Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

aberastasun (ETCn 10.882 agerraldi; orobat aberastarzun g.er. eta aberatstasun g.er.) 1 iz ondasunen ugaritasuna; aberatsa denaren nolakotasuna.

Erregea sinesgaitz agertu zen, baina agindutakoa lortuz gero, aberastasunak eta ohore handiak agindu zizkion.  Patxi Zubizarreta   «Mila gau eta bat gehiago» - Anonimoa, 2002 - 28. orr.

Ez zaituztegu hemen bildu jakiteko zenbat agindu beharko genizuekeen, aberastasunez oparo zareten horiei, gure opariek areago aberasturik, gurekin hiri hau setiatzeko geldi zintezten.  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 61. orr.

Ostera, esklabutza, txirotasun, aberastasun, askatasun, gerra, bake, euren etortzez edo joatez izaera aldagabe uzten duten gainerako guztiei, bidezko denez, gertakariak deitzen diegu.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 57. orr.

Gobernu honen gaitzik handienetakoa gehiegizko biztanleria da, eta ez da egia soberan dauden horiek aberastasuna direla estatuarentzat.  Juan Martin Elexpuru / Bego Montorio   «Filosofia apaingelan» - Sade, 2001 - 106. orr.

Hori ez da aberastasuna, hori ez da hizkuntza jakitea; petralkeria eta sasiletratukeria besterik ez da hori.  Koldo Zuazo   «Euskararen sendabelarrak», 2000 - 143. orr.

Aberastasun anitz bada, iduritzen zaizkizunak baino aise handiagokoak.  Aurelia Arkotxa   «Septentrio», 2001 - 87. orr.

Horrek guztiak aberastasuna sortzen du, baina tratamentua ez da holakoa unibertsitateekin, ongi ez dakigula zergatik.  Juan Ignacio Pérez / Pello Salaburu   «Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur», 2003 - 48. orr.

Lagunak deabruaren eskolaz hitz egin zionetik, Axularrek ez darabil besterik buruan: jakituria eskuratu nahi du Axularrek, harentzat edertasuna eta aberastasuna "lore ttipi eta laburrak" baitira.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 55. orr.

Arrazoia dauka amak: erregeak, bere luxu, aberastasun eta sofistikazio guztiarekin, ez du bere bizitzan amuarrain hauek bezalakorik jan.  Pako Aristi   «Gauza txikien liburua», 2004 - 89. orr.

Egizak barre hik, nahi baduk, fritztarrak ez zeudean nahastuta: gizon bat horrelako ezkutuko atsegin lekuan, eskuak aberastasunez beterik, harrapatzen bada, arriskutsua nahitaez gizon hori.  Josu Zabaleta   «Lorategi beldurgarriak» - Michel Quint, 2003 - 32. orr.

Zahartzaro ona eman ondoren hil zen, urtetan aurreratua, aberastasun eta ospez betea. Haren seme Salomon izan zen hurrengo erregea.  Elizen arteko biblia   1 Kro 29,28

Edertasuna, aberastasuna eta jakituria dira deabruaren eskolan izena ematen dutenen apetak, eta itzala pagamendu.  Anjel Lertxundi   «Mentura dugun artean», 2001 - 158. orr.

Behatoki altuena izanik, 766 metroko altueran kokatua, neguko nola udako datuen uneoroko aberastasuna bildu eta gorde nahi zuten.  Pello Zabala   «Zeruan zer berri», 2006 - 68. orr.

Ene gizon gorena, Atenastar hori, izenean eta indarrean handiena eta entzutetsuena den hirikoa, ez al zaitu lotsarazten aberastasun, ospe eta ohore ahalik eta handienak edukitzeaz arduratuta ibiltzeak, jakinduriaz, egiaz eta arima onenaren izaeraz arduratu eta kezkatu beharko zenukeenean?  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 31. orr.

Noizbait, hil egin zen azken alaba, aitaren etxean bizitzen geratu zen bakarra, eta agurea bakar-bakarrik gelditu zen, bere aberastasun guztien jagole, zaindari eta jabe.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 177. orr.

Eztabaidan aritu ziren, zein bere herriaren bikaintasunen alde, eta herri-kantuetatik usadioez eta aberastasunaz hitz egitera igaro ziren.  Koro Navarro   «Zalakain abenturazalea» - Pio Baroja, 2006 - 94. orr.

Elizetako aberastasunak ere ebatsiak baitziren denbora berean, ez da harrigarri euskaldunek ez onartzea holako lege eta egitate tzarrak.  Angel Aintziburu / Jean Baptiste Etxarren   «Luzaiden gaindi», 2002 - 116. orr.

Lehenik mutikoari esplikatzen dio Euskal Herriko anitz elizetan bezala Baigorrin ere hil-harriak eliza inguruan zirela, eta harri borobilak bazirela eta zer ziren, euskal ondarean aberastasun bat, zoritxarrez errespeturik gabe hautsiak izan direnak edo ebatsiak.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 62. orr.

Émilie hartaratzea izan nuen zailtasun bakarra, auzapez haren aberastasunak arranguratuxe baitzeukan.     «Harreman arriskutsuak» - Choderlos de Laclos, 1997 - 152. orr.

Zeharka begiratu eta emakume asko ezezagunak zituela ohartu zen, kanpotarrak beraz, printzeen ospeak eta aberastasunak erakarriak.  Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa», 2002 - 151. orr.

Frantzia, beste gerla bat galdurik, garapenerako eta aberastasunerako bidean zegoen berriz eta artetan gerlaz oroituz, medaila hemen, xingola han, Aljeriako soldado ohiak frantses patriota berri bihurtu ziren gehienak.  Piarres Aintziart   «Azken apeza», 2005 - 91. orr.

Aski dute beren borondate iruzurgilearen nahikunde bat, eta printze, enperadore edo jainko bihurtzen dira, munduko aberastasun guztien jabe bihurtzen dira, bizitzako gozagarri guztiak eskuratzen dituzte, plazer guztiak gozatzen, beti indartsu dira, beti eder, beti gazte, beti maitatu!  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 339. orr.

Ezkondu egiten dira, ez neskatxa maite dutelako, haren dotea eta haren etxeko aberastasuna irrikatzen dutelako baizik.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 86. orr.

Famatua zen leku hori zituen aberastasunengatik.  Aurelia Arkotxa   «Septentrio», 2001 - 76. orr.

Gerora, bizitzak aurrera egin ahala, pentsatu nian aberastasuna ez daitekeela barka, beharbada.  Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai, 2003 - 129. orr.

Erregeak, gainera, Mordreten esku utzi zituen aberastasun guztiak, itsasoaz bestaldetik eskatuz gero berehala bidaltzeko aginduarekin.  Juan Kruz Igerabide   «Artur erregearen heriotza», 2005 - 90. orr.

Ez zen maitasuna, inondik ere, ez loria, ezta aberastasuna ere.  Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre, 2003 - 78. orr.

Zuhaiztian, indartsu, zaratatsu ordurako, udaberriak bete-betean erakusten zituen bere aberastasunak.  Joxemari Urteaga   «Ordaina zor nizun», 2001 - 209. orr.

Ez dut ukatuko uste horien alderdi zuzena, baina egokiagoa eta onuragarriagoa litzateke bertute eta aberastasun horiek euskalkietan banatuta egon beharrean, denak batuta egongo balira euskara bakarrean.  Koldo Zuazo   «Euskara batua», 2005 - 48. orr.

- Nola zitekek pertsona bakar batek hainbeste diru?, nondik hainbeste aberastasun?  Hasier Etxeberria   «Mutuaren hitzak», 2005 - 100. orr.

Herensugearen sinboloa izanki, mendiak boterea eta aberastasuna segurtatzen ditu.  Ramuntxo Etxeberri   «Skyroom», 2004 - 89. orr.

Iraultzak aberastu zuen Goriot lotsagarri zaie alabei, aitaren aberastasunak goititu baditu ere sorkuraz ez zegokien gizarte goialde aristokratikora.  Markos Zapiain   «Errua eta maitasuna», 2002 - 27. orr.

Gure aberastasunaren erakusgarri dira.  Txema Ramirez de la Piscina   «Ikus gaitzazuen», 2004 - 136. orr.

Hitzeman bezala, aberastasun ugari eskaini zizkion eta, esker onez, bere konfiantzako kontseilarien artean hartu zuen.  Patxi Zubizarreta   «Mila gau eta bat gehiago» - Anonimoa, 2002 - 29. orr.

- Aberastasun asko ekarri nuen, bai, lagunok, baina ez dut horietaz gozatzeko pozik izan.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 18. orr.

Gure aberastasunari mugarik jarri ezean, munduko miseriak mugagabe hazten jarraituko du.  Pako Aristi   «Note book», 2005 - 63. orr.

Emandako hitza betetzen ez duena, diru edo aberastasun baten truke.  Pako Aristi   «Venezuela, iraultza isilaren hitzak», 2000 - 141. orr.

Hitlerrek Alemania eder batez hitz egiten zigun: lana faltako ez zen Alemania berri batez, aberastasuna modu bidezkoago batean banatuko zen Alemania zuzen batez, inguruko herrien menpeko izanen ez zen Alemania indartsu batez...  Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua», 2004 - 216. orr.

2 (izenondoekin)

Baina nire edertasun intelektuala, aberastasun espirituala eta bihozberatasuna ez ditut inoiz galduko, suspertu baizik!  Xabier Paya   «Desio izeneko tranbia» - Tennessee Williams, 2006 - 238. orr.

Ez dira etsitzen, aberastasun materiala, ongi-izatea eta dirua metatzea Jainkoak asmatu ekintzak direlako.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 128. orr.

Handik hona hainbeste urte iraganagatik, eta tartean trukeen liberalizazioa eta nikelaren nazioarteko prezioaren gainbehera gertatuagatik ere, ibar hartan gorderik -hantxe, edonoren esku dauden harrikin birrinetan- datzan aberastasun ikaragarriaren berriak fantasiak pizten ditu oraindik ere.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 112. orr.

Ahantzi dugu geroa oraindik ez zela han; tipoa paseoan zebilen iragarpenik gabeko gau batean, zeinak nahasian eskaintzen zizkion bere aberastasun monotonoak, eta ez zuen aukera egiten.  Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre, 2003 - 83. orr.

Bertsolariek eta beste kultura batzuetako inprobisatzaileek batera eginiko saioetan, aldiz, entzule gehienek, bertsoen testua ez ulertu arren, generoaren aberastasun erantsi gisa, eta ez akats gisa, jaso dute bertsolaritzaren musika-soiltasun hori.  J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua   «Bat-bateko bertsolaritza», 2005 - 225. orr.

"Aberastasun berdingabea, ordea, handik kanpo zuten egoiliarrek, Liburutegi Nagusian, Museoaren esparruraino hedatzen baitziren haren eraikin zabalak.     «Loroaren teorema» - Denis Guedj, 2006 - 149. orr.

Izan ere, haiei aberastasun handia dutela esan, eta euskararen kontuan, ezta hitz erdirik ere.  Edorta Jimenez   «Europako mugetan barrena», 2000 - 75. orr.

Konpainia horien izaera aberastasun partikularrei aberastasun publikoen indarra ematea da.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 16. orr.

Negozio-gizon argia zen, antza, eta aberastasun ugariak lortu zituen.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 25. orr.

Fisiokrata deitutako ekonomialari frantsesak izan ziren nazioen aberastasun erreala aberastasun horren oinarri?  Itziar Eizagirre / Amaia Lizarralde   «Garapen iraunkorra», 2005 - 52. orr.

Dena dela, gurea defendatzeko altxatzekoak gara, bestela aberastasun kulturalak oro galtzera uzteko arriskua dugu.  Itxaro Borda   «Hiruko», 2003 - 124. orr.

Betidanik gasnaren lortzea desafioa izan da; aberastasun mistiko horren ekoizpena lander guztien menpe egon da, lehen baiki, oraindik eiki.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 40. orr.

Ikuspegi honetatik jorratuta diskurtsoa aldi berean betetasun eta aberastasun mugagabea da.  Xabier Arregi   «Jakitearen arkeologia» - Michel Foucault, 2003 - 138. orr.

Nik jakin nahi nukeena da zenbat hizkuntzak daukaten munduan ezer ez esan eta nahi dena aditzeko aberastasun tekniko dotore hau.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 111. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Bestalde, aberastasun-zantzu ukaezina zeukan Ségouinek.  Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce, 1999 - 65. orr.

Festaren goreneko garaietan, gizonezkoen gauza izaten zen Danborrada, eta hartan, hiriko gizarte klase guztiek hartzen zuten parte, demokrazia osoan, gizarte edo aberastasun mailen arteko bereizkuntzarik gabe.  Askoren artean   «Rataplan» - 37. orr.

Ondorioz, Asiako "Lisboa txikia"-rentzat, diru eta aberastasun iturriak agortu ziren.  Ramuntxo Etxeberri   «Skyroom», 2004 - 107. orr.

Lehenik aberastasun-gutiziaz tentatu behar dituztela, ohi duenez gehienetan, errazkiago etor daitezen munduko ospe hutsalera, eta gero hantuste larrira.  Patxi Altuna   «Gogojardunak» - Inazio Loiolakoa, 2004 - 970. orr.

Sudur zuloak eta usnamena atezu badituzu, a zer nolako aberastasun ñabarduraz hornitua kokatuko duzun zure oroimen ongi ordenatuan, eta a zer nolako lasaitua hartuko duzun, bidenabar, arnasak barrena sakoneraino baretu dizueneko.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 19. orr.

"Abadearen eta konbentuaren artean agerturiko leizea aberastasun-metaketak eragin zuen neurri handi batean.  Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee, 2000 - 137. orr.

Bainugela edukitzea, aberastasun-seinale, gero eta normalago bihurtu zen gerra ostean, eta amak txiki bat jarrarazi zuen goiko solairuan, aitak ez zuen inoiz erabili, eta garbiketa eta bizarra sukaldean egiten jarraitu zuen.  Joseba Urteaga   «Lekua» - Annie Ernaux, 2003 - 48. orr.

Bihotzik gabeko harri gogor eta garden horiek, argiaren distira jasotzeaz gain, pertsonen aberastasun gosea jasotzeko ahalmena dutela dirudi.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 75. orr.

Naturak ez du aski gizonak zoriontsu eta zoritxarrekoen artean banatzea, aberatsen eta pobreen artean; aberatsari aberastasun-espiritua ere ematen dio, eta pobreari miseria-espiritua.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 251. orr.

Lehen labarariek lurrak lantzen eta ereiten hasi zirenean, beren ingurura bildu arazi zituzten hegaztiok, eta honek zibilizazio eta aberastasun igarle bihur arazi zituen, baina gero, hegazti harrapariok uzta sail izugarriak hondatzen, eta batez ere ale jaten hasi zirenean, zorigaitzaren igarle izatera iragoko ziren.  Patziku Perurena   «Harrizko pareta erdiurratuak», 2004 - 77. orr.

4 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Portu franko hori ezartzeagatik zergetan galtzen duena, errepublikaren lan-aberastasunari esker atera dezakeenak berdintzen du.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 17. orr.

Hizkuntza-aberastasuna edo aipatzen da.  Edorta Jimenez   «Europako mugetan barrena», 2000 - 291. orr.

Saudi Arabia ideia aurrerakoien aurkako borrokaren iturria izan da, eta urteetan zehar rol hori izaten jarraituko du, lehiakide eza eta eta petrolio aberastasuna direla eta.  Berria - Harian   2005-08-04

Munduko uharterik handienean bizi diren herritarren iraupena arriskuan dagoela ohartarazi dute, ordea, eta inuitekin batera euren kultur aberastasuna desagertuko litzateke, zuria kolorearen izen sorta barne.  Berria - Mundua   2004-06-20

5 aberastasun biologiko (corpusean ez dago; ETCn 26 agerraldi)

Hala ere, oro har, sasiekin edo abeltzaintzarentzako larreekin alderatuta, insignis pinudi batek aberastasun biologiko eta ekologiko handia du.  ETC-prentsa   Egunkaria, 2001-11-23

Benetako aberastasun biologikoa ez dagoela hondartzetan gogoratu zuten, itsaslabarretan baizik.  ETC-prentsa   Egunkaria, 2003-02-13

Gainera, basoak oso gazteak direnez, eta zuhaitz guztiak adin berekoak, oso egitura sinplea izan ohi dute, enbor zulorik gabea, eta aberastasun biologiko txikikoak ondorioz.  ETC-prentsa   Argia, 2001-11-04

Esan bezala, honela jarraituz gero lurzoruen aberastasun biologikoa galdu egingo da.  ETC-prentsa   Argia, 2017-06-04

Lurrazalaren azpian, aberastasun biologiko zein geologiko handiko kobek zeharkatzen dituzte Bizkaiko eremu karstikoak.  ETC-prentsa   Bizkaiko Hitza, 2012-04-27

Ibaiaren inguruneko aberastasun biologikoa patxadaz ikusteko aukera izango da larunbat eta igande goizean.  ETC-prentsa   Berria, 2010-02-04

Mito eta istorioetan, zientziaren mundua harri eta zur uzten duen aberastasun biologikoko paisaiaren edertasuna ospatzen dute.  ETC-zientzia, zuzenbidea   Argia munduaren ertzean, Wade Davis (Iñaki Iñurrieta), EHU, 2009

Eta aberastasun biologiko horren ondorioz, ornodun handiak iristen dira: hontz handia, basa-katua, igaraba eta katamotzak. ETC-entziklopedia   Ibai, Wikipedia

6 aberastasunaren banaketa

Bestetik, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntutik beste auzi garrantzitsu bat errentaren eta aberastasunaren banaketari buruzkoa da, alegia, aipatu tartaren banaketari buruzkoa.  Iñaki Heras   «Txanponaren bi aldeak», 2003 - 268. orr.

Gobernua eta matxinoen arteko negoziazioetan ere, eragina izan du aberastasunaren banaketaren kontu honek.  Berria - Mundua   2004-05-09

Bigarrenaren mendeko dira merkatuko ekonomien egonkortasuna, gizarte-loturen iraupena, aberastasunaren banaketarako ahalmena eta kanpoko erasoetatik babesteko gaitasuna.  Koro Navarro   «Ekonomiaren globalizazioa» - Jacques Adda, 2004 - 193. orr.

7 nazioen aberastasun

Adam Smith izango da, seguruenik, autore aipatuena liberalen artean eta harentzat nazioen aberastasuna aztertzea da ekonomiaren helburua.  Iñaki Heras   «Txanponaren bi aldeak», 2003 - 17. orr.

Gizakiak trukerako berez duen joera horrexek bideratzen du -baldin agintari politiko edo moralen debeku arbitrarioren batek galarazten ez badu- lanaren banaketa, eta, horren ondorioz, baita ekoizpenaren eraginkortasuna ere, nazioen aberastasunaren oinarri dena.  Koro Navarro   «Ekonomiaren globalizazioa» - Jacques Adda, 2004 - 17. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus