Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

praktiko (orobat pratiko g.er.) 1 izond ekintzari, praktikari dagokiona; baliagarritasunari, onuragarritasunari begiratzen diona.

Jakitearen sistema zuhaitz baten pareko ei da: metafisika da erroa, fisika enborra, adarrak zientzia espezializatuak (mekanika, fisiologia, psikologia) eta fruituak diziplina praktikoak (teknika, medizina, etika).  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 78. orr.

Jakiteaz gogoeta egiten duenean jakite praktikoaz ari da, zehazki, athenaitarrentzat hain egoera oparoa ekarri duen teknikaz.  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 39. orr.

Esparru horri esaten zaio etika praktikoa edo aplikatua.  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 208. orr.

-Esperientzia praktiko pixka bat eman nahi izan digu.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sekretuen ganbera» - J.K. Rowling, 2001 - 89. orr.

Jar dezagun adibide praktiko bat.  Juan Ignacio Pérez / Pello Salaburu   «Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur», 2003 - 35. orr.

Fraideek beren bizitza praktikoan -bizimoduan- Ebanjelioa nola gauzatzen duten.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 60. orr.

Zientzialariak ikerketa batekin gora eta behera ari direla, uste gabean pentsatzen ez dutena aurkitzen dute zenbaitetan, zuzenean ikertzen dutenarekin loturik ez dagoena, baina izugarrizko aplikazio praktikoak izan ditzakeena gure eguneroko bizitzan.  Pello Salaburu   «XX. mendearen argi-itzalak», 2001 - 50. orr.

Nik erabilera praktikoa, berehalakoa nahi nuen esan.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 172. orr.

Interes praktikoa eta espekulatiboa bateratzeko.  Ibon Uribarri   «Arrazoimen hutsaren kritika» - Immanuel Kant, 1999 - 301. orr.

Ekonomian oso kontuan edukitzekoa da ideia eta teoria "praktikoek" duten eragina.  Iñaki Heras   «Txanponaren bi aldeak», 2003 - 65. orr.

2 (teoriko-ri kontrajarria)

Frantziskok egiten duen Ebanjelioaren irakurketa -praktikoa, ez teorikoa- guztiz berria eta berritzailea gertatu zen bere garaiko Elizaren eta gizartearen baitan.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 54. orr.

Egia da eskola teoriko bat berdintsu eman daitekeela aurrean 50 ikasle baldin badira edo 200, baina ez da gauza bera gertatzen eskola praktikoekin.  Juan Ignacio Pérez / Pello Salaburu   «Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur», 2003 - 102. orr.

Kasu honetan, jarduera praktikoa jarduera teorikoari kontrajarrita ulertzen dugu.  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 199. orr.

· Lehena, arrazoimenaren ezagutza teoretikoa da, bigarrena, ezagutza praktikoa.  Ibon Uribarri   «Arrazoimen hutsaren kritika» - Immanuel Kant, 1999 - 23. orr.

3 (predikatu gisa)

Praktikoa den heinean, arrazoimen hutsaren galdekizuna da, baina, hainbestez, ez da transzendentala, morala baizik, eta beraz, gure kritikak bere baitan ezin du honetaz jardun.  Ibon Uribarri   «Arrazoimen hutsaren kritika» - Immanuel Kant, 1999 - 271. orr.

Jakitearen kontzeptu homerikoa praktikoa da, bestalde, bidearen eta unearen aukeraketa egokian laburbiltzen baita.  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 32. orr.

4 helburuari ongi egokitzen zaiona, baliagarria.

Organo sentikor eta praktikoa da belarria, baina ez da, bihotza bezala, bizitzeko guztiz beharrezkoa.  Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan, 2006 - 117. orr.

Esaldi laburrak, irizpide orokorrak, aholku praktikoak, adibide errazak, ereduak...  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 330. orr.

Eraginkortasuna da [...] bi motor konparatzeko modu praktiko bat.  Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan, 2006 - 52. orr.

5 (predikatu gisa)

Aitak esan zidan praktikoagoa zela ingelesa ikastea euskara ikastea baino.  Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle», 2006 - 176. orr.

Paragrafoak: luzeegiak izatea ez da ez praktikoa ezta itxurosoa ere.  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 370. orr.

Nire susmoa da Hassan eta beste guztiek arrazoi soil batengatik jotzen dutela irrazionaltasunera, beren egoeran praktikoena zaielako.  Bernardo Atxaga   «Groenlandiako lezioa», 1998 - 21. orr.

Mikrofono bat jarriko luke aztertu nahi dituen soinuak jasotzeko eta soinuok bulkada elektriko bihurtzeko, bulkada elektrikoak praktikoagoak baitira grabatzeko eta gero aztertzeko.  Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan, 2006 - 108. orr.

Erabat praktikoa da horrelako fitxak egitea.  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 351. orr.

Liburua tresna bat da, nahiko praktikoa.  Ana Urkiza   «Zortzi unibertso, zortzi idazle», 2006 - 56. orr.

Gaitasun hori [soinua nondik datorrn jakitea], garai batean, hil edo bizikoa izan zen gizakiarentzat ere, eta oraindik ere praktikoa da.  Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan, 2006 - 117. orr.

6 (pertsonez mintzatuz)

Loiolako gizona zen partez, gizon praktikoa ere izango zen don Hipolito, ez zuhurra soilik.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 96. orr.

Gizon bat hiltzea pertsona praktikoen lana da noski.  Koldo Izagirre   «Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri», 1998 - 140. orr.

Zu gizon praktikoa zara, modernoa, dagoeneko hogeita bigarren mendean bizi zara.  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 21. orr.

Gizon praktikoa zenez, Del Vallek berehala baztertu zituen kezka haiek guztiak.  Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua», 2004 - 116. orr.

Jaiduraz praktikoa baitzen, azkar bihurtu zuen bere ametsa egia.  Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks, 2003 - 256. orr.

Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea praktikoa da.  Berria - Kirola   2004-03-04

Ni, sinpleki, emakumeei batere gustatzen ez zaien gauza bat naiz: erabat praktikoa.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 137. orr.

7 ez-praktiko izond

Zerbait hori asmo bat zen, alegia: jokoan parte hartu dutenentzat zein parte hartu ez dutenentzat, jokoak beti edukiko du potentziala interes ez-praktikoa pizteko, eta interes hori oso xurgagarria izango.  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 242. orr.

Zeren eta, ez hemezortzigarren mendeko Polonia-Lituaniaren anarkia ez-praktikoa, ez Austriako habsburgotarren monarkia tarteka ilustratua, ezin baitziren konparatu otomandarren millet sistemarekin.  Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee, 2000 - 256. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus