Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

zunda (orobat sonda g.er.) 1 iz berunezko pisu bat duen haria, itsasoaren sakonera edo hondoaren nolakotasuna jakiteko erabiltzen dena.

Slightlyk dozena bat azote jaso zituen, zunda jasotzeko aginduaren aurrean harridura-aurpegia jarri zuelako.  Julen Gabiria   «Peter Pan» - James Matthew Barrie, 2004 - 198. orr.

· Imajinatu nuen eskumuturrean, erlojuaren lekuan, aparatu berezi bat neramala, zunda moduko bat, itsasoaren edo ibai baten sakonera neurtu beharrean, puntu geografiko bakoitzaren denbora-sakonera kalkulatzen zuena.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 40. orr.

2 sendagintzan, gorputz barneko hodi edo barrunbeetara iristeko tresna.

Utero-lepoan zunda bat sartzen zizun zabalgailu baten laguntzaz.  Joseba Urteaga   «Gertakizuna» - Annie Ernaux, 2003 - 45. orr.

Astelehen goizean bost egun bete ziren zunda batekin bizitzen hasi nintzenetik.  Joseba Urteaga   «Gertakizuna» - Annie Ernaux, 2003 - 64. orr.

Bazen gomazko zunda bat eta zurezko ardatz bat, zeharka zulo bat zuena: animaliaren hortzen artean bortxaz finkatu behar da, eta gero, zuloan barrena, zunda zintzurrean ondo sartu, milikeriarik gabe, urdailaren hondoa ukitzen duela sentitzeraino bultzatuz.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 164. orr.

Zundatik barrena erraza da xiringa arrunt batez erauzkinak urdailera helaraztea.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 165. orr.

Salatu zuenez, gose grebalariak aulki bati lotu eta geldi-geldirik edukitzen dituzte elikagaiak zunden bidez sarrarazteko, goitikatzea eragotzita.  Berria - Mundua   2006-02-11

Erizainek zunda baten bidez elikatzen dute.  Berria - Gaiak   2004-10-01

Zunda gastrikoen bidez elikatzea baztertu dute.  Berria - Harian   2005-08-27

3 neurketa tresnak daramatzan globo edo espaziontzia, atmosfera edo kanpo espazioa aztertzeko erabiltzen dena.

ESAren egitasmoari jarraiki, abiada moteltzen hasi behar zuen atzo Smart-1 zundak, Ilargitik 50.000 kilometrora helduta.  Berria - Gaiak   2004-11-16

Marteren orbitan jarri da 'MRO' zunda, planetaren klima ikertzeko.  Berria - Gaiak   2006-03-11

Datozen egunetan eta urtarrilaren 14ra arte Mars Express zunda lurreratze-moduluaren seinalea jasotzen saiatuko da.  Berria - Gaiak   2004-01-08

Saturnoren ilargirik handiena aztertzea izango da orain Huygens zundaren egitekoa.  Berria - Gaiak   2004-12-26

Titanen lurreratuko da zunda.  Berria - Gaiak   2004-12-28

Atzo zundatik banandu ostean, Spirit robotak gaur goizaldean ekingo dio, ondo bidean, Marteko lurrazala aztertzeari.  Berria - Gaiak   2004-01-15

4 (izenondo eta izenlagunekin)

Baina zer ote zen espazioan barrena zebilen objektu ezezagun hura? Zunda automatikoa?  Patxi Iturritegi   «Behi eroak», 2003 - 95. orr.

Ilargiaren orbitan jartzea lortu du Europako zunda esperimentalak.  Berria - Gaiak   2004-11-17

5 (izen elkartuetan lehen osagai gisa)

Ezustean harrapatu nau, eta libidoa zunda globo baten moduan igo zait, braust!, estratosferaraino.  Patxi Iturritegi   «Behi eroak», 2003 - 42. orr.

6 (izen elkartuetan bigarren osagai gisa)

Cassini espazio zunda Saturnoren orbitan sartu zen atzo eta AEBetako diru politika goranzko orbitan sartu zen herenegun.  Berria - Ekonomia   2004-07-02

Antartikaren inguruko adituez gain, espazio zunden teknikariak izan ziren bileran.  Berria - Gaiak   2004-11-07

Globo zunda goizero bidaltzen denak, han eramango du termometroa, gora eta gora joan ahala, hor goiko tenplearen berri emango duena.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 445. orr.

7 irud/hed

Zunda egokia da arlo honetan ere gauzak nola dabiltzan konturatzeko.  Iñigo Aranbarri   «Hizlandia», 2006 - 154. orr.

Gregorio Urdaniz UNEDeko irakaslearen esanetan, alde handia dago benetako beharraren eta eraikitzen ari den hiriaren artean, eta Gendulaingo proiektua, esaterako, «zunda bat» da, bere ustez.  Berria - Harian   2005-09-14

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus