Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

usaia (orobat usai g.er.) 1 iz ohitura, usadioa.

Maite ditudalakotz gure herriaren ohitura edo usaia guziak, izan dadin dantza, pilota, kantua, bertsolaritza, lehengo birla jokoa eta abar.  Angel Aintziburu / Jean Baptiste Etxarren   «Luzaiden gaindi», 2002 - 5. orr.

Zeren eta anitz aldiz egin den zerbaiten ondotik gelditzen den usaia eta kostuma baita ohitura.  Piarres Xarriton   «Enkiridion» - Martin Azpilkueta, 2006 - 87. orr.

Mendiez beste aldean, ahaide eta adiskideak bizi ziren, hizkuntza berean elkar ulertzen zuten jendeak, aspaldiko denboretarik usaia eta ohidura berak zituzten jendeak.  Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea, 2004 - 155. orr.

Baina jadanik, paperarekin ibiliz ere, gutiago balia genezake, gure usaiak pixka bat aldatuz.  Berria - Euskal Herria   2004-06-08

Uztail hilabeteko lehen igandean, usaiak manatzen duen bezala, dugu gure herriko kermeza.  Herria   2001-06-28

Urtats ondoko astean, usaiak hori hola manatzen-eta, bilkura bereziak egiten dira herriko etxetan urte berriaren agurtzeko.  Herria   2005-01-13

Usaiak nahi duen bezala, herriko langile, kontseilari eta kontseilari ohi, elkarteetako arduradun, zerbitzu publiko, enpresa eta erietxeetako buru, denak bildu dira auzapeza eta bere kontseilukoen inguruan.  Herria   2001-01-11

Usaia da partitu aitzin ordaintzea.  Koldo Izagirre   «Idi orgaren karranka» - Victor Hugo, 2002 - 60. orr.

Hegoaldean, usaia da arnoa edatea, txikiteoa eginez taldeetan.  Menane Oxandabaratz   «Ez da musik», 2006 - 66. orr.

Ez da gure usaia pilotarien mendratzea.  Herria   2005-04-28

Usaia den bezala, gerlari ohien elgarretaratzea izanen da egun hortan.  Herria   2004-10-28

Usaia den bezala, ikasurtea, kafe baten itzulian hasi dute giro ezin lasai eta goxoan.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 134. orr.

Eta ondotik, usaia den bezala, elgarrekin eguna goxoki bururatzeko talo eta xingar jateko izanen da.  Herria   2005-03-03

Baigorrin Bettiri izendatzeko usaia hartu zuten.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 103. orr.

Usaia hartua duten bezala urte hastapen huntan ere elgarretaratu dira erretretatuak Sororateian herriko etxeak gomitaturik.  Herria   2005-02-03

Denbora pasa, nik ere hartu nuen Pariserat itzuli baten egiteko usaia, ardura larunbatarekin.  Janbattitt Dirassar   «Bihotzeko mina», 1997 - 79. orr.

Ezagun da ez dutela denek usaia hori berena.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 83. orr.

Herriko Etxetik ere usaia duten bixita egin diote. Artxiboetan idatzia da 1706eko apirilaren 18an Herriko premuek, usaia zuten bezala, beren biltzar nagusia Anhauze elizako kalostrapean egin zutela.  Herria   2005-12-22

Baratzeko pikotzearen gainera igotzeko usaia ordutik zeukan.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 191. orr.

Apez epelak funtzionatuko du, usaiaren usaiaz eta bizi behar baita, materialki eta barne-iraultza handirik gabe.  Piarres Aintziart   «Azken apeza», 2005 - 24. orr.

2 (izenondo eta izenlagunekin)

Ez da deus handiagorik arrantzale herrixka bat baino, bere usaia zahar eta inozentez, itsasoaren bazterrean.  Ibon Uribarri   «Arrazoimen hutsaren kritika» - Immanuel Kant, 1999 - 170. orr.

Aurten ere, aspaldiko usaia xaharra berme, errege magoak etorri dira Donibane Lohizunerat.  Herria   2003-01-09

Gisa guziz, usaia txarrak hartu direla bainan beti zail dela hola hartu usaia baten uztea.  Herria   2004-07-22

Sinesmena lehenago usaia sozial bat zen ere, praktikak ideiak gidatzen zituen, sentimentuak pizten.  Piarres Aintziart   «Azken apeza», 2005 - 123. orr.

Hiruek segitu genuen hari beretik, pentsatuz berdin usaia xaharren aztarna hunkigarri batzuk ginela gu, apezak.  Piarres Aintziart   «Azken apeza», 2005 - 41. orr.

Hango jendeek badute usaia bat berezia.  Aurelia Arkotxa   «Septentrio», 2001 - 91. orr.

Atxiki dezagun heskualdun odola garbi, eta hor gazteei mintzo naiz, hobe duzue hilik, kanpoko usaia likitsek kutsaturik baino.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 44. orr.

Aspaldiko usaia dute hori Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartean: urtarrileko azken larunbatean egiten dute beren biltzar nagusia.  Herria   2005-02-03

Indietako eskualde batzuetan aspaldiko usaia da emazteak bandana batekin agertzeko norapait ateratzen direlarik.  Herria   2004-01-29

Jendeen artean izaiteko usaia galdua.  Filipe Bidart   «Bakartasunaz bi hitz», 2004 - 115. orr.

3 usaian adlag jeneralean, normalean.

Usaian besta handia antolatzen da.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 182. orr.

Usaian, diziplina zelaian lau aste egon eta oraino bizi zirenak laneko komando batetarat igortzen zituzten.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 123. orr.

Usaian adixkidetasunak elgarren eite dutenak elgarretaratzen ditik.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 165. orr.

Etxean usaian ibiltzen zuten frantses mintzaira.  Angel Aintziburu / Jean Baptiste Etxarren   «Luzaiden gaindi», 2002 - 135. orr.

Igandean, usaian bezala izan nintzen Parisen baina hiria dena hutsa eta hitsa kausitu nuen.  Janbattitt Dirassar   «Bihotzeko mina», 1997 - 90. orr.

Emaztea so gelditu zitzaion, usaian bezala, mamu bat ikusten zuela iduri, eta berriz sukalderatu zen.  Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea, 2004 - 187. orr.

Usaian bezala aintzineko egunetan herriko etxe guzietan emazte batzu iraganen dire gure emaitzen biltzeko.  Herria   2004-06-17

Usaian ez bezala, Iparraldeko bertsulariek jokatuko dute beren arteko kanporaketa.  Herria   2005-01-13

Magali usaian baino airosago iduritu zitzaidan.  Janbattitt Dirassar   «Bihotzeko mina», 1997 - 109. orr.

Dakizun bezala, holakotan, usaian biak hobendun dira.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 90. orr.

4 usaiako izlag ohikoa.

Usaiako garbiketak eta xuriketak, beroan bero.  Piarres Aintziart   «Santiago oinez», 2000 - 54. orr.

Usaiako konplimenduen ondotik, galdegin genuen zer egin zen Bordes jaun apeza.  Marzel Etxehandi   «Alemaniara deportatua» - Grégoire Joannateguy, 2003 - 145. orr.

Usaiako miaketaren ondotik, lehoien pasabidea harturik, banoa ibiltokira.  Filipe Bidart   «Bakartasunaz bi hitz», 2004 - 63. orr.

Gauzak usaiako normaltasunera itzuli ziren.  Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea, 2004 - 119. orr.

Apezarekin batean atera ginen usaiako meza hasi gabe.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 59. orr.

Halere gizon gehienek bazituzten beren usaiako lekuak, usaiako auzoekin.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 65. orr.

Ene usaiako lanari lotu nintzen, hemen guti aipatzen dudan sailari.  Piarres Aintziart   «Azken apeza», 2005 - 137. orr.

Apezak kapa gorri bat soinean, guk, beretterrek, gure usaiako sotana gorria utzirik, sotana brioleta bat.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 59. orr.

Elkarte hunek jakinarazten du usaiako hilabeteko bigarren ortzegunean ez duela usaiako lekuan eginen bere aratsaldekoa.  Herria   2005-03-03

Omiasaindu eguna iragan da usaiako bildutasunean gogoan gintuela gure hil maiteak.  Herria   2001-11-08

Helduden larunbat eta igandean iraganen da Iholdin usaiako okasionezko tresnen feira usaiako tokian.  Herria   2001-03-22

Negu betean ginen 10 eta 20 zero azpiko hotza usaiakoa zen.  Marzel Etxehandi   «Alemaniara deportatua» - Grégoire Joannateguy, 2003 - 50. orr.

Gaineratekoak usaiakoak izanen dira: pilota, dantza eta janaldi.  Herria   2004-07-29

Usaiak ez du barkatzerik denak usaiakoak egin arte, usaiak itsutzen zaitu gauza ederrenen eta arraroenen aitzinean.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 22. orr.

Usaiakoetan, batto baizik ez baginu aipatu behar, hauta ginezake Herri Urrats bixtan da, Iparraldeko ikastolen besta handia.  Herria   2005-04-28

5 ez-usaiako usaiaz kanpoko.

Apirilaren 20an, gauaz, ez-usaiako tirokaldi bat entzuten dugu.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 131. orr.

Iduritu zaut huntzaren uhukak bazuela ez usaiako doinu bat deitu nuelarik.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 93. orr.

Beranta dute, afari arin batekin gelditzen dira, bestenaz ere ez dute halako gosea, ez-usaiako arratsal-askaria egin baitute.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 81. orr.

Zer mundua, ez usaiakoa, eta gora, biziki gora, sai tropak itzulika kurutzatzen ari, eztiki, hedoien erdian lerratzen balire bezala.  Michel Oronoz   «Oilandoiko ermita», 2001 - 16. orr.

6 usaiaz kanpoko

Autoa ere usaiaz kanpoko toki batean ezarri nuen.  Daniel Landart   «Anaiaren azken hitza», 1999 - 175. orr.

Fernandok gibelean usaiaz kanpoko hutsak egin ditu, ondarrean xuxendu bada ere.  Herria   2004-04-22

Merezi dutelako usaiaz kanpoko tratamendua, antolatzailek eskaintzen diete euskal erakustokiaren bisita eta ondotik bazkaria.  Herria   2003-05-22

Ardura berezia deitzen da ere usaiaz kanpokoa den zerbait, usu ikusten ez dena.  Herria   2001-04-05

Handik goiti jokatu da egiazko partida, interesgarria baina bi irabazleak Mayteri ari baitziren, gibelerat, hau asearazi dute zinez, ainitz huts eginarazi ere, usaiaz kanpokoak.  Herria   2005-03-24

Berezitasuna eskas sentitzen dutenek, gisa oroz, egun osoa karrikak beren esku dituzte zer edo zer usaiaz kanpokoren proposatzeko.  Herria   2002-07-25

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus