Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

zokor (orobat sokor g.er.) 1 iz mokorra, zotala.

Urrea ere urre hautsez osatzen dela uste du eta lurra zokor txikietatik handitzen dela, sua sutik, ura uretik, eta gainerako guztia era berean uste du.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 77. orr.

Ildoak ureztatu, zokorrak berdindu, euri-zaparradaz harrotu, ernamuinak bedeinkatu.  Elizen arteko biblia   Sal 65,11

Zenbat aldiz, ilargialdi txar batek harrapatu, eta, euriaren euriz, lurra zopa-zopa eginda, ezin laiatu, ezin aretu, ezin zokorrak xehetu.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 459. orr.

Bi zokor bota dizkio bizkar iletsura.  Patxi Iturritegi   «Behi eroak», 2003 - 111. orr.

Taldeka dabiltza, lur urpetuan nabigatzen, euripean, euren palekin apurtzen zokor bigunak, euren eskuez berrantolatzen milpa, hura babesteko ahaleginean, lanik gabe haz dadin.  Juan Garzia   «Pedro Páramo» - Juan Rulfo, 2001 - 118. orr.

Zokor emankorrak goldez irauli eta, ernamuinak azaleratze-ko, lurzorua zehetu ezik, eurenez ezingo lukete aura garbietara irten.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 319. orr.

Idorturik dago hazia zokorpean, hondaturik ziloak, eroriak ganbarak; galdua baita laborea.  Elizen arteko biblia   Jl 1,17

2 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Hilkutxa baten gainera jaurtikitako zokor-pusken hotsa atera zuten haien atzaparrek soroko tresnak gordetzeko erabili ohi nuen txabolako teilatu-hegalean pausatzerakoan.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 12. orr.

Huraxe bai neska-mutikoen dibertsio, zokor gainak xehetzeko orduan.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 314. orr.

Nagusia han ari zen barre eta algaraz, zokor kolpeen gisako irri-karkail hotsaz.  Xabier Olarra   «Deabruaren hiztegia» - Ambroise Bierce, 2001 - 172. orr.

Zokor moduko batzuk ere bazeuden errektangeluaren inguruan barreiatuta, belar bustiaren gainean.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 203. orr.

3 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Beste batzuk zanpatutako lur-zokorrak lehorraraziz altxatzen zituzten paretak, zeharragekin trabatuz.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 930. orr.

Bizitzarik gabeko lur zokorren antzekoak.  Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf, 2001 - 52. orr.

Haien bihotzak eguzki hark berak lakartu eta gogortutako buztin-zokorren antzekoak izan behar zutela otu zitzaion Norari.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 32. orr.

4 zokor-mazo (orobat sokor-mazo g.er. eta zokormazo g.er.) zokorrak birrintzeko mazoa; adimen laburreko pertsona.

Ulertu ez dakit zenbat ulertuko nuen nik orduan obra hartatik, baina gogoan dut zokor-mazo batez buruan jo izan banindute bezala geratu nintzela: txundituta, erabat liluratuta. Zokor-mazo bat baino gor eta gogorragoa da entzun eta jaso nahi ez dituenak aintzat hartzeko.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 35. orr.

Izu klase horren eraginez erori ziren aita eta bere lagunak zokor-mazo haien amarruan.  Anjel Lertxundi   «Zorion perfektua», 2002 - 125. orr.

Kleo Kleenetoko hau, haatik, Tuzididesek beti sokor-mazo zakarroa bezala erabiltzen baitu, kirten baten antzera, haren kontrairudia bere arrazoiketan ikustea, Diodoto Eukratekoa, gizon burutsu zuhurra, interesgarria gertatzen da guretzat.  Joxe Azurmendi   «Euskal Herria krisian», 1999 - 262. orr.

Zokor-mazoren bat izanen zen noski hori!  Fernando Rey   «Gure etxeko kontuak» - Natalia Ginzburg, 2004 - 73. orr.

· (izenondo gisa) Walserri entzuna nion sentiberatasun zokormazoa erakusten dugula hitz goratsu bat erabiltzen dugun orotan.  Anjel Lertxundi   «Argizariaren egunak», 1998 - 109. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus