Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

paralizatu (orobat paralisatu g.er., paralisiatu g.er., paralesiatu g.er.) 1 da/du ad paralisiak joa gertatu; paralisiak jo. ik elbarritu.

Ezkerreko gorputz-erdia geratu zitzaion paralizatuta, eta horren eraginez, apoplexiaren aurretik baino gehiago estutu ziren ama-alabaren harremanak.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 307. orr.

Etxeko arazoen arduragatik egindako promesaz ahaztu zen, eta gorputzeko eskuinaldea paralizatu zitzaion.  Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara», 2002 - 454. orr.

Burtziak sartu ondoren, izter-zainak ebaki zizkiola, dagaz, eta horrela paralizatu eta hebaindu zuela dukeak zezen hura.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 162. orr.

Toxopasmosiak beso bat paralizatu zion.  Joan Mari Irigoien   «Ipuin batean bezala», 2002 - 232. orr.

Paralizaturik nengoen, ordea, ezin nuen hitz bat bera ere esan.  Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre, 2003 - 31. orr.

Nire zerebroa paralizaturik zegoen gertatutakoa onartu ezinik, odola sentitzen nuen lokietan punpaka.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 134. orr.

Aurpegia biziki desitxuratua izateaz gain, partzialki paralizatua du, nahi gabe malkoak isurtzen ditu.  Berria - Mundua   2004-12-12

Erdian nago eta une batez izu kolpea sentitzen dut, arnasa paralizatzen dit, itolarria, eta instintiboki besoak azkarrago mugitzen ditut...     «Kuskue tanden», 2004 - 164. orr.

2 higitu ezinik gelditu; higitu ezinik utzi.

Ezin nintzen mugitu: paralizatuak nituen gihar guztiak, armiarma-sarean erori den eulia baino harrapatuago.  Anjel Lertxundi   «Zorion perfektua», 2002 - 124. orr.

Tigreak orro egin zuen, eta paralizaturik eta odol-hozturik geratu ginen han geundenak.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 567. orr.

Paralizatuta nengoen, nire ezinak lotuta nindukan: kanposantu batean nengoen, eta ni nintzen hilkutxakoa.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 133. orr.

Egitasmoak tentatzen ninduen, asko, adore faltak paralizatzen ninduen neurri berean.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 109. orr.

Izuak geldiarazi eta paralizatu egin zuen, finean.  Joan Mari Irigoien   «Ipuin batean bezala», 2002 - 124. orr.

Pauso bat eman, eta paralizaturik bezala geratu nintzen berriro ere.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 206. orr.

Paralizatu antzean geratu zen Joselu, bihurrikeriaren batean harrapatutako umearen moduan.  Josu Landa   «Odolbildua», 2002 - 59. orr.

3 irud/hed

Haren ondorioz, sei hilabeteko grebak paralizatu zuen Palestina.  Pablo Sastre   «Eguzkipekoak», 2003 - 200. orr.

Segurtasun Kontseiluko kideek «adostasuna bilatzeko ahaleginean» sarritan erakundea «paralizatu» egiten dutela gaineratu zuen.  Berria - Mundua   2004-09-17

Taldea paralizatu egin zen.  Berria - Kirola   2006-01-06

Herritarrak paralizatu egingo lirateke dena legeek aginduta egin beharko balute.  Esteban Antxustegi   «Herritarra» - Thomas Hobbes, 2004 - 179. orr.

4 (era burutua izenondo gisa)

Hain zuzen ere, Joycek salatu nahi zuen gizarte indargabetu, paralizatu eta ohiturei lotu huraxe.  Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce, 1999 - 9. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus