Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

abandonatu, abandona(tu), abandonatzen (ETCn 5.352 agerraldi) 1 du ad bazterrera, alde batera utzi; eskutik utzi; bertan behera utzi; utzi. (bizidunez mintzatuz)

Beren kapritxoa bete ondoren emakumeak abandonatzen dituzten gizonen kontrako betiko erretolika bota zuen.  Joseba Urteaga   «Gertakizuna» - Annie Ernaux, 2003 - 31. orr.

Azken boladan bizi izan zen emakumeak abandonatu egin zuen, eta sorgin horietakoren batengana joana zen.  Koldo Izagirre   «Elgeta, sasiaren sustraiak», 2001 - 26. orr.

Inork ez duela abandonatzen oraindik maite duena.  Iban Zaldua   «Etorkizuna», 2005 - 100. orr.

Elkar bizitzako zazpi hilabeteren buruan abandonatu ninduen, ez ninduela gehiago desiratzen argudiatuz.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 188. orr.

Espero dut, baita ere, emaztea eta haurrak ikustea, zeinak nik, zera... abandonatu egin nituen.  Eskarne Mujika   «Berdin dio» - Agota Kristof, 2005 - 8. orr.

Beso guztiak luzatu ziren Peterrengana, bat-batean aireak alde horretarantz jo izan balu bezala; mutu baina erreguka ari ziren, abandona ez zitzan.  Julen Gabiria   «Peter Pan» - James Matthew Barrie, 2004 - 155. orr.

Adiskideok, ez ni abandona.     «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos, 1997 - 501. orr.

Han aitak saldu egiten ditu alabak, eta abandonatu egiten ditu semeak.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 104. orr.

Kostaldeko guztiek hala uste dute, abandonatzen den hildako marinelaren espektroa azalduko dela goiz edo berant hilobi eske.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 273. orr.

Nekazariek nahiago dute semea izan alaba baino eta, beraz, neska jaio berriak abandonatu egiten dituzte edo ez dituzte erregistratzen.  Berria - Gaiak   2004-04-06

Aitak zin egin dik haurra karrikan abandonatuko duela.  Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea, 2004 - 16. orr.

Ni ez abandonatzeko erregutzen diot Laurari, baina ezetz esaten dit negarrez, ez abandonatzeko eskatzen dit Norak baina nik ez diot begiratu ere egiten.  Mikel Hernandez Abaitua   «Ohe bat ozeanoaren erdian», 2001 - 144. orr.

Ziur naiz ezen baldin hura abandonatzeko burutazio ona baneuka, etsia hartuko lukeela.     «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos, 1997 - 50. orr.

Jaungoikoa abandonatuz gaitzari emanda bizi diren hiri lurtarreko biztanleek bizitza honetako nekeak eta estuasunak sufrituz gain betiko heriotza izango dute azkenean.  Imanol Unzurrunzaga   «Hainbat idazlan» - San Agustin, 2003 - 28. orr.

Remy Martinen berotasunak abandonatu izan banindu bezala, eta aingeru guardakoaren babesak harekin batera, erorialdi bat sentitu nuen barnealdean: nire arima, hain zuzen ere, oinetaraino erori izan balitzait bezala.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 232. orr.

Orduan egiaztatu zenuen haren leialtasuna, arrisku gune larrietan abandonatu ez zintuelako.  Imanol Unzurrunzaga   «Hainbat idazlan» - San Agustin, 2003 - 268. orr.

Emazteak abandonatu egin zuen Falcone, beti zebilen lanean, ez zuen ia inoiz ikusten, bigarren emaztea berarekin hil zen mafiaren atentatuan.  Mikel Hernandez Abaitua   «Ohe bat ozeanoaren erdian», 2001 - 27. orr.

Bi haurrekin abandonatu hau.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 177. orr.

Beste batzuek, ordea, Jainkozale zintzoak eta adimen bikainez hornituak, ezin sinetsi dute Jaungoiko gorenak abandonatu gaitzakeenik.  Imanol Unzurrunzaga   «Hainbat idazlan» - San Agustin, 2003 - 72. orr.

Angustiak kateztatzen nau eta horixe zitzaidan gau hartan gertatu, antsiak hondarrean abandonatu ninduen arte.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 17. orr.

Galdua sentitzen zen Lauaxeta, bakarrik, deserroturik, abandonaturik, arrotz Euzkadi edo Euskal Herri berri, bizi eta interesgarri hartan.  Juan Luis Zabala   «Agur, Euzkadi», 2000 - 35. orr.

Operazioa kaotikoa izan zen, eta harresien aurrean geratu ziren, abandonatuta, mertzenario asko.  Berria - Harian   2006-03-07

Senarrak abandonatuta, diru premian zeuden ama eta biak.  Xabier Montoia   «Baina bihotzak dio», 2002 - 231. orr.

Gaur egun, jainkoek abandonaturik, eri dago: "parkinson" eritasuna dauka.  Ramuntxo Etxeberri   «Skyroom», 2004 - 288. orr.

Reginak lekuak hustu zituen, suaren aldamenean haur sortu berria eta umeontzi odoltsuak abandonaturik.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 287. orr.

Biltegiko gela handi batean, mahai batean lerraturik, bi hilotz ikusi zituen ilunpean abandonaturik.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 149. orr.

Baina ba ote zegoen nork bere burua horrela abandonatzerik, inongo xederik gabeko itzulinguruak eginez bidaiatzerik, erabateko noraezean ibiltzerik?  Juan Luis Zabala   «Agur, Euzkadi», 2000 - 58. orr.

Jendeak krokodiloak bainuontzian hazi eta haiekin aspertzean estolderietan abandonatzen dituen hiri batez ari gara.  Harkaitz Cano   «Piano gainean gosaltzen», 2000 - 69. orr.

Bidelapurrei, beso-hankak hautsi ondoren, gurpila ematen zitzaien; plazako habe bati loturiko gurdi-gurpil baten gainean ezartzen zituzten eta hiltzen uzten, heriotza luzera kondenatuz, agonia mingarrira abandonatuz.  Felipe Juaristi   «Airezko emakumeak», 2003 - 170. orr.

Ceaucescuren garaietan 100.000 ziren abandonatutako haurrak.  Berria - Mundua   2004-06-20

2 (da aditz gisa) pasiboki amore eman.

Danielak begiak itxi zituen eta Paulen eskuetan abandonatu zen.  Jasone Osoro   «Korapiloak», 2001 - 98. orr.

Hona iritsita, Berlusgoñi, arizale trebatuaren gisan, isilune luzean abandonatu zen.  Jon Alonso   «Euskal karma», 2001 - 67. orr.

Eta zu, berriz, tximinietan abandonatzen zara!  Itziar Otegi   «Axenario» - Jules Renard, 2006 - 29. orr.

Baina irakurtzen hasi eta hain ongi egin zuen -antzezlari trebea bailitzan-, non ezin izan nituen hitzak banan-banan jaso; esan nahi dut testuari abandonatu nintzaiola.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 181. orr.

3 (gauzez mintzatuz)

Ez omen ditek trintxera abandonatu nahi.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 362. orr.

Zenbait marinel zaharrek ontziko txakurrak legez egiten dute, ez dute baforea abandonatu nahi.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 87. orr.

Behiala merkantzia sartu-irten eta jarduera handia izan zuten lokal orain hautseztatu eta leihorik gabeak, laurogeiko hamarkadan [...] jonkien babesleku izandako komun apurtuak, dagoeneko geratzen ziren jonki apurrek ere leku erosoagoen mesedetan abandonatuak.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 15. orr.

Trumoi eztanda latz batek berritu zuen erasoa, etxe bazterretara eta taberna barruetara sakabanatu ziren dantzariak, kioskoa abandonatu zuten musikoek.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 103. orr.

Amaieran, etxea hutsik eta abandonatua aurkitu zuen, sasiak eta huntzak guztiz janda.  Juan Luis Zabala   «Agur, Euzkadi», 2000 - 152. orr.

Hogeita hamazazpi urtetan arrakastarik izan ez duen borroka-mota abandonatu behar zenukete lehenbailehen, eta hori garbi ikusten ez duena itsua duk.  Mikel Hernandez Abaitua   «Ohe bat ozeanoaren erdian», 2001 - 79. orr.

Kasamatan sentitu zuen gosea lehenengo aldiz, eta handik aurrera goseak ez zuen sekula abandonatu.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 29. orr.

Egun osoan abandonatu ez ninduen buruko mina biziagoturik, garunak urratu beharrean nituen orain.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 47. orr.

ETAk nazionalismo aranazalearen Jainkoarenganako sinesmen programatikoa abandonatzean, zera erabaki zuen, haren "Beste" nagusia ez zela beharrezko.  Joseba Zulaika   «ETAren hautsa», 2006 - 33. orr.

Jaioberria zela, Santa Adalsindaren egunean utzi zuten abandonatuta komentu batean.  Iñaki Arranz   «Hitza azti», 2006 - 118. orr.

Bide ertzeko zangetan auto matxuratuak abandonatuta.  Josu Zabaleta   «Gerrako pilotu» - Antoine Saint-Exupéry, 2003 - 21. orr.

4 (adizlagun eta kidekoekin)

Oso abandonatuak dauzkagu sozialak, zailak dira harremanak baina.  Koldo Izagirre   «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak», 1999 - 126. orr.

Hotelaren eta errepide nagusiaren artean orube bat zegoen, erdi abandonaturik, eta orubearen bazter batean txabola bat, hondakinez eta traste zaharrez beterik.  Anjel Lertxundi   «Zorion perfektua», 2002 - 167. orr.

Guztiz abandonatuta naukazu, Mikel.  Patxi Iturritegi   «Behi eroak», 2003 - 56. orr.

Berritzailea izan bazen ere, estilo klasikoa ez baitzuen behin ere arrunt abandonatu Gargallok.  Berria - Kultura   2004-06-29

Tamalez, Iñigok bere ondoan eserarazi nau jatetxera heldu bezain pronto, eta Charlyk doilorki abandonatu nau Ruben ezkongabe-berriagatik.  Iban Zaldua   «Traizioak», 2001 - 97. orr.

Mugaz bestaldeko plantazioa aspaldiko hilabete haietan zeharo abandonatuta zegoelako zurrumurruak ere ez gintuen ernarazi.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 54. orr.

Ezin gaituzte horrela abandona!  Karlos Linazasoro    «Glosolaliak», 2004 - 45. orr.

Handik aurrera bakarrik egon zen Taibele, bi bider abandonaturik, aszeta batek lehenbizi eta deabru batek gero.  Koro Navarro   «Zortzi kontakizun» - Isaac B. Singer, 2002 - 32. orr.

5 (era burutua izenondo edo izen gisa)

Haur bat eman zuela mundura eta soldaduek kendu eta haur abandonatuen etxera eraman zutela.  Eneko Bidegain   «Anbroxio», 2002 - 64. orr.

Barkatu hain gaizki portatzen banaiz, baina askotan haur abandonatu bat bezala sentitzen naiz, beldurrak josia eta bakardadeak iltzatua.  Joan Mari Irigoien   «Ipuin batean bezala», 2002 - 177. orr.

Hogeita hamahiru urterekin, emazte abandonatua zela konturatu zen Taibele.  Koro Navarro   «Zortzi kontakizun» - Isaac B. Singer, 2002 - 18. orr.

Atzo, adiskide ederra, arratsaldeko hiru orenetan, berriak berantesten nituenez, emakume eder abandonatu horren etxera joan nintzen; jalgi zela erran zidaten.     «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos, 1997 - 461. orr.

Elokuentziaz eta berotasun handiz hitz egin zuen mitin hartan; haur abandonatuez, eskaleez, emakume eroriez.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 75. orr.

Miseria gorrian zegoen ume abandonatu hura.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 68. orr.

Lakuaren ertzera isil-isilka joaten zenean, taldeka ikus zitzakeen, batez ere Abandonatuen Haitzean, eguzkitan egoteko leku hori gustatzen zitzaien-eta.  Julen Gabiria   «Peter Pan» - James Matthew Barrie, 2004 - 116. orr.

Ehunka badira ehortziak ez direnak, osoki ahantziak, utziak, abandonatuak.  Herria   2003-09-04

Abere gaixo, abandonatuak balira bezala, beren hiltegi zikinetara eramaten dute jende gaixo hori.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 105. orr.

Tatariarrei aurre hartu zien, Tomsken geldiaraziak baitzeuden, eta, emirraren soldaduak Krasnoiarskera iristen zirelarik, hiri abandonatu bat baizik ez zuten aurkituko.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 355. orr.

300 hektareako lur sail abandonatu batean.  Berria - Mundua   2004-06-02

Han egon beharko zukeen New Harlem hotelak, baina leihoak adreilu eta porlanez estalita zeuzkan eraikin abandonatu batekin egin nuen topo.  Iñaki Zabaleta   «110. Street-eko geltokia», 2003 - 189. orr.

Eliza abandonatu bateko isiltasuna zegoen han kanpoan, soro atze-atzean baratzez inguratutako patioan.  Josu Zabaleta   «Gauza baten ametsa» - Pier Paolo Pasolini, 1998 - 224. orr.

Koipegin hordi batek labanorri zabal bat hondoratua zion lepoan, elkarrekin zeutzala, landa-arras, ehorztegi abandonatu bateko lauzen gainean.  Juan Garzia   «Bizi alegiazkoak» - Marcel Schwob, 2002 - 67. orr.

ESKULTURA BAT PARKE BATEAN, geltoki abandonatu baten ondoan.  Eskarne Mujika   «Berdin dio» - Agota Kristof, 2005 - 7. orr.

Nire lekua ez zegoen hirietako parke abandonatuetan, ez herri txiki bateko lasaitasunean ez eta lanordu errepikakorren segurtasunean ere.  Pako Aristi   «Gauza txikien liburua», 2004 - 95. orr.

Destilategi abandonatua zirudien lokalak.  Josu Landa   «Odolbildua», 2002 - 145. orr.

Miaketa xehea egin zen gaztelu abandonatuan.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 172. orr.

Uranio meategietan lanean zebiltzan indioak gordetzen ziren aterpe abandonatuetan.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 44. orr.

Dagoeneko aipatu dugu suntsitzen ari den estatu unibertsal baten eremu abandonatuan sartzen diren barbaroak etorkizunik gabeko heroiak direla.  Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee, 2000 - 32. orr.

Hala topatuko duzue ikatz harriz egindako eliza hondatu hori, ikatz meatzeak, bagoneta trabes eskoratua trenbide abandonatuan, burdinazko armazoiak, moila zaharra.  Joseba Sarrionandia   «Lagun izoztua», 2001 - 229. orr.

-Hara, txinbo, ikusi duk hori? -galdetu zuen Gorkak orubearen beste muturra seinalatuz, pneumatiko-biltegi abandonatu bat zegoen aldera-.  Patxi Iturritegi   «Behi eroak», 2003 - 99. orr.

Pendizean behera errekazuloraino eroritako auto abandonatu eta herdoildua.  Juan Luis Zabala   «Agur, Euzkadi», 2000 - 22. orr.

Eta hemen berriz borda bat erdi abandonatua.  Piarres Aintziart   «Santiago oinez», 2000 - 59. orr.

Portziunkulako Andre Maria zeritzan eliza pobretxo eta ia abandonatu bat aurkitu zuten.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 469. orr.

Mendialde guztia ibili dut goitik behera don Bartolomé San Juan ezkutatzen den txokoaren bila, harik eta azkenean topatu dudan arte, hango zulo batean galduta, enborrez egindako txabolamodu batean bizitzen, zera, La Andrómedako meatze abandonatuak non dauden ba hantxe.  Juan Garzia   «Pedro Páramo» - Juan Rulfo, 2001 - 114. orr.

Izaki abandonatuak iruditzen zitzaizkion portaletako sofak, inon diren abandonatuenak igual.  Unai Elorriaga   «Van't Hoffen ilea», 2003 - 49. orr.

Auzo zahar abandonatua, arrotza zaion mende berri baten atarian.  Berria - Kultura   2004-01-27

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus