003 - 27. orr.

Gona bat, zahartu ahala edo harekin aspertu orduko, erretiratu egiten duzu.  Anjel Lertxundi   «Zorion perfektua», 2002 - 33. orr.

Aspertu egiten naute kontu horiek guztiek, film kaskar eta luzeegi batek bezainbeste.  Hasier Etxeberria   «Arrainak ura baino», 1999 - 14. orr.

-Aspertua ote zara ni hemen nagoelakotz?  Janbattitt Dirassar   «Bihotzeko mina», 1997 - 97. orr.

Lau mende badira gizonek hexagonoak aspertzen dituztela...  Juan Garzia   «Ipuin hautatuak» - Jorge Luis Borges, 1998 - 63. orr.

Ez da beraz nehor aspertzen edo enoatzen.  Angel Aintziburu / Jean Baptiste Etxarren   «Luzaiden gaindi», 2002 - 47. orr.

Hiru urrats atzerago andre-laguna joan ohi zen, beltzez jantzitako andre bat, makurtu antzean ibiltzen zena, hain presaka ibiltzez aspertua balitz bezala.  Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai, 2003 - 39. orr.

Bigarren zatian, Helen eta Fiona bezain asperturik zaude.  Lutxo Egia   «Paperezko hegazkinak», 2004 - 42. orr.

Aspertzen nauzu, adiskidea...  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 19. orr.

Aspertu arte astindu zaitu, gupidarik gabe.  Rafa Egiguren   «Mentxakaren aitorpena» - Jose Ramon Goikoetxea, 2006 - 27. orr.

Baina mikak, asperturik, ez zion inori irakatsi bere abildadea, otoi egin zioten arren.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «101 gau», 2000 - 71. orr.

Aspertu egingo al zintuzke nerekin etortzeak, Tansley jauna?  Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf, 2001 - 16. orr.

Uste diat gaur ez garela aspertuko.  Fernando Morillo   «Ortzadarra sutan», 2003 - 33. orr.

Ez zaitut gogoz kontra gerarazi eta asperrarazi nahi.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 32. orr.

Kartel haiek begiratzeaz aspertu zenean jendeari so egiten hasi zen.  Iñaki Zabaleta   «110. Street-eko geltokia», 2003 - 31. orr.

Esan niean basomutil ari haizela, baina aspertzen hasia haizela lanbide horretaz eta zera nahi huela, ekintza handiagoko lanen batean jardun, alegia, "aberriaren aldeko eginkizunen batean parte hartu".  Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua», 2004 - 23. orr.

Baina, beste Liburu batean sartu baititut gauza horiek eta ere ez baitzaituztet orain luzeegi izanez aspertu nahi, erabaki dut hemen horretaz besterik ez erratea.  Piarres Xarriton   «Etika» - Spinoza, 1997 - 199. orr.

Entzulea zerekin gozatzen ari den eta zerekin aspertzen epaitu behar du bere kabuz.  J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua   «Bat-bateko bertsolaritza», 2005 - 131. orr.

Langabezian nagoenetik, batzuetan pixka bat aspertzen naiz.  Eskarne Mujika   «Berdin dio» - Agota Kristof, 2005 - 39. orr.

-Ez naiz aspertua zuekin!  Menane Oxandabaratz   «Ez da musik», 2006 - 131. orr.

-Gaixoak! -erran zien Ninak asperturik.  Ramuntxo Etxeberri   «Skyroom», 2004 - 31. orr.

Emaztea errainarekin garatzen ziren pataska etengabeez aspertuta zegoen.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 48. orr.

Aspertu egiten ninduten lotutako bezeroek.  Joxan Elosegi   «Ahardikeriak» - Marie Darrieussecq, 2004 - 36. orr.

- Ez dut uste ezer larria izango denik -Pili, botikaria, asperturik dago.  Eider Rodriguez   «Eta handik gutxira gaur», 2004 - 33. orr.

Gazteak izan arren, halako eszeptizismo bat sentitzen zuten guztiarekiko, bizitzaz aspertuak egongo balira bezala.  Aritz Gorrotxategi   «Egurra Pinotxori», 2002 - 46. orr.

Jende asko aldatzen da maitalez, honetaz edo hartaz aspertuta dagoenean, zergatik ez.  Javi Cillero   «Hollywood eta biok», 1998 - 95. orr.

Dena sailkatzeko zuen behar obsesiboak begiradak berak ere klasifikatzera eraman zuen Cesar Telleria, ez aspertzeko.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 27. orr.

Gora eta behera ibili behar aspertzeraino, loak hartuko badu.  Arantxa Iturbe   «Ai, ama», 1999 - 39. orr.

Oinez ibiltzeaz aspertzen naizenean, liburudenda batera joaten naiz goizero.  Harkaitz Cano   «Piano gainean gosaltzen», 2000 - 19. orr.

Honekin guztiarekin aspertzen hasia nintzela, atzera gorde du luma.  Urtzi Urrutikoetxea   «Zoririk ez» - Imre Kertész, 2003 - 20. orr.

Ez dio gauza handirik esaten bere lanbideaz, ez du aspertu nahi-eta.  Oskar Arana   «Lotsaizuna» - John Maxwell Coetzee, 2004 - 10. orr.

Ez naiz sekula aspertzen haren eskuak oihalean sortzen duen irudi berriari segika.  Hasier Etxeberria   «Mutuaren hitzak», 2005 - 23. orr.

Nekatzen hasia nengoen, nekatzen eta aspertzen.  Jasone Osoro   «Korapiloak», 2001 - 33. orr.

Horrek aspertzen zuen, eta hortik seriotasuna.  Jon Alonso   «Erretzaileen eremua», 2006 - 42. orr.

Alargundu zenetik, eta baziren hamar bat urte aitona hil zela, ez zuen, berak halaxe zioen behintzat, aspertzeko astirik izaten.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 13. orr.

Ezer gertatzen ez zela ikusi zuenean, atzera berriz zurrungan... ez aspertzearren, noski.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 63. orr.

Aspertu, ez nintzen aspertzen; nire bizitza bost axola zitzaidala, hori zen guztia.  Jesus Mari Mendizabal   «35 kilo esperantza» - Anna Gavalda, 2004 - 43. orr.

Zer mugitu pentsatzeaz aspertuta edo, bestetara lerratu zaio pentsamendua.  Imanol Zurutuza   «Errautsera arteko sugarra», 2002 - 25. orr.

Beirarekin ordu betez borrokan aspertu ondoren, nazkaturik eta umiliaturik geunden.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 45. orr.

Eta horrela, oinazez beterik, auzokoak ere aspertuta zeuzkan bere etengabeko uluekin.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 454. orr.

Sagarduik beti egin behar izaten zion aurre Otalorari, ez genuen aspertzeko arriskurik.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 117. orr.

Eta luze lo egin ahal izango zuten, baina Peter aspertu egiten zen lotan, eta laster hasten zen oihuka, kapitain-ahotsa jarriz:  Julen Gabiria   «Peter Pan» - James Matthew Barrie, 2004 - 72. orr.

Kezka datorkie bat-batean, kontu-jalea aspertu izango ote duten beldurra, eta asperduraren aurka ezagutzen duten erremediorik onena eskaintzen dute: edatekoa eta jatekoa.  Arantxa Iturbe   «Kontu-jaten», 2006 - 19. orr.

Eta biekin aspertu nintzen.  Joan Mari Irigoien   «Ipuin batean bezala», 2002 - 108. orr.

Aspertzen nintzenean, etxejabeen etxera joaten nintzen, Yonsuk andrea ikustera.  Juan Kruz Igerabide   «Txoria» - Oh Jung-hi, 2006 - 36. orr.

2 (era burutua izenondo gisa)

Gainontzeko guztia burges aspertuen joko merkeak iruditzen zaizkit.  Iñaki Arranz   «Hitza azti», 2006 - 250. orr.

Duela bi aste ikasgela batean zegoen, aberriko gazteria aspertuari aditzen aspektu burutuaren eta burutugabearen arteko aldea azaltzen, edan dut eta edan ohi dut aditzen artekoa, erretzen da eta erre da aditzen artekoa.  Oskar Arana   «Lotsaizuna» - John Maxwell Coetzee, 2004 - 95. orr.

Emakume-arropaz jantzitako hezurdura bat eromenez bihurritzen zen, mahaiaren inguruan jirabiraka, sorbalda hezurtsuei abiada ikaragarrian eraginez, eta gero berriro isiltasuna, ordena, beltzez jantzitako emakume eratsuak, gizonezkoen aurpegi aspertuak.  Jose Morales   «Zazpi urkatuak» - Leonid Nikolaievitx Andreiev, 2006 - 202. orr.

Umorearen bidez zabaldu zuten euren kritika: Planak hiriburu aspertua du xede, toki monumentala eta postaletan distira egin dezan, baina elkar topatzeko nahiz elkartasunerako lekurik gabea.  Txema Ramirez de la Piscina   «Ikus gaitzazuen», 2004 - 81. orr.

Kapela eserleku baten gainera jaurti eta gizon aspertuaren aurpegia jarri zuen.  Koldo Biguri   «On Camillo» - Giovanni Guareschi, 2001 - 220. orr.

Ez nion jaramonik egin ate aurrean aparkatuta zegoen jeep militarrari, gidari aspertua bolanteari helduta zeukala.     «Ispiluen gainean lotan» - Jordi Sierra i Fabra, 2004 - 231. orr.

Goizeko langileek alde egindakoan erretiratuak agertzen ziren, zaharren etxean baino denbora-pasa hobea nuela-eta; geroxeago langabetu aspertuak.  Xabier Mendiguren Elizegi   «16 ipuin amodiozko», 2002 - 208. orr.

Eguzkia noiz sartuko zain, hantxe zegoen zirkulu triste hartan beren profetaren atzeko zeruko puntu batera begiratzen zuen emakume aspertuen ondoan, eta goiza itzul zedin desiratu zuen.  Koro Navarro   «Artistakume baten erretratua» - Dylan Thomas, 1999 - 205. orr.

Eta gure agintariek munduari belauntzi batean buelta eman dion abenturazale aspertuari omenaldia egingo diote.  Pako Aristi   «Gelatxo, soinuaren bidaia luzea», 2001 - 75. orr.

Apustugileak berriz, gizajo jendea ziren, gutxik zuten esperientzia hura errepikatzeko itxura; beren bizitzarekin zer egin jakin ez, eta emozio berriak agindu zaizkien ludopata aspertuak besterik ez ziren gehienak.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 155. orr.

Nik, betiko legez, keinu aspertua egingo nuen eta nire logelan giltzapetuko nintzen, bere kexuak ez entzutearren.  Sonia Gonzalez   «Ugerra eta kedarra», 2003 - 43. orr.

Horregatik izango du, segur aski, aspertu itxura hori hirurok elkartzen garenean.  Antton Olano   «Fidel izan beharraz» - Oscar Wilde, 2000 - 67. orr.

Eta zer esanik ez amaginarrebaren jardun aspertuak, isildu gabe jarraitu baitzuen erretolikan, auzoko guztien aurrean barregarri geratu zirela esaka: nitaz harro, atxilotu egin nindutela kontatu, eta mundu guztiak jakingo zuela ordurako manifestaldira joan ere ez nintzela egin.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 306. orr.

Bigarren inguruan, herrokan, beltzez jantzirik, txapela buruan makurturik eta erietan urrezko eraztunak eki sortu berriarekin jostetan dirdiran, ezpainez keinu aspertuak marraztuz, martxandiza eskuaz haztatzen zuten.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 78. orr.

Eta taberna hutsean tabernari aspertuarekin solasean emanen dituzu orduak, nobeletako mozkorren moduan, hau da, historiak eginez.  Joseba Sarrionandia   «Lagun izoztua», 2001 - 396. orr.

Denak balakatzen zituen, baina asmo oneko ironia tonu batez beti, diren guztiak dastatu dituen hedonistaren jarrera aspertua hartuta.  Koro Navarro   «Zortzi kontakizun» - Isaac B. Singer, 2002 - 52. orr.

Neska atzeraxeago gelditu da, aspertu antzean.     «Bizia lo», 2003 - 58. orr.

[...] Martxa hungariarraren pianorako egokipena jotzen zuen sarri eta kemen osoz, piezaren erritmo eta festa-giroaz hoteletik irten ere ezin zen jendearen aldarte aspertuak alaiturik.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 175. orr.

Politikariak elkarren artean solas aspertuan ari ziren bitartean, asko eta asko buruari birak ematen ibili ziren.  Berria - Harian   2005-10-16

3 (era burutua izen gisa)

Bileretan ere erlojuari begiraka hasten zen lehenengo hogei minutuak bete orduko, eta handik aurrera hamaika modutara adierazten zuen bere aspertua.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 409. orr.

Delineazio akademian matrikulatzera etorri naiz hona goizeko autobusean, baina ez naiz konturatu gaur larunbata dela eta itxia zegoen eta aspertuan egon behar izango nukeen goiz osoan arratsaldeko autobusaren zain eta horregatik jarri naiz auto-stop egiten bide bazterrean.  Koldo Izagirre   «Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri», 1998 - 10. orr.

Aspertu ederrak hartzen nituen hartan, baina ez nintzen horratik gogaitu, nire gogoa beste zerbaitetan erabiltzeko aukera bainuen.  Joxan Elosegi   «Durduzaz eta dardaraz» - Amélie Nothomb, 2003 - 54. orr.

4 (adizlagunekin)

Nahikoa aspertuko zen hemen.'  Joseba Sarrionandia   «Lagun izoztua», 2001 - 38. orr.

Ordurako, ni ez nintzen momentuan ohartu baina, Mari, guztiz asperturik, nonbait, autora erretiratua zen.  Joxemari Iturralde   «Euliak ez dira argazkietan azaltzen», 2000 - 20. orr.

Bizi energia amiño bat etsitua, askitto aspertua eta ahitua, beste "orden" eta "kaos"aren arteko azeri-ezteien menturan... -.  Jose Angel Irigaray   «Denboraren mugan», 2005 - 13. orr.

Aurki aspertu zen, ordea.  Harkaitz Cano   «Belarraren ahoa», 2004 - 19. orr.

Bakarrik egoteko gogoa zeukan, lasai aspertzeko beharra, azken aldaketei buruz hausnarketa serioa egiteko premia espirituala.  Karlos Linazasoro   «Ez balego beste mundurik», 2000 - 60. orr.

Hasieran, saiatu zen zertxobait baratzean, uraza, porru eta zerba batzuk jarririk, baina laster aspertu zen.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 102. orr.

Liburuarekin eta kultur taldearekin asko aspertzen bazen begiratu bat egin ahal izango zion.  Fernando Morillo   «Gloria Mundi», 2004 - 61. orr.

Ordu erdi baino gehiago zain neramala, batere autorik ikusi gabe eta jadanik aspertzen hasita, zuhaitz batera hurbildu eta pixa eginean hasi nintzen.  Aitor Arana   «Onan», 2000 - 96. orr.

Baina itsasoan ingeles ontzirik ageri ez, Laclos gogotik aspertu bide zen eta idazten eman zituen hango ordu luzeak; han izan zuten beraz sorrera "Harreman arriskutsuak" liburuko lehenengo gutunek.     «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos, 1997 - 9. orr.

Izugarri aspertzen ginen oporrak heltzen zirenean.  Iban Zaldua   «Itzalak», 2004 - 126. orr.

Segituan aspertu omen zen, ordea, eta Honorine eta seme-alabak alde batera utzirik, buru-belarri lanari lotzen zitzaion.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 17. orr.

Maeder izeneko patroi batek hartu zuen; Jean haren lantokian, uste izan zuenaz kontra, oso aspertu zen, lau urtez piezak leundu, ez baitzuen besterik egin.  Pablo Sastre   «Eguzkipekoak», 2003 - 128. orr.

Azkenean, zeharo asperturik, barruan zeraman isilpekoa agertu zion:  Jose Antonio Mujika   «Agindutako lurraren bila II», 2002 - 41. orr.

5 berba-aspertu hitz-aspertua.

Behin batean, Perok, Basurtokoarekin gerrako antzeaz berba-aspertuak egitera ganbarara etortzen zenak, liburuetarako nuen gogoa ikusirik, halako izkribu dotore bat eskaini zidan.  Edorta Jimenez   «Sukar ustelaren urtea», 2004 - 160. orr.

· Azkar batean joan behar duk entrenura, baina badaukak denbora apur bat berba-aspertutxo baterako?  Josu Landa   «Odolbildua», 2002 - 62. orr.

6 hitz-aspertu (orobat hitzaspertu) iz

Errautsezko esanak dira zuen hitz-aspertuak, buztinezkoak zuen erantzunak.  Elizen arteko biblia   Jb 13,12

Horrek aukera emango digu hitz-aspertu polit bat egiteko.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 115. orr.

Goiz batean, gosarian, hitz-aspertu eder bat hasi nuen, ikaslea nintzela esateko.  Fernando Rey   «Paradisuko Almanaka» - Gianni Celati, 2005 - 27. orr.

Eta, hala, gerratik itzuli nintzenean, hitz-aspertu bat egin nian Krisztinaren aitarekin.  Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai, 2003 - 195. orr.

Elkarrekin izan genuen hitz-aspertuaren erdian, ametsa ekarri nuen jardunaren harira.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 18. orr.

Hietzingeko etxeko gaueko hitz-aspertu haiek, maisu eta ikaslearen arteko jardunaren tankera hartu zuten.  Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai, 2003 - 69. orr.

Ez dakizu zenbat gauza jakitera irits zaitezkeen itxuraz interesik gabeko bizpahiru hitzaspertu egin ondoren.  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 307. orr.

Irratietako hitz-aspertuak entzutea edota egunkariak irakurtzea.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 75. orr.

Irrati edo telebistako hitzaspertu luzeetan.  Pako Aristi   «Venezuela, iraultza isilaren hitzak», 2000 - 93. orr.

· Edonon, edozelan, hitz aspertuan aritu beharra.  Paddy Rekalde   «Ragga-ragga dator gaua», 2006 - 8. orr.

Eta itsas-haizeak aurpegia belztutako arrantzale batzuk hitzaspertuan, godalet lodiak harrigarrizko abiadan husten diren mahai baten inguruan.  Berria - Kultura   2004-12-26

· Nahiago nuke mutil gazte horrekin hitz-aspertutxo bat izateko modurik banu.  Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker, 2006 - 188. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus