Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

ukiezin 1 izond/iz ezin ukituzkoa.

Ideia Ikusezin, Ukiezin, Atxikiezin, Materiagabe hura haragia higatzen, odola edaten, bizitza itzaltzen ari zitzaion.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 193. orr.

Bazirudien ezen, garaile ateratzea espero zuen une hartan, izaki ukiezin eta mendekari bat zetorkiola kontra egitera.  Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce, 1999 - 327. orr.

Jende-oldeen legea zen: etorri-berriek, azkenek, beren miseria eta deserritasunaren indar ukiezinarekin bultza egiten zieten aurreko migraziokoei.  Iñaki Zabaleta   «110. Street-eko geltokia», 2003 - 14. orr.

Orduan Elizak botere handia zuen, eta ukiezina zen.  Berria - Harian   2005-04-19

Erabakiak erakusten du Erregea ez dela ukiezina.  Berria - Euskal Herria   2004-07-29

Nire bizitzarekin zerikusi zuzenik ez zuten errealitate urrun eta ukiezinak ziren biak ala biak.  Juan Luis Zabala   «Agur, Euzkadi», 2000 - 27. orr.

Hauteskundeen data ez da ukiezina; prozesua bera da hala dena.  Berria - Mundua   2004-11-24

Euri ukiezinaren epeltasun astunak azpian zanpaturik zeukan kalea.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 177. orr.

Madrilentzat «ukiezina» da prestakuntzaren kutxa bakarra.  Berria - Ekonomia   2004-11-18

Ez du Oscar Freirek munduko txapeldun izanaren handiusterik, edo izar ukiezinen harrokeriarik.  Berria - Kirola   2006-04-07

Herri bakoitzak bere jeinua du, dio Ganivet-ek; eta artean, politikan, baina dogmetan ere azken batean -gauzarik ukiezinenetan-, bere jeinuaren marka utziz doa den-denean.  Joxe Azurmendi   «Espainiaren arimaz», 2006 - 264. orr.

Hil eta gero, arima ametsaren antzeko bihurtzen duk, ukiezina.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 77. orr.

ETA izan da, beste ezer baino gehiago, euskal politika baldintzatu eta zikiratu duen kasta ukiezin hori.  Joseba Zulaika   «ETAren hautsa», 2006 - 93. orr.

Zorionez, ukiezinen mundu horretan Carreño eta Vazquez bezalako jendeak ez du lekurik.  Berria - Kultura   2004-04-22

2 (adizlagun gisa)

Trofeoa, beraz, irla baten antzekoa zen, niretzat, eta bost hilabete horietan hantxe iraun zuen, ukiezin, sendo.  Iban Zaldua   «Gezurrak, gezurrak, gezurrak», 2001 - 50. orr.

Axenarioren tronpeta zain dago nork joko, ukiezin, ikusezin eta mutu, Azken Judizioko hura bezalaxe.  Itziar Otegi   «Axenario» - Jules Renard, 2006 - 49. orr.

3 iz Indiako kasta-sisteman, maila apaleneko kidea.

Bosgarren talde bat dago: ukiezinak, pariak, harijanak edo dalitak, maila guztietatik kanpo daudenak, errukarri-errukarrienak.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 56. orr.

Dalitak baztertzen zituen legea duela 50 urte indargabetu bazen ere, tradizio hinduistak bere horretan segitzen du eta, ohikoa da [...] ukiezinei erasotzea edo haiek hiltzea beste kasten eremuetatik pasatzen direnean.  Berria - Mundua   2004-01-20

Indiako jendea, batez ere herri ttipietan, ikusi ez baina edonon sumatzen den marra batek banandu eta bereizten du. Alde batean kastako jendea; bestean kasta gabekoak, ukiezinak edo harijanak ("Jaungoikoaren haurrak").  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 58. orr.

Indiako zenbait eskualdetan ukiezin bat goi kastako emakume batekin etzanda harrapatzen badute, biak hilarazten dituzte.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 62. orr.

Errekatik txalupetan etorri eta ukiezinak bizi ziren txaboletara hurbildu ziren, armak gerturik zituztela.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 59. orr.

4 ukiezineko izlag ukiezina.

Estatuak uste du, historiaren eta politikaren eta merkatuaren guztiz gainetik, ukiezineko eta betiko dagoela subiranotasunaren botere mistiko hau.  Joseba Zulaika   «ETAren hautsa», 2006 - 57. orr.

Zorua da, printzipio ukiezineko zorua.  Berria - Euskal Herria   2006-04-02

5 ukiezinezko izlag ukiezina.

Behin baino gehiagotan iruditu zitzaidan ukiezinezko esku batek, edo hobeto esanda, atzeman ezinezko gorputz batek, ileak ozta-ozta ferekatzen zizkidala.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 250. orr.

Irudiaren ertza da; beste zentzu ukiezinezko batean haren zentzumenezko muga da; muga-marko bat da.  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 138. orr.

6 (izen gisa)

Literaturan ere azaldu da ukiezinezkoen bizitza.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 63. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus