Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

saiakera 1 iz gai jakin bati buruzko gogoetak biltzen dituen hitz lauzko idazlana, gehienetan ez oso luzea.

Goitik behera berridazten ari naiz Magiaren Historiaz egin nuen saiakera osoa.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sorgin harria» - J.K. Rowling, 2000 - 15. orr.

Burutazio ergel bat izan nuelakoan, kontua bertan behera uzteko prest nengoen, baina azkeneko saiakera bat egitea otu zitzaidan.  Iban Zaldua   «Itzalak», 2004 - 173. orr.

Julia Kristevak bere saiakera labur batean Dostoievskiren pertsonaia batek ahoskatutako hitzak gogorarazten dizkigu: [...].  Bernardo Atxaga   «Groenlandiako lezioa», 1998 - 171. orr.

Liburu honetako artikulu bakoitza saiakera labur bat da bere horretan.  Markos Zapiain   «Errua eta maitasuna», 2002 - 8. orr.

Pascal Quignard-en liburuak, adibidez, nobelak dira? saiakerak? poesia?  Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle», 2006 - 141. orr.

Saiakera horretan, hain zuzen, ezaugarri hau jartzen du zinemaren eta irudikapenean oinarritzen diren gainerako arteen bereizgarri gisa.  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 96. orr.

Freud-ek eman zigun Totem eta Tabu saiakeran "aita primordiala"ren kontakizun mitikoa.  Joseba Zulaika   «ETAren hautsa», 2006 - 45. orr.

La Réalité figurative (1965) bilduman jasotzen diren saiakera batzuetan, espazio irudikatua, ikuspenaren aldetik eta haren geometriarenetik ez ezik, [...] ikuspuntu zabalago batetik ere aztertzea proposatzen du.  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 205. orr.

Bertsolaritzaren gaineko hogeita bi saiakera laburren bilduma.  Andoni Egaña   «Hogeita bina», 2004 - 8. orr.

Berak fikzioak asmatu nahi zituen, istorioak idatzi, ez saiakera moduko haiek.     «Kuskue tanden», 2004 - 98. orr.

Obra honetan, Jean-Louis Davant euskaltzale-abertzaleak biltzen ditu kazeta desberdinetan agertu dituen artikulu andana bat, baita saiakera, olerki eta pastoral zatiak.  Herria   2004-05-06

2 idazlanen horien multzoa literatura-genero gisa.

Saiakera beste genero bat da, erudizioarekin zerikusia duena.  Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle», 2006 - 365. orr.

Sarritan eduki dut saiakera egiteko tentazioa, baina konturatzen naiz, komunikatzeko, hau da, jendearengana heltzeko, errazagoa dela nobelarekin lortzea saiakerarekin baino.  Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle», 2006 - 196. orr.

Egia da, saiakera egiten duten emakumeen kopurua txikia dela.  Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle», 2006 - 196. orr.

Saiakera landu zuen (Vida de D. Quijote y Sancho); olerkiak idatzi zituen (Poesías, El Cristo de Velázquez); antzerkia sortu (Fedra) eta eleberriak plazaratu (La agonía del cristianismo, Niebla, El sentimiento trágico de la vida, etab.).  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 320. orr.

Saiakera eta polemika bereziki landu bazituen ere, nobelagintzari eta ikerketari ere leku egin zien bere jardunean.  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 319. orr.

Niri gogoetaz betetako narratiba duk gero eta gehiago gustatzen zaidana, edo saiakera, edo biografia nobelatuak.  Mikel Hernandez Abaitua   «Ohe bat ozeanoaren erdian», 2001 - 70. orr.

Idazle batek gai jakin baten inguruan ikerketa eta azterketa lan handia egiten duenean, zergatik jo nobelara eta ez saiakerara?  Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle», 2006 - 196. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Beraz, beharturik nago, nolabait esatearren, nobela bakoitza saiakera lan batekin bikoiztera.  Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre, 2003 - 12. orr.

Jon Sarasuak eremu askotako lurrak goldetu izan ditu bere saiakera-testuekin.  Andoni Egaña   «Hogeita bina», 2004 - 106. orr.

Crónicas post-industriales (Bartzelona, 2000) saiakera-liburu bitxian aipatzen duen bezala: [...].  Iban Zaldua   «Traizioak», 2001 - 176. orr.

Aurtengo Espasa Saiakera Saria.  Hasier Etxeberria   «Patri maitea», 2003 - 58. orr.

4 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Ezkondu orduko, Wildek alde batera utzi zuen poesia-lana, eta kontakizun laburrak, haurrentzako ipuinak eta kazetetarako kritika-saiakerak idazten hasi zen.  Antton Olano   «Fidel izan beharraz» - Oscar Wilde, 2000 - 11. orr.

5 saiatzea. ik saiaketa; saiakuntza.

Urduritasuna baztertzeko saiakera egin eta botilen barrura emeki-emeki airea botatzen hasi zen.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 191. orr.

Laugarren saiakeran ere porrot egin ondoren, taldea bosgarren tribura heldu zen.  Jon Arretxe   «Ekialdeko mamuak», 2003 - 13. orr.

Eta saiakerak ez ezik, azken bururaino eramandako ihesak ere bai, izan dira.  Jokin Urain   «Errotarria», 2006 - 73. orr.

Lucyk hiru egunez eutsi die tinko berari zerbait ateratzeko egin ditugun saiakerei.  Oskar Arana   «Brooklyngo erokeriak» - Paul Auster, 2006 - 216. orr.

Ezpata koskatu eta hautsia zegoen, azken saiakera etsian arroka altzairuaz zeharkatzen saiatu izan balitz bezala.  Agustin Otsoa   «Eraztunen Jauna III» - J.R.R. Tolkien, 2004 - 66. orr.

Guilherme Vitulok egin zuena, portugaldarrak erdeinuz hartu baino areago, beste egoera batean eta beste hitz batzuekin Deabruak egin zuen saiakera deitoragarria errepikatzea izan zelako.  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 186. orr.

-Orain arte, entzun nahi ez baduzu ere, saiakera guztiak saboteatzea lortu dugu.  Fernando Morillo   «Gloria Mundi», 2004 - 213. orr.

Saiakera eta esperientzia asko egin izan dira, batzuetan irakasleek bakarka eramanak.  J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua   «Bat-bateko bertsolaritza», 2005 - 43. orr.

6 (hitz elkartuetan)

Martak, bere neurrien barruan abegikor izaten saiatu arren, gozotasunik ez zuen irribarre saiakera haietako bat egin eta kanpoko ateko kisketa bikoitza itxi zuen.  Harkaitz Cano   «Pasaia blues», 1999 - 35. orr.

Zerbitzu sekretuek disidente errepublikanoen bi atentatu saiakera zapuztu zituztela dio txostenak.  Berria - Mundua   2006-02-25

7 saiakera-egile ik saiakeragile.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus