Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

posizio (orobat posizino g.er. eta posizione g.er.) 1 iz egongunea, kokagunea.

Nire begiek taulako lauki guztiak aztertu zituzten, pieza bakoitzaren posizioaren berri emanez bat-batean pizturiko garunari.  Alberto Ladron Arana   «Xake mate», 2002 - 20. orr.

Hegazkinean pantaila bat dago Ameriken maparekin eta ikono mugikor batek seinalatzen du gure posizioa.  Joseba Sarrionandia   «Lagun izoztua», 2001 - 89. orr.

Bilatzaile zen Slytheringo quidditch-taldean, eta Harryk posizio berean jokatzen zuen Gryffindorreko taldean.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sorgin harria» - J.K. Rowling, 2000 - 69. orr.

Buruz ikasi nituen piezak eta piezen posizioa.  Unai Elorriaga   «Van't Hoffen ilea», 2003 - 121. orr.

Kameran, objektiboaren posizioa mugituz aldatzen da foku-luzera.  Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan, 2006 - 97. orr.

Egosteko edo erretzeko [...] eduki 6 minutuz 850 watteko posizioan.  Edorta Agirre   «Baietz okerreko bidea aukeratu! », 2006 - 110. orr.

[Hizki] berberek adierazten dute zerua, itsasoa, lehorra, ibaiak, eguzkia, uzta berak, zuhaitzak, animaliak; denak ez bada ere, gehien-gehienak antzekoak dira; hizkien posizioan dago aldea.  Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio, 2001 - 153. orr.

Telegrafistak SOS bat igorri du gure posizioa emanez.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 79. orr.

Zibilizazio Iraniko musulmanak are sendoagoa zirudien posizio estrategikoa zeukan.  Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee, 2000 - 194. orr.

Kotxea zegoen posizioagatik, bainuetxea gelditu zitzaidan begipe atea zabaldu zidatenean.  Koldo Izagirre   «Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri», 1998 - 109. orr.

2 kokaera, kokatzeko modua.

Semaforoak karrak egin zuen eta argi berdea gorri bihurtu zen eta besoa posizio horizontalean jarri.  Fernando Rey   «Zorrotz begiratutako trenak» - Bohumil Hrabal, 2002 - 90. orr.

Dantzaria erabat biluzik azalduko da posizio horizontalean.  Berria - Kultura   2006-05-05

Igerian ez dakiena urpera ez joateko ahaleginean hasten denean, besoak altxatzen ditu beti, eta burua bere ohiko posizio zutean edukitzen saiatuko da.  Koro Navarro   «Kontakizunak» - Edgar Allan Poe, 2000 - 152. orr.

Neskek lo jarraitzen zuten, baina bera joandako bitarte hartan posizioz aldatu ziren, orain biak baitzeuden suaren aldera.  Anton Garikano   «Maitea» - Toni Morrison, 2004 - 248. orr.

Horixe zen nik haientzat nahiago nuen posizioa, zakila bortxa handiagoz sartzen da.  Karlos Zabala   «Buda zoriontsuen etxea» - João Ubaldo Ribeiro, 2003 - 119. orr.

Posizio antihigieniko horretan egon zen hagin-garbitzaileak alde egin zuen arte.  Unai Elorriaga   «Van't Hoffen ilea», 2003 - 70. orr.

Nire zerbitzu txanda zen, seinaleak bide librea emateko edo ixteko posizioan jartzen nituen.  Fernando Rey   «Zorrotz begiratutako trenak» - Bohumil Hrabal, 2002 - 60. orr.

3 norbaiten lekua gizarte mailetan edo hierarkia jakin batean.

Zure posizioak hala eskatzen du...  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 70. orr.

Haren harrotasuna bestelakoa zuan, bere maila, jatorri, ondasun edo posizioaz edo bere izatearen edukiaz eta izaeraz harro diren pertsonenaren aldean.  Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai, 2003 - 191. orr.

Organizazio hartako sozio guztiak [...] Mariah bezain posizio onekoak ziren.  Pablo Sastre   «Eguzkipekoak», 2003 - 147. orr.

Posizio oneko jendea baina, hala ere, bizimodu latza dutenak.  Edorta Jimenez   «Europako mugetan barrena», 2000 - 202. orr.

Ezin zuen horrelakorik imajinatu gizartean posizioa eta begirune handia zuen halako gizon batengan.  Bego Montorio   «Napomuceno da Silva Araujo jaunaren testamentua» - Germano Almeida, 2003 - 75. orr.

Connor epaitegian duen posizioaz baliatu duk helburu politikoak lortzeko.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 285. orr.

-Zu nire posizio sozialarengatik ezkondu zinen nirekin, hori badakizu zuk.  Lopez de Arana   «Manhattan Transfer» - John Dos Passos, 1999 - 257. orr.

Printzeak oso posizio goratua eta oso itzal handia zuen.  Matías Múgica   «Hiltzaile baten aitormena» - Joseph Roth, 2004 - 73. orr.

4 gerretan, soldadu eta instalazioen kokalekua.

Polikarpov zaharrean egiten dute hegan gure herria suntsitu nahi duen etsaiaren posizioak metrailatzen.  Koldo Izagirre   «Agirre zaharraren kartzelaldi berriak», 1999 - 148. orr.

Jakina baitzen Guadalajara aldean erasoaldi bortitza joa zutena [...] eta gure posizioak jausten zihoazena.  Edorta Jimenez   «Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan», 2003 - 57. orr.

Posizioa galduz gero, akabo.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 355. orr.

Jomuga zuten posizioa menderatu ondoren.  Edorta Jimenez   «Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan», 2003 - 249. orr.

Gudarostea, lubaki karlistei kanoiez eraso egin ondoren, aurrera zihoan, eta etsaia bere posizioak uzten ari zen.  Koro Navarro   «Zalakain abenturazalea» - Pio Baroja, 2006 - 197. orr.

Eguarte batean hartu zuten posizioa, eta ama besarkatzeko aukera izan omen zuen, baina atzera karlistak egin ziren auzuneko jabe.  Inazio Mujika Iraola   «Gerezi Denbora», 1999 - 117. orr.

Nire soldaduek formatzea lortu orduko, zureek dagoeneko hartua dute posizioa gudazelaian haien zain.  Pedro Alberdi   «Kafka Bilbon», 2002 - 138. orr.

Egun hartan bertan, iluntzean, Molaren tropen posizioak zeharkatu nituen.  Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua», 2004 - 190. orr.

Batailoi karlistek hartutako posizioak gurutzatu zituzten.  Koro Navarro   «Zalakain abenturazalea» - Pio Baroja, 2006 - 144. orr.

Ospitale hori posizio militarra da orain.  Berria - Mundua   2004-04-29

Bera talaian zegoela jakinda, lasai asko sartu ginen posizio defentsagabera.  Joseba Sarrionandia   «Lagun izoztua», 2001 - 210. orr.

5 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Oso sistema eraginkorra da labirintoa posizio-aldaketa detektatzeko.  Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan, 2006 - 126. orr.

Posizio gerra izan baitzen Teruelgo bataila.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 40. orr.

Gramscik hemen posizioen gudu kontzeptua erabili zuen, esan nahi baita, gizartean edozein jarrera ez dela betiko itxia, [...] anbiguotasuna nahitaezko duela.  Joseba Zulaika   «ETAren hautsa», 2006 - 93. orr.

Ez zuen jakin posizio labirinto hartan orientatzen eta nazionalen zentinelaren segadan eroria zen.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 43. orr.

Goardiak motorra itzaltzeko eta posizio argiak uzteko agindu dio bidaiantari.  Pello Lizarralde   «Larrepetit», 2002 - 121. orr.

Posizio-argi berdearen pean.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 14. orr.

6 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Honi guztiari gehitu behar zitzaion ezen Gizon Handiak, hainbeste karguren jabe izan eta gero, zeukan gizarte-posizioa izanda [...] ongia eta gaizkiaren gainean zegoelako itxurak gorde behar zituela.  Jon Alonso   «Erretzaileen eremua», 2006 - 90. orr.

Botere posizioengatik lehiatzen ari dira.  Berria - Mundua   2004-07-23

Ekoizle eta erosle askoz osaturiko merkatua, non enpresak beren lehia-posizioa hobetzeko produktuak desberdintzen saiatzen diren.  Iñaki Heras   «Txanponaren bi aldeak», 2003 - 70. orr.

Muga-posizioetan dauden herriek, etengabeko erasoaren arriskupean, garapen distiratsuagoa izaten dute posizio babestuagoetan dauden auzokoek baino.  Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee, 2000 - 423. orr.

Kiki-gordeka aztertzen zuten hirurek, haren ikuskatzaile posizio berri horrekin erabat harriturik, nonbait.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 166. orr.

7 jarrera, egoera.

Posizio positibista edo naturalista hori eliminatibismoa da, eta gogorik ez dela dio.  Askoren artean   «Filosofiako gida», 2004 - 188. orr.

Gombrichek, bere liburuan posizio konstruktibista hartzen du ikusmenezko pertzepzioaren aurrean.  Josu Zabaleta   «Irudia» - Jacques Aumont, 2004 - 83. orr.

Beste hitzetan esanda, jarrera, posizio bat hartu behar dut liburuari buruz, aldez aurretik.  Jon Alonso   «Euskal karma», 2001 - 62. orr.

Beste neskek harekin ibili nahi zuten beti eta esaten zuten, bere pribilegiozko posizioarengatik ere, ez zela batere harroa.  Koro Navarro   «Zalakain abenturazalea» - Pio Baroja, 2006 - 46. orr.

Indarrezko posizioan jarri ditu 1980ko hamarraldiaren hasierako zorraren krisiak.  Koro Navarro   «Ekonomiaren globalizazioa» - Jacques Adda, 2004 - 13. orr.

Nehemiasek Susan enperadorearen etxean zuen posizioak aukera eman zion Artaxerxes I.aren babesa lortzeko Jerusalemgo tenplu-estatuarentzat.  Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee, 2000 - 58. orr.

Krisiak Villepinen posizioa ahulduko duelakoan, isilik egon da Sarkozy orain arte.  Berria - Ekonomia   2006-03-26

San Petersburgok bere posizioari eutsi zion berrehun urtez.  Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee, 2000 - 57. orr.

Manipulazio horiek jaunen errentak ere murrizten zituzten, eta, hala, areago ahuldu zen jaunek estatuaren aurrean zuten posizioa.  Koro Navarro   «Ekonomiaren globalizazioa» - Jacques Adda, 2004 - 33. orr.

Posizio hegemonikoaren beheraldiarekin batera, nazioarteko aliantza-sistema ere hondatu zen eta herrialde lehiakideak sortu ziren.  Koro Navarro   «Ekonomiaren globalizazioa» - Jacques Adda, 2004 - 48. orr.

Gaineratu du Sinn Feinen posizioan «argitasuna» egotea beharrezkoa dela aurrera egiteko.  Berria - Mundua   2004-09-18

8 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Uko egingo zaio, beraz, diskurtsoan adierazpen-fenomeno bat ikusteari [...]; gehiago bilatuko da subjektibotasun-posizio ezberdinentzako erregulartasun-arlo bat.  Xabier Arregi   «Jakitearen arkeologia» - Michel Foucault, 2003 - 65. orr.

1985 urte horretan berorretan, Lehen Mundu Gerraz gero aurreneko aldiz, negatiboa bihurtu zen Estatu Batuen kanpoko finantza-posizioa.  Koro Navarro   «Ekonomiaren globalizazioa» - Jacques Adda, 2004 - 167. orr.

Erdi Aroko Mendebaldeko hiri libreek eskaintzen dute gizarte-posizioa eta finantza-metaketa nahastera jotzen duen gizarte-egituraren lehen adibidea.  Koro Navarro   «Ekonomiaren globalizazioa» - Jacques Adda, 2004 - 23. orr.

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

posizio argiak (3); posizio estrategikoa (3); posizio politikoak (4); posizio soziala (3)

bere posizioa (11); gure posizioa (7)

hartutako posizioak (3); posizioak hartzen (3)

posizioan jarri (4)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus